Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”. Eta esan orduko, eskua aldendu du egunkaritik. Bekainak igo eta buruarekin baietz egin dio besteak. Hasperen txikia egin dute. Horrela heldu zaie ogia eskatzeko txanda.
Iranek Israelera hainbat misil jaurti ditu bezperan eta horixe dakar egunkariak tamaina handian: irudian, su-artifizialak edo izar uxoak diruditen jaurtigaiak. Egunkari horrek, lehen kolpean bederen, esaten ez duena da aurreko egunean armada sionistak egin ziola eraso Irani. “Gerra ate-joka” dagoela, hori bai dio ekaineko larunbat honetan. Orain arte “gerra” ate-joka ez bazegoen bezala, edo Palestinako apartheida existituko ez balitz bezala. Zifren artean gizatasunik gabe gaude itota, aspalditxotik, eta hori horrela da; baina hartu zifra gehiago: Palestina etiketarekin 800 artikulutik gora argitaratu ditugu ARGIAn. Erdiak, azken bi urteotan; beste erdia erakusle da Palestinaren aurkako sarraskia ez zela atzo hasi. Baina gerra, ate-joka, “oraintxe” dago.
Notizia ilunek inguratzen gaituzte, bizi dugun edo bizi gaituen gizartea bera ilun dago-eta.
Ilundu zen eguna apirilaren 28an Hego Euskal Herrian. Argindarra eten zen hainbat orduz, eta batzuei orduan piztu zitzaien argia, zer nolako energia zentralizazioa bizi dugun eta norantz egin beharko genukeen bide, zerbait utopikoa bailitzan. Baina gauzak ez dira askorik aldatu; batzuek horregatik planteatzen zuten utopikotzat. Gertatu dena da, udaberrian ez bezala, argindarraren kostuek suziriek nola egin dutela gora apirilaren 28tik aitzina.
Aurtengo urtean ere desazkundeaz mintzatu gara hedabide honetan, luze eta zabal. Energiari dagokionaz ez ezik, turismoaz ere bai. Elkarlotuta doaz; elkarlotuta dago dena. Bizitzak bizigarriago egiteko, ezinbestekoa da batetik eta bestetik eragitea, batari bezainbeste begiratzea besteari, eta eztabaidagaiak bezainbat elikatzea alternatiba proposamenak. Eta elikatzen ditugun espazioek badute garrantzi berezia horretan: aurten, ARGIAk Twitter eta Facebook sare sozial toxikoak uztea erabaki du, gorrotoa hauspotzen duten lekuetan egotea gero eta deserosoagoa zitzaigulako, eta ez genuelako nahi gure lana izatea gizon zuri supremazista batzuen aberastasun iturri. Sare horiek hastapenetik izan dira ARGIAren ereduaren aurkakoak, baina kontraesanak kontraesan, euskarazko kazetaritza independentea gehiago hedatzeko, denbora batez baliagarri izan zaizkigu; egunetik egunera, gutxiago. Aldatzeko garaia iritsi arte. Bitartekaririk gabe argia nahi duenak badaki non aurkitu. Betiko lekuan.
Eta betikoen aldean. Hedabideak ez gara neutralak, eta zer esanik ez garai nahasiotan. Ez kasualitatez, Aroztegikoen kolore horiak asko argitu du ARGIA aurten. Baita espazio autogestionatuen eta lurren defentsek ere. Edota lanpostuen borrokek, zerbitzu publikoen balioei eusteko mobilizazio nazional eta tokian tokikoek, bazterketa sozialaren aurka arraunean dabiltzan proiektuek, eskuin muturreko ideia erreakzionarioei ipinitako galgek, euskarafobiaren aurrean altxatzen direnek...
Bizi gaituen aspalditxoko aldi hau ez omen da kazetaritza egiteko onena. Papera desagertuko zelako hasteko, eta inork informazioagatik pagatuko ez zuelako gero. Negozio honen ugazabei beste arazo bat gehitu zaie: sinesgarritasunaren galera. Ez dakite noren erruz gertatu den, baina badakite haiek ez direla errudunak. Hain argi edukitzeko, zertxobait jakingo dute. Handinahien menpe ez gaudenontzat, behintzat, aldi interesgarria da kazetaritza egiteko, eta une hau erabakigarria da informazioa emateko eta jasotzeko ereduak aldatzeko. Kazetaritza independenteak abagune hori hor daukala badaki sistemak, eta horregatik eraman ditu tentakuluak bazter guztietara, besteak beste, ARGIAren adiskide Red.media hedabide alemaniarraren itxiera behartzera, horretarako behar beste jazarpen eginda; edota Guatemalako Prensa Comunitariako kazetariei eraso eta kartzela zigor mehatxuak egitera, haien bizitza muturreraino eramanda. Aiaraldea komunikabidean ere asteak eman dituzte deman, eta ondo borrokatuta lortu dute Amurrioko Udalak dirulaguntzak mantentzea.
Okindegian, behin ogia poltsatxoan sartuta, adineko emakumeak egunkaria eskuetan hartu eta, titular nagusia ikusi ondoren, zera esan dio lagunari: “Enpin, erdi-egia hauek esateko... Dokumentaletako animaliek egia gehiago esango dizkidate!”. Utzi du bere lekuan egunkaria.
Garaiari ezin zaio bizkarra eman. Bizi gara influencer-en garaiotan, aldian-aldian entzuten “nahiago dut albisterik ez ikusi, ez dago ezer onik-eta” diotenak. Eta hortik “hedabide guztiek gezurra esaten dute”-ra ez dago tarte handirik. Hor ipintzen du marra gorria kazetaritza independenteak. Horregatik, garaiak aldatzeko daudelako, eta aldatzen ari direlako, konpromisoz egiten den ugazabarik gabeko kazetaritza da bidaia horretarako aliatua. Bide horretan, ekarpen bat gehiago da Gakoak hau.