Arrazakeria, eskuin muturrerantz arrastatzen gaituen korronte zabala

  • Europan eta munduan arrazakeria gora doa, eta Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu. Egun, herritarrak eta jendarteak eskuin muturraren baloreak bere egiteko bide nagusietakoa da arrazakeria. Arazoaren larritasunari tamaina hartzen saiatu gara, eta aztertu ditugu zenbait joera eta mugimendu kezkagarri, arrazakeriak ezkerrean duen irismena, informazio faltsuen zabalpena edo Irungo auzo patruilak kasu. Aurre egiteko gako batzuk jaso ditugu ere.

"Morofobia" salatzeko Gasteiz Antiarrazistaren mobilizazioa, uztailaren 28aneitb
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024, urria: Donostiako Egia auzoan, kalean bizi diren migratzaileen eta haiei afariak ematen zizkieten pertsonen aurkako mobilizazioak deitu zituzten Lo que no te cuentan de Donosti Telegram kanaletik; Trintxerpen, hainbat gauez kaputxak buruan eta burdin barrak eskuan migratzaileen aurka atera zen kalera herritar talde bat; Gasteizko Errota auzoan, asteroko mobilizazioak egiten hasi ziren Delinkuentziarik gabeko auzo seguru baten alde lelopean, migratzaile batzuek okupatutako lonja bat jo-puntuan. Abendua: Irunen, lehergailu txikiekin eraso egin zieten Lakaxita gaztetxeari eta Mosku plazan Mugimendu Sozialistak okupatutako espazioari; Arrigorriagan, gizon talde batek merkatari txinatar bat jipoitu eta ospitalera bidali zuen; Baionan, hiru gizonek bi emakume jipoitu eta irain arrazistak egin zizkieten; Miarritzen, beste horrenbeste pairatu zuen Uber gidari batek; Laudion, lau gazte arrazializaturi talde erasoa egin zieten paintball pistolekin gauerdian, bizitoki zuten aldagela abandonatutako atea kolpeka bota ostean.

2025eko martxoa: Lekeition, lau turistak eraso zieten jatorri pakistandarreko hainbat langileri irain arrazisten artean; Maiatza: Donostiako Altzan, Gure hiri/auzoetan delinkuentzia gehiago ez lelopean mobilizazioa deitu zuen auzokide batek, eta Espainiako eskuin muturreko Frente Obrero eta Juventud Combativa taldeek babesa adierazi zioten; Cintruenigon, Cintruenigo delinkuenterik gabe lelopean mobilizazioa egin zuten Vox eta Frente Obreroren babesarekin; Irunen, auzokideen patruilak jaio ziren. Ekainean: Hernanin, hainbat talde eraso antolatu zituzten magrebtar jatorriko herritarren aurka; Martzillan, migratzaile adin txikikoei eta beren zentroari eraso egin zieten herritarrek, aurreko egunetan “herri seguru bat defendatzeko” mobilizatu ostean. Uztailean: Barakaldon, irain arrazistak egin zituzten Agharas elkarteko txosnan lanean ari zirenen aurka; Gasteizen, “Moroak Espainiatik kanpora” zioten pegatinak itsatsi zituzten hainbat auzotako meskita eta magrebtarren negozioetan; Hendaian, Herriko Etxeak herritarren “elkartasun-sareak” sortzea onartu zuen, Polizia ohartarazteko “edozein gertakari susmagarriren” aurrean.

2024-2025 ikasturtera mugatutako mobilizazio, ekimen eta eraso arrazista esanguratsuen zerrenda da aurrekoa, inolaz ere osoa.

"Pobreziarekin lotutako delituen aurreko inseguritate pertzepzioa da eskuin muturraren eragiteko ardatza" (Anaitz Agirre)

Arrazakeriak ezker-eskuin

“Pixkanaka, tantaka, ideia arrazistak eta faxistak barneratzen ari dira gizartean, baita tradizio antifaxista duten herri eta auzoetan ere, eta beren burua arrazistatzat ez duten pertsonen artean”. Irungo Elkargune Antifaxistaren hitzak dira, uztailaren 23an “arrazakeriaren”, “auzo patruilen” eta “faxismoaren” aurka antolatutako mobilizaziora deitzeko idatzitakoak. “Gaur egun, edozeinek zabal ditzake ideia arrazistak”, adierazi zioten Berriari Bilgune Feministako Kattalin Artola eta Mugimendu Sozialistako Nahikari Mateok Hernaniko txosnen ordezkari gisara, herriko jaietan gutxienez 11 eraso arrazista identifikatu ostean. Arrazakeriaren gorakada “maskulinitate eredu atzerakoi” baten, mundu mailako militarizazioaren eta sare sozialen eraginaren hazkundearekin lotu zuten, besteak beste, eta hazkunde handiena gazteen artean duela ohartarazi. Auzokide ezkertiarren artean ere arrazakeriak zuen irismenaz ohartarazi zioten ARGIAri, 2024ko urriko mobilizazioen harira, Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetako bizilagunek. Hazkundea ezkerreko sektore abertzale militanteetara heldu izanaren frogatzat hartu daitezke hautsak harrotu zituzten José Mari Esparzaren Migrazioa? Ez eskerrik asko (2022) eta Juan Mari Olarraren Immigrazioa Euskal Herrian (2024) artikuluek.

Herritar bat pankarta jartzen Donostiako Aste Nagusian, 2024an. Argazkia:  Manu Robles Arangiz fundazioa.

Arrazakeriaren eta eskuin muturraren gorakadak azken urteotan ikusgarritasuna irabazi duela bai, baina fenomenoa arnas luzeagokoa dela azpimarratu diote ARGIAri Nayua Aduh Gasteiz Antiarrazista eragileko militanteak eta Anaitze Agirre Irungo Harrera Sareko kide eta EHUko Kazetaritza Saileko irakasleak. “Mugimenduok urte asko daramagu ohartarazten arrazakeria hedatzen eta sakontzen ari dela”, dio Agirrek. Egiturazko egoera “orain dela hamar urte antzekoa” zela dio Aduhk, orduan isiltzen ziren zenbait ideia “orain esateko aukera gehiago” badago ere. 

Bat datoz arrazakeria eskuineko espektro politikotik harago eta ezkerrean ere bidea egiten ari denaren ideiarekin. Hori azaltzeko zergati ezberdin baina bateragarriak eman dituzte. Aduhren ustetan, hamarkada bat atzerago “izan zintezkeen ezkerreko militantea eta transfoboa, arrazista edo matxista, arazorik gabe”, baina eraldaketa garrantzitsuak izan dira, “eta jende ezkertiar askok portaerak aldatu baino nahiago du erosoagoak zaizkion tokietara mugitzea”. Agirrek pobretze orokortuarekin eta etorkizun bizigarriagoen esperantza ezarekin lotu du hazkundea: “Klase ertainak eta langileriak bizi duten inseguritatea gora doa, enplegua izatea ere ez da bizitza duin baterako bermea”. Inseguritate horren iturburu nagusia goikoek hartutako erabaki politiko-ekonomikoak dira, baina, kontrara, fokua behean jartzen da, erabaki horien kaltetu nagusiengan. “Pobreziarekin lotutako delituen aurreko inseguritate pertzepzioa da eskuin muturraren eragiteko ardatza, argi eta garbi, hortik lortzen du bere baloreak gizarte sektore askotara hedatzea”. Sare sozialen eragina erabakigarria da eremu honetan.

