Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben unibertsitateko matrikulatze prozesuan. Halaber, gero eta telefono bidezko arreta handiagoa ematen omen zaie gurasoei –amei gehiago–; eta zenbaitetan, delako informazio bat eskuratuko ez ote duten beldurrez, ikasle plantak ere egiten omen dituzte guraso batzuek telefonoaren bestaldean.
Beldurraren kultura ikertua duen Frank Furedi soziologoak galdera egin zuen duela zenbait urte: Zer gertatzen ari zaio unibertsitateari? Horri erantzuteko, unibertsitate anglo-saxoien infantilizazio prozesua aztertu zuen liburu batean. Nago geuk ere antzeko galderaren bat egin beharko genukeela Euskal Herrian; eta ez bakarrik fakultateetako idazkaritzetan gertatzen direnak haien testuinguruan kokatu eta ulertzeko.
Ziurgabetasun globalaren sasoian, autonomiaren kontrako eta kontrolaren aldeko jarrerak gailentzen ari direla dirudi. Eta, paradoxikoki, etengabe babesa bilatzen duen gure gizarteak desbabestu egiten du aldi berean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.