Ikasle kurduak “turkiera da nire ama hizkuntza, gu turkiarrak gara” esatera derrigortzen dituztela salatu dute

  • Turkiako Gobernuak hezkuntza sistema indar handiz erabiltzen du herri kurdua jazartzeko. Alemaniako Hezkuntza eta Zientzia Langileen Sindikatuak salatu du Turkiako hezkuntza sistemak ikasle kurduak asimilatzeko praktikak darabiltzala ikasgeletan, turkiartasun nortasun "gorena" azpimarratzeko eta turkiera ez diren gainerako ama hizkuntzak gutxiesteko. Haserrea areagotu da ikastetxe kurdu batean ikasleak poema baten bidez lelo hauek errezitatzera behartu dituztela publiko egin denean: “Turkiera da nire ama hizkuntza; gu turkiarrak gara; guk turkieraz hitz egiten dugu”.


2025eko azaroaren 3an - 16:07
Kurdistango Van hirian, ikasleak eskola hasteko zain. Anadolu / Necat Hasar
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Alemaniako (herrialde horretan kurduen diaspora handia da) Hezkuntza eta Zientzia Langileen Sindikatua ia erabat irakaslez osatuta dago, eta Murat Atabay lehendakarikidearen adierazpenak jaso ditu Mezopotamya hedabide kurduak. Kurdistango ikastetxe batean gertatutakoa kontatu du: Hezkuntza Ministerioak Gure hizkuntzaren aberastasuna izeneko ekitaldia antolatu du berriki eta poema errezitaldian “Turkiera da nire ama hizkuntza; gu turkiarrak gara; guk turkieraz hitz egiten dugu” errezitatzea agindu zieten ikasleei. Poema hori testuliburuetan jasota dago eta sare sozialetan zabaldu dute. Antzeko jazarpena bizi izan dute beste ikastetxe batzuetan ere. Amed hiriburuko eskola batean ikasle bati dekretu historiko bat errezitarazi zioten. Dekretuak dio turkiera ez den beste hizkuntzak erabiltzea debekatuta dagoela.

Hezkuntza curriculuma aspalditik kritikatu dute eduki turkiar nazionalistak eta baztertzaileak dituelako, eta sindikatuko buruaren ustez, aldatzeko beharra dago. Ikastetxeetan lantzen dituzten mezuen bidez, haurren subkontzientea nahita ari direla moldatzen dio Atabayk, haien hizkuntzak eta kulturak gutxiago balio dutela esaten diete, “borondatezko asimilazio mota bat da eta haurrak psikologikoki eta akademikoki kaltetzen dituzte”.

Sindikatuko lehendakarikideak salatu du hezkuntza borroka-zelai politiko eta erlijioso bilakatu dela: “Estatu protokoloen bidez, sektek eta talde erlijiosoek mendean hartutako eremu bihurtu dituzte ikastetxeak”. Atabayk hezkuntza zientifikoa, sekularra, genero ekitatezkoa eta askea aldarrikatu du. Gaur egun, ideologia bakarra hauspotzeko baino ez dela erabiltzen kritikatu du. Gurasoei dei egin die esku-hartze ideologiko eta sektarioen aurkako jarrera har dezaten.

Atabayk gogorarazi du Turkiako Konstituzioak turkiartasuna nortasun gorentzat hartzen duela eta arraza-definizio horrek gainerakoak kanpoan uzten dituela. Kurduentzako eta kurduerarentzako berme konstituzionala eskatu du.


Kurdistan kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Rohilat Afrin, YPJ-ko komandantea
"Guda hau, batez ere, emakumeen aurkakoa da"

2026ko otsailaren 20
Seigarren eguna Rojavan
Jinwar, emakume askeen herria

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.