“Ez gara elkarren lehiakideak, bidelagunak baizik”

  • Ehungintzako diseinua ikasi zuen Salsamendik Bartzelonan (Katalunia). Moda azkarraren eta merkearen baloreekin, ordea, ez du inoiz bat egin. Etxera itzuli zen, ikasten segitzeko asmoz. Josten ikasi zuen, Madrilera (Espainiako Estatua) joan zen jasangarritasunaz praktikaldi bat egitera. Hilabetetako kontua izan behar zuenak bi urte iraun zuen azkenean. Eta berriz ere etxera. Oraingoan aldiz, gelditzeko. Ez, ordea, geldirik egoteko. Mugimenduan bizi baita Salsamendi. Mugimendu oso Koöl-ean. Hala hartu gaitu, kafe baten bueltan, josteko makina ondoan dugula, guri so.

"Hemen sartzen denak lasaitasuna sentitzea nahi nuen, giro cool batean sentitzea, kontsumitzera derrigortua sentitu gabe". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Prezioa jartzea ez da 'cool'

“Gure markarekin sortzen duguna, patxadaz eta proba asko eginda aukeraturiko materialarekin egiten dugu. Euskal Herrian erosten dugu ahal dugun gehiena, bertako kontsumoa sustatu nahi dugulako eta jasangarritasuna kontuan hartu nahi dugulako. Beraz, atzerrian erosten badugu, hemen ez dagoelako da. Horri guztiari prezioa jartzea oso ariketa zaila da, jakin badakigulako ez direla egunero erostekoak, bai ordea denboran iraun eginen dutela. Kontsumo azkarraren zirkulutik ateratzeak baditu ondorio batzuk, eta horiek prezioan ikusten dira. Iruditzen zait Euskak Herrian kontzientzia sortzen hasiak garela eta emaitzak jasotzen hasiak gara”.

Cool bizi eredutik dator Koöl Studio.
Euskaraz, eta bizitza eredu horrekin bat egiten duen izen bat nahi genuen. Gehiegi konplikatu gabe otu zitzaigun. Erraz jarri ginen ados ama eta biok. Ikasketak amaitu nituenean, lankidetza proiektu bat egiteko bidaiatu genuen Ugandara. Aurrez, Bartzelonan eta Madrilen ere bizi izan naiz, ikasten edo lanean.

Oraingoan zerbait etxekoa nahi nuen, hurbilekoa, eta ahal zen neurrian lokala. Aldi berean, ingurumena errespetatuko zuena, jasangarria. Balio horiek denak identifikatzen eta definitzen proiektua abiatu aurretik bizitakoek lagundu naute. Hemen sartzen denak lasaitasuna sentitzea nahi nuen, giro cool batean sentitzea, kontsumitzera derrigortua sentitu gabe. Egotera, begiratzera, ikastera gonbidatzen duen giroa sortu nahi nuen. Ohartu naiz egin dudan eta bizi izan dudan prozesuaren emaitza dela Koöl Studio.

Bizirik dagoen emaitza da.
Dudarik gabe. Oso proiektu bizia da. Denda soila baino gehiago gara. Orain dela zazpi urte hasi ginen, eta denda zabaldu genuenetik, hiru urte besterik ez dira pasa. Lokal handiagoa behar genuen, eta tailerra ukateaz gain, polita iruditzen zitzaidan sortutakoa nik neuk ere saldu ahal izatea. Poltsak, nezeserrak, ile-mototsak egitekoak, eta abar ekoizten ditut. Produktu bakoitzaren gibelean bidaia bat dago, hamaika proba, hamarnaka mugimendu. Beste emakume sortzaile batzuen produktuak ere saltzen ditugu, eta horien atzean ere, esfortzu handia dago. Kontsumo eredua aldatu nahi dugu, gutxinaka bada ere, eta horrek mugimendua eskatzen du.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA



Estatikoak ez du iraultzen.
Hala uste dut nik. Kontsumo eredu jasangarriaren alde jarduten dugu Koöl Studion. Zabaldu orduko hainbat emakume sortzailerekin jarri nintzen harremanetan. Proiektuaren berri eman nien eta asko animatu ziren beren produktuak hemen salgai jartzera. Gaur egun, 30 inguru gara. Behar duguna erosteko ohitura har dezagun nahiko genuke eta ez modak arrastatzen gaituelako. Merkeak direlakoan hainbat gauza erosten ditugu, armairuan edo kaxoian sartu, eta hor uzteko ondoren. Kontsumo eredu arduratsu eta minimalistan, produktuaren kalitateari begiratzen zaio. Zergatik hori eta ez bestea galdetu ohi da. Beste bizitza eredu bat da, eta bai, posible da.

Badator aldaketa? Sumatzen duzu zerbait?
Zerbait  aldatzen ari da. Oso espazio txikietan eta erritmo motelean, baina baietz iruditzen zait. Iraultzarik egin gabe oraindik, zoritzarrez. Euskal Herrian sortzaile asko gaude eta gisa honetako espazioak geroz eta gehiago dira. Esango nuke gainera, datorren hau emakumezkoen eskutik datorrela, beren kontsumo eredua aldatzen ari diren asko eta asko emakumezkoak dira. Kontzientzia feministari esker ari dira agian, edo sortzeak dakarren lanaz jakitun. Hemengo bezero gehienak emakumeak dira, eta azoketan ere, erosle potentziala emakumezkoa da.

Lasarten zaude, ez ordea hiri erdian. Hona etorri egin behar da.
Bai, eta hala nahi genuen hasieratik. Hiri erdian bageunde, ikusgarritasun handiagoa izanen genuke, egia da. Jende gehiago sartuko zen agian, ez ordea erostera ziurrenik. Orain dela hiru urte zabaldu genituen ateak, eta esango nuke lasartear askok ez gaituela ezagutzen oraindik. Behin etorri eta erosi duena, itzuli ohi da, ordea. Opari berezi edo produktu zehatz baten bila datoz, eta gu asko laguntzen gaitu bezeroarekin hartu-eman lasaia ukateak.

Horrelako proiektu baterako, kokapena alde dugula esango nuke, eta denda eta tailerra uztartzeko aukera eman dit, gainera. Ahizpatasunetik ari zara lanean.
Ez nuen bakarrik aritu nahi, eta banekien emakumeekin lan egin nahi nuela, lan eredu lasaian, batak bestea ezagututa eta errespetatuta. Arazoen aurrean bakarrik ez sentitzea oso lagungarria da. Azken batean, denok egiten dugu oso antzekoak diren oztopoekin topo. Eta agian, antzeko sortu arren, emaitza denak dira ezberdinak. Ez gara elkarren lehiakideak, bidelagunak baizik.
Horrez gainera, Izan Inurri minbizia duten pertsonen bidelaguntzarako elkartea ere, Lasarten sortu zen eta batera hasi genuen bidea. Elkarlanean aritu gara hasieratik. Espazioa eskaini diet behar dutenerako eta beraientzat ere lan egiten dut. Haiekin batera sarean aritzeak oihartzun handia eman dio gure proiektuari. Oso eskertua nago.

Eta amarekin…
Amak hasieratik lagundu nau. Bai josten, bai eta tailerraren irekitze prozesuan ere. Biak bat gara proiektu honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ehungintza
2023-07-17 | Leire Artola Arin
Inditex eta Primark bezalako kate handietan grebara deitu du ELAk astelehenean

Ehungintzako kate handien Espainiako Estatuko lehen hitzarmena negoziatzen hasi dira uztailaren 17an, eta ELA sindikatuak salatu du Hego Euskal Herriko langileen baldintzak okertuko direla, lurralde hitzarmenak baztertuz gero. Grebaren eragina batik bat Araban nabaritu dela... [+]


19 eguneko grebaren ostean, Gipuzkoako ehungintzako langileek lortu dituzte eskari gehienak hitzarmenean

Hemeretzi eguneko grebaren ostean, Gipuzkoako ehungintza sektorean hitzarmena sinatu dute gehiengoa duen ELA sindikatuak eta patronalak. Besteak beste, erosahalmena berreskuratzeko soldata igoera eta lan ordutegian langileen kontziliazioa bermatzeko neurriak adostu dituzte.


Ehungintzako langileari eskaintza berezirik ez urtarrilak: lanegun partziala eta soldata izoztuta

Gipuzkoako ehungintzako langileek greban jarraituko dute larunbata arte gutxienez, sektoreko hitzarmena negoziatzeko patronalak erakutsitako jarrera makurra dela-eta. Nafarroan, La Morea merkatal zentroko H&M saltokiko langileak ere greba mugagabean dira abenduaren 9az... [+]


Eguneraketa berriak daude