Zaila da pelikula esperimental baten inguruko kritika idaztea. Alde batetik, normalean, hausnartzeko denbora luzea eskatzen dutelako eta hausnarketa horrek ez duelako analisi zuzena bermatzen. Eta bestetik, interesgarri eta pedante izatearen arteko lerroa oso fina eta arriskutsua delako.
Värn (Gotorlekua) horrelakoa izan da. New Directors sailean aurkezten diren lan askorekin gertatzen den moduan, batzuetan aztertzeko eta interpretatzeko zailak diren pelikulak tokatzen dira. Värnen Karl (Denis Lavant) da protagonista: gizon zahar eta berezia, indar guztiekin gotorlekua eraikitzen ari dena, edozein momentutan iritsi daitekeen gerratik herritarrak babesteko. Gerra Hotzaren garaian, Suedian, panfletoak banatu ziren, biztanleak gerrarako prest egon zitezen abisatzeko eta, hala gertatzen bazen, zer egin jakiteko. Gauzak horrela hasi zen Karl gotorlekua eraikitzen, bere esku hutsekin, inoren laguntzarik gabe.
Filmean, denbora gehiena eraikitze prozesua erakusten pasa du zuzendariak. Ikusi dugu nola jartzen duen txatarra eskuz nahastutako hormigoi artean, hormigoi armatua egiteko. Ikusi dugu nola jarri duen tutu bat horman, gela bakoitzean, herriko familia bakoitzak gerra-panfletoaren kopia bat eduki dezan. Ikusi dugu nola hartzen zuen herriko auto tailerretik ahal zuen guztia, jabearen haserrearen truke, gotorlekua eraikitzeko. Ikusi dugu nola herritar gehienek ez zioten jaramonik egiten gotorlekuaren kontua zela eta, umeek eta pertsona karitatetsu eta eskuzabal bakanek izan ezik. Eta ikusi dugu nola egiten zuen umeekin jolas, eta nola egiten zuten umeek Karlena bezalako gotorlekua; egurrezkoa, baina.
Horrelakoa izan da pelikula, gehienbat. Eta horregatik diot esperimentala dela eta aztertzeko zaila: oso geldoa, arraroa, eta zuri-beltzean. Hala ere, Karl bere eskuekin eta bere sen onarekin komunitatearentzat lanean aritzeak nolabaiteko samurtasun sentsazioa sortzen du, baina baita tristura eta malenkonia sentimendua ere, argi ikusten baita, izatez, pertsona zaurgarria eta bakartia dela Karl. Gerrak eta beldurrak pertsona zaurgarrietan sor dezakeena aztertzen du filmak, nahikoa era berezian.
Beraz, arratsalderen batean film arraroren bat ikusteko eta filosofo plantak egiteko apeta baduzue, Värn aukera egokia izan daiteke, baina, bestela...