Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko eta politikoez eta euskarazko itzulpengintzaz aritu da solasean, besteak beste, Ernauxen liburuaren bueltan.
Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua bukatu zenuen iaz, eta testu laburren bat itzuli duzun arren, hauxe da euskarara ekarri duzun lehen liburua: Idazketa labana bat da. Duela gutxi aurkeztu duzu, Katakrakekin. Nolakoa izan da esperientzia?
Itzultzaileok denbora asko ematen dugu itzuli behar dugun testuarekin, egilearekin… lanean, harreman estua sortzen baitugu. Nire kasuan, plazera izan da Ernauxekin hilabeteak igarotzea. Gainera, ezin borobilagoa izan dela sentitzen dut, benetan aberasgarria, hain justu, idazlea bera bere poetikaz mintzo delako liburuan, eta hori oso lagungarria izan zait itzulpen prozesuan, bere idazketa nolabait errespetatzeko eta nik hautuak egiteko.
Liburu berezia da, bai generoari bai edukiari dagokionez. Zer azpimarratuko zenuke?
Ez da orain arte euskarara ekarri diren Ernauxen beste liburuak bezalakoa. Saiakera gisako bat da, Ernauxek idazketa jarduna ulertzeko duen moduari buruzkoa. Gutxi gorabehera, urte batez Frédéric-Yves Jeannet izeneko idazleak galderak egin zizkion Ernauxi, eta azken horrek erantzun posta elektroniko bidez: nola ulertzen duen idazketa, non kokatzen duen bere bizitzan, zer funtzio esleitzen dizkion, zer ezaugarri dituen bere idazketa proiektuak... Ernaux ezagutzen duenarentzat, modu bat da are gehiago ezagutzeko; eta ezagutzen ez duenarentzat, egokia da bere literaturara hurbiltzeko.
Katakrak argitaletxeak berak proposatu dizu liburu hau itzultzea. Uste duzu ezaugarri horiengatik aukeratu duela?
Bai, liburu bereziki politikoa delako, saiakera generotik hurbil. Ernauxen lan literarioa interesgarria eta apurtzailea da, bere idazketa jardunaren emaitza materiala, nolabait esatearren. Baina jardun horren atzean dagoen guztia da interesgarria. Eta hori ez da bakarrik autorea, autorea non kokatzen den ere bada.
Sakondu dezagun: zertan da apurtzailea Ernauxen literatura?
Edukia eta forma aparteko bi gauzatzat hartzen dira askotan. Ernaux apurtzailea da bi zentzuetan, eta, areago, defendatzen du ezin direla bereizi. Liburuan ongi azaltzen duen moduan, ez du forma hautatu estetikoki “ederragoa” iruditzen zaiolako, edukiak berak “determinatu” duela dio. Idazketa oso zorrotza da, zehatza, apainduriarik gabekoa. Edukiari dagokionez, bere bizitzatik, memoriatik eta subjektibitatetik abiatzen da kondizio batez hitz egiteko: Ernaux langile jatorriko emakumea da eta kontzientzia horrek determinatzen du bere idazketa.
Sistema honek ito egiten ditu bera eta bere liburuetan ageri direnak bezalako pertsonak, langile klasekoak. Horien ahotsa literaturan jartzeak gizartearen kontraesanak azaleratzen ditu. Hala ere, modu ez populistan kontatu nahi du hori dena. Ahalko luke idatzi oso erromantikoki, pobre izatea idealizatu, baina ez: kontakizun ahalik eta objektiboena bilatzen du, egiatik ahalik eta hurbilena.
Esplizitua da Ernaux bere asmoetan, ez du bere idazketaren helburu politikoa ezkutatzen.
Horregatik da interesgarria niretzat. Ez hainbeste bere figura espresuki; Ernauxek izan ditzake guztiz bat ez natorren iritziak ere, edo zalantza sortzen dizkidatenak. Baizik eta interesgarriak dira esaten dituen gauza batzuk, gurean hausnarketa propioak egiteko erabili ditzakegulako. Adibidez, Frédéric-Yves Jeannetek engaiamendu politikoaz galdetzen dionean modu zuzenean, Ernauxek erantzuten dio ekintza politiko gisa egin dezakeen onena idaztea dela, bai, baina ez dela egiten duen bakarra eta ezin dela konpromiso politikoa horretara mugatu. Nire ustez hori da azpimarratzekoa: engaiamendua idazketatik harago joan behar dela, idazleak ez duela superbotererik. Bide beretik, ez du onartzen literatura soilik estetika kontua dela diotenen postura, politikarekin deus ikustekorik ez duela defendatzen dutenena.
Artearen ustezko autonomiaz hitz egin ohi da. Pentsatu ohi da arteak ezin diola menderatu deusi. Kurioski, menperatze gisa ulertzen da, eta horregatik arbuiatu, adibidez, mugimendu edo asmo politiko batzuen mesedetara egitea artea, ez ordea artea merkatuari azpiratzea.
Eztabaida hori, artea eta politikaren artekoa, garrantzia hartzen ari da azken urteetan berriro Euskal Herrian, eta zorionez badago artearen funtzio politikoaren inguruan proposamen bat baduen jendea. Urrundu behar gara pentsatzetik artea edo idazleak aparteko zerbait direla, zerbait ia mistikoa. Ernauxek liburuan dioen bezala, literaturak balio dezake ordena arrakalatzeko edo betikotzeko, eta inork ezin dio horri ihes egin.
"Urrundu behar gara pentsatzetik artea edo idazleak aparteko zerbait direla, ia mistikoak. Ernauxek liburuan dioen bezala, literaturak balio dezake ordena arrakalatzeko edo betikotzeko"
Idazketa labana bat da du izenburua liburuak. Zer esan nahi du?
Ernaux berez ez da batere metafora zalea, baina horrelako konparazio bikainak ditu. Ez du abusatzen, baina erabiltzen dituenean zorrotzak dira. Hitzak beretzat harriak direla dio, eta idazketa labana. Euskaraz beste era batekoa izan zitekeen esaldia, bistan denez, beharbada egokiagoa gramatikalki. “Idazketa labana baten gisakoa da”, adibidez. Baina horrela egitea aukeratu dut, nahita. Forma horrekin Euskal Herrian ongi ezagutzen dugun Gabriel Arestiren aipuari egin nahi izan diot erreferentzia: “Poesia mailu bat da”. Bertol Brecht-ek ere esan zuen artea mailua dela, eta aski ezaguna da hori ere bai. Ausartzen naiz esaten modu antzekoan ulertzen dutela denek ere artearen funtzio politikoa. Hiruren ustez mundua eraldatzeko lanabes izan daiteke.
Ernauxen idazketa zorrotza dela diote. Jeannetek kliniko hitza erabili du, Ernauxek berak labana. Norbaitek esan ahalko luke hotza dela, afekturik gabekoa. Langile jatorrikoa da eta etxean ikasi duena da erabiltzen duen sintaxia eta lexikoa. “Apainduriarik gabea”, bere hitzetan. Hori bera ere bada klase baten lengoaiaren ezaugarria. Normandiako elementuak ere baditu. Hona liburuko aipu bat: Mintzaira ez legitimoek darabilten lexikoa baliatu nuen, sintaxi herrikoia. Euskaldunok agian ez dugu bete-betean jasoko hori, ez gara frantsesez irakurtzen ari ebidenteki, ez ditugu frantsesen erreferentzia literario eta kultural berak.
Zentzu horretan, barne gatazka izan nuen liburua itzultzeko erabakiak hartu behar nituenean. Azkenean, borobila dela uste dut hartutako bidea: ekialdeko euskaran egin dut itzulpena, nafarrera gisako batean, eta Iruñeko argitaletxe batendako, gainera. Ernauxen literatura periferikotzat har daiteke, itzulpengintza literaturarekiko bezala, emakume langileok periferian gauden gisan, eta saiatu naiz itzulpena elementu periferiko horiez josten. Oso babestua sentitu naiz Ernaux itzultzen. Berak esaten dituen gauza horiengatik sentitu dut ongi zegoela nik nire euskaran egitea.
“Egia” bilatzen duela dio Ernauxek, subjektibitatetik abiatzen dena, baina ez dena erortzen psikologismoan: soziologikoa eta politikoa den egia bilatzen du. Auto-soziobiografia deitu zaio egiten duenari. Brecht aipatzen du hori azaltzeko: “Besteen baitan pentsatzea eta besteek haren baitan”.
Bai, esan dudanari tiraka, autobiografia egiten du, baina auto izateri uzten dio soziologia bat deskribatzen duelako, soziologia bateko pertsonen errealitate kolektiboa erakusten baitu. Asmo horrek egiten du bere obra izatea auto-soziobiografikoa. Horrela bakarrik hartzen du zentzua ni-tik hitz egiteak, fokua kontatzen duenean dagoelako, ez norbanakoan. Eta edonor izan daiteke ni hori. Zeri buruz idatzi aukeratzen duenean iruditzen zait ez duela egiten interes propiotik: lotsa, estigma soziala eragin dionari buruz egitea erabakitzen du, eta ez zaio samurra, baina funtzioa badu.
Gainera, interesgarria da pentsatzea Euskal Herrira eta euskarara ekartzen dugun unean pixka bat aldatzen dela gizartean bere testuek betetzen duten funtzioa: ez dira berdinak Frantziako jendartea eta garai historikoa, edo gaur egungo gure gizartea. Euskal emakume idazle batzuek aipatu dute hori, nabaritu dutela haien lanek gero eta harrera hobea dutela, publikoak gehiago konektatzen duela orain, duela hamar urte baino.
Zer uste duzu, zer harrera izan duela Ernauxen literaturak Euskal Herrian?
Genero auziak hartu duen dimentsioarekin lotuko nuke, agian. Argiki bere kondiziotik idazten duen idazlea da. Eta zer da bera? Langile klaseko jatorriko emakumea. Hortik, horrek baldintzatuta idazten du beti. Uste dut 2022az geroztik, Nobel saria irabazi zuenetik, boom-a izan duela Ernauxek. Ez da kasualitatea. Gizartearen eraldaketak ahalbidetu du. Esan nahi dut, Nobel saria irabazi izan balu duela hogei urte, ez dut uste egungo harrera eta eragina izanen zuenik Euskal Herrian, eta hori da orain badaudelako baldintza batzuk horrelako gaiek eta horrelako idazle batek izateko harrera ona. Pentsatzen dut Ernauxen berri duen euskal irakurle estandarrak ez duela arbuiatu Frantzian sektore batek egin duen bezala. Kontrara, iruditzen zait ongi hartu duela eta horregatik egon dela boom-a. Irakurle talde askok irakurri dituzte bere liburuak, euskal idazle askok esan dute Ernaux erreferentetzat dutela. Itzulpen kopuruak erakusten du eragina egon dela, baita idazleengan ere, testu originalak sortzerakoan.
Eider Rodriguez da Ernauxek bere literaturan izan duen eraginaz hitz egin duen idazle horietako bat, eta hitzaurrea egin du Idazketa labana bat da liburuan.
Bai, berak maiz aipatu du Ernaux bere erreferenteen artean, eta hitzaurre bikaina egin du. Ernauxi buruz esan beharreko guztia jaso du, nire ustez, hitz gutxitan. Ez dut gehiago aurreratu nahi, jendeak irakur dezan.
"[Euskal itzulpengintzan] ez dakit zergatik ez den lehenago gertatu belaunaldi aldaketa hain modu esplizituan, baina uste dut baduela zerikusirik panorama politikoarekin"
2002an ekarri zen lehen aldiz euskarara Ernaux. Pasio Hutsa (Igela, 2002) itzuli zuen Joseba Urteagak, 1992an idatzitakoa. Harrezkero, beste sei eleberri itzuli dituzte Urteagak berak, Gema Lopez Las Heras, Itziar de Blas eta Xabier Aranburuk. Aiora Jakak itzulitako Neska baten memoria (Igela, 2024) ere aurten argitaratu da.
2000ko hamarkada hasieran bere hiru liburu itzuli ziren, eta gero etena, ia hamar urtekoa, eta gero berriz berdin. Ia itzultzaile bat dago liburuko. Badu horrek zergatia, nire ustez. Euskal literatur sistema ahula da, aintzat hartu behar da hizkuntza gutxitu baten literatur sistemaz ari garela, eta itzulpengintzak badu horrelako funtzio nahiko berezi bat kasu honetan, euskal literaturaz mintzo garenean. Hemengo itzulpengintza Euskal Herriko eta euskal hizkuntzaren baldintzek ezaugarritzen dute, noski. Orduan, itzulpenen erritmoa desordenatua da askotan. Ahalik eta hobekien egiten da, baina ez dago beti aukerarik irakurleek eskatzen dutena momentuan itzultzeko.
Belaunaldi berria al dator euskal itzulpengintzara?
Belaunaldi aldaketa ematen ari da, bai, eta ari da geroz eta gehiago horri buruz hitz egiten. Gainera, belaunaldi berriei bidea errazteko asmoa dago, zorionez. Minaberri beka berria hor dago, esaterako. Nik ez dakit zergatik ez den lehenago gertatu belaunaldi aldaketa hain modu esplizituan, ez dakit hori analizatzen, baina uste dut baduela panorama politikoarekin zerikusirik. Polita da eta aberasgarria, baina egia da, uste dut, ezinbestean gertatu behar zuen zerbait dela. Beharretik datorren belaunaldi aldaketa dela esanen nuke. Positiboa da, noski, itzultzaile perfila aldatzea eta askotarikoa izatea.
Hala ere, honekin ez dut inola ere esan nahi aurreko belaunaldia arbuiatu behar dugunik. Kontrakoa, asko miresten dut egin duten eta egiten ari diren lana eta nik asko dut oraindik ikasteko. Gainera, oso lan militantea izan dela azpimarratu beharra dago. Eta uste dut gatozen itzultzaileok jarraitu behar dugula tradizio horrekin, kontzientzia politikotik itzultzen euskarara, zoritxarrez desatxikimendua eta etsipena nagusi diren garai honetan. Uste dut, gainera, itzulpengintzak ekarpen handia egin diola euskal literatur sistemari, hil ala bizikoa, sendotu eta egonkortze bidean asko hornitu duelako. Orain, agian, garai honi dagozkion erronkekin pentsatzen egon beharko genuke.
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]
Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]
Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.
Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]
Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]
Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]
Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]