Ekologismotik ere, Denon Bizitzak Erdigunean

Euskal Herri osoa "Denon Bizitzak Erdigunean" lelopean greba orokorra egitera dago deitua. Lelo horrek daukan indarra azpimarratu nahiko genuke oraingoan. Izan ere, bizitzaren beraren aldarrikapena da eta horregatik da hain beharrezkoa. Mugimendu feministak, grebara deitzeko, zaintza lanetan egin du indarra batez ere. Baina deialdiaren mamiak askoz haratago joateko indarra dauka. Gizakiona ez besterik, planetako izaki bizidun guztien bizitzak erdigunean jartzeak gizartearen maila guztietan aldaketak emateko beharra dagoela ikustarazten du. Jada ez gara ari bakarrik gure ume edo aitona-amonez edo horiek zaintzen dituzten pertsonek pairatzen dituzten egoerez, baizik eta hori gertatzea baimendu duen egoeraz beraz.

Esan genezake zaintzaren krisia eta krisi klimatikoa sorrarazi dituzten faktoreak berberak direla. Gaur egun bizi garen gizarte kapitalista, kontsumista eta heteropatriarkal honek ekonomia, politika eta kultura ulertzeko modu bat sortu du zeinak bizkarra ematen dion (eta guztiz ikusezin egiten duen) gizakiok gure artean eta naturarekiko dugun kodependentziari eta interdependentziari. Hori lurraren baliabide naturalen ustiaketan eta "behe mailakoak" kontsideratzen dituen bizitzen bortxaketan dago oinarrituta.

Gizarte kristauek zapaltzen duten lurra ikusten dute izerdi, odol eta sufrimenduz landu (bortxatu) beharreko zeozer bezala

Hain ondorio latzak dituen ikuspegi hori gizakion historian nahiko berria dela esan daiteke, ordea, eta eurozentrista, Yayo Herrerok iazko ekotopaketetan azaldu zuen legez. Gauzak ulertzeko modu hori desnaturalizatuz gero, beraz, ikusiko dugu alda daitekeela, ez dela absolutua, ez dela ez normala ez betierekoa.

Gizarte guztiek ez dute izan eta ez daukate planeta ulertzeko eta harekin harremantzeko modu berdina. Kristautasunaren ondorioz, Europako zenbait gizartetan Lurraren irudi jakin bat zabaldu zen: lurra zapaldu egiten da, eta izerdi, odol eta sufrimenduz landu (bortxatu) beharra dago, bertatik bizitzarako beharrezko baliabideak lortzeko helburuz. Lurra zigor-eremu bat da gizakiarentzat, paradisu perfektutik kanporatu osteko betirako zigorra. Beste gizarte batzuetan, ordea, Lurreko landare-animaliak jainkoen opari gisa ulertzen dituzte, eta, trukean, esker onak emateko, "oparitutako" bizitza horiek zaindu eta behar dutenetan errespetuz hartzen dituzte. Gurean arakatuz gero ere, ikus daiteke Lurrarekiko harreman ezberdina zutela gure arbasoek. Ikuspegi ezberdin eta kontrajarriak dira. Bata kolonialismoaren eta sarraskien eraginez zabaldu zen mundu mailan, eta Lurra suntsitzen ari da. Bestea mugimendu feministak aldarrikatzen duen ideietatik hurbilago dago: denon bizitzak erdigunean egon behar dira.

Egoera iraultzeko modu eraginkorra proposatzen digu etengabe mugimendu feministaren hausnarketak eta ekinak: bizia jokoan dago, kapitalaren logika ekuaziotik baztertu egin behar da. Greba hau biziaren logika defendatzea delako, eta ezin dugulako salaketa hutsean geratu, gu azaroak 30ean bagoaz grebara. Badira bizitzarekin modu justu eta parekideagoan harremantzeko moduak. Etsipen gutxiago eta borroka gehiago!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude