Asteburuan Palentziako mendialdera joan naiz. Hango parajeetan nekazaritza izan da gutxira arte jarduera nagusia; amaigabeko zelaietan patatek, berakatzek, gariak eta ekiloreek horiz eta berdez janzten zuten paisaia. Egun, bestelako “espezie” bat hasi da hedatzen zelai haietan: eguzki panela. Herriak zelan hiltzen doazen ikusten duten biztanle askok ondo hartu dute egitasmoa; hango landa amaigabeak begiratzen gozatu izan dugunok, ez hainbeste. Paisaia kendu digute.
Berriki, Txinak bi mezu bota dizkigu, munduan fabrikatzen den teknologiaren gainean duen botere handia ulertzeko baliagarri: “Zuen mundu digitalak funtziona dezan behar dituen txipak fabrikatzeko lehengaien %90a prozesatzeko gaitasuna ni dut” eta “nik dut txip fabrika nagusienetako batzuen gaineko kontrola”. Beraz, "zuen herrietako mundu-ikuskeran oparotasuna suposatzen duten totem-ak izaten jarraitu nahi badituzue, kotxea, telebista, mugikorra, garbigailua... nirekin tratatzen ikasi beharko duzue”.
Ulertu, nik uste dinamika hau herritar gehienok ulertzen dugula. Bizimodua aurrera ateratzeko darabiltzagun gailuak, horiek funtzionatzeko beharrezkoa den energia, eta gailuekin darabilzkigun zerbitzuak (hodeiak, telekomunikazioak, adimen artifizialak, mezularitza aplikazioak, kudeaketa sistemak) munduko populazio konplexu eta hazkor honi forma emateko bilakaera zibernetikoaren parte dira. Eta sistema zibernetiko horien gainean eragin handiena, gaur egun, munduko bi herrik dute: Amerikako Estatu Batuek eta Txinak.
Botere harreman horretan Europak ere eragin nahi du eta lur arraroen ustiaketa eta prozesamenduan, txipen ekoizpenean eta datuen ustiaketarako azpiegituretan ahaleginak handitzen dabil. Zelan eragingo dio horrek gure paisaiari?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.