Garaien arteko solasa


2025eko abenduaren 2an - 19:13
Azken eguneraketa: 2025-12-04 11:48
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Denboraren zubia

Iñaki Iturain

Erein, 2024

-----------------------------------

Alderdi faxistaren aurrerakadaren berri emateko irratia ozen pizten duten senar-emazteena; zubia berreraikitzera etorritako asturiarren oroitzapenena; Orio-Oxford estropadaren bueltan antolatutako ekintzarena; misio sekretua burutzera herriratu den emakume frantziarrarena. Askotariko istorioak biltzen ditu Iñaki Iturainen Denboraren zubia liburuak. Orizar fikziozko herrixkan kokatutako zazpi kontakizun guztira, fikzioz emanagatik ere, errealitatearen ispilu den herrian.

36ko gerraren ubera Orion - Gerra bat barruan degula (2014) lanean, Iturainek dokumentuetatik abiatuta bildu zituen oriotarron memoria kolektiboan iltzatuta dauden gerra garaiko zenbait gertakari gogoangarri. Kronikari fokuak mugarri jakinak ditu, ostera, datu zehatzek ezarritakoak. Pausoa horietatik harago bideratzeko modua izan da Denboraren zubia. Hala, gerra atrezzo bilakatzen da liburuan, pertsonen arteko balizko harremanak irudikatzeko eszenatokia. Gertatu zena baino, gerta zitekeena azaleratzen du liburuak, modu sinesgarrian azaleratu ere. 

Liburuko pertsonaiek ez dute izen handien distirarik. Aitzitik, jende xehea da, betebeharren sarean bildua. Horregatik funtzionatzen du liburuak hain ondo, irakurlea berehala identifikatzen delako pertsonaien beldur eta itxaropenekin. Bestalde, idazleak Oriori (Gipuzkoa) izena aldatu badio ere, toponimoei eutsi die. Hori dela eta, oriotar irakurlearentzat ez da zaila pertsonaiak herrian kokatzea, ezta ere imajinatzea bertako etxe zaharretan dirauela euren ahotsaren oihartzunak. 

Izenburuak iradokitzen duen moduan, zubia sinbolo indartsua da liburuan. Lehenik eta behin, Iturainen ariketa literarioa bera islatzen du; hau da, errealitatetik fikziorako pasabidea. Bigarrenik, liburuaren indarguneetako baten adierazgarri da: iraganaren eta orainaren arteko zubi lanarena. Denboraren zubiaren meritua da erakustea memoria historikoa landu daitekeela datu eta dokumentuez harago ere, fikzioaren laguntzaz. Orobat, kontakizunen artean keinu eta uztardura ugari daude, agertoki bertsuan gertatzen direnez gero. Azkenik, zubia bada pertsonaien arteko loturaren sinboloa ere. Nabarmentzekoa da, esaterako, Estropada kontakizuneko protagonistek eraikitzen dutena: xumea bada ere (bi arrokaren artean jartzen duten baserriko ohola), bikain islatzen du enpatiaren beharra, ideologien eta alderdikeriaren ur nahasiak azpian utzi eta pertsonen arteko harremanak zuzenean zaintzeko premia, bereziki garai zailetan.  

Azken buruan, liburuak ez gaitu besterik gabe iraganari begira jartzen, harrizko monumentu bati so bageunde bezala. Aitzitik, gure sustraiek nondik edaten duten erakusten digu. Oriotarra naizen neurrian, istorioek zinez hunkitu naute. Irakurketa, noski, edonorentzat da gomendagarria, erakusten baitu iragana gaur egunean biziberri daitekeela fikzioaren bitartez. 


Eguneraketa berriak daude