Inside (Barruan)
Bo Burnham (2021)
Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 87 minutu
Non ikusi: Netflix
----------------------------------
Pandemia garaian etxean sartuta egon ostean, telesail baten iragarkia ikusi nuen telebistan: medikuen telesail bat-edo zen, pandemian, musukoen atzean garatzen zen maitasun istorio bat, edo horrelako zeozer. Erabaki nuen ez nuela pandemia garaian kokatzen zen telesail edo filmik ikusiko inoiz. Baina, hilabete batzuk geroago, youtuber baten gomendioari jarraituz, Bo Burnham umoregilearen Inside filma ikusi nuen, eta eskerrak ez nion kasurik egin iragarkiak lehenago eragin zidan ezinikusiari.
Bo Burnham umoregile estatubatuarra da, 1990ean jaioa, Interneten gorakada betean famatu egin zena YouTuben egiten zituen umorezko abestiengatik. Geroago, oholtza gainean monologoak egiten ere hasi zen, saio bereziak Netflixen, eta, azkenean, Inside filmatu zuen. Lan hau komedia musikala da, batzuetan barregarria, besteetan oso tragikoa; pandemia garaiko itxialdian bere lorategiko etxetxoan grabatua.
Hasieran, komediak –eta, ondorioz, bere ogibideak eta existitzeko arrazoiak– halako momentu tragikoan duen lekua bilatzea da lanaren helburua. Horrek eta bere bizitzako beste alderdi batzuek krisi existentzial oso serioan itotzen dute Burnham, hala nola, pasa berri duen egoera emozional zailak, 30 urte betetzeak eta, noski, itxialdiak berak. Hortik abiatuta, Inside da, zehatz-mehatz, munduaren egoerari buruzko delirioz beteriko hausnarketa desordenatua. Gizartearen eboluzioaren gainean mintzatzen da, eta erakusten digu Internetek eta sare sozialek komunikatzeko eta bizitza ulertzeko modua aldatu digutela.
Abestiek gidatzen dute filma: gehienak umorez beteak, White woman’s Instagram (Emakume zuri baten Instagrama), esaterako; eta besteak solemneagoak, That funny feeling (Sentimendu dibertigarri hori), adibidez; ia denak, kantatzarrak, urteetan zehar buruan geratu zaizkidanak. Letrak ulertzea oso garrantzitsua da pelikulaz gozatzeko, eta esan beharra dago erreferentzia asko Interneti, sare sozialei eta Ameriketakoko Estatu Batuetako gizarteari eta politikari lotuak daudela: Interneten denbora –akaso, gehiegitxo– pasatzen dugunok ulertuko ditugu gehienak.
Pelikulak baditu gorabeherak, baina, gaur, bere bertuteen inguruan hitz egiteko asmoa besterik ez dut izan. Lehenengoz ikusi nuenetik ia bost urte pasatu dira, baina, gaur, berriro ikusi dudanean, gogoratu naiz nire pelikula gustukoenetakoa dela. Barre egin dut, ez lehenengo aldian bezainbeste; eta hunkitu egin naiz, lehenengo aldian baino gehiago.