Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen, Frantziako Gobernuaren entregen eta torturaren beldurrez, ezkutatzea erabaki zuen Josetxok. Hamabi urte eman zituen Marijoren etxean gordeta. Tarte horretan, beste hamaika iheslariren aterpe izan zen bizilekua, baita 1990ean jaio zen Oihana alabarena ere. 1998an irten zen Josetxo berriz ere Miarritzeko kaleetara, eta 2006an zeharkatu zuen Hendaia eta Irun arteko muga, 23 urte lehenago zeharkatu zuen kontrako norabidean.
Gasteizen bildu gara Oihana, Marijo eta Josetxorekin, bertan bizi baita Oihana, Julen bikotekidearekin eta Ihintza alabarekin batera. Urduritasun poxi batekin eman ditu azken egunak Josetxok, ez dituelako fokuak bereziki maite, eta “oraindik ere gauza batzuk ezin direlako kontatu”. Eta, hara: deskuiduz, kontatu ezin direnetako bat utzi du agerian ia hizketan hasi orduko. “Orain gehiagotan etorri beharko dugu bisitan”, dio aurpegian irribarrea ezkutatu ezinik, alabari tripa laztantzearekin batera. “Aita!”, erreakzionatu du Oihanak: laster dira haurdunaldi berria lagunei eta senideei kontatzekoak, baina ez oraindik. “Hainbeste urtez klandestino bizi eta sekreturik ezin gorde”, jo diote adarra, eta barreek erraztu dute solasaldiari giro onean ekitea.
Solasaldia 2024an grabatu genuen, baina Josetxo Otegi orduan ustez eskuratzear zegoen Espainiako NANa lortu arte itxaron dugu erreportaje hau publiko egin aurretik, “badaezpada”. Eneko txikia aspaldi munduratu zen, hortaz.
Marijo
1950ean sortu zen Marijo, Parisen. Paristarrak zituen bi gurasoak, baina aita bi urterekin joan zen familiarekin Miarritzera bizitzera. "Ez ziren euskaldunak baina ongi integratuak ziren, bazituzten lagunak, adibidez Baigorrin, Bidart familiakoak", dio Marijok aitona-amonez. Aita eta ama Parisen bizi ziren, baina udako oporraldiak Miarritzen ematen zituzten, seme-alabekin.
Marijo 1977an heldu zen Parisetik Lapurdira, eta 1980an AEKn izena eman zuen
1968ko ikasle borroketan parte hartu zuen Marijok, ekologismoan eta antimilitarismoan militatu ere, ondoren. "Baina aspertua nintzen Parisez eta Euskal Herrira nahi nuen etorri". 1977an heldu zen Lapurdira, eta 1980an AEKn izena eman zuen. “Mendira edo kantaldietara ateraldiak egiten genituen. Gehiago ulertu nuen borroka nolakoa zen, borroka ainitz zirela, politikoa, kulturala, armatua...". AEKn bertan ezagutu zuen Josetxo.
Josetxo
Zizurkilen jaio eta baserri giroan hazi zen Josetxo. Gaztetan erremontista profesionala izatera heldu zen, baina enpresatik kanporatu zuten, “solidario izateagatik” palisten greba batekin. “Eta gero borrokara, badakizu, lagunak, proposamenak...”, dio umorez.
1983ko apirilean Espainiako Polizia agertu zitzaien baserrian. “Pertsona batzuk harrapatu zituzten, ez nekien etorriko ziren edo ez, lorik ez nuen egiten, eta ikusi nituen gauean heltzen. Justu libratu nintzen, oinutsik irten nintzen”. Etxe inguruan ezkutatu zen, poliziak entzuten zituen, eta ahal izan zuenean ihesean irten zen. “Oinak xehatu nituen, hiru aste behar izan nituen sendatzeko”.
Maiatzaren 1ean zeharkatu zuen muga beste kide batekin. “Bidean Guardia Zibilaren Land Rover batekin gurutzatu ginen, eta haien agurra jaso genuen: ‘Zer paseoan?’; ‘Bai, bai!’. Eta aurrera, mugalariaren hitzordura". Baina, mugalaria agertu ez, eta Larrun mendian zehar egin zuten aurrera beren kabuz.
“Ez naute inoiz ukitu, baina ilea lazten zait oraindik ere. Ni tortura ekiditeko ezkutatu nintzen” (Josetxo Otegi)
Miarritzera heldu eta lan ezberdinetan aritu zen Josetxo. Eustakio Mendizabal Txikiak, Txomin Iturbek, Eñaut Etxamendi kantariak eta abarrek eraikitako negutegiak konpontzen lehenik, Behe Nafarroan; Lapurdin Arrangoitzeko ikastola eraikitzen ondoren, Josu Urrutikoetxearen ardurapean; eta AEKn azkenik.
1983ko urrian barnetegia hasi zuten Maulen 45 iheslari inguruk, eta Josetxo zen irakasleetako bat. Gatazka armatua bizi-bizi zegoen: ETA oso aktibo Hego Euskal Herrian, berdin gerra zikina Ipar Euskal Herrian.1984ko otsailaren 25ean, barnetegiari eraso egin eta Eugenio Gutiérrez Tigre hil zuen GALek: “Ehun metrotatik edo egin zioten tiro. Bera etxe kanpoan zen, esan zidan ‘Josetxo, lagunduko nauzu tximiniarako egurra sartzen?’, eta elkarren ondoan geundela tiroa entzun zen. Nire besoetan hil zen”.
Marijo eta Josetxo
Mauletik ahal bezain azkar irten ziren denak, eta Josetxo Miarritzera bueltatu zen. Orduan ezagutu zuten elkar Josetxo AEK-ko irakasleak eta Marijo bere ikasleak. “Hasi ginen elkarrekin, hasieran diskretuki. Ordurako gure irakasle Txapela hila zuen GALek Donibane Lohizunen”, dio Marijok.
1986ko amaieran, paperik gabe geratu zen Josetxo. Gainera, Frantziako Polizia hasia zen paperen aitzakian iheslariak komisariara deitzen, jarraian atxilotu eta Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan uzteko, Espainiako Poliziaren eskuetan. “Gero torturak”, oroitu du Josetxok. Hilabeteak eman zituen gau erdian garrasika esnatzen, lokamutsen ondorioz. “Ez naute inoiz ukitu, baina ilea lazten zait oraindik ere. Ni tortura ekiditeko ezkutatu nintzen”. Marijoren etxean bertan gordeko zela erabaki zuten.
Ezkutuan
Epe jakinik gabeko erabakia zen. “Izaiten ahal ziren hogei urte, bizi osoa...”, dio Marijok. Hasieran “pixka bat zaila” izan zela gogoan du, bizitza “aldatu” zitzaiolako: “Iparraldean lagunek ohitura dute etxera azaltzeko, eta orduan Josetxok sotora jaitsi behar izaten zuen”. Sotoan irakurtzen edo beste zer edo zertan ematen zuen denbora, behin bisitariak alde eginda abisua ematera etortzen zitzaizkion arte, igo zitekeela. Oso jende gutxik zekien non zen: bizpahiru lagunek, Josetxoren senideren batek, eta bizilagun zituzten amama-alabek. Hasieran berria eta zaila izan zena, arrunta eta erraza bilakatu zen gerora, Marijoren esanetan: “Niretzat normala zen, gauza batzuk zaindu, zer erran kasu egin...”.
Kontuz ibili behar bazuten ez zen bakarrik Josetxorengatik. Urte horietan guztietan etxea aterpe izan zen sasian zeuden kide askorentzako. Marijo ez zen, gainera, gudariaren bikotea, baizik eta militante bat gehiago: etxean jendea hartzeaz gain, adibidez, batera eta bestera eramaten zituen. Horrek guztiak are arrisku handiagoan jartzen zituen biak, baina arnasa ere ematen zien, bereziki Josetxori. Arnas afektiboa eta politikoa. “Militanteak pasatzen ziren, eta haiekin bilakaera politikoaz hitz egiten genuen, informazioa eta iritziak jasotzen genituen. Ez ginen isolatuak, bat ere ez”, dio zizurkildarrak. Etxetik kanpora, urtean bitan irteten zen: inauteritan, Miarritzen bertan; eta uda partean, Okzitaniako Tolosako mendialdera.
Familia zuen Okzitanian Marijok, eta beren baserrian lan egiten zuen udaro Josetxok, hainbat hilabetez: "Roberto Gómez nintzen, Espainiako Burgosekoa omen. Frantsesez hitz egiten nuen, baina azentu izugarriarekin”. Marijoren senideek bazuten egoeraren berri.
Josetxoren familiarekin hasiera baten oso noizbehinka mantendu zuen harremana Marijok. Donostian elkartzen zen senideren batekin, inoiz ez Zizurkilen. “Behin Josetxoren ama etorri zen etxera, semea ikustean zer oihu egin zuen! Aita, ordea, Josetxo berriz ikusi gabe hil zen”, oroitu du.
Oihana
1990ean Oihanaz erditu zen Marijo. “Beste egoera batean bi izango genituen”, dio; “Edo sei”, arrapostu Josetxok; “Beste norbaitekin agian”, Marijok. “Hori ere zaila izan zen, ofizialki ezkongabea bainintzen”, azaldu du: “Miarritzen ez zen gauza normala, baina ez zen kristoren eskandalua ere. Aldiz, Josetxoren familiak esaten zidan Zizurkilen ezingo nukeela bizi aita nor den jakin gabe”.
Oihanaren etorrerak gurasoen familien arteko harremana estutzea ekarri zuen. Marijoren gurasoak Parisen bizi ziren, baina etxea zuten Miarritzen eta maiz bertaratzen ziren. Oihana ezagutu zuten, baina urtebeteren bueltan hil zen ama, minbiziak jota. “Aita Miarritzen geratu zen bizitzen, orduan kontatu genion dena, eta biziki ongi hartu zuen. Etxetik paperik ez zuten beste militante batzuk ere pasatzen ziren, aitak ‘etxerik gabeak’ deitzen zien”. Udako oporrak Okzitania mendialdeko baserrian ematen zituen ondoren Oihanak, aitarekin eta bertako familiarekin, eta Marijo batu egiten zitzaien oporrak hartzean.
Gipuzkoara ere maiztasun handiagoz bidaiatzen hasi zen Marijo, Josetxoren familiarekin egoteko, baina segurtasun irizpideak zainduta beti ere. “Zizurkileko lehengusinek, adibidez, ez zekiten ni haien lehengusina nintzela, nik, aldiz, bai. Aitaren lagun baten [Marijoren] alaba nintzen, berezia zen”, dio Oihanak.
“Niretzat normala zen, aita etxetik ez ateratzea, inor zetorrenean gordetzea...” (Oihana Otegi)
Normal-normal
Nola bizi du haur batek gurasoen bizimodu ezohikoa?, galdetu diegu alabari zein gurasoei, eta hitz bat errepikatu dute, “Normal”. Hori bera gomendatu zien psikologo batek, alabarekin nola egin galdezka joan zitzaienean: "Lasai, normaltasunez jokatu, berak jakingo du". Bizitza arrunta egiten zuen Oihanak. Ikastolako irakasleek bazuten bere egoeraren berri, badaezpada ere –“Bizkarsoro filman ikusten da antzeko egoera bat”, dio Josetxok–, eta baita adin bertsuko seme-alabak zituzten familia oso gutxi batzuek ere.
“Niretzat normala zen, aita etxetik ez ateratzea, inor zetorrenean gordetzea...”, gogoratu du Oihanak. “Bisita joatean amak esaten zidan, ‘aitarengana jausten ahal zira’, eta hor aurkitzen nuen libururen bat irakurtzen”. Normala zitzaion ere tarteka pertsona berriekin batera bizitzea: “Osaba asko izan ditut, denak ziren osabak”, dio irribarrez. “Batzuk luzez egon ziren, beste batzuk gutxiago”.
Txikitatik, eta “oso hiztuna” izanagatik ere, zer esan zitekeen eta zer ez “oso ondo” jakin zuela dio Oihanak. “Hori zuen meritua da”, diotso gurasoei. Gogoan du inoiz esaten ziotela, "hemen ez dago inor, edo, hau ezin da kontatu", baina ez du inongo tentsio edo ezinegonik oroitzen. Kontrara: “Askotan esan didate, ‘gaixoa’... Gaixoa? Bi guraso izan ditut, etxean ez nuen ezer falta, bi familiekin izan nuen harremana. Haurtzaro oso zoriontsua izan dut”.
Kalera berriz ere
1998an ezusteko aukera bat zabaldu zitzaien: “Frantziako Gobernuak Sans Papiersak [migratzaile papergabeak] legeztatzeko lege bat egin zuen, eta abokatuek esan ziguten iheslari papergabeek ere baliatu zezaketela legea. Agiri bat egin nuen, nola hamabi urte zeramatzan Josetxok etxean, alaba berea zela...”, azaldu du Marijok. Hasiera batean urte beteko erresidentzia baimena lortu zuten, azkenean, ezkondu ostean, frantses herritartasuna. Bizitza berri bat hasi zuten.
Barre artean gogoratu du Josetxok paperekin lehenbizikoz irten zen eguna. Miarritzeko festak ziren, eta ikastolako guraso batekin batera sukaldaritza lehiaketa batean hartu zuen parte. Beren arrain zopa izan zen irabazlea, eta Sud Ouest egunkarian (“Hegoaldeko El Diario Vasco antzekoa”) atera ziren argazki eta guzti. “Iheslari guztiak, ‘Hik zer egiten duk periodikoan! Denok Mexikon hintzelakoan!’”. Denbora gutxira enplegua lortu zuen Josetxok, sukaldari gisa, hain zuzen ere, zahar etxe batean, eta bertan aritu zen erretiroa hartu arte.
“Iheslari guztiak, ‘Hik zer egiten duk periodikoan! Denok Mexikon hintzelakoan!’” (Josetxo Otegi)
Oihanak ere badu gogoan lehenbiziko eguna: “Ikastolatik irten, kotxera hurbildu, eta aita bolantean. Lehen aldia biak zetozela nire bila, eta aita gidatzen. Gogoratzen dut irriz begiratu zenidatela, eta ni, ‘Aita! Badakizu gidatzen?’". Zortzi urte zituen Oihanak. Nola azaldu zien orduko haurrak lagun eta ezagunei, ordura arte isilpean mantendutakoa? “Galdera ona, lagun askok ez zekiten, eman behar izango nituen azalpenak, baina egia esan ez dut oroitzapen berezirik”, dio. “Natural, natural”, errepikatu dute Josetxok eta Marijok.
2006an zapaldu zuen lehenbizikoz Hego Euskal Herria berriz ere Josetxok. Ipar Euskal Herrian bizitza publikoa egiten hasi zenetik zortzi urtera, muga Gipuzkoatik Lapurdira pasa zuenetik 23 urtera, eta, orduan egin bezala, isilpean. Ekitaldi publiko batean agertu ziren, Euskal Herriko Nortasun Agiriarekin publikoki bizitzeko apustua egiten zutela iragartzen. Ondoren, omenaldia egin zieten Zizurkil sorterrian Josetxori eta 2023an minbiziak eraman zuen Joaquin Arregi Cheri. "Okerrena oholtzara igotzea izan zen, eskuan papera dar-dar betean, oso gaizki pasatu nuen. Azken hitzak emaztearentzako loreak ziren, eta ezin izan nuen amaitu”. Ordutik aurrera, behin abokatuekin segurua zela ziurtatuta, nahieran eta publikoki mugitzen da Euskal Herri osoan zehar.
Beldurrak, minak, ezinak
“Kezkak eta beldurrak izan ditugu, bai”, dio Marijok atzera begiratuta. Esaterako, etxetik pasatutako jendea atxilotzen zutenean. “Batetik, haiengatik pena, bestetik, kezka, Polizia etxera etorriko ote zen, inoiz atxilotuak etxeko giltzak izan baitzituen... Beti izan dut buruan edozein momentutan izan nintekeela atxilotua. Hiru testamentu ezberdin egin ditut Oihana ahalik eta gehien babesteko”. Minen artean, Oihanaz haurdun zegoela Josu Muguruza Madrilen hil zutenekoa “biziki” gogoratzen du, laguna baitzuen. Baina, dio, denborarekin oroitzapen txarrenak ere bilakatu zaizkio “ez hain txarrak”.
Oinaze batzuk oraindik ere oso bizi dituela dio, aldiz, Josetxok: ihes egin zuenekoa, hildako lagunak... “Borrokak gogortzen zaitu”, azaldu du, Tigre besoetan hil zitzaionean negarrik ez zuela egin gogoratuta, “inpotentziak gainditzen zaitu eta”. Aldi berean, dio, “sentsibilitate handiagoa ere garatzen duzu”.
"Beti izan dut buruan edozein momentutan izan nintekeela atxilotua. Hiru testamentu ezberdin egin ditut Oihana ahalik eta gehien babesteko” (Marijo Louis)
Oihanak bizipenak eta emozioak kudeatzeko moduekin lotu du, hain zuzen ere, Josetxok izan zuen depresioa Hego Euskal Herrira lehenbizikoz joan eta gutxira: “Bi hilabete oso-oso gaizki pasa genituen hirurok. Nik esaten diot hainbeste bizipen gogorrek nonbaitetik irten behar dutela. Ama, zuk beste gaitasun bat izan duzu emozioez hitz egiteko. Garai hartako militantziak ez du batere emozioen askatasunean lagundu, badakigu zein eredu egon den, agian ez zegoelako besterik ere”. Isilik geratu da une batez Josetxo, eta hausnartu du: “Nik uste ohartu gabe joaten zarela pilatzen bizipenak”.
Borrokak, pozak
Depresio garai hura aspaldi utzi zuten atzean, edonola dela. Miarritzen dute kanpamendu basea Marijok eta Josetxok. Zizurkilen pasatzen dute uda, eta bestela ere maiz bisitatzen dituzte bertako zein Gasteizko senideak. Erretiroa hartuta daude aspaldi, baina inolaz ere erretiratuta. “Oraindik baditugu borrokak, presoak askatzeko borrokatzen dugu, egin ditugu okupazioak Lurzaindiarekin edo Aldarekin, etxerik gabeentzat tarteka otordu bat prestatzen dugu...", dio Marijok. Josetxo AEKn klaseak ematera bueltatu zen behin jubilatuta.
“Kristoren suertea izan dut bizitzan”, dio Josetxok. Marijok eman dion guztia azpimarratu du, edo espetxean preso egotea “askoz okerragoa” dela. Oihanak gogoratu du “asko sufritu duten” iheslari asko ezagutu dituela, egoera ekonomiko estuan edo bakardade handian bizi izan direnak. “Zorte asko ukan dugu, eta bizi interesgarria”, laburbildu nahi izan du Marijok. “Piper pixka bat biziari”, gehitu du Josetxok, eta irribarre egin diote hirurek elkarri.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]
Goizegi Hiltzeko
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.
Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]
Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]
Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]
Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]