From Ground Zero: genozidioa lehen pertsonatik kontatzen digun filma

  • 2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu zitzaion ariketa gogor horri. Bertako 22 zinegilerekin harremanetan, eta bakoitza bospasei palestinarrekin sorkuntzan dabilela, ehun bat familirekin harremanetan dagoela dio Masharawik, eta horrela egiten dio ekarpena bere sorlekuari: "Ehun bat familia horiekin harremanetan naiz, entzuten ditut, laguntzen ditut, eta hori ez filmari begira bakarrik. Horrela ez nabil soilik albistegiaren aitzinean negarrez, aktibo ere banaiz eta lagungarri zait". 2023ko urriaren 7az geroztikako Gazako ahotsa kausitzen dugu From Ground Zero-n eta film bat baino anitzez gehiago da: genozidioari buruzko frogak dira.

'No signal' film laburra, Muhammad Al-Sharif-en eskutik. Argazkia: Masharawifilms

Oraingoz, 52.314 palestinar hil ditu Israelek Gazan, 2023ko urriaren 7az geroztik. Dozenaka kontatzen dira egun bakoitzean hildakoak, eta ohitu gara zenbaketa horri, baita ospitaleen bonbardaketei zein laguntza humanitarioaren blokeatzeari ere –"Badira 50 egun laguntza humanitarioaren sarrera erabat blokeaturik daukala Israelek" dio goiz honetako albiste batek munduari–. Gazatik datorren beste albiste bat: "Bulldozerren suntsiketengatik hondakinen peko gorputzen bilaketak gelditu behar izan dituzte". Horri ere ohituko gara: Gazako bulldozerren xehatzen dabil Israel. Iragan astean, astelehenetik ostegunera 30 eta 40 bulldozer suntsitu zituen Israelek, Nazio Batuen Erakundearen arabera. 11.000 gorputz daude eraikin bonbardatuen azpian, eta 50 milioi tona hondakin astun dituzte metaturik. Eraikinen %90 baino gehiago erabat suntsiturik dutelako Gazan.

Zenbakiak. Hotzak. Zenbaki horien gibelean bizirauten dabiltzan bizi suntsituen erakusleihoa dugu From Ground Zero filma. Hiru eta zazpi minutu arteko 22 film laburrez osaturikoa, guziak 2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmatuak, hots, 2023ko urriaren 7az geroztik. "Zenbakiak zaizkigu mintzo hastapenetik. Aurpegiak eta bizipenak jarri nahi izan dizkiegu zenbaki horiei", dio Laura Nikolov ekoizleak. Rashid Masharawi zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, bera ere gazatarra dena, baina urteak daramatzana bertara ezin sarturik. "Gazatik atera zen, film festibal batentzat eta ez zuten berriz utzi sartzen. Ramallahn (Zisjordania) instalatu zen, baina hor gauza bera, film festibal batentzat atera eta ez zuten berriz utzi sartzen. Orain Europa eta Zisjordania artean dabil", Nikolovek zehaztu duenez. Urriaren 7aren biharamunak ikusirik, Gazako senideei eta lagunei proposamena luzatu zien Masharawik eta errezibitu zituzten sorkuntzak. "Libre zarete, nahi duzuena kontatu, nahi duzuen formatuan", izan zen luzatu zien ariketa. Zinegileak dira oinarrian, baita lehen filma ere dutenak, "kamara beraiena kontatzeko arma bat dela ohartu direnak". Sorkuntza horiek bildurik, "gerra horren memoria osatzea eta babestea" du xede erbesteraturik dagoen zinegileak.

