Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Igande goizeko euriak aste osoa iluntzen du. Astelehenekoak aste hasiera lokazten. Ostiraleko euriak ere busti egiten du, igual-igual. Euriarekin auto-istripu gehiago izaten da. Ekitaldi asko bertan behera geratzen. Eta hori guztia gutxi balitz, txakurra blai itzuli da goizeko paseotik eta ondo lehortu beharra dago toalla handi batekin. Baina, hortik euria egiten duen bakoitzean eguraldi txarra egiten duela pentsatzera, badago aldea.

Lehen, euri falta gaitza zen; gosea uxatzen zen euriarekin. Gaur, badirudi eguzki-egunak “aprobetxatu” egin behar direla eta euri-egunak sufritu. Sortu da halako euriaren kontrako sineste kolektibo bat, gizarte presio bat, azkenean, hodeiak ere idorreriak jota dauzkagula, euria lasai egiteko beldurrak airean. Gu komunera joan eta hustu ezinean gabiltzanean bezalako zerbait.

Artikulu honek ere seguruena ez zaitu euritan harrapatuko. Urria lehor doakigu oso. Umeak eskolara eramateko erosoago, erosketak egiteko zoragarri, lagunekin planak egiteko zer esanik ez…

Aurrekoan, urriko egun lehor eta eguzkitsu batean, zapata denda bateko erakusleihoan nengoela, Gore-tex batzuk harrapatu nituen niri begira, erruki eske. Ez dakit ehun mota horrek burtsan kotizatzen duen, baina urri honetan egindako euri urriari kasu eginez, ez zaizkio gauzak oso ondo joango. Azaroa heldu da ia eta nire alpargata maiteak jantzita segitzen dut oraindik, bustitzeko beldur handirik gabe. 

Horregatik, ez entzun kripto-txanponetan eta funts inmobiliarioetan inbertitzeko esaten dizueten horiei eta egin kasu niri: etorkizuna Zuberoan dago. Espartinetan. Urdinak, beixak, marradunak, estanpatuak... aukeratu gustukoenak eta inbertitu hor, hango espartin-enpresa eta haien altxor bonuetan. Zuberoaren garai onenak pasa zirela uste bagenuen ere, euri faltak ureztatu eta loratuko ditu berriz ere Maule eta mauletarrak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude