Zumezko beldurra

  • Honela esan zuen Christopher Lee aktoreak: "Gidoia irakurri nuenean jakin nuen maisulan bat zela. Parte hartu dudan filmik onena da. Ez dut arrakastatsuena esaten, ezta garrantzitsuena ere; nire ibilbideko onena da. Ez da beldurrezko film bat, film beldurgarri bat da".

Zinearen historiak utzi duen Drakula mitikoenaren hitzak dira, 1973ko abenduaren 6an estreinatutako eta Robin Hardy zinegile britainiarrak zuzendutako The Wicker Man filmaren harira eginikoak. Aktoreak xaman lanak egiten dituen aristokrata baten pertsonaia antzezten du filmean. 1970eko hamarkadako film britainiar onenetarikoa da, eta askotariko izaera du: erotikoa, musikala, poliziakoa, eta, jakina, terrorezkoa. Horrekin batera, garaiko beldurrezko generoan ezohikoak ziren elementuak ditu, tartean, paganismoa, zelta mitologia eta folk-rock psikodelikoa.

Nortasun poliedriko horrek zaleen arreta erakarri zuen, kultuzko bihurtzeraino, eta kultu horrek gaurdaino dirau. Christopher Lee: "Ez zidaten ezer ordaindu, jendeak ez du sinesten, baina kontratua gordetzen dut froga gisa, batzuetan maitasunagatik baino ez baitituzu gauzak egiten. Filmaketa esperientzia zoragarria izan zen, banekielako zerbait harrigarria egiten ari nintzela”. Aktoreak aipatzen duen xarma zoroa filmak haizatzen duen giro artegagarri eta onirikoaren bidez jasotzen du ikusleak, zeina eguzkipean zabaltzen den, beldurrezko filmen kanon itzaltsuetatik urruntzeko. Puritanismo kristaua eta antzinako erlijioen gozamen paganoa aurrez aurre jartzen ditu Robin Hardy zuzendariak, eta borroka horren emaitza bitxia da, asaldatzailea eta misteriotsua. Horrek guztiak egiten du The Wicker Man aparta, kasik genero bat osatzeraino, bere bakartasunean.

Zumezko Gizonak, hain justu, Folk Horror azpigeneroaren hazia erein zuen Witchfinder General (Michael Reeves, 1968) eta Blood on Satan's Claw (Piers Haggard, 1971) filmekin batera. Hiruki horrek jaiotzaz erabat britainiarra eta zeharo lurrari lotutako terrore landatarra eratu zuen. Azpigenero horrek, baina, britainiar irlen mugak gainditu zituen planeta osora hedatzeko, eta gaur egun berpizte oparoa bizi du, saldoka baitira jarraitzaile eta filmak. Horren erakusle, Kier-La Janisse zinegile kanadarrak 2021ean estreinatutako Woodlands Dark and Days Bewitched: A History of Folk Horror (Folk Horror: Baso ilunak eta sorgin-egunak) dokumentala edo Ari Aster zinegile estatubatuarrak 2019an filmatutako Midsommar, zeina The Wicker Man filmaren kopia merkea baino ez den, beldur folklorikoaren zale amorratuenen aburuz.

Paganismoaren sugarrak
Robin Hardy zuzendariaren asmoa argia zen: kutsu paganoko beldurrezko filma egitea. “Antzinako erlijioa, kristautasunaren ondoren mende askotan ezkutuan egon zena, pentsatu nuen dibertigarria izango zela hura berriro agertuko zuen istorio bat asmatzea; paganismoa erlijio lagungarria da, jainkoei sakrifizioak egiten zaizkiena, zeinean haiek gero gauza onak egiten dituzten zeure alde”.

Horretarako, irakurketa jakin batzuetan murgildu zen Hardy, besteak beste, Robert Gravesen The White Goddess eta James Frazer-en The Golden Bough: A Study in Religion and Magic liburuetan. Irakurraldi horietan ezagutu zuen zinegileak zumezko gizonaren erritual paganoa: zumezko gizona gai horrekin egindako estatua handia omen zen, antzinako druida zeltek sakrifizioak egiteko erabiltzen zutena, betiere Julio Zesarrek Bello Gallicoren Kommentarii (Galien gerrari buruzko iruzkinak) obran jasotakoaren arabera. Erritual horren existentzia adituek zalantzan jarri izanagatik ere, kondairaren oihartzuna ez da sekula itzali. Sleuth (Joseph L. Mankiewicz, 1972) eta Frenzy (Alfred Hitchcock, 1972) filmen gidoilari Anthony Shaffer-i eskatu zion gidoia egiteko Hardyk, eta David Pinner idazlearen Ritual eleberritik abiatu zen Shaffer, testua osatzeko.

Irla paganoa
Filmaren abiapuntua oso sinplea da: Britainia Handiko irla batean neskato bat galdu da. Desagerpen hori ikertzeko polizia iritsiko da komunitate txiki horretara. Herritarrek ez dute bisitaria begi onez ikusiko, eta agenteak, era berean, uharteko giro bitxi eta itxian borrokatu beharko du. Desagerpenaren inguruko ikerketak aurrera egin ahala, poliziak atzemango du zelta jatorriko kultu pagano bat egiten dela irla horretan, zeinetan sexua eta hedonismoa modu librean bizi diren. Hala, desagerketa aitzakia baino ez da puritanismo kristaua –polizia–eta antzinako erlijioen gozamen paganoa –uhartetarrak– kontrajartzeko.

Zentzu horretan, oso esanguratsua da Britt Eklan aktore suediarrak –filmean irlatarra– eta Edward Woodward aktore britainiarrak –polizia– antzezten duten eszena, Willow's Song folk kantu psikodelikoa entzuten den bitartean: Eklan dantzan ari da bere logelan, biluzik, horma joka, eta beste aldean, sufrikarioak pairatzen ari da polizia, izerdi patsetan, errezoan, paretaren beste aldetik heltzen zaion tentazioari eusteko lanean.

Poliziaz eta herritar xumeez gainera, kontakizunean bada pertsonaia oso xelebre eta garrantzitsu bat, Christopher Leek antzezten duena: erritu paganoak zuzentzen dituen herriko aristokrata, Folk Horror estiloko filmetan oso ohikoa den pertsonaia, antzinako garaiak, balioak eta tradizioak sinbolizatzen dituena, betiere bere pribilegioak mantentzeko asmotan.

250 pelikula baino gehiagotan parte hartu izan du Leek, baina The Wicker Man lan berezia zen berarentzat. Izan ere, musutruk lan egiteaz harago, filmaren sustapena ere bere gain hartu zuen aktore britainiarrak, pelikula ekoitzi zuen estudioari, British Lioni, ez baitzitzaion filma gustatu. Estudioak metrajea laburtu eta ez zuen sosik inbertitu publizitatean. Eta egoerak Lee sutu zuen. "Ezagutzen nituen kritikari guztiei deitu nien, eta mesede bat egin ziezadatela eskatu: zinema aretoetan zegoen filma ikustera joan zitezela, sarrerak nik ordainduko bainituen. Denak joan ziren ikustera, sarrera ordaintzeko eskatu gabe, eta aho batez goraipatu zuten". Aktoreak, halaber, filma sustatzeko bere bira finantzatu zuen. "Baton Rougera joan ginen, Louisianako Unibertsitatea zegoen lekura, eta ikasleek ikusi zutenean, filma aireratu egin zen, eta, ondorioz, garai guztietako kultuzko film handienetako bat bihurtu da".

Terrore landatarra

The Blood on Satan's Claw (1971) filmeko zuzendari Piers Haggard zuzendariak erabili zuen estreinakoz Folk Horror izendapena, 2004an, Fangoria argitalpenean jasotako elkarrizketa batean. Aurreko terrorezko filmen ohiko lokalizazioetatik kanpo kokatu nahi izan zuen bere filma. Hartara, Hammer estudioak ekoitzitako pelikuletan agertzen ziren gazteluak baztertuta, Haggardek landan kokatu eta filmatu zuen bere pelikula. “Folk-Horror estiloko film bat egin nahi nuen, ez camp bat".

Mendi edo landa inguruak berebiziko garrantzia dauka filmotan, terrorea bera maiz lurretik baitator edo lur azpian ezkutatzen baita, Haggarden filmean gertatzen denez. Nekazal giroekiko obsesio hori, sasoiko mugimendu kontrakulturalek sustatuko lurrera itzultzeko filosofiarekin lotu daiteke; hain justu, hippien ideologia bakezale eta ekologistarekin, baita erlijio alternatiboen fenomenoarekin ere. Areago, filmaren gidoilari Robert Wynne-Simmonsek onartu zuen Manson familiaren kasuan oinarritu zela testua idazteko.

Beste bereizgarri bat komunitate txikien eta eremu horietara iristen diren norbanako arrotzen artean gertatzen den tentsioa izan ohi da, zeinak garai eta balio zaharren eta berrien arteko antsietatea islatzen duen, The Wicker Man pelikulan azaltzen denez, besteak beste.

Traza horiei erreparatuz gero, azpigeneroaren mugak lausotu egiten dira; esaterako, Sam Peckinpah zinegileak 1971n filmatutako Straw Dogs filmak kanpokoen eta bertakoen arteko tirabiren baldintza betetzen du, eta Tobe Hooper-ek 1974an filmatutako The Texas Chainsaw Massacre inguru landatarrean garatzen da, AEBetako redneck eremua izan arren.

Halere, aipatutako azken bi horietan ez da Folk Horror azpigeneroaren funtsezko beste ezaugarrietako baten arrastorik sumatzen; hots, erlijiozko elementua: paganismoa, kristautasuna, puritanismoa… Hori dela eta, litekeena da Folk Horror-a ondoen definitzen duen filma The Wicker Man izatea, aipatutako karakteristikak biltzeaz gainera, bakarra baita bere maisutasunean, eta bere itzala infinitua da.

 

Gaurko lokatza

The Witch (2015)
Sorginkeriari buruzko kontakizun liluragarria da. XVII. mendean Europatik Ingalaterra Berrira joandako familia baten inguruko kontakizuna da, zeina kolonoek lurralde berrian hedatutako sinesmen eta folklorean oinarritzen den.

Midsommar (2019)
Unibertsitate talde batek Suediara bidaiatuko du. Hälsingland-en, Hårga izeneko antzinako komuna ezagutuko dute, zeinak udako solstizioa ospatzen duen 90 urtetik behin.

Cuando acecha la maldad (2023)
Herri ezezagun bateko bi anaiak deabruak kutsatutako gizon bat aurkitu dute. Gaiztakeria bera erditzeko zorian dago gizona.

 


ASTEKARIA
2024ko urtarrilaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude