68.000 gazatarretik gora hil ditu Israelek Gazako Zerrendan. “Ez dira zenbaki hutsak” aldarrikatu izan da sarri, baina zaila izaten da hedabideetan bestelako kontaketarik ematen, informazio guztia blokatuta dagoenean. Bada, The voice of Hind Rajab pelikulak lortu du genozidioa lurrera ekartzea, aurpegia eta batez ere ahotsa jartzea. Sei urteko ume baten ahotsak, bere soiltasunean, palestinarrek bizi duten genozidioa eta apartheida ekarri ditu pantaila handira, eta lortu du zenbakiak gorpuztea. Berba gehiagoren faltan, lazgarria da pelikula.
Hind Rajab sei urteko ume gazatar bat da, bere familiarekin ihesean zihoala israeldarren tiroketek harrapatu dutena. Kotxe bete pertsonatik, bera bakarrik dago bizirik, eta Palestinako Ilargi Gorrira egindako deia da, bere horretan, pelikula. Ramallan, Zisjordania okupatuan, dago telefonoaren beste haria, Ilargi Gorriko bulegoetan. Omar (Motaz Malhees) ari da berarekin berbetan, Hinden osabak Alemaniatik arma piztuta. 89 minutuko kontakizun agonikoa da Omar eta Rana (Saja Kilani) telefonisten eta Hinden arteko elkarrizketa. Bi lankideak saiatzen ari dira umea lasaitzen, beren nagusi Mahdi (Amer Hlehel) anbulantzia umearena heltzea koordinatzen ari den bitartean.
Estresa, frustrazioa, agonia pilatzen doaz pelikulak aurrera egin bitartean: umea larritzen ari da, sei urte ditu eta bere herriaren zapalkuntza ezagutzen badu ere, beldur da eta gero eta laguntza dei larriagoak egiten ditu; Omarren eta Ranaren ezinegona areagotzen ari da, ikusten baitute ez datorrela erantzunik; Mahdi inpotentziaren menpe bizi da, jakin baitaki israeldarren baimenik barik ezin duela anbulantziarik bidali medikuak arriskuan ipini barik.
Pelikula benetan da soila. Kokaleku bat, Ilargi Gorriko bulegoa; soinu bat, Hinden eta telefonisten arteko deia; baina horrekin soilik atmosfera kargatu eta tentsua sortzea lortu du Kaouther Ben Hania zine zuzendariak. Datu bat: audioa eta zenbait irudi benetakoak dira, benetako Hind Rajaben ahotsa entzuten da telefonoan, eta benetako Ilargi Gorriko langileak ikusten dira, bulegoan telefonotik berbetan.
Veneziako Mostran Zilarrezko Lehoia jaso du pelikulak, eta pasearen ostean 23 minutuko txalo zaparrada jaso zuen han. Donostian soilagoa izan da harrera, jendeari “krak” egin dion seinale. Txalo zaparrada luzea jaso du, baina korridoreetan isiltasuna izan da nagusi, malko sikatzeak eta aurpegi luzeak. Genozidioaren ahotsa entzun dutenen aurpegia.