"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

  • Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.

Argazkiak: Aitor Aspuru

Abdullah Öcalanen atxiloketa azaltzeko, Kurdistango askapen mugimenduak aipatzen du “konplota” gertatu zela bere aurka, zer esan nahi du horrekin?
Abdullah Öcalanek utzi behar izan zuen Siria, eta Europara etorri zen gai kurduari konponbide baketsua emateko asmoarekin, baina, tamalez, garai horretan Mendebaldeko herrialde guztiek itxi zizkioten ateak eta Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek, bereziki, eragin oso negatiboa izan zuten. Esaterako, euren aire espazioa itxi zioten, bere hegazkina ez lurreratzeko inon. Hortaz, herrialde batetik bestera joan behar izan zuen, guztiek ukatzen baitzioten geratzeko aukera: Grezia, Errusia, Italia…

Zentzugabea izan zen. Milaka kurdu daude PKK babesten dutenak. Haiek lortu izan dute asiloa, baina haien buruzagiak ez. Asilo eskaera egin zuen Grezian, Errusian eta Italian eta hirurek ukatu zioten. Ate oro zeuden itxita eta, azkenean, Keniara jo behar izan zuen. Greziaren bermea zuen eta hango enbaxadan eman zuen denbora. Dena den, AEBek eta Israelek bideratutako operazioaren bitartez, bahitu eta Turkiaren esku utzi zuten.

Herrialde horiek guztiak egon ziren inplikaturik, horregatik esaten dugu konplota izan zela.

Bahiketaren ostean epaiketa egon zen eta zuek salatu duzue ez zela justua izan.
Militarren epaitegi batek epaitu zuen eta, hori gutxi balitz, Öcalanen aurkako propaganda izugarria egon zen iritzi publikoan. Berak zein bere abokatuek ez zuten eskubiderik izan akusazioa jasotzeko eta abokatuek mota guztietako erasoak jaso zituzten. Gainera, euren lekukoak ez zituzten onartu.

Öcalanek ezin izan zuen bilerarik egin abokatuekin eta lege berme ugari ez ziren bete. Bere defentsa prestatzeko desabantaila argia izan zuen, eta, hortaz, ez zen bidezko epaiketa izan. Are gehiago, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak adierazi zuen ez zuela epaiketa justua izan eta berriro epaitu behar zutela, baina hori egin ordez, Turkiak espedientea ireki zuen eta berehala itxi. Ez zuten agindua bete. Tamalez, Europako Kontseiluak onartu ditu legez kontrako mugimendu horiek Turkiaren aldetik.

Imraliko uharte-kartzelan 25 urte daramatza Abdullah Öcalanek eta zuk azaldu duzu hori ez dela presondegi hutsa, baizik eta sistema bat, berez.
Isolamendu eta legez kanpoko sistema da. Sistema sortu dute propio pertsona bakarrarentzat eta Öcalanen aurka garatu ondoren, beste batzuen kontra baliatu dute. Adibidez, herrialde gehienetan debekatuta dago estatuak entzutea zer hitz egiten duten abokatuek eta presoak, baina legea aldatu zuten hori ahalbidetzeko eta preso politikoen aurka erabiltzen dute. Lehen Öcalanen kontrako neurria zen, aldiz, 2017tik aurrera –estatu kolpe faltsuaren ondoren–, edonoren aurka baliatzen dute. Bi adibide dira Osman Kavala eta Selatim Demirtas.

"Europako Giza Eskubideen Epaitegiak adierazi zuen Öcalanek ez zuela epaiketa justua izan"

Indarrean dagoen beste neurri bat da abokatuei debekatzea Öcalanekin lan egitea. Askori ukatu diote aukera hori. Hamabi urtez Öcalani ordubeteko bisita ahalbidetu zioten astero, eta hala ere, eskubide hori urratu zuten sistematikoki eguraldi arazoak argudiatuta, adibidez. Finean. Imrali espetxea laborategi errepresiboa da.

Zenbat pertsonak kontrolatzen du Öcalanen egunerokoa Imralin?
Ez dago zibilik gune horretan, espetxe itxia da eta postu militarrez inguratuta dago. Ez dakit zehazki, baina ziurrenik 600 militar baino gehiago.

Zeintzuk dira bizi baldintzak han Öcalanentzat?
Duela hiru urtetik hona, ez dakigu ezer. Ez dakigu ea birizik edo gaixorik dagoen. Duela hiru urte bagenekien harremana zuela beste hiru presorekin, ordubetez egunero –asteburuetan salbu–, baina geroztik ez dakigu ezer. Abokatuok ez dakigu ezer gure bezeroari buruz, ezta bere osasunari buruz ere.

1999tik 2005era arte Imralin zegoen preso bakarra izan zen. Gero beste sei eraman zituzten eta egun beste hiru daude, baina eurak ere isolatuta daude eta inork ez daki ezer.

Torturaren Prebentziorako Batzordeak salatu zuen Imraliko sistema, berez, tortura zela, baina Turkiak bere helburu politikoak lortzeko bortizkeria zuzena erabili al du Öcalanen aurka?
Fisikoki saiatu dira hainbat aldiz bera torturatzen, baina oso ezaguna denez, eta herri kurduaren erantzun irmoaren ondorioz, utzi zioten hori egiteari. Saiakerak egon ziren, probatzeko zein zen kurduen erantzuna, baina oso bizia izan zen eta baztertu zuten.

Edonola ere, isolamendu egoera hori tortura da, berez. Irakurtzen ari delarik, bost minuturo irekitzen diote atea. Argiak piztuta daude beti. Giza Eskubideen Epaitegiak adierazi zuen 2012an sistema hori tortura dela. Itxaropenerako eskubidea existitzen da eta hori ez dago Öcalanen kasuan. Bizi osorako zigorra ezarri zioten. Ziega batean sartu zuten eta ez diote inoiz handik ateratzeko itxaropenik eman.

Duela hiru urte familiak aukera izan zuen berarekin biltzeko, baina horretarako beharrezkoa izan zen Leyla Guvenen gose greba luzea eta preso politiko ugarirena. Zuen bezeroarekin elkartzeko, zein baldintza beharko lirateke gaur?
2019ko gose greban ehunka lagun egon ziren hilzorian. Horren ondorioz elkartu ginen Öcalanekin eta eskatu zuen gose greba bertan behera uzteko. Baraualdia amaitu bezain pronto, isolamendu egoerara itzuli zen.

"Duela hiru urtetik hona, ez dakigu ezer. Ez dakigu Öcalan
ea birizik edo gaixorik dagoen"

2011tik Öcalan soilik bildu da bost aldiz abokatuekin eta azkena gose grebaren testuinguru horretan izan zen 2019an. Familiaren kasua antzekoa da. 2014. urtetik bost aldiz ikusi ditu bere senideak eta azken aldia 2020an izan zen. Hamabost urtetan bi telefono dei baino ez dizkiote baimendu eta azkena 2021eko martxoan izan zen –berehala moztu zuten–. Geroztik ez dakigu ezer.

Gauzak horrela eta, tamalez, lau urteren ostean, gose greba abiatu dute berriro eta nazioarteko kanpaina hasi dugu, ez soilik espetxeetan, baita kanpoan ere.  Ez dakigu nahikoa izango den berriro berarekin biltzeko. Turkiak ez badu sentitzen bere burua presiopean, ez du ezer egingo.

Öcalanen egoera, zure aburuz, prozesua da. Aldatu daiteke, ez baita Öcalanekin soilik lotuta dagoen kontu bat. Esaterako, AKPren eta PKKren artean negoziazioak izan zirenean, Öcalanen aurkako neurriak lasaitu zituzten. Zein eragin izan du horrek zuengan, abokatuengan? Zu atxilotua eta espetxeratua izan zinen.
Hamaika aldiz zigortu eta atxilotu gaituzte. Nik bi urte eta erdi igaro nituen espetxean. Entzuten dute telefonoz esaten dugun guztia eta ez dugu urrats bakarra egiten eurak atzean egon gabe. Presio handia da, baina bagenekien eta ohitu gara. Ohorea da guretzat bere abokatuak izatea.

Azken hauteskundeetan indar politiko kurdu aurrerakoiek Erdoganen oposizioari babesa eman zioten, eta oposizioak, azken txanpan, kurduen kontrako diskurtsoa gogortu zuen, ia Erdoganek baino gehiago. Hori dela eta, udal hauteskundeei begira, alderdi politiko kurduak aztertzen ari dira AKP berarekin negoziatzea. Horrek itxaropena ematen dizue Öcalan ikusteko epe laburrean?
Konfiantza osoa dut ahalik eta presio handiena eginda, isolamendua apur dezakegula epe laburrean. Horretarako, besteak beste, Euskal Herrian egin ditugun topaketa hauek lagungarriak dira nazioartean presioa eragiteko.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Eguneraketa berriak daude