Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oiartzunen Hitzaren Lihoan intimitateari buruzko astebeteko hausnarketan ibili dira. Bertako oihartzunean idatziko dut oraingo hau.

Zer kontsideratzen den intimoa, eta nork kontsideratzen duen zer den intimoa eta zer ez, fin begiratzekoa da. Norbanakoak esango du zer den intimoa, ahoratzen duen unean: esandakoa zuri intimoa iruditzen zaizun edo ez, ez dio axola. Kontatzen dena eta kontatzen ez dena, biak dira intimitate-eremuaren parte. Eta intimitatea ez da pertsonalera egokitzen soilik, nire intimitateak zure intimitatearekin harremanik izan dezakeelako; orduan pertsonala politikoa izan daiteke eta, beraz, erresistentzia leku.

Intimitatea ez da hitzen eremura mugatzen; keinuek, gorputz jarrerek, isiltasunak, objektuek eta espazioek intimitateaz dihardute. Espazio intimoa ez da leku abstraktu bat: leiho bat, egur bat, argiztapen bat eta kolore bat ditu. Baina aldi berean, ez dago ezaugarri zehatzik espazio intimo bat identifikatzeko. Ez du beste espazio motekin zerikusirik. Intimitatea toki eta une jakin batean gertatzen da, eta egoera horren eraketan atmosfera bat osatzen dute gorputz eta inguru fisikoak elkarrekin, bata besteari laguntzen eta konpainia egiten. Intimitatea fisikoki zeharkatzeko aukera dago. Lagun baten etxeko atea gurutzatzean. Norbaiten mesanotxeko kaxoia irekitzean.

Espazio intimoak beharrezkoak ditugu bizirauteko, funtzio bat betetzen dute, sukaldeak eta logelak bezainbeste. Espazio intimoak arkitektura bat duen arren, ezin da espazio intimoa diseinatu, ezin zaio nolakotasun unibertsalik ezarri. Intimitatearen leku etxea izan daiteke batzuentzat, baina ez beti. Logelan topa dezakegu intimitaterik, edo komunean, edo zuhaizpean, edo objektu kuttun bat eskuartean izatean sortzen dugun espazialitatean. Ez dugu leku bera beti espazio intimo kontsideratuko. Besarkatzeko leku bat ez dagoen moduan, ez dago intimitatea suertatzeko leku jakin bat aurrez sortzerik. Hor bere potentziala, ezin dugula normaltasun baten koderik ezarri.  

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude