Hezitopia dinagu zain

PAULA ESTÉVEZ
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tomas Mororen Utopia liburuko utopiarrek leitzea maite omen zuten. Hizkien bueltako hezkuntza onaren ondorioz, haurtzaroan hasi eta helduaroan ere aritzen ei ziren, inork manatu beharrik gabe, leitzen eta ikasten eta gehiago leitzen. Pentsa, aisialdia horretara emanak bizi zuten denbora, plazer hutsez ilustratzen. Utopia uharteko barrideen apeta horri gaur lifelong learning erraten zaio eta ametsei utopia, minuskulaz.

“Ezein toki” eta, bide batez, “toki ona” ere bazen irlakoaz geroztik, utopia parrasta idatzi da eta ez denak, zorionez, hain ohiko zaigun utopiaren ulerkera egingaitz baten araberan. Izan ere, garaian garaiko statu quo-a eta orotariko dominazio formak iraultzeko emandako hezkuntza proiektu kritiko franko ere, egingarri eta inarrostaile aritu direnak, utopia huts zaizkigu egun.

Afera da, ikasturte berri distirant baten abiatze honetan, komeni dela jakitea hezkuntza publiko eta doakoa utopia bat baizik ez zela Manifestu Komunistak jaso zuelarik. Eta Clara Zetkin-entzat hezkuntza askapena izan zitekeela eta eskola, aldiz, iraultza, eta hortaz, sutsuki aritu zela haurtzaindegi laikoen defentsan. Eta Aleksandra Kollontai-k, zenbait urte lehenago haurren hazkuntza kolektiboaren utopia ematera ausartua zena, emakume langileen umeen zaintzarako sare sozial profesionalizatua antolatzea izan zuela bere lehen ardura politikoetako bat. Eta Nadezhda Krupskaia-k jakintzak trebetasun eta ezagutzak ekintza bilakatuko zituen eskola berri baten utopia paratu zuela abian.

Komeni da jakitea hezkuntza publiko eta doakoa utopia bat baizik ez zela Manifestu Komunistak jaso zuelarik

Demagun, guretako utopia dela justizia sozial, berdintasun eta askatasun maila handiagoetan bizitzeko proposamen harmoniatsu bat. Eta, demagun, ezarritako gauzen egoera erreproduzitzeko nahia duen eskolaz kontrara, pertsonen, kulturen eta herrien emantzipazioa bilatzen duen horri erraten diogula guk hezkuntza, naturarekin batean ibiltzeko gai denari, jostagarria eta sormenzalea denari, zaintzaren pedagogia egiten duenari, klase kontzientzian zangoak pausatzeko ahalkerik ez duenari, gorputzak norma patriarkal burgesaren arabera bezatu nahi ez dituenari. Finean, garai bakoitzak harekin dakarren zapalkuntza zakutoari aitzin egiten dion horri erraten diogula guk hezkuntza utopia; hezitopia.

Italiako Barbiana herriko ikasleek zioten, maistra anonimo bati idatzitako gutun haietan, kontsolamendu errazena dela historia patu gisara leitzea eta, aldiz, klabe politikoetan leitzea dela egiazki aztoragarria. Ba pedagogiarekin berdin. Eta badakigu pedagogia aztoragarri eta politikoki kritikoa egitea badela hezkuntza neutraltasunaren falaziaz gaindi aritzea, badela ere patioko lurrean klarionez bide berriak marraztea eta horietan barrena paseietan aritzeko ausardia biltzea. Gu baino lasterrago gogor saiatu denik izan da. Gaur ez lirudike garai onenak direnik hezkuntza utopientzat, alta, beharrezkoak ditugu, inoiz ez bezala ez bada, bai, seguruenik, beti bezainbertze. Behar ditugu gaur eskolarako amets berriak, bizipoz, asanblada, kultur sorkuntza, iritzi kritiko, irakurketa, antolaketa, begirada berri, elkarrizketa, eskubide eta elkar zaintza forman materializatuko direnak.

1952an Ruth Krauss-ek Rowayton eskolako Haur Hezkuntzako haurrei euren mundu-ikuskera aditzera emateko aukera luzatu zien orotariko galdemoduak pausatuz, gero, erantzunak liburu ausart eta garairako utopiko batera ekarri zituen. Munduaz eta erlojuez erran zizkiotenak honatx, gaurkoaren ondorio gisara: “Mundua da gu bere gainean zutitu ahal izateko”; “Erloju bat da tik-tak nola egiten duen aditzeko”.

Ba horixe, erakustun jende hori, etortzear den iragana dugula zain. Tik-tak-tik-tak...

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude