ARGIAren Interneteko guneak %20 gutxiago jaso du Jaurlaritzaren diru laguntzetan

  • ARGIAren sareko edizioak %20ko murrizketa izan du aurtengo Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan 2013an jasotako kopuruarekin alderatuta. Paperezko edizioaren laguntzak antzera mantendu dira, jaitsiera txiki bat izan den arren.


2014ko urriaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
ARGIAren sareko guneak laguntza publiko txikiagoa jasoko du aurten Eusko Jaurlaritzaren partetik.

20.929 euroko laguntza jasoko du ARGIA.eus-ek 2014an, iaz baino 5.146 euro gutxiago. Paperezko edizioak berriz 351.723 euro jasoko ditu, iaz baino 930 euro gutxiago.

Albisteak kezka sortu du ARGIA egiten duen lan taldean, Interneteko edizioa komunikazio proiektu honen ildo estrategikoetako bat delako eta webgunea indartzeko egindako ahaleginek ez dutelako diru laguntzetan islarik izan.

Bestelako diru laguntza politikaren premia

Euskararen normalizazioak ezinbestekoa du hedabideen sektore indartsua, are gehiago aurrean daukagun erronka digitalaren aurrean.

Egungo diru laguntza ereduak, ordea, ez du horrelakorik bermatzen, esparru honetako hedabideek behin baino gehiagotan azpimarratu izan duten moduan. ARGIAko lan taldeak ere uste du bestelako diru laguntza politika beharrezkoa dela euskara komunikazio publikoan normalizatu ahal izateko.

Gaur egun indarrean dagoen urtez urteko diru laguntza deialdien politikak ezegonkortasuna sortzen du enpresetan. Eta ebazpena aurten bezala urrian etortzen denean, maniobrarako aukera gutxi geratzen da urteko kontuak orekatzeko.

ARGIAk apustu digitalarekin segiko du

1997an webgunea zabaltzean, paperezko proiektua izatetik euskarri anitzeko hedabide bihurtzeko apustua egin zuen ARGIAk, mende berrian euskararen sareko presentzia hizkuntzaren normalizazioarentzat giltzarri izango zela sinetsita.

Garapen handia izan du webguneak 2014rainoko tarte honetan, baita hedabideak Interneten duen presentzia orokorrak ere. Apustu horren erakusgarri da, besteak beste, euskarazko Twitter erabiltzaileen jarduna neurtzen duen Umap atariko rankingean ARGIA dela liderra albiste hau ematen ari garen astean.

Norabide horretan jarraitzeko asmoa dauka ARGIAko lan taldeak, aurten espero genuena baino laguntza publiko txikiagoa jasoko dugun arren.

ARGIA zaleen txanda

Horregatik, ARGIA.eus irakurtzen eta estimatzen dutenei proiektu hau ekonomikoki babesteko deia luzatu nahi die hedabide honek, horretarako dauden aukerak Piztu Ezagu Argian borondatezko ekarpenak egitea edo aldizkaria harpidetza bidez babestea direla gogoraraziz.

ARGIA zaleon laguntza ezinbestekoa da egunero informatzen jarraitu ahal izateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude