Frantzia-Israel harreman estua: historian sustraiturikoa eta gaur egun berretsia

  • Gazan gertatzen ari den sarraskiari so egiterakoan, Frantziako Estatuaren kokapen politikoak arreta sortzen du, eragin dezakeelako Israelengan. Paris ez da Washington, baina harreman estua dauka Tel-Avivekin. Aspalditik, oinarritik eta erran dezagun premisatik: sekretupeko Sykes-Picot hitzarmena hor dago, Frantziak eta Erresuma batuak 1916an izenpeturikoa eta Ekialde Hurbilaren banaketa koloniala adostu zuena. Urriaren 7az geroztik Parisek egindako adierazpenen eta ekimenen kontakizuna da hau, beti ere 1948az geroztik ukandako jarrera politikoari begira jarriz.

Kasik erran dezakegu ohikoak direla Benjamin Netanyahuk Frantziari egindako bisitak. Lehena 1997an izan zen eta ondotik etorriko ziren beste batzuk: 2012, 2015, 2017, 2018 eta azkenik, aurtengo otsailean.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Argazki ezohikoa genuen urriaren 12an Parisen: Frantziako Legebiltzarreko eta Senatuko presidenteen deiari erantzunez, antisemitismoaren aurka batu ziren 105.000 herritar hiriburuan –185.000 ziren Frantziako Estatuko martxa guztiak baturik–. Urriaren 7az geroztik eraso antisemitak emendaturik, "balore errepublikarrak" lehen lerroan jarri eta "batasunetik" erantzutea zuten xede. Oinarrian ekimena ohoragarria bada ere, eztabaida piztu du.

Hasteko, aspalditik delako giro islamofoboa Frantzian, helburu elektoralistei segi botoak irabazteko bide emankor ere bihurturik denean. Direla meskiten kontrako erasoak, Palestinaren aldeko ekimenen aurkako eskuin-muturrekoen erasoak edota prefetaren debekatzeak, ala eguneroko irainak, islamofobiak gora egin du urriaren 7az geroztik, baina, salbuespenak salbuespen, ez du antisemitismoak duen arreta mediatikoa lortzen. Gainera, polemika areagotu du eskuin-muturra martxan egoteak. Hor zeuden ordezkari xenofobo ezagunenak: behin baino gehiagotan jarrera antisemitagatik epaituriko Fronte Nazionaleko (gaur egun RN Batasun Nazionala deiturikoa) Marine Le Pen eta Jordan Bardella, Reconquete alderdiko Marion Marechal eta Eric Zemmour –azken hori “musulmanen gehiegizko migrazioa” salatzera etorri zen martxara–. Eskuin-muturraren presentzia gogorki kritikatu arren, bertan egoteko hautua lehenetsi zuten ezkerreko alderdi gehienek, hori bai, sinbolikoki eta politikoki “osasun-hesi” bat osatuz bien artean.

Palestinaren aldeko bandera lau haizetara zabalduz, beste behin milioika lagunek karrikak hartzen zituztela, Parisen Israelen (eta Frantziaren) banderak ziren nagusi. Irudi hori utzi zion beraz Frantziak nazioarteari –eta Israeli–. Zeinek eta Palestinaren aldeko manifestazioak debekatzen dituen horrek berak. Baina kontuz: gobernuko ordezkariek argi utzi zuten Israel-Palestina ez zela manifestazioaren gaia. Bai, aitortu beharra dago ariketa zaila dela martxari begiratzerakoan munduko geopolitika kontuan ez hartzea, eta jakin nahiko nuke martxarena nola irakurria izan den nazioartean.

Israelek eskertu zuen. Frantziako LCI telebista mainstream-eko gomita ere zen egun horretan Isaac Herzog Israelgo presidentea. Antisemitismoaren aurkako martxaz zer zioen galdetu eta ondokoa erantzun zion: “Bataclan-eko gertakaritik [2015eko azaroaren 13ko Daeshen atentatua Pariseko Bataclan kontzertu gelan] zazpi urte pasa dira. Gaitzaren zikloak ez dauka bukaerarik. Urriaren 7ko gertakari izugarria Bataclaneko sarraskiaren agerpen berri bat dugu, gaitzaren indarrak bideraturikoa. Daesh, Hamas eta Al-Qaeda dira gaitzaren indarrak. Afera ez da Israel-Hamas. Bi kulturen talka dago, herraren kulturaren eta nazioen zibilizazioen alde doan kulturaren artekoa. [Mahaipetik liburu bat atera eta] Liburu hau, Hitlerren Mein Kampf, Gaza iparraldean, Hamasen  gune bihurturiko ume baten logelan atzeman dugu. Azken egunetan hildako Hamaseko terrorista baten poltsikoan zegoen. Horretan gaude. Borrokatu behar gara, pentsatu gabe, ezin onartua dugulako”. Erantzuna onargarria irudituko zitzaion, inolako oharrik edo ñabardurarik gabe ondoko galderara salto egin zuen kazetariari. Horretan gara, eta egun batez aztertu beharko dugu Gazako sarraskiari buruz komunikabideek egindako hitz, tonu, irudi, galdera eta gadekatuen hautaketa –hots, propaganda–.

Israeli babesa, baina herri arabiarrak gaitzitu gabe

Urriaren 7az geroztik Frantziako Estatuaren postura argia da: Israelek "zilegizko defenditzeko eskubidea" du eta "terroristen kontrako borrokan" erabat babesten du. Emmanuel Macron Tel-Aviven egon zen urriaren 24an. Orduan bota zuen ordura arte inork aipatu ez zuen proposamena: Daeshen aurkako nazioarteko koalizioa Hamasen aurka ere aritzea. Hortik Zisjordaniara joan eta Mahmud Abbas Palestinako presidentearekin elkartu zen –urriaren 7az geroztik Abbasekin elkarturiko bigarren estatuburua izan zen, Herbehereetakoaren ondotik–. Gazako zibilen sufrikarioa "justifika ezina" zela ohartarazirik, Frantziaren postura politikoa berretsi zion, hots, bi estatuko soluzioarena. Baina Israelgo lehen ministroarekin izandako hitzordua izan zen egun horretatik nagusitu zena. Azkenean, hori da Macronen gobernuaren postura: Israelen –hots, AEBren– gibelean itsuki lerrokatu, baina azken hamarkadetan Frantziari lotu ohi zitzaion kokapen politikoari bizkarra erabat erakutsi gabe.

2019an urrunago joan zen Emmanuel Macron, antisionismoa antisemitismoaren
barnean jartzen duen
ebazpena bozkatuz

Pentsa, azaroaren 10ean BBC telebistari egindako elkarrizketaren ondotik Israelgo presidenteari deitu zion, sostengua berresteko. "Su-etena" eta "pausa humanitarioa" eskatzeaz gain, Israelek zibilak "arrazoirik eta zilegitasunik gabe" hiltzea kritikaturik, Herzog eta bere lagunak gogorki kexarazi zituen. "Israelek defenditzeko duen eskubidea" berresteko deitu behar izan zion eta horrela laburbildu zuen Herzogek solasaldia: "Erran dit ez diola Israeli leporatzen zibilei nahitara min egitea". Hortik bost egunetara, berriz kritikatu ditu zibilen aurkako erasoak. Horrela dabil Macron, erdipurdi, baina fermuki Israelen gibeletik.
Israelekiko lerrokatze hori Nicolas Sarkozyren presidentetzatik du Frantziak hain argia eta asumitua. Palestinaren eta Israelen arteko gatazka ere "[palestinarren] terrorismoaren aurkako borroka" izatera pasa da denborarekin. Macron urrunago joan zen 2019an, antisionismoa antisemitismoaren barnean jartzen zuen ebazpena bozkatuz. Judu batzuen desadostasuna eragin zuen urratsak: mundu mailako 127 judu intelektual ezagunek eskatu zieten parlamentariei antisionismoa antisemitismoari asimilatzeko urratsa ez onartzea. Orain, antisionismoa zigortzeko lege proposamena aurkeztu berri dute hamasei senatari eskuindarrek.

Urratsez urrats, Frantziak erabat galdu du aitzineko hamarkadetan berreskuratzea lortu zuen herri arabiarren sinpatia. Charles De Gaulle izan zen hartu-emanak lasaitzea lortu zuen Frantziako presidentea. Nagusiki, independentzia onartu ziolako Aljeriari, 1954tik 1962ra arte iraun zuen gerra odoltsuari bukaera emanez. Horrez gain, 1967an Sei Eguneko Gerra abiarazi zuen Israelen erasoa gogorki kritikatu zuelako ere –"Orain, Israel dabil harturiko lurraldeak okupatzen, eta hori ez doa zapalkuntzarik, errepresiorik eta kanporaketarik gabe. Terrorismotzat daukan erresistentzia dauka parean" esaldia ezaguna da, 1967ko azaroaren 27ko prentsaurrekoan errandakoa–. Orduz geroztik, mantendu zen Israelekiko “lerrokatze-ezaren printzipioa”. Sarkozy arte.

Suezko Krisialdia: eskuz esku lubakian

1948-1967 urteak, haatik, Israel eta Frantziaren arteko harremanen "urrezko urteak" izan ziren. Bigarren Mundu Gerrako Holokaustoa gogoan, Israelen izaera aitortu eta babes osoa bideratu zion Frantziak. Hori nahikoa ez eta 1956an Sinaiko Gerran elkarren ondoan aritu ziren Israel, Frantzia eta Erresuma Batuak, Egipto bonbardatzen, Gamal Abdel Nasser egiptoar anti-inperialista sozialistaren Suezko kanalaren nazionalizazioa ez zutelako onartzen. Urte horretako uztailaren 22an Paris ondoko Sevres hirian elkartu ziren –gordezka– erasoa adosteko. Frantzia eta Erresuma Batuarentzat porrota izan bazen ere, Israel burua zut atera zen, munduari bere indar militarra argiki erakutsirik. Funtsean, Frantziako Ministroen Kontseiluko presidente Guy Molletek errana da: "Puntu positibo bakarra da Israel salbatu dugula". Azkenik, ez dezagun ahantzi oinarria, Frantziak eta Erresuma Batuak 1916ko maiatzaren 16an sekretupean izenpetu Sykes-Picot hitzarmena: Ekialde Hurbilaren banaketa koloniala adostu zuten, herri arabiarrei egindako independentzia promesaren gainetik pasaz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Hamaika mobilizazio gastu militarraren aurka eta Palestina zein Irango herritarren alde

Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.


2025-06-25 | Rafael Poch | CTXT
Mendebaldea bere mundu-gerra eskalatzen ari da

Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


2025-06-19 | Axier Lopez
Banco Santanderrek armagintzan eta genozidioan duen parte-hartzea salatzeko ekintza egin dute Azpeitian

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Israelen okupazioaren konplizeak
Apartheid isilaren geltokiak

Mundu guztia Gazari begira ari da orain. Baina Palestina ez da lur hori bakarrik. Bada beste lurralde bat, izen bera duena, ostutako lurren atzean, moztutako gorputz adarra nola begiratzen diona galdutako lurrari: Zisjordania, eta, egoera are bereziagoan, Jerusalem. Lurralde... [+]


2025-06-18 | Mati Iturralde
Gizatasunaren amaiera

Duela urtebete, toki honetan bertan, existitzen ez zen herri bati buruz idatzi nuen, eta existitzen ez den herri horrek Palestinako genozidioa geldiarazten lagunduko zuela amestu nuen. Argi dago ez dugula lortu. Urtebete geroago, oraindik ere, haurren hilketa masiboak eta herri... [+]


Gazara Martxako Euskal Herriko ordezkaritzaren komunikatua Egiptotik
Okupazioa dagoen bitartean, erresistentzia egongo da

Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.

Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]


Egiptok Gazarako martxaren aurkako errepresioa gogortu du, ekimena amaitutzat eman badute ere

Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]


Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


Gazara martxak bere helburua mantentzen du Egiptoko Gobernuaren errepresioaren gainetik

Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.


Eguneraketa berriak daude