Begi bistakoa zena, ofiziala da orain

  • "Israelgo segurtasun indarrek zibilak hil zituzten, tartean, bandera zuri inprobisatuak zituzten haurrak. Frankotiratzaileek buruan egin zieten tiro umeei, baita haur jaioberriei ere”. 


2025eko irailaren 23an
Artikulu hau Palestinari buruzko zenbaki berezian argitaratu dugu. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, tipula paperarekin eginiko azal bikoitzarekin, ahotsa altxatzea erabaki dugu. Paperean eskuratu nahi bazenu, astelehena baino lehen harpidetuz gero, etxera bidaliko dizugu.

Nazio Batuen Erakundeko Adituen Batzordeak irailean argitaratu duen txosteneko pasartea da. Bertan argudiatu dute Israelgo segurtasun indarrek gizateriaren aurkako krimenak eta guda krimenak egin dituztela Gazan. Ondorengo kasuak dokumentatu dituzte, batzuk aipatzearren: esterminazioa, tortura, bortxaketa, sexu indarkeria, gizatasunik gabeko tratua, bortxazko lekualdatzeak, generoan oinarritutako jazarpena eta gosetea gerra-metodo gisa erabiltzea. 

Irailaren 15ean, Mugarik Gabeko Medikuek salatu zuten Israelgo militarrek tiro egin ziotela argi izendatuta zegoen beren ur-kamioiari Gaza hirian. “Eraso hau ezin da akats gisa aurkeztu. Zibilen artean ura banatzeari eginiko sabotaje saiakera izan zen”. Ez zen albiste izan Mendebaldeko hedabide handienetan. 

Aldizkari hau inprentara doan egunean, 274 dira bi urteetan Israelek hil dituen kazetariak, munduko historian ezagutzen diren guda guztietan hildakoak batuta baino gehiago. Aho txikiarekin pasatzen da, ordea, hedabide nagusietan. Horren adibide, zein oharkabean pasa den irailaren 10ean Israelek kazetarien aurka historian egindako erasorik bortitzena. 31 kazetari hil zituen Yemenen bi egunkariren erredakzioak bonbardatuta. 

Gutxienez 68.000 hildakorekin –Lancet hedabide prestigiotsuak hildakoak 200.000tik gora zirela kalkulatu zuen duela urtebete–, egunean batez beste ehun pertsona hiltzea zorigaiztoko errutina bilakatu dute eta, egunotan, Gaza hirian zutik geratzen den gutxia suntsitzen ari da Israelgo armada. XXI. Mendeko Krimena izango da. 

Artikuluaren hasieran aipatu dugun NBEren Adituen Batzordeak, hau ere esan du: “Egiaztatu dugu Israelgo agintariek (i) Gazako palestinarrek talde gisa duten ugalketa-gaitasuna suntsitu dutela hein batean, besteak beste, jaiotzak saihesteko neurriak ezarrita; eta (ii) kalkulatuta eragin dituztela palestinarrak talde gisa fisikoki suntsitzeko bizi baldintzak. Biak ala biak genozidio ekintza gisa sailkatuta daude Erromako Estatutuan eta Genozidio Konbentzioan. Eta genozidioa prebenitzeko eta zigortzeko betebeharra ez dagokio soilik hori egiten ari den estatuari, baizik eta Genozidioaren Konbentzioan parte hartzen duten estatu guztiei eta, beraz, nazioarteko zuzenbidearen arabera, estatu guztiei”.

Israelek desagerrarazi nahi badu ere, Palestina autodeterminazio eskubidea duen herria da, Israel bere sorreratik kolonizatzen ari dena, palestinarrak kolonoez ordezkatzeko. 1948an hasitako garbiketa etnikoaren jarraipena da gaur egungoa, eta Israelgo armadaren okupazioaren aurrean, euren burua tresna eta arma guztiekin defenditzeko eskubidea dute palestinarrek.

“Israelek bere burua defendatzeko eskubidea du” mantrak honezkero inozoena ere engainatzen ez duenez, diskurtso politikoa modulatzeko beharra sentitu dute sionisten lagunek. “Israel gu guztiongatik ari da lan zikina egiten”. Hori adierazi zuen Alemaniako kantziler Friedrich Merzek, kargua hartu berritan. Irail hasieran horixe bera esan du Espainiako presidente ohi José María Aznarrek, Irakeko inbasioa babestu zuen guda kriminalak. Baina geldi. Barkatu. Israel gure izenean? ez, hori ez. Berriro esango dugu: Ez gure izenean. Gu ez gara genozidioaren konplize.

Agintarien zain egoteaz aspertuta, mundu osoko gizarte zibilak hartu du gizatasunaren bandera, milaka protestak, boikot ekintzak edo Gazara bidean den Global Sumud Flotillak erakusten dutenez. Eta haserrea gora doa. Europar Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek –genozidio hitza sekula esan ez duen goi agintari horrek– neurriak proposatu berri ditu: Israelekin harreman komertzialak “partzialki” etetea, herrialdeko ministro estremistak eta kolonoen biolentzia zigortzea eta diru funts bat sortzea Gaza berreraikitzeko. NBEko errelatore berezi Francesca Albanesek berehala erantzun dio: “Ezin adierazpen horiek txalotu. Eskasegiak dira, beranduegi datoz, nazioarteko legedia kontutan hartuta onartezinak dira. EBko estatuek armen erabateko enbargoa ezarri, Israelekin harreman komertzialak eten, ustezko kriminalak epaitu eta ontzidia bidali behar dute setioa apurtzera. Ezer gutxiagorik ez”.

Bi urtez Israelekin negozioak egiten dituzten euskal enpresariak babesten aritu diren euskal politikari ugarik ere mugitzeko beharra sentitu dute berriki. Orain Israel kritikatzen hasi dira, eta “Gazako genozidioaren aurka” minutuko isiluneak proposatzen. Maila globalean, antzera. Nolabaiteko jarrera kritikoa antzeztu nahian, existitzen ez den Palestinako Estatua aitortzen ari dira hamaika agintari, funtsezko galderari ihes eginez: nola geldiaraziko dute Israelen okupazioa eta apartheid sistema? Ez da nahikoa Palestinaz hitz egiten jarraitzea eta indar osoz Israel boikotatzea. Netanyahu gerarazteko bitarteko guztiak behingoz erabil ditzaten gure agintariak presionatu beste biderik ez zaigu geratzen. 

Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu esku artean duzun aldizkari berezi honekin. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu berriro ere. Giza eskubideak eta internazionalismoa oinarri, gure kazetaritza independentea izan dadin sionismoaren eta bere konplizeen aurkako arma bat. Hurrengo belaunaldiek Gazan gertatutakoaz galdetzen digutenean, garbi gera dadin non kokatu zen bakoitza. 

Begi bistakoa zena, ofiziala da orain: Israel genozidioa egiten ari da Palestinan. Eta nola edo ahala gelditu behar da. Palestinarren aurka egiten duten azken krimena izan dadin eta, bide batez, historiako azken genozidioa. Joko-arau guztiak daude kolokan. Hil ala bizikoa da. 

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude