2015ean ezagutu nuen Faruk Kiliç (Erzurum, Turkiaren menpeko Kurdistan, 1976), Istanbulen egindako erasmusaldian. Kazetaria nintzela esanda elkartu nintzen gizarte zientzietako irakasle kurdu honekin, eta hamar urtean disko gogor batean gordeta egongo zen elkarrizketa bat egin nion. Diyarbakırren –Amed, kurdueraz– (Turkiaren menpeko Kurdistango hiriburua) puri-purian zegoen gerraz aritu zen bera; Kataluniako prozesuak euskaldunongan sortutako espektatibez ni. “Autoritateari aurka egitea da nire bizi-filosofia”, zioen.
Auzo berean elkartu gara aurten, inflazioaren eta turistifikazioaren atzaparrek ondo helduta daukaten hiriari so. Gauza batzuk aurreikusteko bezain ezkorrak ginen orduan ere, baina zenbait premoniziotan huts egin genuen.
Hau igarotako denborari egindako elkarrizketa bat da.
“Zaila da mundua hamar urte barru non egongo den imajinatzea”. Hori esanez amaitu zen duela hamar urteko gure grabazioa. Zer esaten dizu munduak gaur egun?
Azken hamar urteak haustura sakonen lekuko izan dira, bai Turkian, bai mundu mailan. Turkian botere politikoak etengabe estutu du hedabideen, botere judizialaren eta estatuko erakundeen gaineko kontrola, polarizazio sozialean sakonduz. Erdoğan presidenteak ezarritako erregimen autoritarioa edozein kontrol demokratikotatik kanpo dago. Diyarbakırreko bonbardaketak eta ondorengo ISISen erasoak ezin dira jite autoritario horretatik aparte ulertu. Segurtasun politikak eta beldur kolektiboak modu estrategikoan baliatu dituzte erregimena sendotzeko.
Azken urteek ez dute eraldaketa itxaropentsurik ekarri, errealitate sozial ilunagoa eta zatituagoa baizik.
Norantz aldatu da Istanbul?
Hogeita sei urte inguru daramatzat hiri honetan bizitzen. Istanbulek asko eman dit, oroitzapen ahaztezinak dauzkat, baina argi dago hiriko giro kultural eta politikoak nabarmen egin duela atzera.
Espazio publikoak, lehen bizi-biziak, sistematikoki mugatu dituzte. Kalean mahaiak eta aulkiak debekatzearena, esaterako, ez zen esku-hartze fisiko hutsa izan; gaueko bizitza, giza-harremanak eta energia kulturala murriztu ditu.
Istiklal etorbideko zinema aretoak eta liburu dendak –garai batean Istanbulgo memoria intelektualtzat jotzen zirenak– bata bestearen atzetik ixten ikusi ditut. Gehienbat gozo-dendek eta Ekialde Hurbileko turistentzako souvenir dendek ordezkatu dituzte.
Adierazpen eta protesta askatasuna ere izugarri murriztu da. Egun Istiklal etorbidean ez da onartzen gobernuarekin kritikoa den manifestaziorik. Protestarako eskubidea soilik talde islamista jakin batzuentzat eta futbolzale oldarkorrentzat gordeta dagoela dirudi.
Duela hamar urte ere Erdoğani buruz berbetan ari ginen, haren “sultan bihurtzeko nahia” aipatu zenidan. Aurtengo albistea da oposizioko alderdi nagusiaren (CHP) aurka egindako operazioa: ehunka atxilotu, tartean Istanbulgo alkatea.
Erdoğanek jada ez du nahi hauteskundeetan bera garaitzeko ahalmena duen eragile politikorik. Ekrem Imamoğlu-k –Istanbulgo alkatea–, zeinak herritarren babes zabala eta lider izaera zeuzkan, mehatxu hori gorpuzten zuen. Erdoğanek Estatuaren boterea mugarik gabe erabili eta, hainbat aitzakia tarteko, Imamoğlu espetxera bidali zuen. Seguruenera ez dute luzaroan askatuko.
2002. eta 2013. urteen artean Erdoğanek babes sozial zabala zeukan. Ez zuen aukera alferrik galdu: komunikabideak neutralizatu, enpresa-eliteak kontrolpean jarri, eta meritokrazia ezabatu zuen estatu-erakundeetan. Azken urteetan ekonomiak okerrera egin duenez AKPri –Erdoğanen alderdia– kostatu egin zaio %30a gainditzea. Baldintza horietan soluzio miragarriak aurkezteko gaitasuna galdu du Erdoğanek. Oposizioa ito eta balizko arerioak neutralizatzeaz aparte, aukera gutxi geratzen dira.
"Erdoğan presidenteak ezarritako erregimen autoritarioa edozein kontrol demokratikotatik kanpo dago"
Aldaketa aurreikus daiteke, orduan?
Bere antzerako besteren bat etorriko litzateke. Bi klabe nagusik eusten dute egun boterean. Batetik, kanpo babesak: NATOk eta, batez ere, AEBek Erdoğanen nazioarteko posizioa indartzen dute. Bestetik, estatuko ia instituzio guztiak bereganatzeko daukan gaitasunak herrialde barruko politikak nahieran maneiatzeko aukera ematen dio.
Guk elkar ezagutu eta hilabete gutxira izan zen estatu-kolpe saiakera. Hura ere bere aldeko tanto bilakatu zela uste duzu?
Bai. "Jainkoaren oparitzat" jo zuen. Larrialdi egoera ezarri, eta estatua berregituratzeko baliatu zuen. Milaka purgatu egon ziren, komunikabideak isilarazi zituzten… Kolpea geldiarazi zuten, baina ez legea berrezartzeko, autoritarismorantz jotzeko baizik.
Erdoğan iritsi aurreko Turkia sekularragoa zen. Hezkuntzak eta ekonomiak behera egiten duten heinean, erlijioa hazi egiten da, eta alderantziz. Gobernua horren jakitun da, eta molde horretako gizartea bultzatzen du, komeni zaiolako.
Zuk irakaskuntza uztea erabaki zenuen.
Irakasleak oso kontrolatuta daude. Inspektore bat bidali zuten eskolara nitaz galdezka, gurasoren batek jarritako kexaren harira. Ikasle batek erlijioaren eta zientziaren arteko desberdintasuna zein den galdetu zidan, eta nik honela azaldu nion: batean sinestea aski da, besteak frogak behar ditu. Zerua jarri nien adibidetzat, fededunentzat existitzen dena, baina ez zientzialarientzat, ezin baita frogatu. Nahikoa arrazoi izan zen ni zigortzeko; soldata jaitsi zidaten.
2017an Erdoğanek konstituzioa erreformatzeko erreferenduma irabazi, eta presidentetza luzatzeko eta botere exekutiboa bereganatzeko aukera izan zuen. Sistema parlamentariotik presidentzialera igaro zen Turkia.
Erreferendumaren prozesua bera ezaugarri antidemokratikoz josia egon zen. “Ez”-aren aldeko kanpaina mugatu, eta estatuaren baliabide guztiak jarri ziren “Bai”-aren alde. Gertaerarik gogorrena zigilurik gabeko 2,5 milioi boto-paper inguru baliozkotzat hartzea izan zen. Horrek zilegitasun elektorala erabat deuseztu zuen. Orduko oposizioko buruzagi nagusiak, ordea, ez zuen eragozpen larririk jarri.
Deigarria da Turkiako oposizioak gizarteari ez eskaintzea bizitza zibilizatuagoa, demokratikoagoa. Kasu batzuetan Erdoğan bera baino atzerakoiagoak dira. Bere akats eta guzti, baina gutxienez Erdoğanekin kurduen auziaz eztabaida daiteke. Turkiako gizarteak eta oposizioak gogor kritikatu zuten kurduekin bake prozesu bat abiatu izanagatik.
Hau ez genuen 2015ean sinetsiko. “Aro berrian” turkiarrek eta kurduek “adiskidetasunean elkar besarkatuko” dutela adierazi zuen Erdoğanek. Bake prozesu bat abian da. PKK-k borroka armatua behin betirako etetea erabaki du, preso dagoen Öcallan liderrak eskatuta. Zerk ahalbidetu du hau?
Horri erantzuteko, kontuan hartu behar dira kurduen ibilbide historikoa, azken mendean jasan dituzten tragediak, eta potentzia inperialistek "auzi kurdua" sortzeko eta sakontzeko izan duten rola. Iran, Irak, Siria eta Turkiaren politikak ere aztertu behar dira.
Turkiako Errepublikaren historian estatuak beti izan du harreman arazotsua kurduekin. Ideologia ofizialak haien existentzia ukatu eta asimilazioa bultzatzeaz gain, bere legitimazioa eraiki du kurduen suntsiketaren kontura. Hezkuntza sistematik politika ekonomikoetara, ingeniaritza sozialetik segurtasun estrategietara, dena ikuspegi horrekin diseinatu zen.
Denborarekin, ukazio eta gainbehera hori puntu batera iritsi zen, non elkarrizketa osasuntsua izateko kapaz zen aktorerik ia ez zen geratzen. Denak –intelektualak, eskuindarrak, ezkertiarrak, merkatariak, nekazariak, langileak– izan ziren kaltetuak. Kurduen belaunaldi berri ikasketadunengan ere nabaria zen antagonismo hori.
Agian, blokeo hori ikusita, Erdoğanek eta Bahçelik –egun AKPrekin koalizio gobernua osatzen duen MHP alderdiko liderrak– beste "bake prozesu bat" hasi zuten, elkarrekiko mesfidantza guztiak gorabehera. Iraganeko porrotak porrot, elkarrizketak izan behar du beti lehentasunezko bidea.
Gaur egungo Ekialde Hurbilean, heriotza eguneroko erritu bihurtu den honetan, bake prozesua babestea da jarrera gizatiarrena eta politikoki sanoena.
Baikorra zara prozesu horri dagokionean?
Turkiaren historia politiko berrian ikusi dugu horrelako promesek sinbolikoak izaten segitzen dutela eta ez dutela erreforma zehatzik ekartzen. Politika, bere izaeragatik beragatik, kontraesanen eta interes absolutuen gainean eraikitzen da. Historiak erakusten digu ekialdeko gizarteetako agintariak ez direla inoiz berdintasun zaleak izan. Pentsamendu makiavelikoa berezkoa dute erregimen horiek, eta, bitxia bada ere, herriak berak askotan ez du kontrakorik eskatzen; harremanak sultan-subjektu esparruan geratzen dira.
Nire iritzia da proiektu honetan nazioarteko eragileek parte hartzen badute, itxaropen apur bat sor daitekeela. Mendebaldeko estatuak Palestinarekiko agertzen ari diren elkartasuna nahi nuke Kurdistanentzat ere.
"Kurduerak higadura azkarrari eta desagertzeko arriskuari egin behar die aurre, ezinbestean"
Egidazu berba zure Kurdistango haurtzaroaz.
Denboran atzera eraman nahi nauzu… Erzurumeko herri kurdu kontserbadore batean jaio nintzen, Turkia ekialdean. Familia handi bateko bosgarren haurra izan nintzen. Amak dioenez, ez nintzen ospitale batean jaio, gure etxeko ukuiluan baizik, animalien artean. Nire arreba nagusia ohartu zen ama erditzear zegoela, eta berehala deitu zion herriko emagin bati. Pasadizo honek Jesusen jaiotza gogorarazten digu.
Nire haurtzaroa bizitza komunala eta balio tradizionalak nagusi ziren ingurunean garatu zen. Zazpi eta hamabi urte bitartean anaiak eta biok etxeko animaliak bazkatzen genituen. Naturarekiko lotura sakona eraiki nuen, eta horrek erresilienteagoa eta obserbatzaileagoa egin nau, beharbada. Aitari laborantzan ere lagundu nion batxilergoko urteak arte.
Nire aita autoritarioa zen, baina errespetatzen nuen figura bat. Gure arteko tentsio iturri nagusia ostiralak ziren: meskitara joan nendin nahi zuen, baina kontra egiten nion; herriaren kanpoaldean ibiltzen nintzen noraezean. Etxera itzultzean, errietari aurre egin behar! Gaztaroan ez nuen lortu Jainkoarekin harreman goxorik garatzerik, erlijioa urrun samar eta inposatutako zerbait bezala sumatzen nuen beti.
Nerabetan Hınıs-eko YIBO barnetegi batera joan nintzen, gure herritik 50 kilometro ingurura. YIBO eskolek haur kurduak estatu turkiarraren ideologian barneratzea zuten helburu. Hamalau urterekin goizeko zeremonia militar batean Dena aberriaren alde leloa nahita gaizki ahoskatu nuenez, gure irakasleak –kurdu alevi batek– fisikoki zigortu gintuen lagun bat eta biok. Horren ostean, biok barnetegia utzi, eta etxe txiki bat alokatu genuen.
"Bake prozesua babestea da jarrera gizatiarrena eta politikoki sanoena"
"Turkiak nire haurtzaroa txikitu zuen, nire hizkuntza hartu zuen, aita suntsitu zuen, eta ni ere hautsita nengoen". Mizgin Ronak idazle kurduaren berbak dira, aldizkari honetan argitaratuak. Zein izan da zure esperientzia hizkuntzarekin? Zer esan nahi du kurduerak zuretzat?
Nazio bat bere hizkuntzak egiten du, bere istorio, poz, nahigabe eta ondare kultural guztiak zentzua hartzen baitu hizkuntzaren bidez. Niretzat kurduera ez da komunikatzeko tresna hutsa, baizik eta nire izatearen definizioa eta esanahia.
Mizgin Ronakek esandakoak ia kurdu guztiek bizi izan duten hauskortasun partekatua adierazten du. Kurduerak, bereziki Turkiaren barruko Kurdistango zatian, asimilazio sistematikoa jasan du, eta hezkuntza sistematik at dagoenez gero, higadura azkarrari eta desagertzeko arriskuari egin behar die aurre, ezinbestean.
Eremu geopolitikoan Turkiak bere eragina handitu du, dela Ukrainaren eta Errusiaren artean bitartekari gisara, dela Europako Batasunarekin errefuxiatuen inguruko akordioak sinatuta. Errusiaren eta Europaren soka gainean ekilibristarena egitea dagokio?
Erdoğanen menpean Turkiak interes absolutuetan eraikitako atzerri politika egiten du. Politika horrek, botere hegemonikoen aurkako ekintza orekatzaile gisa aurkezten badute ere, ez du ongizate nazional iraunkorrik sortzen; bere erregimenaren jarraipena ziurtatzeko balio du, batez ere.
Europako Batasunak Erdoğani errefuxiatuen truke egindako kontzesioak akats estrategikotzat hartu behar dira. Eragotzi nahi izan zuten migrazio gehiena berdin-berdin iritsi zen Europara.
2023an Gaziantep eta inguruak astindu zituen lurrikararen ondorioz 40.000 pertsonatik gora hil ziren. Zuk senideak galdu zenituen.
Tragedia handia izan zen. Arduragabekeriarekin, ezjakintasunarekin, errentagarritasunarekin, engainuarekin –azken batean, gobernu ikaragarri baten existentziarekin– bat zetorren tragedia.
Hildakoen kopuru ofiziala, gutxienez, benetakoa baino lauzpabost aldiz txikiagoa izan zen. Eta ikasgairik atera al zen? Tamalez, ez. Estatu hau eta gizartea bera prestatu gabe daude hurrengo lurrikararako.
"Errefuxiatuen truke egindako kontzesioak akats estrategikotzat hartu behar dira. Eragotzi nahi izan zuten migrazio gehiena berdin-berdin iritsi zen Europara"
Demagun 2035a dela, eta kafetegi honetan gaudela berriro. Zer berri dakarzu?
Mundua norabide bitxian doa. Zientzian ingeniaritza genetikoak eta adimen artifizialak hurrengo hamarkada markatuko dutela dirudi. Ekialde Hurbileko mapak alda daitezke.
XX. mendean kurduak galtzaile handien artean egon ziren. Orain, baina, koiunturak mesede egiten digula dirudi. Agian XXI. mendea kurduen mendea izango da, edo itxaropen bat besterik ez da.