Sinopsiaren arabera aukeratzen ditut filmak, noski, ez da batere harrigarria. El mensaje-renak (Mezua) hala zioen, hitz gutxitan: krisi ekonomiko betean, animaliekin hitz egin dezakeen 9 urteko neska bat eta bere tutoreak maskoten medium zerbitzua ematen ari dira furgoneta batean. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan, pelikula kurioso garatzeko modukoa. Beno, ba, ez. Sinopsiak dakarrena horixe da pelikula oso-osorik.
Ezer gutxi gertatzen da El mensaje-n. Myriam (Mara Bestelli), Roger (Marcelo Subiotto) eta Anika (Anika Bootz) ikusi ditugu furgoneta batean. Anikak animaliekin hitz egiteko omen duen ahalmena aprobetxatuta, etxez etxe aritu dira sos batzuk ateratzen saiatzen. Ikusi dugu Anika neskatoa hazten, adinagatik bere hortz txikiak erortzen zitzaizkiola eta burkoaren azpian jartzen, saguak dirua ekartzeko; Myriam, telefono bidezko kontsultak erantzuten; Roger, diru kontuak eramaten eta gidatzen. Eta horixe, besterik ez.
Ez nuke gogorregia izan nahi lanarekin, ziur egongo dela gustatu zaionik, baina ni berdin-berdin geratu naiz ikusi ostean, akaso nekatuago eta aspertuago. Gidoian, berez, garrantzitsuak ziruditen pare bat kontu jazo dira, baina ez dira inola ere garatu, ez dut oso ondo ulertu zertarako zeuden hor.
Lanaren amaieran, esaldi hau ipini du egileak: “Eskerrak eman nahi dizkiet nire gurasoei, nire haurtzaroa babesteagatik”. Izan ere, zuzendaria eta gidoilaria izateaz gain, muntatzailea ere izan da Iván Fund. Suposatzen dut zeozer oso pertsonala izan dela, oso espezifikoa zen zerbait kontatu nahi zuela, baina ikusleari bost horrek. Nire albokoak lo hartu du, eta zurrungaka hasi da.
Plano oso-oso luzeak, Anika animalia desberdinekin komunikatzen: txakurrak, katuak, capybara bat eta baita zaldi bat ere; baina horixe, ez besterik. Eta pare bat eszena, trama garatzen lagundu zezaketenak, baina, azkenean, ezer ere ez. Ezbairik gabe, ez da niretzat egin film hau.