“Argi dut nire hazia: euskal kultura eta memoria historikoa dantzaren bidez ezaugarritzea”

  • Janire Etxabek (1979, Arrankudiaga) dantza bertikala du ogibide: formakuntza eskolak eta ekoizpen propioak uztartzen ditu. 2021ean Harria Herria lana plazaratu zuen, 2022an Dendu, eta 2023an Geure(R)a. Aurki aurkeztuko du bere lehen bakarkakoa: Antzina. “Ulertzen dut kultur arduradunen beldurra, baina oso segurua da dantza bertikala”, dio. Prekaritatea da arriskua.

Argazkia: Busturialdeko Hitza.
Argazkia: Busturialdeko Hitza.
Hastapena, modu bitxian

“[Barreak] Oso era berezian gertatu zen: Araban eskalatzen nenbilela azpitik bi frantses pasa ziren, eta dantza bertikala egiten ote nenbilen galdetu zidaten. Harrituta, erantzun nien aspertuta nengoelako ari nintzela saltoka. Jaisteko esan eta dantza bertikalaren bideo bat erakutsi zidaten. Soka nire pasioa da: dantza hura ikustean maitemindu egin nintzen, ‘nik hau egin nahi dut’ pentsatu nuen. Diman bizi nintzen orduan, eta bertako pareta batean praktikatzen urratuta bukatzen nuen beti: asunak, zuhaitzak...Mapetan pareta bertikalen bila jarrita deskubritu genuen Gautegizekoa, eta hara bizitzera joatea erabaki nuen Andrabide harrobitik gertu egoteko, gaur egun Arrankudiagan bizi arren.”

Dantza bertikala duzu ogibide. Zeri diozu bertigoa?
Prekaritateari. Hau dut ogibide, eta hurrengo urteko agenda orri zuria izaten da askotan. Sorkuntza estreinatzen dudan aldiro hustu egiten naiz, eta beldurra sartzen zait: eta orain zer? Ez dago atsedenik. Hasieran hezkuntza eta dantza bertikala uztartzen nituen, baina geroz eta gehiago murrizten nuen jarduna dantzari heltzeko, dantza bertikalaren aldeko apustua egitea erabaki nuen arte.

Sokak lotu edo askatu, zer egiten zaitu?
Bi gauzak. Batetik, askatu: maite dudana egiten dut. Tartean, ebakuntza izan nuen besoan (oso gogorra izan zen psikologikoki), baina errekuperatuta nago jada. Dantza eta soka dira nire pasioa, eta horrek lotu ninduen. Lan oso jarraia da gurea: prozesu kreatiboa, fisikoa eta ekoizpenarena. Hasten zarenetik plazaratzera, bidea luzea da: mendira joan, planoak hautatu, gidoia osatu, ahotsak grabatu, musika sortu, eta grabatu, koreografia eratu eta landu… Paretan dena doa segundoka koordinatuta, eta horrek lanketa handia eskatzen du: paretara jantziekin ateratzeko probak egitea, jauziak une berean bukatzeko gorputz bakoitzaren indarra eta bultzada neurtzea… Entsegu guztiak grabatzen ditugu mugimenduak fintzeko.

'Haize lerroak' dokumentaleko irudia.


Arte diziplina horren 360º daude zure gain. Paretan ez da ikusten atzeko lan guztia.
Imajinaezina da. Emanaldia sortzeko urte eta erdi edo bi behar ditut. Sorkuntza ez da arlo koreografikoa bakarrik: proiektuaren erredakzioa, dosierren prestaketa, aurkezpen bilerak… Ezinezkoa da konpainia mantentzea babes ekonomiko eta sozialik gabe: altuera eta argi teknikariak, segurtasun planak, entsegu guneak, dantzarien entseguak, sorkuntza egonaldiak, jantziteria, komunikazio eta banaketa lana... Hori guztia dago 25 minutuko emanaldiaren atzean, eguneroko lan asko.

Horrez gain, dantza bertikaleko klaseak ematen ditut Gernika eta Gautegiz-Arteagako eskoletan, eta ikastaro trinkoak antolatzen ditut urtean zehar; barruan neguan eta udan mendietako pareta edo basoetan. Ezin gara ekoizpen eta zuzeneko emanaldietatik bizi, oso prekarioa da. Dimegaz da nire proiektu pertsonala; horrekin egiten ditut Harrobi Dantza Bertikala konpainiaren ekoizpenak, proiektu pertsonalak edota film laburrak, eta Dingilizke da formakuntzarako egitasmoa.

Zure lehen bakarkakoa aurkeztuko duzu laster.
Antzina deituko da. Apirilaren 14an izango da aurrestreinaldia Urnietako antzokian, han egingo baitugu azken egonaldi artistikoa. Aurkezpena Bizkaian egin nahi dut ekainaren bueltan, baina toki bila gabiltza, oraindik. Haize lerroak dokumentala ere bukatu nahiko nuke eta Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu.

"Hasten zarenetik plazaratzera, bidea luzea da: mendira joan, planoak hautatu, gidoia osatu, ahotsak grabatu, musika sortu, eta grabatu, koreografia eratu eta landu... ".


Zer da Antzina, orainetik?
Benito Lertxundiren Altabizkar kantuarekin inspiratu nintzen. Amama oso presente izan dut. Objektu erraldoi batekin aterako naiz, sinbologiaz eta formaz aldatzen joango dena zuzenekoan. Emakumeen burukoarekin egongo naiz: espainiar inkisizioak burukoa debekatu zuen, eta gure kulturak zer nolako karga duen gizartean transmititu nahi izan dut horrela. Nerabezaroan, zahartzaroan... etapa bakoitzeko emozioak eta gudak nahastuko dira. Arte Ederrak ikasteak dantza bertikala beste arte plastikoekin fusionatzera eraman nau.

Bien bitartean, Geure(R)a-rekin jarraituko dugu, Bilbon Loraldian egongo gara, Euskalduna jauregian, martxoaren 23an. Emanaldietan beti dago agerian gure tradizio eta memoria historikoa. Geure(R)a emanaldian, adibidez, sorginen ehizaz ari gara, Toti Martinezen hitzen laguntzarekin, nahiz eta gaur egun emakumeak sutan ez erre, erretzen jarraitzen gaituztela agerian uzten dugu. Artea aldarrikapen sozialerako tresna da, eta artistok gizartean gertatzen denarekiko haziak jartzeko aukera dugu, eta nire hazia oso argi dut zein den: euskal kultura, tradizioa, eta gure memoria historikoa dantza bertikalaren bitartez ezaugarritzea.

Arrokazalea zara. Natura da zure etxea?
Bai, naturguneak gustatzen zaizkit sorkuntzen hasiera espaziorako. Gune batzuk esangura handia dute. Kuttunenak Anboto mendia eta pareta zaizkit; eta entrenatzeko, harrobiak. Hastapen prozesua bakarka egiten dut, normalean, eta denbora asko mendiko paretetan ematen dut.

Ez ditugu eraikinak kaltetzen, ez dugu ia inoiz zulatu. Dantza bertikala edozein herriko pareta edo elizatan egin daiteke. Ulertzen dut kultura arduradunen beldurra, baina oso segurua da. Ikuskizunek segurtasun berme guztiak dituzte.

Harrobi edo eskoletan, bada harrobirik?
Bai. Harrobi dantza konpainiak harrobia sortu nahi du, horregatik ematen ditugu eskolak. Jende asko ikasteko gogotsu dago Euskal Herrian. Taldeak beteta ditugu eta ikastaro trinkoetara ere asko animatzen dira. Oso positiboa da hori. Guk jendeak dantza bertikalarekin jarraitzea nahiko genuke: ikasi eta sortzeko gogoak jarrai dezala Euskal Herrian, eta euskaratik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude