Medium
Xabier eta Martin Etxeberria
Ilustrazioak: Iñaki Hidalgo
Elkar, 2025
------------------------------------------
Aspaldi honetan komikiak gero eta presentzia handiagoa du euskarazko gazte eta heldu literaturan; horretan aipagarria da komikietan espezializatu diren argitaletxeen lana (Harriet, Astiberri, Xabiroi) baina baita bestelakoena ere. Elkar, Erein edo Denonartean, esaterako. Eta bide horretan kalitatezko obrak aurki ditzakegu, esku artean dugun hau, adibidez.
1803an Bilbon kokaturiko istorioa dugu Medium, eta izenburuak adierazten duen bezala medium gisa aritzen den neska baten istorioa dugu. Sara Hazparne gaztea bakarrik bizi da etxean; ama hil zen eta aita bidaietan dabil. Sara, aldiz, medium lanetan aritzen da kaleko haur batzuek emandako informazioa baliatuz. Sara gezurretan aritzen da, baina egun batean amaren izpiritua agertu eta saioan dagoen emakumearen heriotza iragartzen du. Emakumea larri daramate, bihotzekoak jota, ospitalera; baina bizirik ateratzen da harik eta handik gutxira bere etxean hilda agertu arte. Poliziak Sararen susmoa du eta neska gazteak, kaleko neskatila baten laguntzarekin, hildako emakumearen misterioa argitu beharko du.
Etxeberria anaiek eta Hidalgok liburu entretenigarria eskaini digute, arin irakurtzen dena eta XIX. mende hasierako Bilbo eta industrializazioa ulertzeko lagungarria izan daitekeena; baina, batez ere, istorio poliziako bat bestelako kontuez hitz egiteko edo erakusteko parada ematen diguna. Esplotazioa, pobrezia, jauntxoen boterea, kaleko umeak edo espiritismoa.
Hidalgok oraingo irakurleari ezagunak zaizkion Bilboko hainbat toki sartu ditu istorioan, baina, ukitu errealista horiek izanda, fikzioa da nagusi nahiz eta barkatzeko modukoak diren Dolores Ibarruriri egiten zaion keinua (1895ean jaio zen baitzen) edo Bilbo azpiko urrearen aipamena. Baina, berriro diot, horiek ez dute inolako eraginik komikiaren istorioan. Liburuak benetan harrapatzen zaitu eta umore, kritika, salaketa eta abentura uztartuta, irakurgai benetan gomendagarria eskaintzen du.