Erreferentzia Beyoncé izan dela esango balizute, nola geratuko zinateke? Sinets ezazu, ez da broma bat-eta. Digitalizazioaren garaian, disko gisa entzuteko pentsatuta dago Beyoncéren azken lana, eta Katakrakek horixe bera plasmatu nahi du LP bikoitzean –haien liburuetan oinarrituta sortu dituzte abestiak–. Hamar urte bete ditu espazioak, baina ez dute proiektua koiuntura horretara lotu, nahiz memoria ariketa ere izan den: “Zer da gogoratzen duguna gertatu den horretatik, eta zeri eman nahi diogu garrantzia?”.
Goizeko hamarrak izateko minutu eskas faltan, azaroko astearte burusoil bat Iruñean, jendea jazarrita dago Katakraken parean dauden harrizko banku hotzetan. Zain egon behar. Pertsiana jaitsita dago oraindik, ikusten da argia barruan, eta itxaronaldia aitzakia ederra da erakusleihoari begiratua emateko: Rote Zora, biolentzia obstetrikoari buruzko Nahia Alkortaren liburua, Engelsen Etxebizitzaren Auzia beti dator garaira, Palestinari buruzko liburuek lehen lerroa hartu dute... Pauso bat atzera eman, barruan dagoen langileak pentsa ez dezan ostatua irekitzeko presioa sartzen ari garela, hiru metro edo igo begirada, eta horra hor toldoan dagoen leloa: Hau dena aldatu nahi genuke. Hain justu ere, goiko gelan dagoen lelo bera da, estudio express hura muntatu duten lekuan dagoena, grabazioetako ehunka argazkietan ikus daitekeen gisan. Toldoa ez da berria, sorreratik-edo dago, duela hamar urtetik. Disko bikoitzaren proiektuak izen bera du kasik: Hau dena. Batek baino gehiagok pentsatuko du zeinen originalak diren Katakrakreko lagunak –edo Hertzainak taldearekin ezkutuko interesen bat dutela–.
Konturatzerako bete da ostatua. Ez du askorik behar izan. Eta asteartea da. Jakina, gero konturatzen da bat horrelako kafe goxo eta bizkotxo ederra eskaintzeak baduela zerikusia horretan guztian. Hori da dena. Bigarren gosariarekin heldu da Hedoi Etxarte barratik mahaira, eta atzetik Ion Celestino, jaka esku batean eta binilo kaxa bestean. Lau aldetako bi binilotan eta 25 orriko libretoan islatu den proiektu handi horrek eraman gaitu elkartzera. Erreportajerako solasaldiaren galderetan sartu aurretik, Celestinok, Etxarteri begiratu eta binilo kutxa seinalatuta, “hau da definitiboa?” galdegin dio. “Bai, azkena da”. Errata bat atzeman du. Segundo bateko asperena egin, burua okertu eta irribarre gaizto bat egin dute biek. “Ez dezagun gehiago begiratu”, adostu dute. Akatsik gabe ez dago produkturik, dabilenak ondo asko daki hori...
Hau dena izena du proiektuak, baina sentsazioa ematen du hau dena eta gehiago ere izan zitekeela. Zer da hau? Zer da dena? Den-dena aldatzeko grina. Erreparatu J Martinaren abestiaren letrari: Maitea, gure jendeak ez du ezagutzen bakea. Zer da gertatzen dena? Ezer ez duenak nahi duenean dena. Ez da kasualitatea. Celestino: “Ez dugu pastel zati bat nahi, okindegi bat baizik. Ideia hori ibili dugu bueltaka”. Etxartek segi dio hariari: “Osotasunaren kontzeptua, eta zer harreman daukagun horrekin, zer da dena... Gainera, euskaraz, dena da guztia, eta dena, aldi berean, izan ere bada”.
Aipatu dugu, Katakrakera heltzean ikusten den lehen leloa horixe dela, toldoan jarrita dagoena, baina gero, ostatuko barrako kartelen batean aurki daiteke hau dena edan nahi nuke esaldi bat, eta goi-goian, aretoaren bukaeran, toldoko lelo bera dago. Kamera analogiko baten karretearen amaieran hormako aldarria agerian geratzen zen, eta hortik proiektuari izen hori jartzearena. Gehiegi pentsatu gabe, antza: “Daukagun zerbait da, gutxi pentsatzen dugunean okurritzen zaiguna, baina ez da eslogan korporatibo bat”.
Liburuen lerroarteak, abestira
Hamahiru abesti eta Katakraken bi ereserki –euskaraz bata, gazteleraz bestea– biltzen ditu disko bikoitzak. Hainbat artista hainbat egunez aretotik bueltaka arituta, sortu diren gauzak oso bereziak izan direla azpimarratu du Celestinok, “bestela gertatuko ez zirenak”. Bera arduratu da grabaketaz eta horren kudeaketaz. Estetikoki aniztasun handiko abestiak daude. “Nekez irudikatzen dut Trigger, Maite [Arroitajauregi, Mursego], Beñat [Rodrigo, Kiliki Frexko] eta lauok lanean elkarrekin egotea kantu berean, ez baldin bada gu laurotako baten ‘proiektu handiago’ batengatik. Ordea, Katakraken proiektua aterpe handia zenez, bazen horrelako distentsio sentsazio bat oso ederra. Gertatu diren gurutzatzeak oso bereziak izan dira, egun horietako egunerokotasunaren barneko zerbait bezala. Zero inposatua, oso askea”.
Hau da, parte hartzaile askok haien ohiko barrutietatik kanpo jokatu dutela nabarmendu dute, desplazamendu bat egon da. Izan ere, musikari batzuk lauzpabost abestitan hartu dute parte, eta uste dute halakorik ez zela gertatuko unean bertan sortzeko eta inprobisatzeko askatasunez jardungo ez bazuten.
Etxarte: “[Joseba] Tapiak esaterako, bere grabazio egunean bukatu zuen dena, baina Tapia da gehien dagoenetako bat: bere abestian egoteaz gain, Pirritx eta Porrotxenean eta ereserkiaren bi bertsioetan dago. Eta Areta [Senosiain] ere antzera, horietan guztietan dago eta Ibil Bedikoan ere bai, batzuetan biolina jotzen eta besteetan ahotsa jartzen. Beste adibide bat jartzearren, Amaia Espinosa: Fermin Muguruzaren abestietako koroetan dago, Kinbonboko abestien koroetan eta tabla jotzen, eta hemen, gure logistikan, ia egunero hartu du parte, jendearekin egoten, bazkariak egiten eta abar. Uste dut Barañaingo nabean ikasi genuenaren moldea dela, hau da, grabaketa aldi berean otordu bat ere badela, edo solasaldi bat”.
Auzolanaren zentzu horrekin identifikatuta sentitzen da Celestino, musika ere horrela ulertzen duelako. “Koro batzuk grabatu, kafe bila joan eta musika ekipoa deskonektatzen lagundu gero; bakoitzak beretik ematen du asko”. Argazkiak ikusita sumatzen da giroa, grabazioetan jendea egon delako une oro, publikoa, kasu batzuetan haurrak, zakurrak eta xake-jokalariak ere bai. “Hau ez da norbait, bere etxean, bakarka, lan bat egiten sortzen”, adierazi du Etxartek proiektuaren egiteko moldeaz. “Hauxe da: jende asko, gauzak pentsatzen, gauzak erabakitzen, bere eremutik kanpo jarduten”. Argazkiak egiteko zilegitasuna sentitu duen orok egin ditu argazkiak, esaterako, eta horiek bildu dituzte libretoan. Orrialde horietan, artistek Katakrakekin izan duten loturaren berri ere ematen dute.
Zarrabete bat, inprobisazioaren adibide
Kantua egiteko enkargu bakoitzak bere erronkak izan ditu. Artista edo talde bakoitzaren arabera, agenda kontuek ematen ez zutelako kasu batzuetan, edo nahien arabera, hainbat hautu egin dituzte. Chill Mafiaren kasuan, “bizimoduagatik” diote, oso airean egon omen da haien kantua. Horren adibide, haiekin eginiko salbuespena: “Liburua esleitu zitzaien haiei, Heinrich von Kleist-en Michael Kohlhaas, eta haiek ez zuten irakurri nahi, argi zioten ez zutelako egingo. Beraz, nik [Celestinok] irakurri nuen, zerbeza batzuk hartzeko geratu ginen, eta kontatu nien zeri buruz zioan liburua. Horren gainean egin zuten letra. Audio bat sartu dugu apur bat hori kontatzen duena”.
Liburua esleitu zitzaien arrazoi batzuengatik, bertan kontatzen denak lotura baduelako Chil Mafiaren estiloarekin. Baina kantu horrek oinarrian duena edukitik harago doa; mamia kantuaren historiak dauka. Zarrabete baten grabazioaren gainean eraikita dago abestia, unean bertan, grabaketaren momentuan. Zarrabetea ez da nolanahikoa, gainera: Itziar Navarro musikariak Sardiniako unibertsitate bateko musikologiako estudio batean grabatutako audioa da. Celestinok doinu bat egin zion, “eta beste guztia hemen grabatu zen”. Eguerdi partera hasi zen grabazioa, gauera arte luzatu, eta Chil Mafiakoentzat ohiko samarra den prozesu bat izan zen Celestinoren arabera, zerotik kantu bat egitea, lokal batean, inprobisazio handiz. “Baina ohiko lekutik kanpo; hori bazen erronka bat”.
Urtea amaitu bezala, hamar urte beteko ditu Katakrakek eta efemeride bat idazteko balioko du Hau dena proiektuak. Memoriaren bataila betean bizi garen honetan, “guk erabakiko dugu zeri buruz eta nola oroitu nahi dugun” dio Etxartek. Horren adibide da gertatu zena, liburuetan kontatu dena eta Katakraken hamar urteotan gertatu dena, beste forma batzuetan hona ekartzea. Hamar urtetan gertatutakoaren memoria ariketa bat, finean, nahi denaren eta kabitzen denaren neurrira.
Hamahiru liburu, hamahiru abesti. Proiektuaren bereizgarritasunik nabarmenena agian horixe da, Katakrek urteotan argitaratu dituen liburu jakin batzuetan oinarritu direla abestiak sortzerako orduan, eta artistak punta batekoak eta bestekoak direla, askotariko estilotakoak, baina betiere espazioarekin noizbait harremandu direnak. Horrez gain, Katakraki ereserkia sortu zaio: atzerriko bi abestiren melodiak moldatuta, euskaraz bata, gazteleraz bestea.
Publikatu aurretik oholtzara eraman dituzte abestiak Ibil Bedik, Raimundo el Canasterok eta J Martinak. Hurrenez hurren, hauek dira abestiak: Anelidoak –Rosa Luxemburgoren Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti liburua oinarri–, Madero –Mark Neocleousen Maderos, chusma y orden social– eta Zer egin behar dut orain? –Nanni Balestriniren Dena-dena nahi dugu–.
Ibil Bedirenarekin batera, argia ikusten lehenbiziko kantua Los Chikos del Maíz valentziarrena izan zen: 1520 Sedwick Avenue abestia, Dave Randallen Sound System. El poder político de la música liburutik sortua.
Estiloz aldatu eta krakatekoa eragiteko, hor datoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots, haur-koro batekin, Noren etsaiak gara? ozen kantatzera –Haurrek hitza liburua hautatu dute, Lidia Txukovskaiarena–. Eta Joseba Tapia jarraian, hainbat musikarik lagunduta, Manuel Tiagoren Bost egun, bost gau liburua besapean.
Chill Mafiak, Mursego eta Triggerrekin batera, Michael Kohlhass abestia grabatu du, eta Fermin Muguruzak, bestalde, beste hainbat musikariren laguntzaz eta Angela Davisen Emakumeak, kultura, politika saiakera liburua leituta, Artea fronteko lehen lerroan abestia grabatu du. Eta azkenik, musika elektronikoaren zaletuentzat, hor tartean dira DJ Reimy eta Nakar.
Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.
-Kax, kax, kax.
-Aurrera!
Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.
Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]
Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]
Ikasturte hau, zalantzarik gabe, ekitaldi handien ikasturtea izan da. Horrek hainbat hausnarketa eragin ditu kalean, eragile sozialetan zein sareetan. Eragin baino gehiago, azaleratu; egon bazeudelako lehenago ere. Esan beharrik ez dago: aisialdia ez da erantzukizun politikotik... [+]
Maiatzean Korsikan egon nintzen topaketa batean, hezkuntza artistikoa eta hizkuntzen irakaskuntza aipagai, gure antzerki taldean hezkuntza eta antzerkia anai-arreba bikiak baitira ekinean. Ikastaroan, luzaz mintzatu ginen linguista batekin, etorkinei frantsesa eta ingelesa... [+]
“Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.
Badira ibilbide literario oso bat justifikatzen duten poemak. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua da horietako bat. 1960ko hamarkadako euskal kultura berriaren funtsezko testuetako bat izateaz gain, hil berri den pentsalariaren gaztetako lan horri erreparatuta, gero jorratuko... [+]
"2000. urteko San Joan egunez, aspaldiko urteko jende multzorik handiena bildu zen Andoaingo Goikoplazan, hamabiak jotzearekin batera dantzarako prest. Lehenengo aldiz gizon eta emakumez osatuta zegoen axeri-dantzarien taldea zen". Hitz horiekin ireki zuen "Emakumeak... [+]
Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]
Kooperatiben mugimenduak euskal nortasunaren sakoneko afektu bat esnatzen du gehienetan. Kontzeptuarekiko gertutasun, harrotasun, lurraldetasun bat. Eta bizirik dabil, kooperatibek gaurkotasun handia irabazi dutelako, ez da iraganeko historiako ekimen euskaldun bat... [+]
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Elkar, 2024
------------------------------------------------------------------
Helduentzat bigarren liburua du Karmele Mitxelenak. Lehenengoa ipuin liburua izan zen, eta honetan ere nabari zaio ipuingile eskua; izan ere,... [+]