Baso suteak eta begirada kontserbazionista

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka lekaleek ere. Badaude landare batzuk ernetzea su baten ondoren aktibatzen dutenak. Hots, sua beharrezkoa dute modu egokian ugaldu ahal izateko. Alepo pinua, itsas pinua edota estrepak (cistus generoko espezieak), landare pirofiloak dira. Erraz eta arin su hartzeko diseinatutako landareak dira: askok konposatu sukoiak dituzte hosto eta azaletan. Beraz, ekosistema batzuetan (Mediterraneo eremukoak bereziki) sua erabat ekidin ezina da, landare batzuentzat beharrezkoa. Hori horrela izanik, zein izan behar da kudeaketa irizpidea, bai ala bai erreko den eremu batean? Niri bi aukera okurritzen zaizkit: bat, sua ekiditen saiatzen bagara, biomasa metatuko da eta lehenago edo geroago itzelezko sutea gertatuko da. Edo bi, maiztasun handiagoarekin su kontrolatu eta txikiagoak egin, su/biomasa oreka maila baxuagoan mantentzeko.

Mendiei sua eman behar diegu ekosistemak babesteko eta sute katastrofikoak ekiditeko? Ez edozein modutara eta ez hori bakarrik, baina bai

Historikoki, nekazaritza komunitateak horren jabe izan dira eta sua eta abeltzaintza erabili izan dituzte paisaia kudeatzeko: maiztasun jakinarekin egindako suteek paisaia oreka eraiki dute eremu askotan. Gurean ikusten ditugun belardi eta sastrakadi habitat gehienak baldintza historiko horien emaitza dira, eta balio ekologiko handikoak, gainera. Gaur egun, ordea, sua deabrutu eta debekatzeko joera orokortu da eta abeltzaintza estentsibo gero eta gutxiago dago. Ondorioz, babestu nahi ditugun habitat batzuk degradatzen doaz eta biomasa mendietan metatuz doa.

Orduan, mendiei sua eman behar diegu ekosistemak babesteko eta sute katastrofikoak ekiditeko? Ez edozein modutara eta ez hori bakarrik, baina bai. Askorentzat sakrilegioa izango da hori, eta normala da, begirada kontserbazionista hedatuta baitago gaur egun. Iruditegi horren arabera, gizakia ekosistemen dinamikan aldagai arrotza da beti, eta ondorioz, giza esku hartze oro (zer esanik ez mendiari sua ematea!) “oreka naturala” hausten duen arazoa da. Horrek guztiak, gizakiok ukitu gabeko eremuak hoberen kontserbatutakoak direla pentsatzera garamatza. Bada, gizakia eta naturaren arteko haustura hori, modernitate kapitalistaren eskutik orokortzen dena, arazo ekologiko eta gatazka sozialen iturri bilakatu da. Suteen afera horren erakusle da: fenomeno konplexua da, faktore ugarik zeharkatua, baina gizakia-natura haustura darama bere erroan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude