Gante (Flandria), 1432. Jan Van Eyck margolariak Hubert anaiak hasitako Bildots mistikoaren adorazioa erretaula bukatu zuen eta 20 oholez osatutako obra hiriko San Bavon katedralean ipini zuten. Obrari Ganteko poliptikoa edo aldarea ere esaten zaio, baina, ia 600 urte eta gero, beste titulu bat ere badauka: historiako artelanik lapurtuena omen da, gutxienez sei lapurreta jasan baititu.
Hala ere, obra honen aurkako lehen delitua ez zen lapurreta izan. XVI. mendeko errebolta kalbinistetan, irudi katolikoa eraso zuten hainbatetan, eta, horregatik, 1566an, erretaula desmuntatu eta ezkutatzea erabaki zuten.
1794an Napoleonen tropek artelanaren lau ohol nagusiak Louvre Museora eraman zituzten. Horrek gogorarazten digu, Louvre lapurreta ikusgarrien biktimatzat dugun arren, lapurtutako obren biltegi eta espoliatzearen konplize nagusietakoa izan dela –eta oraindik ere badela–. Bildots mistikoa behintzat handik urte gutxitara itzuli zuten. Luis XVIII.ak hartu zuen erabakia 1815ean. Frantziako erregea, egiaz, ez zegoen espoliatzearen aurka; gantetarrei “mesede” hori esker onez egitea erabaki zuen, urte batzuk lehenago hiria babesleku izan zuelako.
Louvreko bitxien lapurretaren titularrek fokua segurtasun sistema eskasetan jarri arren, arte lapurretaren arazoa ondarea “legalki” –edo nolabait “baimenduta”– espoliatzeko eta merkaturatzeko inpunitatean datza
Baina handik gutxira alboko oholak lapurtu zituzten. Antikuario batek erosi eta Berlingo Gemälde galeriari saldu zizkion. Hantxe egon ziren 1919 arte, Versaillesko tratatuak baldintzen artean espresuki jasotzen baitzuen oholak itzuli behar zirela.
Bigarren Mundu Gerran alemaniar armadak ostu zuen poliptikoa, eta Altausseeko gatz-meatzeetan gorde zuten beste 7.000 obrekin batera. Gerra amaitzean denak erreskatatu zituzten eta, orduz geroztik, Ganteko erretaula jatorrizko lekuan dago.
Baina oholetako bat falta du; erreplika bat dago jarrita haren ordez. 1934an bi lapurrek San Joan Bataiatzailearen eta Epaile Justuen oholak ebatsi zituzten. Nonbait eroslerik topatu ez eta milioi bat liberako erreskatea eskatu zuten. Lehenengo ohola itzuli zuten, baina dirurik jaso ez zutenez, Epaile Justuak desagertuta dago oraindik.
XX. mendeko arte lapurrik ezagunena Erik Belgikarra izan zen. Besteak beste, Euskal Herriko arte lapurreta nagusietakoan parte hartu zuen, 1979an Aralarko San Migelen erretaula ostu zuenean. Bere ustez, berak egindako lapurreta ikusgarri haiek gero eta gutxiago gertatzen omen dira bildumagile pribatuak desagertzen ari direlako. Lapurraren hitzek garbi uzten dute artelanena eta ondarearen lapurretaren gakoa ez dagoela ekintzan bertan, ebatsitakoaren ondorengo merkaturatzean, zuritzean baizik. Louvreko bitxien lapurretaren titularrek fokua segurtasun sistema eskasetan jarri arren, arte lapurretaren arazoa ondarea “legalki” –edo nolabait “baimenduta”– espoliatzeko eta merkaturatzeko inpunitatean datza.