Ofizio bat, transmititu eta eraberritzeko

  • 2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien bultzada eta sarri bakarrik egiten zuten jarduna taldean partekatu eta elkarrekin ikasteak eman dizkien erremintak aipatu dituzte.

Ezker-eskuin: Ane Arrugaeta, Itziar Rekalde eta Ane Gebara. (Argazkia: Dos Por Dos / ARGIA CC BY-SA)
Argazkia: Dos Por Dos / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Garai eta toki guztietan egon dira kontalariak, nahiz eta lehen ohikoagoa zen edonor aritzea tarteka ipuin eta kondairak kontatzen. Azken finean, gizakien berezko gaitasunak dira ahoz goran eta hitz biziz komunikatzea, gertakariak eta istorioak kontatzea. Eta beste edozein gaitasun bezala, hori ere landu egiten da, ikasita eta arituta, eta trebetasun handia lortu izan dute askok. Garai batean, kontalari onenak etxez etxe ibiltzen omen ziren kontu zahar eta berriak kontatzen; uzta garaietan,  txerri-hilketetan edota elkarretaratze berezietan kontalariak etortzeko irrikaz egoten zen jendea. Hainbesteko gogoz, non lehia egoten baitzen etxeen artean, narratzaile onenak zeinek ekarriko. Euskal Herrian ezaguna da, adibidez, artazuriketak ahozko literatura garatu eta zabaltzeko garrantzi handiko espazioak izan zirela. Txandaka egiten zen baserriz baserri auzolanean artaburuak zuritzeko lana. Gazteak biltzen ziren batez ere, eta asmakizunak, kantuak eta antzerkiak egiten ere aritzen ziren.

Baina gizartea aldatu den neurrian, aldatu da istorioak kontatzeko dugun modua, eta kontalarien jarduna bera ere bai. Azaldu digutenez, gaur ezagutzen duguna, kontalaritza mendebaldar modernoa, 1980ko hamarkadan birsortutakoa da, tradiziozko kontalaritza galdutzat jotzen zen garaian egindako birmoldaketa garaikidea, etena egon baitzen transmisioan aurreko hamarkadan. Egun, jendaurreko ipuin-saioak izaten dira kontalarien ikuskizunak, aisialdiari lotuak eta ezaugarri literario, eszeniko, tekniko eta estetiko propioak dituztenak.

Garai bateko kontalari trebeenak, esaten denez, ofizioz ziren kontalari. Ofizioz, jardun horretan entseatzen zirelako burubelarri, maila handia lortzen zutelako, eta hara eta hona ibiltzen zirelako zeregin horretan. Sormena, teknika eta funtzionaltasuna konbinatzen zituzten beraien jardunean, eguneroko bizitza eta lanetarako aholkuak emanez askotan.

Egun ere bada kontalaritza ofizio duenik eta izaera hori aldarrikatzen duenik, beste era batera bada ere. Horien artean, besteak beste, gurekin mintzatu diren Ane Arrugaeta (Gasteiz, 1983), Ane Gebara (Gasteiz, 1989) eta Itziar Rekalde (Bermeo, 1955).

Tradiziozkoaren aldean, kontalaritza modernoak beste edozein praktika artistikoren mailako aitortza eskatzen du: komunikazio ekintzaz gain, arte eszenikoa era badela eta izaera propioa duela azpimarratu dute elkarrizketatu ditugun kontalariek, egitura, arau, tresna eta lengoaia propioak dituena. Horregatik sortu dute, besteak beste, Euskal Herriko lehen Kontalaritza Eskola: ahozkotasuna eta ahozko komunikazioa balioan jartzeko, eta kontalaritzari buruzko jakintza ekoitzi, jaso eta transmititu ahal izateko.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY-SA

Abiapuntua: zer da kontalaritza?
Rekalde 1990eko hamarkadan hasi zen ipuinak kontatzen. Antzerkilaria zen ordurako, eta harrezkero ibili da, beste gauza askoren artean, arte eszenikoetan eta kontalaritzan. “Gurea zer den?”, azkar erantzun du galdera: “Arte eszeniko bat, istorioak kontatzen dituena hitz soilarekin, inolako laguntzarik gabe. Entzuleen ebokazioa jartzen dugu martxan. Irudimenaren eragileak gara. Zineman irudiak eginak ematen dira, eta antzerkian, antzeztu egiten da. Guk proposatu egiten dugu, eta performatikoa da. Horrek eta bat-batekotasunak bereizten du beste diziplinetatik”.

Hitza da, beraz, kontalariaren oinarrizko lanabesa. Arrugaetak “publikoarekin batera egiten den arnasketa” dela nabarmendu du. Hau da, ezin da pentsatu zuzenekotik kanpo eta entzulerik gabe: “Kontalaritza publikoari eskutik helduta egiten den bidaia emozionala da, bat-batean eta elkarrekin sortzen baita”. Ez da publikoarentzako egiten, harekin batera bazik. “Publikoa sentitu behar duzu saioan zehar”, gehitu du Gebarak: “Konektatuta egon behar duzu, jendea nola sentitzen den sumatzen, ea elkarrekin goazen edo ez sentitu, eta horren arabera elementuak eta erritmoa aldatu, gehitu, kendu edo moldatu”.  

Ane Arrugaeta: "Kontalaritza da publikoarekin eskutik egiten den bidaia emozionala, bat-batean eta elkarrekin sortzen dena"

Ipuina ezagutzea ez da nahikoa, jendaurrean kontatzen jakin behar da, publikoari eta unean uneko komunikazio beharrei egokitzen. Saioa ona den edo ez, beraz, momentuan ebazten da. Horrek egiten du bat-bateko eta performatiko.

Gasteiztarrak dira Arrugaeta eta Gebara, eta urteak daramatzate kontalaritzan. Arabazan Elkartearen sorreran ere aritu ziren biak. Arrugaeta liburutegietan hasi zen haurrentzako ipuinak kontatzen. Gebarak aldiz, bere kabuz, antzerkitik, intuizioz eman zuen saltoa.

Espontaneotasuna ez dator berez
Inprobisatzaile ona izateko aurretiko lan eskerga behar da. Bat-batekotasuna eta naturaltasuna ez dira lortzen entrenamendurik gabe. Teknika eta baliabideak trebatzeaz gain, kontatuko dituzten istorioen gaineko lanketa handia egiten dutela azaldu dute Rekaldek eta Arrugaetak, plano literario zein pertsonalean.

Batetik, kontakizun bakoitza “bere aspektu guztietan” goitik behera ezagutu behar dute; sakonean landuta izaten dituzte egitura, sinbolismoa eta mezua; eta, bestetik, “ipuinak norberari eragiten dion bidaia emozionala ere egina izan behar da, horrek ematen duelako askatasuna jendearen aurrean zabaltzeko, biluzteko”.

“Kontalaritzan ez dago gidoirik idatzita”, azaldu du Gebarak antzerkiarekin alderatuta: “Hitzak prestatzen dituzu, noski, ipuinari dagokion unibertso semantikoarenak, baina ez dituzu esaldiak aldez aurretik idazten. Momentuan osatzen dituzu”. Errepikaezina da saioa, eta hori oso gustuko du Gebarak: “Edo hor zaude edo ez zaude. Liburu bat eraman dezakezu ez dakit nora eta bakarrik egon. Gurea hor geratzen da. Eta ezin da bakarrik egin. Horrek bizia ematen dio. Ezin da kopiatu eta erreproduzitu eta beste toki batera eraman. Eta idazten bada ere beste gauza bat da, beste arte bat. Ahozko tradiziotik jaso dena idazten denean, orduan beste gauza bat da”.

Dos Por Dos / ARGIA CC BY-SA

Oralitura eta ahozko tradizioa, gaurkotuta
Alderantzizko ariketa ere egiten dute maiz kontalari garaikideek: tradiziozko ipuin eta kondairak berriro ahozkora ekarri. “Gauza asko idatziz etorri zaizkigu, etnografoek jasota, eta orduan transliterazioa egiten dugu literaturatik oraliturara”, azaldu du Rekaldek.

Oralitura hitza darabil Rekaldek ahozko literatura baino, literaturarekin parekatzeko: “Ahozkoa, Ilustrazio garaitik, ezjakintasunarekin lotu da, herrikoia zelako, idazten ez zekitenena. Ahozko narrazioa esaten da, baina orduan idatzizko narrazioa ere esan beharko genuke. Ahoz egiten den literatura idatziz egiten dena bezain inportantea da, eta mendeetan egin den artea da”.

Gebarak argi ikusi zuen idatzizkoak eta ahozkoak izaera ezberdina dutela, Arabako ipuin zaharrekin lanean aritu zenean: “Aurkitu nituen narrazioak oso eskematikoak ziren, anekdotak bezalakoak”. Bere buruari galdegiten zion ea irakurritakoa nola konta zezakeen publikoaren aurrean, eta bere buruari mila galdera egiten hasi: “Idatzita dagoenari mila buelta eman behar dizkiozu, galdera asko egin, idatzitakoaz gain zer duen asmatzeko, kontatu ahal izateko”.

Gebararen ibilbidean garrantzitsua izan zen bere herriko tradizioaren bilaketa, bere buruari eta lanari zentzua emateko nolabait: “Helduei kontatzen hasi nintzenean, neure buruari galdetu nion zer nahi nion munduari esan. Horrela konturatu nintzen ez nituela ezagutzen nire herriko historiak”. Gauzak horrela, Arabako istorio zaharrak ezagutzeko grina piztu zitzaion: “Istorio horiek kontatu behar dira ez bakarrik jatorriagatik, baita ere gaur egun esanahia dutelako, zentzua ematen diegulako orain”.

Ipuin saioa, materiala eta mezua
Hemen eta orain, asko izan daitezke narrazioa eraikitzeko materialak: ipuin zahar eta berriak izan daitezke, edo gertakariak, edo esperientziak. Rekaldek dio anekdotaren batek edo “zerbaitek arreta eman” ohi diola beti, bakoitzak “esanahi propioa" ematen diola istorio bati, eta gero moldatu egin behar dela norberaren estilora.

Arrugaetaren hitzetan, garrantzitsua da norberak ulertzea kontakizun bakoitzak zer esan nahi duen beretzako. Gertatu izan zaio istorio batek arreta eman, gorde, baina urtebete pasa behar izatea jendarteratu arte, argitu arte istorio horrek zer eragiten zion bere barnean, eta zer mezu nahi zuen helarazi. 

Ane Gebara: "Liburutegiei esker profesionalak sortu dira. Baina hori ez da gure toki naturala eta irakurketa sustatzea ez da gure ofizioaren berezko izatea"

Ipuin-saioak egitura eszeniko konplexua du eta, zintzotasunez sortu eta eraikitzeko, bi galdera egin behar ditu kontalariak, Gebararen ustez: “Nor naiz ni hau kontatzen, eta zer esan nahi diot munduari?”. Izan ere, beste edozein arte diziplinak bezala, gizartearekiko ardura du kontalaritzak, Rekalderen arabera. Ezinbestean, mezuren bat transmititzen da eta ideologia dago egiten denaren atzean. “Ikusi bestela Disney-k ipuin herrikoiekin egin duena: ideologia burgesaren arabera moldatu”. Horren jakitun izan behar dela uste du haurrei kontatzen zaienean ere, eta umeentzako egiten den kontalaritzak helduentzako egiten denaren kalitatea eta aitortza berbera merezi duela. Era berean, haurrentzako kontalaritza ez da izan behar entretenimendu hutsa, ezta “arauak emateko modu polit bat” ere. Irudimena zabaltzeko balio behar du, esperimentatzeko, eta horrek lan “serioa” eskatzen duela uste dute.

Izan ere, kontalaritza helburu pedagogikoetarako baliabide gisa erabili da maiz gurean, irakurzaletasuna sustatzeko batik bat. Helburu didaktikoei eman zaie zentralitatea, nabarmen gehiago askotan, diziplinaren berezko ezaugarri artistikoei baino. Horrek kontalaritza zokoratu egin du neurri batean liburutegietara, areto eta espazio propiorik ez edukitzera ia-ia. “Tresna modura ikusten da, ez da aintzat hartzen arte eszeniko modura”, Gebararen hitzetan. “Liburutegiei esker profesionalak sortu dira. Hori argi utzi behar da. Hala ere, ez da gure toki naturala eta irakurketa sustatzea ez da gure ofizioaren berezko izatea. Sustatu ditzakegu sukaldaritza, irakurketa, musika, dantza… zeharka. Baina gureak da iruditeria, ebokazioa, emozioak eta halakoak sustatzea, eta ahozko adierazmena”, gehitu du Rekaldek.

Kontalaritza Eskola, ofizioa egiteko
Testuinguru horretan erabaki zuten iaz Kontalaritza Eskola sortzea, beste zenbait kiderekin batera. Horietako asko dagoeneko Arabazan Kontalaritza Elkartean zeuden elkarrekin, 2021etik. Gebarak azaldu duenez, Arabazanen sei bat lagun biltzen hasi ziren, kontalaritza oso gauza bakartia zela iruditzen zitzaielako. Aldi berean, baina, jakitun ziren jende asko zegoela urteak zeramatzana horretan: “Itziar [Rekalde] genuen erreferente Gasteizen, eta oso era eskuzabalean hartu gintuen etxean, irakasteko eskatzen geniolako, eta horrela joan zen taldea egiten. Esperientzia partekatzeko gogoa genuen eta, era berean, ikusten genuen dakitenek irakasten ez badute, hurrengoek hutsetik hasi behar dutela behin eta berriro”.

Egonkortzea erabaki zuten beraz, eta eskola bezala formalizatzea. Batetik, kontalaritzari buruzko jakintza eta ezagutza sortu ahal izateko, hau da, teorizatzeko; eta bestetik, formakuntza eskaintzeko, transmisioa egin ahal izateko. Munduko beste txoko batzuetan badira gisa honetako eskolak, kontalaritzaren suspertze mugimendu egonkorragoak edo izan dituztelako; Kolonbian, esaterako, unibertsitatean irakasten da kontalaritza. Euskal Herrian egon dira aurrekariak, ikastaro eta formakuntza saioak, ipuin egunak… “Jende askok egin du lan handia”, hiruen ustez.

Kontalaritza Eskolaren ekarpena edo berritasuna zera da: eskola progresiboa dela, hiru ikasturtekoa, irakasle eta ikasle talde egonkorra duena. Garaion Sorgingunean egiten dute (Ozaeta, Araba), eta hilabetean behin dira saioak. Oinarritik hasten dira irakasten: arketipoak, mitoak, kondairak, literatura, ipuinen esanahi sinbolikoa eta egiturak. Eta beste alor batzuetako adituak ere badituzte. Gisa horretan, teoria eta praktika uztartzen dituzte. 

Itziar Rekalde: "Arte eszeniko bat da gurea, istorioak kontatzen dituena hitz soilarekin, inolako laguntzarik gabe"

Eskolaren izateko arrazoi nagusia “kontalaritza ofizio bezala indartzea” da. Rekalderen hitzetan, ofizioduna izateak ez du esan nahi lanerako kontratatzea han edo hemen. “Egiten duzuna seriotasunez hartzea esan nahi du, lana eta ezagutza, zintzotasuna, kalitatea”. Arrugaetak formakuntzak ematen duen sakontasuna azpimarratu du: “Giltza ematen dizu istorioari eusteko, bestela azalekoa da kontatzen duzuna askotan”. Gustua entrenatzeko eta publikoa sortzeko ere balioko du eskolak, Gebararen ustez.

Bi urtean behin zabalduko dute izena emateko epea eta parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan dute. Kontalaritzak nork bere burua deskubritzeko balio duela gogorarazi du Gebarak, “mundua une batez gelditzeko, hemen eta orain denok batera egoteko”. Rekaldek ere kontalaritzak komunitatea indartzeko balio duela uste du, eta komunikazioak egiteko horretan duen papera azpimarratu: “Zuzeneko komunikazioa guretzako entzuten ikastea da, besteari begira egotea, arreta izatea eta aurrez aurre komunikatzeko gai izatea, horretarako gero eta erreminta gutxiago ditugun garaian”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


Handinahikeria vs txikitasuna

Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak... [+]


Negu gorrirako ipuina

Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025

------------------------------------------------------------------------

Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]


Musikaren analisi feministak
Orbain bizien oinordeko, lerroarteak zabaltzeko

Bizi-biziak dira oraindik musikan dabiltzan emakume eta genero disidenteen azalean bizi izandako indarkeriaren orbainak. Ugaritu dira, halaber, orbain horiei buruzko ahotsak komunikabideetan, ikerketetan zein hainbat ekimenetan. “Asko dago egiteko oraindik”, diote... [+]


Musika Hamabostaldia: nire gomendioak

Azken urteotan egin dudan bezala, Musika Hamabostaldiak 86. ediziorako prestatu duen egitarau ederra ikusita, nire iradokizun eta gomendio bereziak egiten dizkizuet. 

Egia esan, eta ia beti gertatzen den bezala, oso zaila da kontzertu batzuk nabarmentzea, horiek guztiak... [+]


2025-07-23 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (I)

Antza denez, dualista naiz, izan nahi ez dudan arren. Esaldia bukle bat da: izan nahi ez dudan zerbait naiz, orduan: nor da esaldian ezkutuan dagoen nia, dualista izan nahi ez duena? Edo, alderantziz, dualista dena da, hain zuzen, ni hori (izan nahi ez badu ere)? Nahaspila... [+]


2025-07-22 | Bertsozale.eus
Bertsolaritzaren dokumentazio bilketa sendotzeko aurrerapausoetan

 Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu... [+]


“Herriak erabaki du Hatortxu Rock 30 aldiz egitea”

26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]


2025-07-21 | Behe Banda
barra warroak
Berritu ala hil

Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.

Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-16 | Iker Barandiaran
Benetako apokalipsiaren ateetan

Alegoría del mal
Rat-zinger
Kasba Music, 2025

--------------------------------------------------------------

Apokalipsiaren aurreko garai ustel hauetan, non eskuin atzerakoienak lortu duen bere diskurtsoa erdian jartzea, erabat ezabatuta dagoen gizarte batean,... [+]


Bizitzaz eta beste

Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------
 
Zaila da nobela hau definitzea, abenturazkoa da, iniziatikoa, filosofikoa, ekologista; baina horiek baino gehiago, edo horien guztien ondorioz, nobela... [+]

Eguneraketa berriak daude