Gasteizko EHUko campuseko irakasle bat salatu dute ikasleei jazarpena eta ukituak egitea leporatuta

  • Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du, eta kasua aspalditik ezagutzen duen laugarren pertsona batekin ere bai. Laurek eman dute irakasle berberaren izena, laurek berretsi dituzte salaketetan deskribatzen diren hainbat portaera, eta batek salatu du irakasleak sexu eraso bat egin ziola. Hainbat salaketaren arabera, irakaslearen aurkako salaketa formala aurkeztu zen unibertsitatean, baina ez da aldaketarik izan.

Wikipedia

2025eko otsailaren 12an - 07:00
Azken eguneraketa: 13:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Bada irakasle bat Gasteizko Letren Fakultatean, Filologia Hispanikoko karreran, ikasleriari mota guztietako jazarpenak egiten dizkio, bereziki psikologikoa”. Hori da Denuncias Euskal Herria kontuan agertutako lehen salaketaren hasiera, otsailaren 3koa. Salaketaren arabera, irakaslea, besteak beste, “beti ari da ikasleengana hurbiltzen, eskuetatik heltzeko, eskua gerritik pasatzeko eta beste. Baina kezkagarriena da ikasleak bulegora deitu eta txekeo oso bat egiteko ohitura duela, 'birjina zara? Nola duzu autoestimua?' moduko galderekin". Ordutik eta otsailaren 9a arte, irakasle beraren aurkako beste lau salaketa argitaratu dituzte Instagrameko kontuan.

Hirugarren salaketa gizonezko batena da (salaketa guztiak gazteleraz idatzita daude, eta honek maskulinoan idazten du salatutako irakaslearen “ikasle” izan zela). “Ni neu gizon honen bulegora joan naiz, 'ikasgaiaren lanaren gaia zehaztera', eta galdetu dit ea harreman sexualak kondoiarekin nituen, inoiz abusuak pairatu ditudan edo ea ze nota jarriko niokeen nire autoestimuari. Poema bat irakurri bitartean eskua heldu arazi zidan”, dio, besteak beste.

Lekukotasunetan, irakaslearen ustezko hainbat portaera errepikatzen dira: ikasleei bizitza pertsonal eta sexualaz galdetzea, laztanak eta ukituak egitea, gazteen zaurgarritasuna bilatu eta horren aurrean jarrera lagunkoia erakustea, edo harreman oso estuak bilatzea

Instagrameko laugarren salaketak irakaslearen bulegora eginiko lehen bisita deskribatzen du. “Kontsulta akademiko bat egitera joan nintzen, baina laster birbideratu zuen elkarrizketa gai pertsonaletara (familia harremanak, bikotekoak, ardura bitalak...). Oso lausengaria izan zen, oso azkarra eta berezia nintzela esan zidan. Poema bat irakurri zidan uneoro eskua laztantzen zidan bitartean”. Ikasleak irakaslearekin harremana izaten jarraitu zuen: “Bulegotik irtetean edo sartzean musua eskatzen zidan masailean, edo besarkada bat. Nik hori guztia onartu nuen, baina une batean iruditu zitzaidan dena tokiz kanpo zegoela eta distantzia hartu nuen”. Denborarekin bizi izandakoa beste modu batera ulertzen du ikasle ohiak: “Oso larria iruditzen zait irakasle bat etengabe bere 19-20 urteko ikasleengana hurbiltzen saiatzea, bere bizitzaz gauzak jakin nahi izatea, harekin zaurgarri izan daitezen saiatzea, bere bulegoan egitea, beti bakarrik, kontaktu fisikoa bilatzea, besarkadak eskatzea, musuak, masailetan bada ere, gerria ukitzea...”.

Bosgarren salaketak antzeko bilakaera azaltzen du, baina amaiera gatazkatsuagoarekin. “Hasiera batean sakon miretsi” zuen irakaslea “denborarekin larritasun askoren iturri bilakatu zen”, dio. “Askotan joan nintzen bere bulegora, behin gradua amaituta ere. Bat egin zuen arazo pertsonal larria izan nuen garai batekin eta dena eman zuen nire alde. Astean hainbatetan deitzen zidan, bere bulegora joan nendin esaten zidan behin eta berriz, askotan inbadituta sentiarazten ninduten galdera pertsonalak egiten zizkidan, nire erabaki pertsonalak auzitan jartzen zituen... Bere etxean asteburu bat pasatzera gonbidatzera heldu zen, ni laguntzeko”, dio ikasle ohiak. Gero eta “deserosoago” bere “mugak ez zirela errespetatuak izaten ari” sentitzen zuelako, une batean “distantzia” hartzea erabaki zuen, baina, ikaslearen esanetan, irakasleak tematuta jarraitu zuen mezuak bidaltzen, “eta bidali zidan azkenarekin, zeinean esker txarreko deitu zidan, gainezka egin zuen egoerak”. Irakaslea blokeatu zuen orduan. “Denbora luzean errudun sentitu naiz, antsietatea sentitu dut bizi den hiria bisitatzen nuenean... baina denborarekin nik ere ikusi dut portaera horiek ez zirela ez egokiak ez normalak”.

Instagrameko lekukotasunetan, hortaz, irakaslearen ustezko hainbat portaera errepikatzen dira: ikasleei bizitza pertsonal eta sexualaz galdetzea, laztanak eta ukituak egitea, gazteen zaurgarritasuna bilatu eta horren aurrean jarrera lagunkoia erakustea, edo harreman oso estuak bilatzea, espazio akademikotik kanpo ere.

Denuncias Euskal Herria kontuan argitaratu dituzten salaketen pasarte batzuk. ARGIA

“Denek dakite”

Bost salaketetatik lauk irakaslearen portaera orokortua zela ematen dute aditzera. Jazarpena “ikasleei” egiten ziela dio lehenak. “Nire ikaskideek gizon honekin izan zituzten hainbat anekdota ezagutzen ditut, nire esperientzia propioa barne”, bigarrenak. “Karrera Gasteizen ikasi duen edozein pertsonarekin hitz egiten duzun aldiro bere izena agertzen da eta honetaz guztiaz hitz egiten da”, hirugarrenak. “Badakit ikaskide gehiagok antzeko bizipenak izan zituztela, batzuk bulegotik pixka bat beldurtuta irteten ziren eta ez ziren gehiago bueltatzen”, laugarrenak.

Aurretiko salaketa?

Bi ikasleren arabera, irakaslearen aurkako salaketak eta kexak aurkeztu zituen norbaitek edo norbaitzuek, baina horrek ez zuen ezer aldatu. “Salaketa izan zuen, denek dakite zer egiten duen, beti jasotzen ditu kexak eta hor jarraitzen du”, dio bigarren salaketak. “Kexa formala jarri zen eta dena ezerezean geratu zen”, hirugarrenak.

EHUk ARGIAri baieztatu dio hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela. "Berehalako erantzuna ematen ari da Gobernu Taldea, Berdintasun Zuzendaritzarekin elkarlanean. Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsak jarraituta", adierazi dute. EHUk errektoretza berria du urtarrilaren 27tik, Joxerramon Bengoetxea buru.

ARGIAk beste lau pertsonarekin hitz egin du. Bertan deskribatzen diren portaerekin bat datozen lekukotasunak eman dituzte. Horietako batek pertsonalki jasandako sexu eraso bat salatu du

Lekukotasun gehiago jaso ditu ARGIAk

ARGIAk Filologia Hispanikoa egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du, eta kasua ezagutzen duen laugarren pertsona batekin, bakoitzarekin aparte. Laurek eman dute izen bera kazetariak aurrez aipatu gabe: Juan de la Cruz Ramos. Laurek eman diete erabateko sinesgarritasuna salaketei, eta hiruk adierazi dute ezagun dela unibertsitatean irakaslearen aurkako salaketa bat behintzat jarri zela duela urte batzuk.

2010eko eta 2020ko hamarkadetan izan dute irakasle De la Cruz ARGIArekin hitz egin duten ikasleek, ia hamar urteko aldearekin. Nahiago izan dute beren bizipen pertsonala ez argitaratzea, baina sinesgarritasun osoa eman diete Instagrameko salaketei, eta bertan deskribatzen diren portaerekin bat datozen lekukotasunak eman dituzte. Horietako batek pertsonalki jasandako sexu eraso bat salatu du. Hiru ikasleetako bik adierazi dute entzuna dutela ikasle batzuek irakaslearen aurkako salaketa jarri zutela urte batzuk direla.

Filologia Hispanikoko ikaslea edo irakaslea ez den baina kasua ezagutzen duen pertsona batekin ere hitz egin du ARGIAk. Ziurtatu du kasua “vox populi” dela fakultatean “urte asko direla” (irakaslea 2002an hasi zen Gasteizko Letren Fakultatean klaseak ematen). Ziurtatu du De la Cruzen aurkako salaketa 2019an aurkeztu zutela ikasleek, baina ez dela aldaketa esanguratsurik egon.

ARGIA salatutako irakaslearekin harremanetan jartzen saiatu da, informazioa gezurtatzeko edo bere hitzak jasotzeko aukera emateko. Astelehen goizean mezu bana helarazi zitzaion bere e-posta pertsonalera zein lanekora. Momentuz, ez da erantzunik egon.

Salaketa edo lekukotasun bat eman nahi izanez gero: salaketak@argia.eus


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
EH Bilduk manifestazio antifaxista egingo du azaroaren 22an Bilbon

Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzeaz gain, "erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea" jarri dute helburuen artean.


2025-06-26 | ARGIA
Saharar haurrek uda bakean pasatzeko aukera izango dute Zeraingo aterpetxean

Horbel kooperatibaren proiektu bati esker, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren Saharako hamabi haur hartuko dituzte bi hilabetez Goierriko udalerri horretan. Orkli kooperatibaren Orklidea ekimeneko dirulaguntza jaso du proiektuak.


Euskara osasungintzan

Osakidetzak berak aitortzen duenez, “komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea”.


Hamaika mobilizazio gastu militarraren aurka eta Palestina zein Irango herritarren alde

Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.


Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Ey, ey... Turismo kolonialaren bonba lehertu duela bad Bunnyk

Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


Ea hurrengorako ikasten duzun...

“Ea hurrengorako ikasten duzun…”. Horrela agurtzen zuen amak onkologoa, kariñoz eta lotsarik gabe, kontsultatik ateratzen ginen bakoitzean. Hamar bat kontsulta egingo genituen bospasei urteren bueltan, eta agurra beti bera izaten zen. Emakume atsegina... [+]


Eguneraketa berriak daude