Argazkia: Masharawifilms

Palestinaren aldeko Zuberoako kolektiboak gomitaturik, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) zinema aretoan egon zen iragan astean Nikolov, proiekzioaren ondoko galderei erantzuteko. Hitza hartu zuen emanaldia aitzin: "Hamaika film laburren buruan hiru minutuko pausa ukanen duzue. Ez duzue ateratzeko astirik ukanen, justu arnasteko hiru minutu izanen dira, beste hamaikekin segitu ahal izateko". Egiari zor, erabat suntsitutako Gazako hamaika palestinarren intimitate suntsitua filtrorik gabe jasota, lagungarri zaizkio hiru minutu horiek ikusleari. Ez da egon galderarik edo oharrik, hiru minutuko isiltasuna izan da. Arnasteko. Ekoizleak mikrofonoa hartu eta tonu eztian ondokoa bideratu die publikokoei: "Filmaren zati honetan gogoko dut ohartaraztea zinegile guztiek segitzen dutela bizirik. Suertea izan dute. Suerte kontu bat dela diot, Gazan nehork ez dakielako eguna bizirik ala hilik bukatuko duen".

"Euriaren antzera erori zaizkigu hondakinak gainera" dio Musab gazteak 24 heures (24 ordu) film laburrean. Egun bakarrean bi aldiz izan da Israelen bonben jomugan, eta bietan galdu ditu senideak. Telefonoz grabaturiko irudiek argi uzten dute drama hori ez dela fikziozkoa: negarrak, oihuak, aurpegi ikaratuak, minak eta ezinak. Ezinak, hain justu, familiako kide batzuk betirako utzi behar izaten dituztelako hondakinen pean, ezin aterata. Momentu hori kontatzen du No Signal (Seinalerik ez) sorkuntzak ere, zeinetan hondamendien azpian daukan anaia bilatzen dabilen gizon mindu bat, ezinegonagatik zentzua kasik galdurik. Neska ttipi bat heldu zaio laguntzera, israeldar hegazkinen mehatxuen artetik pasaz. "Zer zabiltza hor? Sartu zaitez aterpera!", eta erantzuna: "Aita bilatzen lagundu nahi zaitut". Bonben mehatxua handiegia dutela, bilaketa utzi behar izaten dute, aita hori gorputz ala gorpu den argitu gabe. "Zin dakizut bihar itzuliko garela bilatzera".

Etxe eraitsiak omnipresente dituzte, dena dute grisa eta apurtua inguruan. Sorry cinema (Barkatu zinema) film laburrean ageri da: "Bonbardaketaz bonbardaketa ihesi goaz, etxe suntsitu batetik bestera, bizirautea da gure erronka", dio Ahmed Hassounak egilearen off-eko ahotsak. Badakigu guk ere, "eraikinen %90 baino gehiago dago suntsiturik" datua heldu zaigulako, baina zabor mendi grisen artean bizitze horren esanahia dakar From Groud Zero-k. Jendetza bizi da Gazan, bi milioi pasa dira 360 kilometro koadrotan metaturik, etxerik gabe eta bertatik atera ezinik. Ageri dira, biziari atxiki nahian, harri meten artean ibilki, hegazkinen eta droneen soinu etengabean, ur-xorta bat, jateko zeozer edota telefonoa kargatzeko prisa bat atzeman nahian. Aldi oro dituzte sekulako jende lerroak, denak luzeegiak: Gazan ez delako guzientzako jakirik eta urik. Baina, hala ere, eskuak hutsik itzuli arren, duintasuna. Palestinarren duintasuna bada film horretatik ateratzen den osagai nagusietarikoa.

'Hell´s heaven' film laburra, Karim Satoum-en eskutik. Argazkia: Masharawifilms

Noizean behin, pakete humanitario zenbait ikusten dituzte urrunera, zerutik behera eta badoazte, lasterka, dena utzita, hatsanturik eta nekaturik, bat atzeman nahian. Paketeak zulaturik, irina hareari nahasita, lurretik biltzen ari direnak ageri dira Sorry cinema-n.
Kaosaren erdian biziraun beharrean, zinegile izateko ametsa alde batera uzteko damua kontatzen digu ere film labur horrek. Genozidioaren bihotzean, kosta ahala kosta arteari lotzeko beharra baina ezina agertzen da sorkuntza andanatan. Zinegileak, idazleak, umoristak, musikariak, txotxongilo-egileak, margolariak... artea bizi da Gazan, eta aitzina egiteko ezinbesteko arma ere dutela erakusten digu From Ground Zero-k.

Hors Cadre (Kuadrotik kanpo) film laburrak artista baten gogoetak jasotzen ditu. Etxe suntsitura itzultzearen mina partekatzen digu egileak. Margolaria da bera, eta hondamendien artean galdutako obrengana itzultzen da. Batetik bestera pasa eta Israelek suntsitutako ametsak aipatzen dizkigu: "Unibertsitatera sartzeko bidea xehatu didate, eta unibertsitatea bera digute suntsitu. Ez da gehiago bakerik, ez da gehiago bake-kulturarik, bake hiltzailea da daukaguna. Banekien gerran ginela, baina inoiz ez nuen irudikatu neukana suntsitzen ahalko zidatenik. Gerrak ez du nehor saihesten". Finean, oihalezko aterpeen pean dira orain kasik gazatar guziak: "Oihal-etxeak eta jende deprimitua, besterik ez dago", dio idazle batek Offrandes (Eskaintzak) film laburrean.

Gaua infernu

Umeak. Umeak ere ageri dira anitz. Gaua infernu dute Gazako haurrek eta ez dute lorik hartu nahi, lo zeudela erori zitzaielako bonba bat gainera, familiakoak betirako eramanda. Farah & Miriam sorkuntzako protagonistak ama, ahizpak eta ttantta galdu ditu bonbapean, ttantta hondamendien artetik sekula ezin izan dutela atera. Bere lagun batekin ageri da ibilki, behin etxe izan zuen harri metaren gainean. Gogoan iltzaturik duen arkitekturari segi, badabil izandako hura deskribatzen: "Begira, hemen nuen ganbera". 

Proiekzio oro argazkia hartu eta Gazako zinegileei bidaltzen diete, “jakin dezatela beren sorkuntza ikusita dagoela,
jakin dezatela ez direla ahaztuak”

Berea orokortu eta ondokoa dio ttipiak: "Gure buru osasuna xehatua da". Peau douce (Larru eztia) animazioan ere umeen traumak ditugu nagusi. Umeen gorputz atal ezberdinetan beraien izenak idazteko ohitura harturik dute gurasoek, bonben pean kausituz gero, esku artean dutenaren identitatearen berri jasotzeko sokorriek. Marka horiek lanjerra eta drama oroitarazten diote istorioko umeari, gauaren erdian erori daitekeen bonbaren abisutzat duelako. Ezin lokartuta dagoela, ondoan daukan anai ttipiari ezabatzen dio besoan idatzitako izena: "Kentzen dizut lasai lo egin dezazun. Badakit sensiblea zarela eta amets gaiztoak saihestu nahi dizkizut". Ipuinen, kantuen zein dantzen bidez, haur horiei irria atxikiarazteko eginbeharrean dabiltzanen berri ere badugu. Horien artean dira Non (Ez) film laburreko musikariak. Beraiengana doa Hana Eleiwa ekoizlea, hain justu, heriotzaz eta minaz hitz egin beharrean, poza eta esperantza irudikatzeko. Bihar ahaztuko ditugu krisiak, bihar berriro izanen dugu irri ederra aurpegian errepika ozenki kantatzen dabiltza, eta finean, sorkuntzako pasarterik tristeneetarikoa dugu, palestinarrentzat etorkizun airos bat irudikatzea ezinezkoa balitzaigu bezala. Baina, beraiek irria dute aurpegian, eta pareko haurrek ere bai. Baliteke hori izatea bizinahia. Edo duintasuna..

Off-eko ahotsa, armairu barnetik

Israelen hegazkinen eta droneen arrabotsa da entzuleari gelditzen zaion osagaia. Alta, soinu parasito hori arintzeko ariketa samurra ohartarazi du Nikolovek: "Droneen soinua Gazako soinu-banda da. Gau eta egun dute etengabeko burrunba hori. Ukandako bideoetan ez zegoen bakar bat hegazkin edota drone soinurik gabekoa. Filmak entzungarri izateko sekulako garbiketa egin behar izan dugu postprodukzio fasean". Gauza bera off-eko ahotsentzat, zinegile batek bidea asmaturik, guztiei pasa zieten trukoa: armairu batera sartu, bururdikoz eta estalgiz estali. Horrela bakarrik lortu dezakete gerra soinurik gabeko soinua.