Informazio faltsuek arrazakeria eta gorrotoa elikatu dituzte, besteak beste Hernanin eta Donostiako Martutene auzoan

Sare sozialak eta hedabide hegemonikoak

Eskuin muturrak inbertsio handia egin du sare sozialetatik gizartean eragiteko, eta hainbat euskarriz osatutako ekosistema oso bat sortu du: hedabideak, influencerrak, eragile sozial eta politikoen kontuak... Horien artean daude propio delinkuentzia eta inseguritatea ikustarazteko Telegramen, WhatsAppen, Facebooken edo Instagramen sortutako kanalak, asko hiri, auzo edo herri mailakoak. Euskal Herrian, horietako ezagunena ziurrenik Lo que no te cuentan de Donosti Telegram kanala izan da, milaka kide lortu eta izen bereko kontuak sortu zituena Bilbo, Gasteiz eta Iruñerako –arrakastarik gabe–, baina badira gehiago ere. 

Erabiltzaileek hainbat eduki partekatzen dituzte kanal horietan: hedabide hegemoniko zein eskuin muturrekoek argitaratutako lapurretak, eraso sexualak edo Poliziaren esku hartzeak; arriskutsuak omen diren zonalde eta pertsonen inguruko komentario, izen-abizen, argazki edo bideoak; kezkaz, gorrotoz, suminduraz edo beldurrez betetako iruzkinak. Dena, ustezko delituen eta horien egileen ustezko arraza nabarmenduta. 

Gure herri eta auzoen argazki jakin bat elikatzen dute: herritar (zuri) arrunten aurkako arrazializatu pobretuen lapurretak eta erasoak eguneroko ogi dira, politikari eta erakundeak ezikusiarena egiten edo zuzenean konplize, eta Polizia ezgai. Nolatan ez du eskatuko segurtasuna eta esku gogorra hortik elikatzen den herritarrak? Kanal horietako edukiak partaide zuzen ez direnetara ere zabaltzen dira tarteka: auzokideen sare sozialetara, elkarte, kuadrilla edo eskola taldeetara...

Auzo eta herri inseguruen pertzepzioa ez legoke horren zabaldua, ordea, hedabide hegemonikoek ere ikuspegi berbera elikatuko ez balute –baina alderdi politiko eta instituzioekiko kontrakotasuna alboratuta–. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Vocento taldearen El Correo eta El Diario Vasco dira horren adierazle muturrekoena. Urteak daramatzate pobreziari loturiko delituen, herritarren arteko gatazken edo Poliziaren esku hartzeen inguruko albisteak etengabe argitaratzen.

Southport eta Torre Pachecotik Hernani eta Martutenera

Erresuma Batua, 2024ko abuztua: mobilizazio arrazista jendetsuak piztu ziren erresumako hiri nagusietan. Manifestariek hamarnaka meskitaren eta asilo eskatzaileak hartzen dituzten hotelen aurkako erasoak burutu zituzten, pertsona arrazializatuak jazarri. Jatorria: uztailaren 29an Southport-en (Ingalaterra), 17 urteko gizon gazte batek 6, 7 eta 9 urteko hiru haur hil zituen. Sare sozialetan eskuin muturrak egilea musulmana zela zabaldu zuen. Bi egunera epaileak berak jakinarazi zuen ustezko egilea Cardiff-en (Gales) jaioa zela, osasun mental arazoak zituela eta besteak beste autismoa diagnostikatu ziotela.

Torre Pacheco, Espainia, 2025eko uztaila: eskuin muturrak migratzaileen aurkako “ehizara” deitu zuen eta estatu osotik heldutako militanteek izua zabaldu zuten herrian zenbait egunez. Jatorria: herriko gizon edadetu bati eraso egin zion beste batek, eta ukabilkadek ospitalera eraman zuten. Canal Red hedabideko La Base saioak ikertu zuenez, eskuin muturrak talde erasoa izan zela zabaldu zuen sare sozialetan, eta marokoar jatorriko herritarrek burutua. Voxi lotutako hedabide eta herritarrek ustezko bost erasotzaileen argazkiak zabaldu zituzten lehenik, eta erasoaren bideoa ondoren. Sare sozialetan ez ezik hedabide hegemoniko batzuetan ere izan zuten oihartzuna ustezko informazioek. Laster jakin zen pertsona bakarrak egin ziola eraso herritarrari, eta argazkietako pertsonak ez zutela zerikusirik gertatuarekin. Bideoa bai, egiazko eraso batena zen... baina gazte zuri batzuek egina hilabeteak lehenago, kalean bizi zen pertsona baten aurka eta irain homofoboen artean, Almeria hirian eta ez Torre Pachecon.

Euskal Herrian ere baditugu informazio faltsuen zabalpen kasuak. ARGIAk Hernaniko (Gipuzkoa) eta Donostiako Martutene auzoko herritar banarekin hitz egin du (nahiago dute izena ez eman), ondoko bi kasuak hurbiletik ezagutu dituztenak.

Hernanin WhatsApp bidez zabaldutako mezua informazio faltsuarekin.

Hernani, Gipuzkoa, 2025eko ekainaren 4a. Hernaniko WhatsAppetan bolo-bolo zabaldu zen ondoko mezua (jatorrizkoa gazteleraz): “Abisua Hernanin: ez hartu berriz ere Karabeleko igogailua. Ez bakarrik. Moroak ikusten ari dira igogailuaren atzealdeko arbustuetan ezkutatuta, eta pertsona bakarrak behean igogailua itxoiten duenean, manta bat bota eta lapurtzen diote, lau ateratzen baitira. Hori egiten duten bigarren edo hirugarren aldia da”. Egun berean Udaltzaingoak adierazi zuen horrelakorik ez dela inoiz gertatu. Informazio faltsuaren eraginez izan ote zen ezin jakin, baina egun pare batera udaltzainek birritan geldiarazi zuten kaputxatutako gazte zurien talde bat, gazte migratzaile batzuen kanpalekura bidean. Gazte kaputxatuak ez ziren eskuin mutur giro batean haziak, Hernanin nagusi den giro euskaldun aurrerakoian baizik eta, antza, sare sozialetatik asko elikatzen direnak. Herriko San Juan jaietan erasoak egongo zirela aurreikusita, Arrazakeriaren aurka Hernanin saretu lelopean manifestazioa deitu zuten herriko hainbat eragilek, jaien bezperan. Halere, hainbat talde-eraso larri eta antolatu izan ziren. Jaietako lehen egunean beste informazio faltsu bat ere zabaldu zen herrian, ustezko bortxaketa bat salatzen.

Martutene auzoa, Donostia, 2024ko ekaina. Auzokideen artean mezua: “Barkaiztegira iristen, zubia zeharkatzen duen tren-geralekuaren ondoan, etxe abandonatu handi bat dago, okupa moduan bizi diren moroz gainezka. Etxe abandonatu horren pareko errepidean semaforo bat dago, lau bat minutu irauten duena. Honako hau egiten hasi dira: zorura botatzen dira autoak geldi daitezen eta, gidariak jaisten direnean, atrakatu egiten dituzte. Kontuz Barkaiztegira bazoazte”. Informazioaren jatorria ondoan dagoen Basozabal golf klubak bere bazkideei bidalitako mezuan zegoen. Klubak bazkideei “gomendatu” zien Martutene/Barkaiztegiko sarrera ez erabiltzea, “zonaldea arriskutsua” zelako: “Atrakuez ohartarazi gaituzte. Lurrean etzandako pertsonak istripu bat antzeztuz, eta autoa gelditzean oldartzen dira”. Martuteneko auzo elkartea Ertzaintzarekin jarri zen harremanetan, eta bi egunen ostean ofizialki jakinarazi zuen horrelakorik ez zela inoiz gertatu. Auzokideen artean izua, sumindura eta iruzkin arrazistak hedatuta zeuden ordurako.

Donostiako Martutene auzoan zabaldutako informazio faltsua: goian, auzo mailako WhatsApp talde batean zabaldutako mezua; behean, informazioaren jatorria, Basozabal golf klubak zabaldu zuena.
Argazki oina

 

"Asko handitu da beldurra arrazializatu eta migratzaileen artean" (Nayua Aduh)

Inseguritatea eta beldurra, denona

Gezurrek eta egi-erdiek asko eragiten dute, segurtasun errealaren eta bere pertzepzioaren arteko arrakala areagotzen dute, eta batzuen erreminta politikoa dira, ez akatsak. Aldi berean, auzokideen arteko gatazkak eta delituak egon badaude gure herri eta auzoetan, eta nahiz eta fokuan dauden horiek bazterketarekin, pobreziarekin edo biografia latzekin lotura zuzena izan ohi duten, irtenbidea ez da ukatzea edo edozein portaera justifikatzea. Ez da lerro hauen helburua horien konponbideetan zentratzea, baina badira esperientzia interesgarriak Euskal Herriko auzo eta herrietan. Horren adibide bat jorratu genuen, ARGIAren 2918 zenbakiko Bai, konpondu daitezke gatazkak komunitatea indartuz eta arrazakeria elikatu gabe erreportajean.

Pertsona bat ez da arrazista delinkuentziaren aurka eta segurtasunaren alde hitz egin edo mobilizatzeagatik. Baina, kontzienteki egin edo ez, eta denok egiten dugu neurriren batean, inseguritatea soilik pobreziari loturiko delitu eta portaera batzuekin lotzea klasista da, eta delinkuentzia arraza jakin batekin edo batzuekin lotzea, arrazista. Are arrazistagoa eta klasistagoa da hori egitea baina, aldiz, aberastasunarekin lotura duten delitu eta portaerak inseguritatearekin eta arraza zuriarekin ez lotzea. (Asmakeria diren) arrazen markotik irtetea komeni da, baina arrazaren arabera neurtzen badugu gizakiak zeinen arriskutsuak, lapurrak edo biolentoak garen, arraza guztiak mahai gainean jarrita behar du eta, hor, zuriok txapeldun.

Irauli dezagun fokua momentu batez: zenbat inseguritate eta beldur, zenbat segurtasun behar sortzen die pertsona arrazializatuei oldarraldi arrazistak? “Asko handitu da beldurra” dio Aduh sahararrak, okerrena marokiarrek eta aljeriarrek pairatzen dutela azpimarratuta, eta horien artean gazteek. Fenomenoa ez dela berria azpimarratu du berriz ere Aduhk. Azaldu du pertsona arrazializatuek urteak direla dituztela normalduak “estrategia” zenbait: “Adibidez, dendetan sartzean argi uztea ez duzula lapurtzeko asmorik, edo kalean talde handietan ez joatea, pentsatuta horrek jendeari beldurra emango diola. Baditut lagunak kuadrilla euskalduna eta arrazializatu edo migratua dutena, batzuekin edo besteekin egon asko aldatzen dira begiradak eta komentarioak”.

Asteburuoro Irungo kaleetan "paseoak" ematen dituzte "auzokideen patruilek", Poliziaren onespenarekin

Auzokideen patruilak

Maiatzaren erdialdeaz geroztik, asteburuero, Irungo kaleetan zehar “paseoak” ematen dituzte “auzokideen patruilak”. Pixka bat lehenago, maiatzaren 5ean, ekimenaren antolatzaileek Lo vimos en Irun WhatsApp taldea sortu zuten. Irungo Antxeta irratia hedabideak ekimenaren ikerketa argitaratu zuen kanalean zabaldutako mezu, argazki eta bideoak aztertuta.
“‘Segurtasuna bermatzeko’ eta ‘delituak prebenitzeko’ aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi bat da taldea”, azaldu zuen Antxetako kazetari Aimar Lopezek. Hainbat gorroto mezu, iruzkin arrazista edo erasorako dei jaso zituen adibide gisara. “‘Moro’ edo ‘urdaiazpikoari alergiko’ deitzen dituztenekiko obsesio bat gailentzen da”. Kanalaren sortzaileen mezuetan arreta jarri zuen Lopezek: “Taldean administratzaile botereak dituzten zortzi lagunek eskuin muturretik hurbil diren ideologiak bultzatzen dituzte, ‘ideologiarik gabeko herritar taldea’ direla behin eta berriz errepikatu arren”.

“Bortizkeria fisikoa” ez, baina patruilek burututako “intimidazio saiakera” ugariren zantzuak zeuden kanalean, Antxetaren arabera. “Gizon eta emakumeak jarraitu, inguratu eta atxiki izana kontatu izan dute azken asteetan”. Poliziarekin harremana laster egin zuten, antza. Maiatzaren 24an honakoa idatzi zuen kide batek: “Atzokoa oso ongi joan zen, Poliziarekin elkarlanean aritu ginen eta jada talde bezala ezagutzen gaituzte”.

Irungo auzokideen patruilak bultzatu dituen WhatsApp kanalean partekatutako hainbat mezu. Irudia: Antxeta irratia

Udalak eta Poliziak kezkarik ez

Maiatzean birritan eskatu zion Antxeta irratiak auzokideen patruilen inguruko iritzia PSEk EAJren babesarekin gobernatzen duen Irungo Udalari, eta ez zuen erantzunik jaso. “Ekainaren 12an, Sanmartzialetako segurtasun protokoloa aurkezteko prentsaurrekoan, gaiari buruz galdera egin zitzaien Irungo Alkateari, Segurtasun ordezkariari, udaltzainburuari eta Irungo ertzain etxeko buruari”. Ertzainak soilik erantzun zuen: “Irungo auzoetan ‘paseatzen’ dabiltzan herritar batzuei ‘garrantzirik’ ematen ez dietela adierazi zuen”. 

Patruilena ekimen “oso-oso kezkagarria” da, ordea, Irungo Harrera Sareko kide Agirrerentzat, eta are kezkagarriagoa udalaren eta Poliziaren onarpena. Patruilek “pertsonarik zaurgarrienengan beldurra” sortuko dutela dio. “Faxismoaren beste pausotxo bat da”, salatu du.

Ekimena Irunen indartu ez ezik beste herri batzuetara ere zabaldu al daiteke?

Hizkera komunitarioa

Irungoa jauzia kualitatiboa da: patruilak iraunkor bilakatu dituzte; publikoak eta irekiak dira; eta Poliziaren zein instituzioen onarpena dute. Agian ezaugarri horiek mantendu, demokratikoki homolagagarri agertu eta zabaltzeko asmoarekin, dezente gozatu dituzte beren mezuak. Aipatu ikerketa ekainaren 19an argitaratu zuen Antxetak, eta egun berean ireki zuen Facebook kontua ekimenak, Colaboración ciudadana Irun (Elkarlan herritarra Irun) izenarekin.

Auzokideen patruilak bultzatu dituen Colaboración Ciudadana Irunen irudia, herritik kartelak itsatsi dituzte irudi eta lelo berdinekin. Irudia: Colaboración Ciudadana Irun Facebook kontua

Kutsu komunitarioko hizkera darabilte Irungo auzokideen patruilek, hiru dituzte lelo nagusiak: auzo paseo eta akonpainamenduak; banderarik eta kolorerik gabe; herriak salbatzen du herria. Azken hori, ezkerrak hainbestetan erabilia, eskuin muturrak erabili zuen Valentziako DANAren ostean elkartasun brigadak antolatu zituenean. Gorroto mezuak eta esplizituki arrazistak alboratu dituzte oro har, mezu positiboak dira nagusi eta herritar aktiboen elkarlaguntzan jartzen dute fokua. Eta arrazakeria edo eskuin muturrekoak direla dioten salaketak indargabetzen saiatzen dira. Sare sozialetan hori ukatuz, zein epaitegietara jotzeko mehatxuak eginez. Irungo Harrera Sareari mehatxu hori egin diotela adierazi du Agirrek, eta berdina azaldu diote ARGIAri Gipuzkoako SOS Arrazakeriatik.

Ekimena Irunen indartu ez ezik beste herri batzuetara ere zabaldu al daiteke? Baietz uste du Agirrek, ekimenaren kartela komertzio batean ikusi berri duela azalduta. “Herritar zintzoki arduratuak, zer edo zer egin nahi dutenak... egongo dira. Orain askoz ere onargarriagoak dira, tarteka hankatxoa ikusten bazaie ere jende askorekin konektatu dezakete. Baina atzean beste gauza bat dago”.

Hendaia, instituzioa bultzatzaile

Hendaian eskuineko herritarrek ez, herriko etxeak antolatu nahi ditu "segurtasuna” hobetu eta “delituak prebenitzeko” herritarren “elkartasun sareak”, hemen ere hizkera komunitarioa lagun. Herriko kontseiluak uztailaren 23ko osoko bilkuran onartu zuen “herritarren parte hartzerako protokoloa”. Horren arabera, herritarrek Polizia “ohartaraziko” lukete “edozein gertakari susmagarriren” aurrean. “Dispositiboak hiru helburu lituzke, udal gobernuaren arabera: herritarren artean ‘segurtasunaren kultura’ garatzea, herritarren eta polizien artean ‘harremana indartzea’ eta toki mailan delinkuentzia saihesteko prebentzio ekimenak sustatzea”, Kazeta atariak jaso zuenez.

Alderdi Sozialistak gobernatzen du Hendaian, Alderdi Komunistak ere babestu zuen ekimena, Hendaia Biltzen izan zen aurka bozkatu zuen talde bakarra. “Milizia herritar modukoak sortzea proposatzen diguzue”, salatu zuen Letizia Navarron taldeko bozeramaileak. Poliziaren asmoa protokoloa hasteko bi auzotan abiatzea da, proba gisara. Agirrek Hendaian du bizitokia, Irun militatzekoa, “izututa” dago. “Hau ere, Irungo auzokideen patruilen antzera, prefaxismoa da”. 

Egiteko garrantzitsuena auzo eta herrietan egotea eta eguneroko lana egitea dela ematen du

Nola borrokatu arrazakeria?

Lehenik eta behin, etsipenean ez erori eta egiten dena baloratuta. Torre Pachecoko gertakarien harira mobilizazioa antolatu zuen Gasteiz Antiarrazistak. “Uste genuena baino jende gehiago etorri zen, pozgarria izan zen, badirudi jendea kontzientzia hartzen ari dela”, dio Aduhk. Sorpresa positibo berdina hartu zuten Irungo Harrera Sarean auzokideen patruilen aurka antolatu zuten mobilizazioan, Agirrek azaldu duenez. 

Segurtasuna, inseguritatea eta delinkuentzia kontzeptuak borrokatzea garrantzitsua da, oso eraginkorrak baitzaizkie arrazismoa bultzatzen ari direnei. Arbuiatu edo berrezaugarritzen saiatu? “Denok bizi nahi dugu seguru, ez diezaiogun oparitu hitza eskuinari, berrezaugarritu dezagun”, adierazi zion ARGIAri Gasteizko Errota auzo elkarteko kide batek, urrian bizi izan zituzten mobilizazio arrazisten harira.

Uztailaren 21ean irudiaren moduko pegatinak itsatsi zituzten Gasteizko hainbat meskitatan eta magrebtarren komertzioetan.

Egiteko garrantzitsuena auzo eta herrietan egotea eta eguneroko lana egitea dela ematen du. “Egungo ezkerraren marroi handiena hori da”, dio Agirrek: “Sarea, mikroan hasita, atarian, auzo mailako elkarteetan... badakigu antolatzen, badugu esperientzia, baina aldi berean, ez dakigu”. Sare horietan guztiontzako tokiak eta moduak egin behar dira, agerikoa ematen du baina praktikan ez dirudi horren erraza. “Guk askotan komentatzen dugu, oso ongi hitzaldi baterako deitzea... baina gonbidatu kaña batzuk hartzera ere, pasatu denbora bat gurekin. Ezkerrean asko ikusten dut, teorikoki oso ondo dena, baina egunerokoan harremanik ez pertsona arrazializatuekin”, dio Aduhk.

“Testuinguru horretan, diskurtso horiek erreproduzitzen dituena automatikoki arrazistatzat etiketatzeak ez du eraikitzen komunitaterik, ezta lotura sendorik ere. Benetan auzo kohesionatuak nahi baditugu, entzute aktiboko eta elkarrizketa errealeko prozesuak behar ditugu. Entzuteak ez du esan nahi printzipioei uko egitea. Aitzitik, tresna politikoa da zentzu komunak eztabaidatzeko, aurreiritziak desmuntatzeko eta eraldaketarako bideak irekitzeko”, irakurri daiteke Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Indarkeria arrazista, zer dago atzean? artikuluan. Ildo beretik, dio Agirrek: “Diskurtso kritiko baina integratzailea behar dugu, ulertu jendea gero eta beldurtuagoa dagoela, enpatiaz jokatu”. 

Arrazakeria pertsona eta ingurune formalki antiarrazistetan lantzea ere ezinbestekoa da

“Ulertzen dut [SOS Arrazakeriaren testuak] dioena”, dio Aduhk, “baina ikusten da zuri batek idatzia dela. Arrazakeria zuzenean pairatzen baduzu...  Arrazializatuei beti eskatzen zaigu jatorrak izatea, pazienteak, sinpatikoak. Bortxa jasan dezakezu, baina ezin duzu maila berean erantzun”. Gasteiz Antiarrazistan “agresibitatearekin” jokatzen dutela azaldu du, pertsonak “interpelatuak” sentitzen direlako. Adibidez, morofobia hitza erabiltzea. Edo zuzenean galdetzea pertsona bati arrazista sentitzen den edo ez, eta zergatik, eta argi uztea gehiago edo gutxiago baina badela”. Zenbateraino enpatia, zenbateraino interpelazio zuzena? Nola uztartu? “Egoeraren arabera”, dio Aduhk. 

Edonola dela, nork bere neurrian baina arrazakeria guztiok daramagu barruan, eta egungo olatuak denoi eragiten badigu, gure herrikide edo ekimen arrazista besteekin nola jokatu pentsatzeaz aparte, arrazakeria pertsona eta ingurune formalki antiarrazistetan lantzea ere ezinbestekoa da.

“Lehen pausua da ulertzea arrazakeria guztiz egiturazkoa dela, denarekin duela lotura, eta azkena pentsatzea nola eraikitzen dugun beste gizarte bat”, dio Aduhk. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
‘Txoloak, sudakak, moroak, payoponiak’

Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek... [+]


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Manteroen kanpalekua desegin du Poliziak Bilbon, eta konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute

Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Iruñeko polizia-etxean hil zen Ndiayeren omenezko plaka kendu dutela salatu dute

“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Agharas elkarteak jasandako eraso arrazistak salatu dituzte Barakaldoko txosnek

Agharas migratzaile imazighen elkartearen txosnan pertsona batek hainbat irain arrazista egin zituen. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean Barakaldon. 


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-17 | Gedar
Faxisten protestak porrot egin du Torre Pachecon: Polizia eta prentsa gehiago, manifestariak baino

Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.


Delinkuentzia eta segurtasun eza, migratzaileak jipoitzeko aitzakia faltsuak

Jazarpen arrazistak eztanda egin du Espainiako Torre Pacheco herrian, Euskal Herrian ere ezagun zaizkigun diskurtsoak hauspotuta: immigrazioa lotzea delinkuentziaren, sexu-erasoen eta segurtasun faltaren gorakadari. Baina datuek frogatzen dute gezurra direla gorroto diskurtso... [+]


2025-07-16 | June Fernández
Meloi saltzailea
Torre-Pacheco

Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren... [+]


Eguneraketa berriak daude