Altsasuko auzian froga gehienak ukatu dizkietela salatu du defentsak

  • Madrilen emandako prentsaurrean, Altsasuko auziko abokatuek salatu dute Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko I. Sekzioak ukatu egin dituela auzipetutako gazteen defentsarako eskatutako froga gehienak. Horrekin euren lana berme juridikorik gabe uzten dela salatu dute.


2017ko azaroaren 14an - 16:32
Altsasuko gazteen defentsak salatu du ez dietela onartu defentsarako beharrezkoak dituzten frogak.

Fiskalak 375 urteko espetxe zigorra eskatzen du hamar auzipetuentzat. Guardia zibiletako batek orkatila bihurritu zuen, hori izan zen liskarretako lesio fisikorik handiena.

Traficantes de Sueños argitaletxearen egoitzan eman dute prentsaurrekoa. Abokatuek azaldu dutenez, akusazioaren oinarria hau da: Alde hemendik herri ekimena ETArekin lotzea, haren aldarrikapenen artean delako Espainiako segurtasun indarrek Hego Euskal Herritik alde egitea. Aldarrikapenen lotura horretan oinarritzen du fiskaltzak bere akusazioaren muina.

Hori ezin dela horrela lotu azaltzen saiatuko da defentsa ahozko auzian, aldarrikapen hori 1976tik datorrela eta hainbat mugimenduren aldarrikapena izan dela. Horretarako lekukoak proposatu dizkio orain epaimahaiari: hainbat mugimendu horietako kideak; edo Ospa Eguna edo gisako aldarrikapenetan parte hartzeagatik epaitu izan dituzten pertsonen absoluzio epaiak; eta aditu batek egindako txosten historikoa, azalduz Alde Hemendik mugimenduaren jatorria eta nola garatu den ETAtik aparte.

Hainbat ikus-entzunezko ere ukatu zaizkie abokatuei: tabernan bertan eta bere inguruan grabatutako bideoak, lokalaren argazkiak eta planoak, Google Mapsetik ateratako Altsasuko mapak eta akusatuetako batek gertakarien gauean bertan grabatutako bideoak, esate batera. Epailearen arabera, defentsarenak izanik, “ez dute nahikoa bermerik”.

Honako froga hauek ere ez zaizkie onartu: salatzaileen irratietako elkarrizketak entzuteko aukera, haietan sumarioko deklarazioetan azaldutakoarekiko zehaztapen kontrajarriak ematen baitzituzten. Identifikazio errondaren mekanika, Soto del Real eta Alcala-Mecoko espetxeetatik eramandako adin, nazionalitate eta etnia desberdineko gazteak eraman zituzten, eta haietako inor zen Altsasukoa. Gertakarien unean bertan ziren beste hainbat gazteren lekukotza ere ez da onartu.

Berme juridikorik ez eta inpartzialtasuna

Horren ondorioz, defentsek salatu dute ez dutela auzia bideratzeko berme juridiko nahikorik eta, beraz, urratzen dela Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua eta Giza Eskubideen Europako Itunaren 6.a, besteak beste. Epaiketa bideratu behar duen epaitegiaren inpartzialtasuna ere salatu dute, defentsari azaldutako froga guztiak ukatu dizkiolako eta akusazioari aurkeztutako gehienak onartu.

Lehen unetik, Nafarroako Lurralde Auzitegiak, Nafarroako Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak, esaterako, auzia Nafarroako Auzitegian egin behar zela defenditu izan dute eta ez Auzitegi Nazionalean. Carmen Lamela da epaile instruktorea, Jordi-ak eta Kataluniako Generalitateko kontseilariak espetxeratu dituen bera. Ahozko auziak ez du oraindik datarik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altsasuko gazteak
Altsasu antzezlana ikusi dute Madrilen, Vox-en boikotaren gainetik

Ostegun honetan estreinatu da Madrilen 2016ko Altsasuko gazteen atxiloketa eta auzipetzea ardatz dituen antzezlana La Abadia antzokian, Voxek zentsura kanpaina handia egin ondoren.


2022-01-19 | ARGIA
Altsasuko gazteen eskakizuna atzera bota du Estrasburgoko Auzitegiak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteek epaiketa bidezkoa izan zuten aztertzeko eskakizuna. Auzipetutako gazteetako batek, Iñaki Abadek, eman du jakitera berria.


2021-11-10 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak dio Altsasu auziko Guardia Zibilaren tenientea ez dela terrorismoaren biktima

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenean dago oinarritua erabakia eta dioenez, Altsasuko gazteak zigortu zituen ebazpenean ez zen terrorismorik aipatzen, beraz, ez administrazioak ez Auzitegi Nazionalak ezin dute terrorismoaren biktimen kalte ordainik onartu.


Eguneraketa berriak daude