Lata-baloia

Freepik / @Amitkumarsimanto38
Freepik / @Amitkumarsimanto38

Gerra, antza denez, bukatua zen, indarkeriaren muturrik latzenetara iritsi ondoren. Labur esateko, puntu gorenera iritsi zen, eta han ari ziren soldaduak beren gauzak gordetzen eta beren ekipoak jasotzen, nekatuta, leher eginda eta hustuta, beraien energia guztia batailan eman ondoren. Dena beren poltsetan eta ibilgailuetan sartzen ari ziren beraz, kontu handirik gabe. Baziren tropak garraiatzeko ibilgailuak, beste batzuk ekipo militarrak eramateko erabiltzen ziren, bala-kaxentzako eta granadentzako, tankeak garraiatzeko, eta janari-latentzako, batzuk iraungipen-data pasata. Begiak ikusi zezakeeneraino behintzat, horiek ziren kalterik gabe biziraun zuten gauza bakarrak. Inguru guztiko eraikinak, aldiz, bonbardatuak izan ziren eta orain zulo desordenatuz beterik zeuden, haien koskorrak kaleetan eta espaloietan eroriak, eta pinturak, fatxadetatik eta barruko hormetatik askatuta, oraindik altzariak inguratzen zituen, bonbardaketatik ihes egin zutenek ezin izan baitzituzten aldean eraman. Ez ziren hain erraz ikusten leku hartan barreiatutako adin guztietako gorpuak. Edo, zehatzago agian, ikusezin mantendu behar zuten. Aldiz, haien kopurura mugatu behar zen arreta eta, behar bezainbeste denbora izanez gero, posible izango zen haien izenak eta adinak aipatzea, gero haien heriotzen inguruabarrak, tartean esplikatuz zertan ari ziren hil zituzten instantean, eta zer ezingo zuten inoiz gehiago egin. Baina hori lan neketsua izango zen. Izan ere, ia ezinezkoa izango zen informazio hura guztia biltzea zeina, itxura guztien arabera, aukerarik txikiena edukitzean ahaztuko zen ziur aski, eragin zezakeen sinpatia eta, are, tristezia handia gorabehera. Hemen ez da horrelako ezer egingo dena den, eta hartara deuseztatuko da testu hau propaganda politiko gisa irakurria izateko aukera, horrek zenbait irakurleren haserrea eragingo bailuke, partikularki klase ertain intelektualekoen artean. Edozein modutan, gorpu horiek, norbaitentzat esanahiren bat izatekotan, haien jabe zirenez gain, noski, izango zen haiengandik hurbil zeuden horientzat, agian baita haien hiltzaileentzat ere. Ez orain, baina bai geroago. Segur aski hemendik urte askora, zeren orain hiltzaile horiek nekatuta daude, leher eginda, akituta, eta oraindik geratzen zaien energia erabiltzen ari dira beraien gauzak eta ekipoa jasotzen, guda-zelai hau abandonatu eta euren etxeetara itzultzeko atzerapenik gabe. Beraz, kalterik jasan ez duen edo erabilia izan ez den guztia bildu behar dute, eta beraien ekipoko poltsetan edo dagokion ibilgailuan jarri. Eta biziraun ez duen guztia edo erabilia izan dena, zabor-poltsa erraldoietan jaso behar dute, eta horretan ari direnean ez dute jartzen beraien gauzak eta ekipoa jasotzean bezalako arretarik. Hala ere, azkenik lekutuko direnean, zerbait utziko dute atzean, eta ez bakarrik zabor-poltsak. Bitartean, urrunean entzungo dira ahotsak aldarrikatuz azkenean maitasuna eta bakea izango direla garaile, eta ekipo medikuak hara sartzeko prestatuko dira, atzetik nazioarteko prentsa dutela, laguntza humanitarioaren konboiak eta giza-eskubideen aldeko erakundeak, eta haien atzetik arrapaladan, ume talde bihurri eta zoko-miatzaile bat. Sartu bezain pronto, talde bakoitzak bilatuko du leku horretan bere interesekoa izan daitekeen edozer. Ez zaio denbora gehiegi eskaini behar interes horiei, aski ezagunak baitira. Hortaz, testuak zuzenean jarriko du arreta zoko-miran eta bihurrikeriatan ari den ume taldean, zeina oraingoan osatzen duten Mohammadek, Mounirak, Moneimek, Mazenek, Maysoonek, Mukhlesek eta Mayak, zeintzuen izen guztiak, kointzidentzia hutsez, M letraz hasten baitira. Horretaz aparte, eta aurrekari ekonomiko eta sozial ugaritako familietan jaio ziren arren, funtsezko beste zerbait dute amankomunean: pobrezia. Mounira zen zaharrena, baina Mohammad zen indartsuena, eta biak ziren taldeko aitzindari ia abandonatutako guda-zelaia zeharkatzen zutelarik, Maya, gazteena eta txikiena, beti atzealdean zutela.

Adin eta tamaina bakoitzak dauzka bere abantailak eta desabantailak, baina Mayak une hartan alde txarrak bakarrik bizi zituen. Taldeko beste kideek soldaduen zaborretan gauza zoragarri, bitxi eta baliotsuak arakatzen zituzten bitartean, berak aurkitzen zituen gauzak, sardina-lata hutsak eta bala-azalak adibidez, edonolakoak ziren eta ez zitzaizkion inori inporta. Biltzen jarraitu zuen hala ere, horietako bat boteaz hobeto zegoen beste bat aurkitzen zuen aldiro, distiratsuenak eta mailatuegi ez zeudenak gordez, azkenean aurkitu zuen arte sardina-lata bat estalkia pixka bat bakarrik altxata zeukana, erabat hutsik zegoen arren. Eta Maya berehala hasi zen hura betetzen bildu eta gorde zituen bala-azal txikiekin. Astiro eta kontu handiz, banaka-banaka ahokatu zituen, lata bala-azalez bete zen arte, zabalerantz pilatuta, sardinak normalean ipintzen diren erarekiko angelu zuzenean. Gero, bat-batean, sorpresazko eta miresmenezko oihuak entzun ziren aurreko taldetik, eta korrika hasi ziren, eta Mayak atzetik segi zien, ideiarik ez zeukan arren zergatik, baina egoera hartan bera ere, besteak bezala, instintuak gidatzen zuen beti elkarren ondoan egotera ahal bezainbeste.

Denek egin zuten korri eraikinik eta jenderik gabeko gune bateraino, non jolastu ohi zuten bake-garaietan. Mounira eseri egin zen eta Mohammadek gauza bera egin zuen, beste guztiak inguruan bildu ziren bitartean. Isiltasuna nagusi zela, Mounirak bere alkandoraren azpitik disko formako metalezko lata atera zuen. Zerbait zeukan idatzia, haietako inork deszifratu ezin zuena, baina azpiko irudiarengatik bazekiten zehazki zer zen. Kolore berde itzaliko pepinoen irudi bat. Mounira borrokan hasi zen lata irekitzeko eta bitartean Mohammadek hori egiteko argibideak eman zizkion, baina berehala sartu zen tartean, lata haren eskuetatik erauziz. Horrek ez zuen esan nahi Mounirak lataren kontrola galdu zuenik. Inola ere ez. Bitartean, lerdea pilatzen hasia zen estututako ahoetan, presan gordetako masa hura atzera irensten zuten arnasa hartzeko goregi iristen zenean. Egiazki, beraiek ez zuten uste ume izugarri pobreak zirenik, baina latako pepinotxoak gauza bitxia ziren beraien erosketako saskian edo, are, beraien eguneroko bizitzako paisaian. Batzuetan ezkonberrien hozkailuetan ikusten zituzten, edo bazkari edo afariren batean. Baina horrela aurkitzea, jolasten ari ziren bitartean, hori pentsaezina zen. Kontua orain zera zen, ea zenbat pepinotxo zeuden latan, eta zenbat hartuko zituen bakoitzak. Gutxienez zazpi egongo ziren. Agian hamar. Eta denentzat onargarria izango zen Mounirak eta Mohammadek, lata aurkitu zutenek, gehienak eta handienak beraientzat hartzea, behin gainontzeko guztiak denen artean berdin banatu ondoren, eta pepinotxo txikiena Mayarentzat izatea. Haren gorputzak, txikiena eta gazteena izaki, ez zituen benetan hainbeste behar. Pentsamendu, burutazio eta irudikapen horiek bete zituzten buru txikiok, lata, azkenik, ireki zen arte. Hasieran tintin-hots bat, irekitzean egin zuen soinua metal urratuaren kraska bihurtu zen, eta ozpin-zukuaren urrina denen sudurzuloetara iritsi zen, geroz eta usaintsuago bilakatuz lata Mohammad eta Mouniraren artean pasatzen zen bitartean. Prozesu hura ez zen hainbeste lata elkarri pasatzea, gogoz kontra harengandik bereiztea baizik, azkenean Mohammaden eskuetan bermatu zen arte, Mounirak haren edukia ateratzen segi zuen bitartean. Pepinotxoak banaka esleitu zitzaizkien aurrena Maysooni, gero Mazeni, gero Mukhlesi, gero Moneimi eta, azkenik, Mayari. Eta egia esateko, ikuskapen eta azterketa askoren ondoren, ez zirudien diferentzia handirik zegoenik tamainan. Mohammadek eta Mounirak latari eta haren barruan gera zitekeen zernahiri eutsita jarraitu zuten, eta denak hasi ziren beren partea irensten. Eta gehienek beren pepinotxoak bukatu zituzten ahalik eta mantsoen jaten saiatu arren, baina Mohammadek eta Mounirak ez. Beraz, erreguzko murmurioak entzuten hasi ziren, batari edo besteari koska bat eskatzen, txiki bat bakarrik, eta Mohammad eta Mounira errieta egiten erreguka ari zirenei, baina hala ere, mokadutxo ñimiñoak ematen, taldeak latako pepinotxo guztiak bukatu zituen arte, zukua bakarrik utziz. Beraz, hura edaten hasi ziren, bakoitza zegokion txandan, eta inork ez zuen edaten besteek baino gehiago, eta baten batek halakorik eginez gero, Moneimen kasuan bezala, orduan Mounirak lata kenduko zion. Merezita!, esan genuen.

Gero, Maya alde batera utzita, hiru laguneko bi taldetan bereizi ziren eta lata ostikatzen hasi ziren alde batetik bestera. Eta lata urrunegi botatzen zuten aldiro, Maya, bazter batean baitzegoen, gazteegi eta txikiegi futbolean nola jokatzen den jakiteko, korrika joango zen haren bila.

Benetan egun ederra izan zen, haietako inork inoiz erraz ahaztuko ez zuena. Zoriontsu ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-05-19 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Lekukotasuna

Non dago auzoa lekututa? Galdetzen du irudiak. Gure testuinguru eraikiak hartu duen deribagatik, irudian ikusten duguna aldirietako auzo berri bat izan ezean, kasu gehienetan ez dugu irudian identifikagarritzat jo dezakegun ezer topatuko. Tranpa batean sartu gaitu, erantzuna... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Eguneraketa berriak daude