Kultura jan eta jan gabiltza, kultura kontsumitzen dugu tragoak bailiran, bata kaleratzean beste agortzen da, produktu soila balitz bezala aurkezten digute delako kultura hau. Izan ere, merkatuaren markoan dena dirudi errentagarri, dena da salgai, denak balio du erosgai den heinean eta honetan ematen ditugu gure egunak, izan eroso, makurtuta edo gogoz kontra.
Urrutiko munduetara garamatzate eguneroko errealitateaz abstraitu gaitezen, eta hemendik, kostata, etorkizun berri baten aukera irudikatzen gabiltza. Erreala den hori ere jokoan jarri dute, jada argazki bat ez da egiantzekotasunaren bermea, eta horretan, egiak galtzen ditugu egunez egun. Euskarari ekoizpenaren dinamikan territorio txiki bat utzita, beste jaki klase bat bihurtzen da.
Ekoizpen kateak uzten digun denbora libre apurra arautzen du industria kulturalak. Gure esku hartuta 'kultura', egiten dugunak kontrako zentzua har dezake
Tartean gu. Norentzat idazten dugu, zenbat liburuk egiten naute irakurle, nork irakurzaletuko gaitu, egunero idazten ditudan whatsappek ez ote naute idazle egiten, zertarako literatura orduan? Kultur industriak bere interesetara ezartzen du idazleak eta irakurleak ekoizteko modua. Nobela beltza edo erromantikoa, idazle kontsakratua edo nobela, saridunak eta galtzaileak, idazlea ala irakurlea.
Baina diruz ezer balio ez duenak, zer du emateko jendarteari? Jabeez askatu nahian, esango nuke, denok lekua dugula izenez ezezagunak diren hitz horietan. Definizioz, gizarte baten bizimoduaren espresio eta honen ondare da kultura, baina hau gainditzeko bitartekari materiala ere bihur daiteke. Egun, ekoizpen kateak uzten digun denbora libre apurra arautzen du industria kulturalak. Gure esku hartuta kultura, egiten dugunak kontrako zentzua har dezake.