Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

  • Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar erorarazi dezakete. Halere, oihanen azterketek erakusten digute muturreko eguraldiei aurre egiteko hainbat ekosistemaren gaitasuna bioaniztasun mailari lotua zaiola. Baina biosferaren oreka globalean eragina duten ekosistemak zaintzeko ereduak oraindik sortzeke dira.  

Munduan bioaniztasun gehien aterpetzen duen oihanak karbonoaren eta uraren ziklo globaletan eragin garrantzitsua du. Amazoniak bizirauteko bidean, bere bioaniztasuna zaintzea gakoa da. Argazkia:Wikimedia

Giza jarduerak industrializatzen hasi zirenetik mundua hainbat modutan aldatu da, edo zehazkiago erranik, munduaren aldaketa asko azeleratu da. Azeleratze global horren erru nagusiak nahiko eta gehiegi ezagutzen ditugu: erregai fosilen erabilera, hainbat molekula sintetikoren ekoizpen masiboa eta hainbat ekosistemaren hondatzea edo artifizializazioa. Baina konkretuki, aldaketa global horrek maila eta mota ezberdineko hainbat aldaketa barne hartzen ditu, horietarik batzuk jarraituak, eta bertzeak, aldiz, bat-batekoak. Jarraituak dira atmosferan berotegi efektuko gasen kontzentrazioaren igoera edo uren eta airearen kutsaduraren emendatzea. Bat-bateko aldaketak dira egoera batetik bertzerako aldaketa suposatzen dutenak. Kasu horietan estresak eragindako erantzuna ez da jarraia: lehen denboraldi batean, estresa emendatu ahala erantzun guti ikusten da, baina estresak maila berezi bat gaindituz gero, orduan sistema erabat aldatu eta bertze egoera batera pasako da.

Ahalezko aldaketa horietarik potoloena aipatu genuen ARGIAren 2843. aleko Ozeanoen korronte sistema uste baino egongaitzagoa izan daiteke, eta beraz klima ere bai erreportajean, baina mota horretako kolapsoak gerta daitezke tokian tokiko hainbat ekosistema handi edo txikiagotan, ekosistema bakoitzak biosferaren oreka globala bere neurrian bermatzen duelarik.
2023ko abenduan COP28aren karietara argitaratu zen Global tipping points (Itzulera gabeko puntu globalak) txostenak arrisku horiek aztertzen ditu. Montpellierreko unibertsitatean ikerketa zuzendaria den Sonia Kéfik txosten horretan parte hartu du, eta horrela laburbiltzen du arrisku horien auzia: "Lurreko sistema osoa marraztu dezakegu haien artean konektaturiko entitate sare erraldoi baten gisara. Itzulera gabeko puntuek, dominoen gisan, hurrenez hurren elkar erorarazi dezakete. Gainera, biosferaren zati bat neurri aski handian erortzeak kliman eragiten du eta loturak alderantziz ere balio du. Horrez gain, giza jarduerak ekosistemen menpe izateak ondorioak ditu sistema ekonomiko, sozial eta politikoetan".

Aniztasuna ez da soilik apainketarako

Ekosistemen erorketaren eta klimaren arteko loturaz hitz egin dugu, baina klima aldaketari aurre egiteko ekosistemen sendotasun edo hauskortasun mailak zeren araberakoak dira? Eremu lurtarretan ekosistema garrantzisuenetarikoak oihanak ditugu, eta klimaren aurrean duten sendotasuna bioaniztasunari lotua dela berretsi dute bi ikerketa berrik. Batak, nagusiki Txinako ICBR erakundetik eramanak, emaitza nagusia bere tituluan laburbiltzen du: Biodiversity mitigates drought effects in the decomposer system across biomes (Bioaniztasunak lehortearen eraginak baretzen ditu bioma ezberdinetako biomasa usteltze sistemetan). Orokorrean gutiegi ikertuak dira biomasa hila jaten duten lurzoruko izakiak –zizareak kasu–, nahiz eta izaki horiek hektareako ehundaka kilo izan eta bai nitrogeno baita karbono zikloan ere garrantzi handikoak izan.

“Lurreko sistema osoa marraztu dezakegu haien artean konektaturiko entitate sare erraldoi baten gisara. Itzulera gabeko puntuek, dominoen gisan,
elkar erorarazi dezakete”
Sonia Kéfi 

Lan berri honek erakusten digu izaki horien aniztasuna gakoa dela oihanetako biomasa hilaren usteltzea baldintza lehorretan ere gertatzeko. Biomasa hilaren usteltzea ezinbertzeko prozesua da lurzoruan karbonoa harrapatzeko, eta orokorrean oihanen biziraupenerako, basoek dituzten albo-onura guziekin. Bertze ikerketa, Microclimate modulation: An overlooked mechanism influencing the impact of plant diversity on ecosystem functioning (Mikroklima modulazioa: ekosistema funtzioamenduan landare aniztasunak duen eragina moldatzen duen mekanismo gutiegi ezaguna) iDiv Alemaniako bioaniztasun ikerketa zentrotik burutu dute. Horretan, 2002 urtetik hainbat ekosistemaren mikroklimaren bilakaera aztertu dute. Tenperatura aldaketek oihan eta larreko mikroklimetan eragindakoa ikertu nahi izan dute, landare aniztasunaren arabera ere aztertuz fenomenoa. Landare aniztasuna are eta handiagoa izateak gero eta gehiago baretzen ditu muturreko tenperatura aldaketak eta prozesu ekosistemikoak ere erraztu egiten ditu, bertzeak bertze, biomasa hilaren usteltzea. Funtsean, berotzen eta desorekatzen ari den klimaren aurrean, oihan anitzagoek dute hobe biziraunen eta horiek dute karbonoa harrapatzen jarraituko.

Bertze muturrean, monolandaketak hauskorragoak dira, eta egoera lehor edo beroetan zaluago utziko diote karbonoa harrapatzeari, nahiz eta zuhaitz landaketa masiboa ustezko konponbidetzat baliatzen den, ARGIAren 2864. aleko CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia? erreportajean azaldu bezala.

Amazoniaren –eta gure– geroa

Bi ikerketa horien emaitzek munduko oihan enblematikoenarentzat –eta bertan dagoen munduko ibai handienarentzat– ere berdin balio dute: Amazoniak biziraunen badu, ahal bezain anitza izaten jarraitu beharko du. Gaurko egoeran, Amazoniak bere ur zikloa sortzen du, zuhaitzek eta landareek lurrinketa sortuz eta horren ondorioz tokian tokiko euriak eraginez eta hortik sasoien arteko eurite aldaketak leunduz.

Gero eta gehiago ikusten diren eukalipto landaketek bioaniztasun oso guti aterpetzen dute. Hori horrela, muturreko eguraldien aurrean bereziki hauskorrak bihurtzen dira. Argazkia: Wikimedia

Gainera, Amazonian bertan baino eskualde zabalago batean ematen dira Amazoniak sorturiko euriak, Kolonbiatik Uruguaira, eskualde haietako hainbat giza jarduera bermatuz. Baina klima aldaketaren ondorioz euriak murriztu daitezke Amazonian, zuhaitzen zati bat hil eta horren ondorioz bertako euri gutiago sorraraziz. Horrek zuhaitzen heriotza dinamika bat abiaraziko luke, atmosferara karbono isurketak emendatuz eta finean, klima aldaketa are gehiago larrituz.

Berotzen eta desorekatzen ari den klimaren aurrean, oihan anitzagoek dute hobeto biziraunen eta horiek dira karbonoa harrapatzen jarraituko dutenak

Gurpil zoro hori saihesteko gisan funtsezkoa da beraz Amazoniaren bioaniztasuna ahal bezainbertze babestea eta sendotzea. Horrek erran nahi du, noski, mozketa masiboak etetea. Amazoniaren %63 Brasilek kontrolatzen du, eta zuhaitz mozketari dagokionez egoera larritu zen Jair Bolsonaroren kargupean, 2019an jadanik. Harek gainera Brasilgo burujabetza aldarrikatzen zuen mozketak justifikatzeko gisan, interdependentzia globala eta horretan zuen ardura erabat ukatuz. Zorionez, deforestazioa nabarmen gelditu zen Luiz Inázio Lula Da Silvak azken hauteskundeak irabazirik, aurkako neurriak hartu zituenean 2023an. Mundu osoaren egonkortasuna laguntzen duen ekosistema baten ia bi herenen zoria estatu bateko hauteskundeen emaitzaren menpekoa izateak zorabioa ematen du. Egoera prekario eta desorekatu hori azken mendeotan nagusiki Europan sorturiko erakundeei eta erabakitzeko ereduei lotua zaie, eta gero eta nabarmenagoa da zaharkiturik daudela. Bada garaia burujabetza zehazteko modu berriak asma ditzagun.


ASTEKARIA
2024ko apirilaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoa
2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Basoa berritzen duen langilea

Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki basoetan bizi da, baina gure herri eta... [+]


Basoko arotz mihi-luzea

Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore beltza du, beleak bezala. Antzeko tamaina eta kolore bera dute bi hegazti horiek, horregatik da agian Sakanan... [+]


Eguneraketa berriak daude