Nola ez, kamara, mikrofono ala bestelako filmatzeko materialik ezin izan zieten bidali Gazara eta bertan zuten apurra batu eta elkarri prestatuta grabatu zituzten sorkuntzak. Kanpora bideratzearena ere desafio zaila izan zuten: Israelek Gaza munduaz mozturik duelako, internet bidez pasa behar izan zituzten ekoizpenak, eta ospitaleetara edo kazetarien lantokietara hurbildu behar izan zuten konexio hobea kausitzeko. "Horrek erran nahi du bonba arrisku handiko guneetan egotea. Zinegileek bizirik segitzen dutela erran dizuet, baina santza kontu bat da. Kasu batzuetan bertan egon eta bizpahiru orenen buruan bonbardaturik zituzten guneak".

"Masharawik 24 ordu 24ren gain pasatzen zituen bertako berriak entzuten, arabiarrez baita hebrearrez ere, Gazan gertatzen zenaren mapa bat osatu nahian, filmatzerakoan bonbardaketak saihesten saiatzeko". Estresaz eta beldurrez betetako sorkuntza izan da. Noizbehinka gelditu behar izan zituzten filmaketak, lan taldeko batek bere hurbileko bat galdurik. Taxi Wanissa film laburrak, hain justu, hori kontatzen digu, ipuinaren haria moztu, kamera bere aldera itzuli eta bere senide baten heriotzaren berri emanez jartzen diolako bukaera osaturiko kontakizunari.

“Droneen soinua da Gazako soinu-banda. Gau eta egun  dute etengabeko burrunba hori. Ukandako bideoetan ez zegoen bakar bat hegazkin edo drone soinurik gabekoa”

Baina, internet mozketen gainetik eta bonben azpitik, osatu dute From Ground Zero, eta mundu mailan zabaltzen dabiltza –hamabost hizkuntzetara itzulita dago, frantsesera eta gaztelerara barne–. Proiekzio oro, argazkia hartu eta Gazako zinegileei bidaltzen diete, "jakin dezatela beren sorkuntza ikusita dagoela, jakin dezatela ez direla ahaztuak". Bigarrena sortzen dabiltzala ere jakitera eman du Nikolovek. Zinegile berak dabiltza lanean, baina aldi honetan film ertainak dituzte bidean. Lehen filma hasi zutenean 25.000 hildako ziren, bigarrena bidean dutela, bikoiztu egin da kopurua. Urte bat pasa da bien artean. Film bat baino gehiago da From Ground Zero, autopsiarako froga ikaragarria ere da. 

Laura Nikolov (ekoizpenaren koordinatzailea)
"Artxibo-dokumentuak dira, betirako geldituko direnak"

Gaza barneko errealitateen berri dakar From Ground Zero-k.

Rashid Masharawik bultzatutako proiektua da. Bera gazatarra da, bere familia guzia du Gazan. Urriaren 7aren biharamunak ikustearekin, laster ohartu ginen gazatarren hitza ez zela entzuna, zenbaki hutsak zirela, eta horregatik nahi izan dugu istorioak kontatzeko aukera sortu. Gaza barneko hitza kanpora aterarazi dugu eta aurpegiak eta biziak jarri dizkiegu zenbaki horiei. Biziki berezia da, zinegileek beren biziaz erakutsi nahi izan dutena jaso dugulako, eta aldi berean, artxibo-dokumentuak direlako, garai horri buruzko testigantzak dira, betirako geldituko direnak. Rashidek dioen gisara, beraien eta hurbilekoen biziak salbatu nahian dabiltzala, beren historia salbatu nahian gabiltza gu.

Urte bat pasa da grabaketetatik, eta dramak berdin dirau. Nola ikusten dituzue zinegileak?

Egoera ez da batere erraza, ahumanoa da Gazako errealitatea. Sorry Cinema film laburrean erraten du, baina Gazan suerteak egiten du bizirik segitzen duzula. Emozionalki eta psikologikoki ez dira batere-batere ongi, denak dira hondatuak. Gosete handia bada, dena dute eskas. Su-etena arte bazuten filmean ageri den dinamika hori, menia etorri arte irauteko borondate hori; baina su-etena hautsiz geroztik, egoera biziki-biziki konplikatu zaie. Hastapenean baino zailtasun gehiago dugu non diren jakiteko. Astez aste mehatzen ikusten ditugu. Batzuk izugarri eri egon dira, baina bizirik segitzen dute. Bizirik badira ere, gaizki dira. Gazan ezin duzu ongi izan, ezinezkoa da. Baina, aldi berean, esperantzari eta biziari lotzeko duten gaitasuna ikusita, pentsatzen dut ez digutela dena erraten. Biziki duinak dira eta duintasun hori ageri da filmean.

Nazioartea isilik dabil. Horri begira zer sentitzen duzue zuek, Rashid Masharawik eta zuk?

Hasteko, haientzat iraun behar dugu guk. Hori zor diegu. Baina, egia da zaila dela, ezintasun sentimendu handia dugu. Bigarren film baten egiteko erabakia hartu dugu, lekukotasunak aterarazten segitzeko. Aldi berean, From Ground Zero-ren emanaldietan egoten gara eta ikusten dugu jendea badela proiekzioetan. Publikokoek beraien ezintasun sentimendua partekatzen digute ere, baina, jakin behar dute hor izate hutsa biziki inportantea dela. Proiekzio guzien berri ematen diegu zinegileei, ikus dezaten ez direla bakarrik. Filmak bide luzea egin du eta poza eragin die. Oscar Sarietarako hautatua izana gauza handia izan zen beraientzat, entzunak izanaren sentsazioa zutelako.

Oposiziorik ukan duzue bidean?

Bidea moztu gabe ere, existitzen ez bazina bezala egiten duten horien jarrera da oposiziorik bortitzena. Nire ustez egitasmo ikaragarria da From Ground Zero, eta ez dugu ulertzen nolaz festibal batzuek ez dioten arretarik bideratu, hain justu, baldintza gogorretan egindako pelikulak argiratzea delarik haien zeregina. Adibidez, Cannes Festibalak erabateko blackout-a egin digu. Baina, bestelako oposizioei buruz, ez dugu intimidaziorik jaso, ez bada AEBetan momentu batean bideraturiko aurkako kanpaina.
Bigarren filmari begira ez zarete beldur? Israelek presio gehiago jarriko duelakoan edo bonben jomuga izanen zaretelakoan?
Gisa horretako presioen berri ez digute helarazi Gazatik. Haatik, badakit orain arte Rashidek [Masharawi] nahi izan dituelarik grabaketak gelditu, beraiek ziotela ezetz, aitzina segitu nahi zutela. Dena dela, ezin jakin hilik ala bizirik segituko duzun Gazan, beraz horrela kokatzen dira:  hiltzekotan, behintzat zerbait kontaturik hil nazatela.
Zinemagintzan duten lehen esperientzia izan da batzuentzat, eta gustatzen zaiela deskubritu dute. Bizi dutena adierazteko, erakusteko eta partekatzeko kamerak duen botereaz jabetu dira. Naturalki egin da bigarren filmerako jauzia eta zinegile berekin segitzen dugu, beste istorio batzuk dituztelako kontatzeko.

Eta nola doa Palestinako zinegintza?

Finantzamenduei eta sariei dagokionez, 2023ko urriaz geroztik ikusten duguna da ondoko filmei bideratuko zaizkiela: erbestealdian diren palestinarrez mintzo direnak, Palestinan filmatuak ez direnak eta koprodukzioa dutenak, finean, bi begirada ukanik justuagoak izango balira bezala. Bilakaera hori begi-bistakoa da. Bestalde, zulo bat egonen da film palestinarren ekoizpenean, ez delako, behintzat Frantziaren eta Alemaniaren partetik, ia finantzamendurik egon 2023ko urriaz geroztik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Nakbaren 77. urteurrenean Israelek 74 palestinar hil ditu Gazan, horien artean kazetari bat

Israelgo Estatu sortu berriak Palestinaren %80 inguru indarrez okupatu zuenetik 77 urte igaro direla, Gazaren aurkako erasoetan 74 lagun hil ditu Tel Avivek asteazkenetik ostegunera bitartean. Hildakoen artean Hassan Samour kazetaria dago, 2023ko urriaz geroztik Israelek hil... [+]


Bartzelonako portutik Israelera armak garraiatzeagatik bi merkataritza ontzitako kapitainak ikertzen ari dira

Prou Complicitat giza eskubideen aldeko taldeak Danimarkako Maersk enpresako bi merkataritza ontziren aurkako salaketa jarri du, Bartzelonako portutik Israelera F-35 ehiza hegazkinen atalak garraiatzea egotzita. Inputatuek astelehenean deklaratu behar... [+]


analisia |
Ez, antisionismoa ez da antisemitismoa

“Gazako sarraskiak gerra gertaerak dira, eta erruduna Hamas da. (...) Ez dut inondik inora lotsagorritu beharrik borrokak eramateko Israelen moldeaz. (...) Denak poztuko lirateke Israelek lana bukatuko balu”. Haïm Korsiaren hitzak dira, Frantziako Rabbi... [+]


Espainiako Estatuaren eta Israelen arteko harreman militarrak “inoiz baino estuagoak” izan dira 2023ko urriaz geroztik

Centre Delas erakundearen txosten batek 2023ko urriaz geroztik Tel Avivek eta Madrilek adostu dituzten armamentu salerosketak atera ditu argitara. Ikerketaren arabera, Espainiako Estatuko eta Israelgo enpresek ez dituzte inoiz hainbeste proiektu garatu elkarrekin, eta Israelgo... [+]


23 eurodiputatuk Europar Batasunari eskatu diote esku hartzeko Askatasunaren Ontzidiaren alde

EBko diplomaziaburuari gutuna bidali diote lau talde parlamentarioko hainbat legebiltzarkidek, tartean EH Bildukoak. Oraindik nazioarteko uretan segitzen du Askasunaren Ontzidiak.


Israelek Gaza erabat okupatzeko plana onartu du, palestinarrak zerrendatik kanporatzeko eta gatibu israeldarrak askatzeko

Trumpek Gazarako behin baino gehiagotan proposatutako garbiketa etnikoarekin jarraituko du Tel Avivek. Netanyahuk sare sozialetan jakinarazi duenez, Israelek milaka erreserbista deitu ditu Gazaren aurkako setioa gogortzeko eta "erabateko garaipena" lortzeko.


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia Maltako Gobernuarekin negoziatzen dabil, itsasontzia hango portu batera eramateko

Nazioarteko ekimenak igandean argitaratutako prentsa ohar batean jakitera eman duenez, Maltako Gobernuak bonbardatutako itsasontzia konpontzeko asmoa erakutsi du. Askatasunaren Ontzidiak eskatu die Maltako agintariei itsasontzia herrialdeko uretan sar dadila. Israelen erasoak... [+]


2025-05-02 | Mikel Zuloaga
Askatasunaren Ontzidiko Mikel Zuluaga ‘Mikelon’en adierazpena Maltatik

Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.

Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia bonbardatu dute Maltatik gertu

Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau... [+]


Itzalaldiak agerian utzi duena

Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]


Non dago palestinarren aurkako sexu-indarkeria "sistematikoaren” aurreko haserrea?

Armadak egindako genero krimenen gero eta froga gehiago dauden arren, Israelgo emakumeen kolektiboek ez dute aintzat hartu edo ukatu egin dute, neurri handi batean, NBEren gaitzespen txosten berria.


2025-04-22 | ARGIA
Israelek hildako 15 langile humanitarioen ikerketa-txostena gezurrez josita dagoela salatu dute

Hamabost langile humanitario hil zituen Israelgo armadak martxoaren 23an, terroristak zirela eta ez zutela euren burua identifikatu argudiatuta. Bideo batek bertsio hori gezurtatu ostean, gertatutakoaren barne-txostena egin dute Israelgo Defentsa Indarrek, baina bertan esaten... [+]


Eguneraketa berriak daude