Gehiegizkoa aukeran


2025eko irailaren 21ean - 17:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sentsazioa dut, Alberto Rodríguez zuzendariak edozer egiten zuela ere, txaloak eta prentsa ona jasoko zituela Donostiako Zinemaldian. Ea, niri ere gustatu zitzaizkidan La isla mínima, Modelo 77... Baina goazen lan bakoitza ahalik eta independenteen ikustera. Espainiako prentsak bere lagunekin erabiltzen duen hiztegia izango da, zeren niri Los Tigres-egatik “ikaragarrizko thrillerra” esatea gehiegitxo zait. Badu La isla mínima-ren antzekotasunik, baina tira. Olatu horri kontra egitera nator.

Antonio (Antonio de la Torre) eta Estrella (Barbara Lennie) neba-arrebak dira. Bere aita bezalaxe, urpekariak dira, eta Huelvan ari dira beharrean, Andaluzian, hasieran batean, itxuraz, salbamendu lanetan. Ez dakit urpekari lanpostu funtzionariorik existitzen den, baina horiena ez da kasua. Hasieratik bukaerara presente daude lan baldintzak: soldata eskas samarra, ordu asko beharrean, eta, batez ere, arriskua, osasuna. Hor dago lehen trama edo thrillerra: Antonio, alias El Tigre, “urpekari garaiezina”, bihotzeko arazoekin hasiko da. Bigarren trama edo thrillerra familiarteko kontuen ingurukoa da. Antonio dibortziatuta dago, bere bi alabak ez ditu apenas zaintzen, ez ditu ia ikusten, lanaren (edo maskulinitate hauskorraren) erruz... Pentsio oso apala ematen dio alaben amari, harik eta azken hori mehatxuka hasi arte. Joko horretan, Antoniori babesa eskaintzen dio Estrella arrebak: etxean hartuko du eta dirua eskuratzen lagunduko dio. Pentsatuko duzuenez gero, Espainiaren eta Portugalen arteko mugan, ur azpian droga jokoak existitzen dira.

Itsasoa protagonista bihurtu omen du film honetan Alberto Rodríguez zuzendariak, hori ere leitu dut. Tira, trama osoa itsasoaren eta urpekari bizitzaren bueltan ardaztu da, eta hortaz, noski; baina niri geldo, ilun eta astun samarra iruditu zait Zinemaldiko Sail Ofizialeko trantze honetarako guztirako. Are, narkotrafikoen mafia jokoan sartzea, “akziozko” bizpahiru eszena horiekin-eta, irrigarri egin zait. Ez dut esango aspertu nauenik, ez baita hala izan, baina aho bilorik gabe esango dut gehiegizkoa iruditu zaidala film hau Sail Ofizialean sartu eta lehian ipintzea. Uste dut Made in Spain sailean ase geratzeko moduan zegokeela. Izango dira interesak, Movistarrek ekoiztutakoa delako, eta abar eta abar.

Hori dena esanda, ñabardura txikia egingo dut. Inork galdetuko balidake filma ikusteko modukoa ote den, ez nuke izango dudarik: bai. Denbora baldin baneraman zinera joan gabe eta karteldegian Los tigres balego, ez nintzen aretotik irtengo “ikaragarrizko thrillerra” dela esaten, baina une atsegina izango zen. Gauza bera etxeko sofan ikusteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2025
Eguneraketa berriak daude