Egin gehiago, ez gutxietsi Bilbo

  • Arratsaldeko 17:30etan abiatu zen Sarek deitutako manifestazio burua Bilboko La Casillatik. Autonomia kale osoa jendez gainezka zegoen dagoeneko. Aurten beldur berezia zen herritar ugariren artean: behar adinako jende bilduko da?

Dozenaka milaka lagun bildu ziren Bilbon euskal preso politikoen eskubideen alde. (Arg.: Dani Blanco).

2016ko urtarrilaren 10an - 11:32

Batetik, Baionan ere milaka harritxintxar bilduko ziren eta horiek ez ziren Bilbon egongo; horrez gain, amnistiaren inguruan egon den eztabaidak hainbat jende hoztuko ote zuen ere airean zegoen. Inon ez du jartzen behar adinako jendea zer den, baina larunbatean dozenaka milaka pertsona bildu ziren Bilbon eta hori ez da txantxetakoa. Oraindik ere, inork ez du halako mobilizazio gaitasunik Euskal Herrian. Preso politikoen aldeko mobilizazioek 71.000 pertsona bildu zituela jakinarazi zuen Naiz-ek, 63.000 Bilbon eta 8.000 Baionan. Bilbokoan bederen, komentario oso zabala zen, “zenbat jende, ez nuen horrenbeste espero!”.

Mirentxineko furgonetak aurrena, ehunka senidek zabaltzen zuten pankartaren bidea: Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira”. Rosa Rodero, Teresa Toda, Joseba Azkarraga, Felix Kañada, Iñaki Lasagabaster, Inaxio Kortabarria, Fermin Muguruza eta Miren Zabaleta ziren, besteak beste, pankarta zeramatenen artean. CUPeko Anna Gabriel eta David Fernandez ere pankartan ziren. Albiste handia baietsia zegoen ordurako: Junts Pel Sí eta CUPek akordioa lortu zuten eta Carles Puigdemont Gironako alkatea izango zen Generalitateko lehendakaria. Kataluniako berriak oso gertutik jarraitu zituzten manifestariek eta seguruenik hura zen haien arteko iruzkin nagusia. Denak pozarren.

Senideen egoera larria

Senideek bidea zabaldu ahala “Presoak kalera, amnistia osoa” edo “Euskal Presoak etxera” oihukatzen zen espaloietan. Azken urte hauek bereziki gogorrak izaten ari dira senideentzat, duela lau urte esan zieten apurka joango zirela hurbiltzen eta ateratzen presoak, baina jai: Zapaterok bazuen halakorik buruan, baina PPk mendekuaren bideari heldu zion, eta euskal gizartean ez da presio nahikorik izan espetxe politikan aldaketarik eragiteko. Zituen baldintza onenetan, inoiz ez da aritu Estatua hain gogor presoekin, eta zabalik zituen bide aurreratuenak ere itxi egin ditu, esate batera Langraitz bidearena.

Udaletxerainoko bidea geldo egin behar izan zuen pankartak, jendetza artean bide zabalduz, bereziki Zabalburu plazan. Hurtado Amezagarako ohiko enbutuak milaka pertsona General Concha edo ondoko kaleetara bultzatu zituen. Bilboko Udaletxera iristean eskilara osoa hartu zuten senideek argazki ikusgarria eskainiz, harri-zulatzailek lanean ziren jada eta manifestariek “espetxeak apurtu” oihukatzen zuten haien erritmora; ez denek, baina askok bai, gero eta gehiagok halako manifestazioetan, nahiz eta teorian isilak ziren. Oihutik zetorren mobilizazio tradizioan, garai batean garrantzi handia hartu zuen isiltasunak, besteak beste debekuaren itzalean. Isiltasunak indarra galdu du jada eta herritar askok oihuarekin kanporatu gura du berriz bere amorrua, eta nabari da. Diziplina handiz, ordea, ez baita entzuten manifestazioaren izaera eta pluraltasuna mindu dezakeen oihurik.

Azkena izan dadila

Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok egin zituzten aurkezle lanak et haiek irakurri zuten Sareren agiria ere: dispertsio politika salatu zuten bereziki, ETAk jarduera armatua utzi eta lau urtera horrela jarraitzea sinesgaitza dela azpimarratuz eta egungo espetxe politikaren amaiera eskatuz. Urtzi Telleria harrijasotzailea, Oreka TX, Esne Beltza eta bertsolariak ere aritu ziren amaieran, guztiak harriaren bueltan, harria mugi daitekeela erakutsi nahi baitzuten atzoko mobilizazioek. Maddalen eta Amets Arzallusek Baionatik eta Alaia Martinek eta Julio Sotok lotu zituzten bi hiriburuak: “Bultza harria, eta harritu gaitezen gure indarraz”, zioen Sotok Bilbotik.

Arratsaldeko 19:30ean amaitu zen ekitaldia eta 7:40an sartzen ziren azken manifestariak Udaletxeko zubian. Poztasuna ezagun zen manifestarien artean, bildutako jendetza handia izan zelako beste behin ere. Baina ez da arrisku gabeko ekimenik presoen esparruan, eta urtarrileko manifestazio erraldoiak ere badu berea. “Azkena izan dadila” azpimarratu zuten Euzkitzek eta Hidalgok, entzule zirenen barre-barreneko desio handienarekin bat eginez. Baina bideratu bitartean, Bilbokoak, Baionakoak edo dena delako gurpilak jiraka jarraitu beharko du.

Atzokoa ez da nahikoa izango, baina asko da, eta hortaz jabetzea ere garrantzitsua. Nekez gutxietsi daiteke halako indar erakusketarik, nahiz eta argi dagoen aldarrikapena nola bideratu pentsatzea eta sendotzea ezinbestekoa dela. Euskal presoekiko politikaren eraginez, Euskal Herrian gaur egun bizi den giza eskubideen urraketarik handienaren aurrean gaude eta hori bideratzea euskal gizartearen ezinbesteko zeregina da. Bada ordua euskal instituzioetatik ere presoen egoera eta ETAren jarduera bereizi eta Madrilen aurrean bestelako presio neurriak aktiba daitezen. Horrela bakarrik izan dezake erabateko sinesgarritasuna giza eskubideen lehentasunaren diskurtsoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude