"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

  • Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene. Tecnología de hipervigilancia y capitalismo de consultoría liburuan (“Datorren Ertzaintza. Hiperzaintza teknologia eta aholkularitza-kapitalismoa”, Txalaparta).

Argazkiak: Jon Hidalgo

Azken hamarkadan Ertzaintzan aldaketa izan dela diozu. Zein norabidetan?
2013tik aurrera plan eta kontsulta asko egin dira polizia eredua aldatzeko. Azken hamarkadan egindako kontratuak aztertu ditut, eta nabarmena da teknologiarekiko obsesioa. Erosketa asko egin dituzte eta dirutza gastatu dute. Aztertu dut zein enpresek duten profil susmagarria, zein tresneria egiten duten eta nori saldu dioten. Tresna horiek erabili izan dituzte giza eskubideei eraso egiteko: disidentzia politikoak, gutxiengo sozialak, migratzaileak eta abar. Enpresa horiek Ertzaintzarekin duten harremana aztertu dut

Zeintzuk dira eredu berriaren ezaugarriak?
Batez ere teknifikazioa. Teknologiarekin lotutako erosketa oso handiak egin dituzte, ahalik eta tresna berrienak erosita. Gizartean komunikazio eta portaera ereduak aldatzen ari direnez, horiek zelatatzeko beharrezko teknologia lortzen aritu dira. Beste ezaugarri garrantzitsu bat da gardentasun eza. Ez dute azaltzen nori erosi dioten, ezta zein preziotan ere. Teknologia militarra erosten eta segurtasun publikoa militarizatzen ari dira.

"Ertzaintzak edozein telefonotan arakatu ditzake egindako dei guztiak, kontaktu guztiak eta elkarrizketa guztiak, baita norekin izan ditugun ere”

Kolaborazio publiko-pribatua sustatu da azken hamarkadan. Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea. Ez soilik teknologia erosten, baita aholkua eskatzen ere. Korporazio pribatuak ari dira agintzen nora jo behar duen Ertzaintzak, hitzarmenen bitartez.

Aipatu duzu eredu iragarle edo prediktiboago batera jotzen ari dela. Zer da hori?
Datu asko jaso nahi dute profil batzuk kategorizatzeko, ondoren arriskutsutzat jotzen dituzten komunitate horiek elementu prediktiboz inguratzeko, delituak ekiditeko, askotan adimen artifizialaren laguntzaz. Baina horretarako datu pila batu behar da , eta horiek pilatzeko teknologia asko erosi dute. Guztion datuak jasoko dituzte, ez soilik “delitugileenak”, eta horrek zalantzan jar dezake errugabetasun printzipioa. Ertzaintzaren kasuan ez dago informaziorik jakiteko zer erabilera ematen ari zaion teknologiari. Oraintxe lortu dugu jakitea tresneria hori erosi dutela.

Ertzaintzaren barruko opakotasuna nabarmendu duzu hitzaldietan.
Adibide bat emango dizut. Osakidetzan, 1990eko hamarkadan pribatizazio handien bidea abiatu zuten, baina laster hasi ziren bertako langileak grebak egiten hori salatzeko, sindikatu eta alderdi batzuekin batera. Erresidentzietako langileekin beste horrenbeste. Baina Ertzaintzaren barruan ez dago barruko gehiegikeriak salatuko dituen langileen kolektiborik, soldata igoerak eskatzeko besterik ez dira mobilizatzen. Bunkerizatutako erakundea da.

Zer harreman dauka Ertzaintzak giza eskubide urraketekin lotutako enpresekin?
Harreman handia dauka, eta denetik dago: Wikileaks-en Spyfiles filtrazioetan agertzen diren enpresak edo gobernu autoritario errepresiboei saltzen dietenak, besteak beste. Enpresa horiek ez dute etikarik, frogatuta dago, eta Ertzaintzak ez du batere etikarik izan edozein enpresari erosteko orduan. Nahiz eta publikoa izan enpresa horiek eskubide urraketekin lotura zuzena dutela, Ertzaintzak tresneria erosi egiten die. Hori bai, ezkutuan egiten du. Eta parlamentuan azalpenak eskatzen zaizkienean sekretua dela esaten dute. Gardentasun falta nabaria da.

Hainbat nazioarteko erakundek frogatu dute tresna horiek erabili direla hainbat lekutan giza eskubideak urratzeko, Europar Batasunean barne. Urraketak ez dira soilik gugandik urrun gertatzen, Madrilen edo Katalunian ere izan dira halako salaketak.

Argazkia: Jon Hidalgo

Enpresa israeldarrekin lotura handia izan du Ertzaintzak?
Ertzaintzaren armategian denetik dago, teknologia estatubatuarra, alemaniarra, frantsesa, italiarra, eta israeldarra ere bai. Ugaria da eta aspaldikoa. Ertzaintza aitzindaria izan da Israelekiko harremanetan. Komunikazioen Interbentziorako Sistema israeldarra da. Telefono mugikorretatik datuak ateratzeko softwarea israeldarra da. Tresna horietako batzuk orain egin dira ezagunak, baina Ertzaintzaren baseetan zeuden jada.

Israelgo bi enpresa garrantzitsu eta zikinenak dira Verynt Systems eta NSO Group. Azken hori da Pegasus espioitza tresnaren egilea, Katalunian hain ezaguna egin dena. Ertzaintzak bere Komunikazioen Interbentziorako Sistema hobetzeko egindako azken kontratuan hiru enpresa gonbidatu zituen, hirurak Pegasusen banatzaileak. Lotura hori ezkutatzen saiatu da Eusko Jaurlaritza, espioitza kasuaren polemikatik aldendu nahian.

Zer gaitasun berri lortu du Ertzaintzak? Zer egin dezakete?
2021etik hona 154 milioi gastatu dituzte soilik telekomunikazioak eta informatika zelatatzeko tresnetan. Adibide batzuk ematearren, komunikazioak kontrolatzeko puntako sistema bat dauka Ertzaintzak, Israelen egina. Bereziki segurtasun maila altuko telefonoak zelatatzeko egina dago, baina edozein telefono arakatu dezake: egindako dei guztiak, kontaktu guztiak eta deskargatu dituen aplikazio guztiak, bereziki sare sozialetakoak. Whatsapp, Telegram, Gmail, Signal, aplikazio horiekin izandako elkarrizketa guztiak ikus ditzakete, baita norekin izan ditugun ere.

"Gasteizen 600 kamera inguru dituzte udaltzainek, Donostian 350 eta Bilbon 265 inguru. Bartzelonan Poliziaren 117 kamera besterik ez daude”

Beste gailu bat, britainiarra kasu honetan, manifestazioetan erabiltzekoa da, bertaratu diren pertsonen telefonoetako informazioa bereganatzeko, baita kazetari edo parlamentariena ere. Antena faltsu bat da, jar daitekeena Ertzaintzaren auto batean edo, adibidez, ertzain infiltratu batek eraman dezakeena motxila batean , eta mugikorrei ziria sartzen die. Pentsarazten die hori dela estaldura hoberena eskaintzen duen seinalea, eta mugikorrak informazio guztia antena horren bitartez bidaltzen du. Ondoren Ertzaintzak informazio hori deskodetu eta analizatu dezake. Horren bidez ere sarbidea lortzen dute manifestariek erabiltzen dituzten sare sozialetara, profil faltsuak erabiliz bertako erabiltzaileekin elkarrizketak izateraino.

Mugimenduak zelatatzeko sistemak ere asko hobetu dira. Autoen azpian ipintzen ziren gailuak nabarmenak izaten ziren, baina orain oso txikiak dira eta bizikletetan ere itsatsi daitezke. Gainera, orain  mikrofonoak ere badituzte gailu horiek eta, mugimenduak zelatatzeaz gain, entzun ditzakete ibilgailuaren inguruan izandako elkarrizketak. Bestalde, adimen artifiziala, Big Data, algoritmoak eta halakoak ere indartsu heldu dira Ertzaintzara.

Euskal Autonomia Erkidegoan bideozaintza maila bereziki altua dagoela aipatu izan duzu.
Ez da kontu berria, 1990eko hamarkadan jada bideo bidez zelatatzeko sistema pioneroa zuen Ertzaintzak, eta garatzen jarraitu du ordutik hona. Datu argirik ez da ematen, baina jakin ahal izan dugu 2.037 kamera finko daudela gutxienez, trafikokoak zenbatu gabe, 1.435 bodycam (ertzainen uniformeetan erantsitako kamerak) eta hamahiru drone. Arartekoak urtarrilean argitaratu zuen txosten batek dio ez dagoela loturarik kamera kopuruaren eta dauden delitu mailen artean.

"Aurpegi-ezagutzarako teknologiari dagokionez, 300.000 aurpegiko datu-basea eskatu du Ertzaintzak. Ba al daude 300.000 gaizkile?”

Hiriei dagokienez, Gasteizen 600 kamera inguru dituzte udaltzainek, Donostian 350 eta Bilbon 265 inguru. Berbarako, Bartzelonan Poliziaren 117 kamera besterik ez daude, Ara eta La Vanguardia hedabideen arabera. Aldea sekulakoa da. Dirutza sartu da bideozaintzan, lehen heltzen ez ziren leku askotara heltzeko. Helikopteroetan ipintzeko kamera bereziak ere erosi dituzte. Eta gainera, Ertzaintzak onartu behar izan du ezkutuko kamera batzuk daudela, adibidez Gasteizen, meskita baten sarrera zelatatzeko, etsai berria kontrolatzeko.

Migratzaileen aurka ere erabiltzen omen dira teknologia berri horiek.
Ertzaintzak erositako teknologia ugari erabili da migratzaileen aurka egiteko. Mugetan mugikorra kendu eta informazio guztia ateratzen diete, baita Lanbiden ere, adibidez. Ertzaintzak hitzarmena dauka Lanbiderekin, eta aurpegi-ezagutzarako tresnak erabiltzen ditu diru-laguntzetan iruzurra ekiditeko. Datu biometrikoak jasotzen dira (argazkiak, bideoak eta ahots grabaketak) eta ondoren egiten zaien kategorizazioaren arabera erabakitzen dute pertsona bakoitzari laguntza sozialak eman ala ez. Kontrara, milaka familiak ez dute DSBE eskatzen ez dakitelako jaso dezaketela, baina ez da teknologiarik sortzen familia horiek topatu eta informazioa emateko. % 0,01eko iruzurra dago DSBEn, ezer ez, baina aurpegiak ezagutzeko sistema bat ezarri dute horren atzetik ibiltzeko.

Garrantzitsua da hori azaltzea. Izan ere, normaltzen bada teknologia hauek migratzaileekin erabiltzea eta, bestalde, ohitzen bagara delinkuentziaren aurka erabiltzera, gerora inpunitate espazio hori zabalduko da gizarte osora.

Nola justifikatzen da horrelako teknologiak erabiltzeko beharra?
Mehatxu eta alarma sentipenak sortuz, nahiz eta delitu tasek ez duten alarmarik justifikatzen. Jende asko doanez makrokontzertuetara, segurtasuna jarri behar da martxan, ustez jendearen onurarako. Droneak daude BBK Live jaialdian eta BECen, adimen artifizialarekin eta aurpegi-ezagutzarako teknologiekin. Tresneria horren ikerketa lagina oso zabala da, ez soilik delinkuentzia. Ertzaintzak aurpegi-ezagutzarako teknologia bilatu duenean, 300.000 aurpegiko datu-basea eskatu du. Badaude 300.000 gaizkile? Biztanleriaren %10 baino gehiago?

Gehiegi ari dira normalizatzen horrelako tresnak. Eusko Jaurlaritza bera ere ari da jendeari eskatzen aplikazio bat deskargatzeko zenbait erakunde publikotan mugikorrarekin sartu ahal izateko eta, gure segurtasunaren izenean, esaten du hamabost segundoko bideo bat bidali behar diogula gure ahotsarekin eta aurpegiarekin. Askotan erraztu egiten diegu lana Poliziari eta gobernuari.

Kontrol sozial handiko distopia bat irudikatzen dugu askotan halako informazioekin. Paranoia zabaltzeko arriskua ere nabarmendu duzu.
Liburuan aipatzen dut marketin asko dagoela. Hori kontutan izan behar da, erlatibizatu ahal izateko, agian mamu handiegiak sortzen direlako. Ertzaintzaren barruan badaude friki batzuk, tresna horiek gustuko dituztenak eta beren erabilera handitu eta hobetuko dutenak, baina gutxiengoa dira oraindik. Jende asko dinosauroa da Ertzaintzan. Teknologia asko erosi da eta arduratuta egon beharko genuke, bai. Baina oso ertzain gutxi dago hainbeste jende ikertzeko eta tresna horiek ez dira izango saltzen duten bezain eraginkorrak.

Adibidez, ustelkeria edo ingurumenarekin lotutako delituak ikertzeko oso ertzain gutxi dago, baina San Mames aurrean kolpeka aritzeko, piloa. Hala izaten jarraitzen du horrek.

Teknologia honek Ertzaintzarentzat ere arriskuak omen dauzka.
Bai. Ez dago horren inguruko dokumenturik, baina iturriekin hitz egitean askotan kezkak azaldu dizkidate. “Atzeko ateak” aipatzen dituzte. Hau da, arriskua dagoela Ertzaintzak bildutako informazio guztia teknologia enpresei ere heltzeko. Hala, informazio hori beste erakunde batzuei saldu diezaiekete. Enpresa horien bezero bakarra ez da Ertzaintza. Guardia Zibila, Espainiako Polizia, CNIa, AEBetako inteligentzia zerbitzuak eta beste hainbat ere badaude, eta badakigu informazioak zenbat diru balio duen gaur egun.

"Askotan erraztu egiten diegu lana Poliziari eta gobernuari”

Batez ere Ertzaintzako beteranoen artean dago beldurra, haiek bizi izan dutelako lehengo etapa, non tresnak “etxean eginak” ziren, alderdiaren enpresetan. Baina, gailurrean egon nahi baduzu, merkatura joan behar duzu, eta zabaltzen zarenean arrisku horiek asumitu behar dituzu.

Hala ere, euskal enpresak ere ez daude guztiz zaharkituta, Ikusi eta Dominion adibidez. Horietan ate birakariak daude, edo gutxienez jelkideekin harremana dute, baina sektorea orokorrean nazioartera igaro da.

Nazioartekotzeak ba al du eraginik Ertzaintzaren norabidean?
Bai, ez direlako soilik erosketak egiten kanpoan, aholku eske ere joaten dira. Hori da aholkularitza-kapitalismoa deitzen duguna. Osakidetzan gertatu den bezala: mediku edo erizain propioekin hitz egin beharrean, ikusteko zelan egin egoera hobetzeko, aholkulari enpresa bati ordaintzen zaio bere txostenean agertu dadin kontratatzaileak nahi duena. Dirutza ematen zaie aholkulari pribatuei, ustez haiek jakingo dutelako osasun publikoarekin zer egin. Ertzaintzaren eredua berdina da. Gaur egun Price Waterhouse Cooper, LKS eta antzeko enpresei galdetzen zaie zer egin behar den, zein plan jarri behar den martxan eta zein teknologia erosi behar den.m


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ertzaintza
2024-04-15 | Aiaraldea
Ertzaintzak bi lagun atxilotu eta 22 identifikatu ditu Urduñan

Agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatu diete bi atxilotuei. Ertzaintzak adierazi duenez, bi polizia agente zauritu zituzten igandeko operazioan. 


2024-04-05 | Gedar
Ertzaintzaren taser pistolen erabilera bi kasutik hamabira igo da lau urtean

2018 eta 2022 artean, gutxienez 32 aldiz erabili zuen arma hori Ertzaintzak. 2017an, Jaurlaritzak 50.687 euro bideratu zituen taser pistolen erosketara. Azken hilabeteetan, dozenaka pertsona zauritu dituzte ertzainek hamaika polizia-kargatan.


2024-04-02 | Hala Bedi
GKSk poliziaren jazarpena salatu du eta alderdi politikoen isiltasuna deitoratu

Gazte Koordinadora Sozialistak agerraldia egin du Gasteizen, larunbat gauean hainbat gaztek jasandako polizia-indarkeria salatzeko. Izan ere, etxebizitza huts batean sartu ziren gazteei babesa adieraztera bertaratu zen jendea jipoitu zuen Ertzaintzak. Lau pertsona ospitaleratu... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Agerraldi psikotikoa zuen gizon bat hil da, Ertzaintzak "bortizki esku hartu" ostean

Drogen eraginez agerraldi psikotiko betean zen 36 urteko gizon batek Poliziaren laguntza eskatu zuen Astigarragan, pasa den otsailaren 2an. Lagundu ordez, Ertzaintzak gizona bortizki tratatu zuela eta anbulantzian sartu zutenerako hilda zegoela salatu du haren familiak.


Eguneraketa berriak daude