Aditu andanaren arabera, historiak eman duen emakumezko aktore estatubatuarrik onena da Katharine-Houghton Hepburn (1907-2003). Erreparatu palmaresari: emakumezko antzezle onenaren lau Oscar sari jaso duen emakume bakarra da. Lautik hiru, gainera, 60 urtetik gora zituenean jaso zituen. Kontu bitxia Hollywoodeko izar sistemaren eta emakume aktoreen harreman matxista aintzat hartuta, emakumezko antzezleen ibilbidea goiz mozten baitute, emakumeen "zahartze onartezinaren" ondorioz.
Aktore lan laudatu horrez gainera, bere jarrera inkonformistagatik ere nabarmendu zen Hepburn, 1930eko hamarkadako zinema irauli baitzuen bere nortasun independente, liberal eta feminista tarteko. Irlandar jatorriko Spencer Tracy aktorearen bikotekidea izan zen, hala zinean, nola maitasunean. Bien arteko aferak 27 urte iraun zituen, Tracyren alkoholismoa eta sinesmen katolikoak gorabehera.
Iragan ekainaren 29an, Hepburnen heriotzaren 20. urteurrena bete zen. Aitzakia egokia guretzat, Hollywooden urrezko garaiko balio tradizional eta heteropatriarkalak hankaz gora jartzeko ausardia eta inteligentzia erakutsi zuen aktorearen nortasunean eta ibilbidean murgiltzeko.
Broadway-ko antzokietan ibilbide oparoa egin ondotik iritsi zen Los Angeles hiriko ametsen barrutira, Hollywoodera. Ailegatu bezain pronto, sasoiko zutabegile entzutetsu batek sekulakoak bota zituen haren inguruan: “Katharine Hepburn izeneko tifoi argal, pekatsu eta harroak Hollywood kolpatu du, arau guztiak hautsi ditu, desatsegina da, eta ez du laguntzeko jarrerarik erakusten. Prentsa gutxiesten du, eta inozokeriekin erantzuten dio. Argazkietan makillajerik gabe ateratzen da, bere orezta guztiekin, eta okerrena, gizonak bezala janzten da”.
Ondorioz, pertsona bitxitzat hartu zuten zinearen negozioan, besteak beste, garaiko emakume aktore ilehorien xarma bere presentzia hutsaren bidez ezereztatzen baitzuen. Begirada kritiko eta iraultzailea bere jardun osora hedatu zuen. Esaterako, ez zuen agenterik izan, eta hori dela eta, berak negoziatzen zituen kontratuak estudioekin. Publizistekin ere ika-mikaka aritzen zen, betiere, bere defentsan, bere bizitza pribatua babesteko asmotan.
Jarrera ironiko eta adimentsu hori gurasoengandik jaso zuen –ama, Katharine Martha Houghton Hepburn, lider sufragista ezaguna zen–, eta bere filmetan erakusteko aukera izan zuen. Hartara, Hepburn modernitatearen ikur bihurtu zen Hollywood zaharrean. George Cuckor zuzendariak honela esan zuen: “Hepburnek ez zuen antzekotasunik 1930eko urteekin, bere figura propioa zuen, eta geroagoko emakumeak bera imitatzen hasi ziren. Hamarkada horrek, gero, bere antza hartu zuen”.
Leopardoa
Cuckorrekin egin zuen lehen filma, A Bill of Divorcement (1932). Zinegilearen eta aktorearen arteko harreman estuak zortzi film gehiago iraun zituen. Urtebete geroago, bere lehen Oscar saria jaso zuen Morning Glory (Lowell Sherman zuzendariarena) filmean egindako lanagatik. Hala, aktore "hezigaitzak" RKO estudioa konkistatu zuen lau urteko epe eskasean.
Arrakasta horren ondorioz, hainbat filmetan agertu zen, tartean, gaur egun screwball generoko komedia zoroen ikono bihurtu den maisulanean, hain zuzen, Howard Hawksek 1938an maisuki zuzendutako Bringing Up Baby filmean. Hepburnek eta Cary Grantek osatutako bikotearen antzezpena aparta eta gogoangarria da, eta kontakizuna erritmo zorabiagarriaz katramilatzen da, Dudley Nichols eta Hagar Wilde gidoilariek egindako lanari esker. Leopardoaren agerpenak, kasik surrealistak, zinezale guztien memorian iltzatu dira; Hepburnek hain justu, ezbehar bat baino gehiago izan zuen animaliarekin filmaren grabaketan. “Nik ez neukan adimen nahikorik, eta hainbat eszena egin nituen piztia aske zegoela”.
Hawksen lana ere azpimarragarria da, gag barregarriak abiadura frenetikoz filmatzeko erakutsi zuen maisutasunagatik. Ez zen askoren gustukoa izan: Bringing Up Baby filmak diru gutxi jaso zuen, ikus-entzuleen harrera txarragatik.
Pozoia
1930eko hamarkada amaitzear zegoela, Hepburn “leihatilarako pozoia” izendatu zuten negozio gizonek. Horrekin batera, ez zuten aktorearen nortasun menderaezina jasaten. Egoera lazgarri horren aurrean, RKOren kontratua txikitu eta Broadwayra itzuli zen. Arrakasta lortu zuen The Philadelphia Story antzezlanarekin. Sasoi hartan Howard Hughes ekoizle xelebre eta diruduna zuen bikotekide, eta hura konbentzitu zuen obraren zinerako eskubideak eskuratzeko. Bere konfiantzazko zinegile George Cuckorrengan jo zuen Hepburnek, eta 1940an The Philadelphia Story estreinatu zuten, James Stewarten eta, berriro ere, Cary Granten partaidetzarekin. Filmak marka guztiak hautsi zituen, eta Hollywoodek Hepburn onartu behar izan zuen behin betirako.
Komedia zehatz eta arbia da, zeinak prentsa, aberats berriak eta itxura sozialak zirikatzen dituen ironiaz. Filmaren harira, Peter Bogdanovich zine zuzendari eta kritikari estatubatuar itzaltsuaren hitzak aintzat hartzekoak dira: “Hepburn mugatua izan zenaren sentsazio deuseztatzailea dago (...) Jimmy Stewart Hepburnekin agertu zen aldi bakarra da, eta haien arteko kimika maltzurra da ".
Bikotea
1942an, Woman of the Year izenburuko gidoi baten eskubideak erosi zituen Hepburnek, eta gogokoen zuen aktorearekin filmatzea deliberatu zuen. “Kirol kronikari eta zutabegile politiko baten inguruko istorio bat neukan, eta Metro Goldwyn Mayer-eko Louis B. Mayer-i eraman, eta hauxe esan nion: nahi baduzu zuretzat, baina ni izango naiz zutabegilea eta Spencer Tracy kirol-kronikaria izango da”.
27 urteko harreman profesional eta sentimentalaren hazia bilakatu zen filma. Guztira bederatzi lan egin zituzten elkarrekin, eta gehienetan sexuen arteko norgehiagoka jorratzen zuten. “Pantailan ohiko bikote iparramerikarra ordezkatzen genuen: bera indartsua zen, baina sentibera; behartu egiten ninduen, geldiarazi arte. Eta horrela amore ematen genuen, elkar otzandu arte”.
Ez ziren sekula ezkondu: Tracy irlandarra zen, katolikoa, eta ez zuen aurreko emaztearekin dibortziatu nahi. Bi haur zituen, eta emazteari errespetu osoa zor zion. Ez ziren inoiz elkarrekin publikoaren aurrean agertu. “Harreman irekia izan genuen, inoiz ez zidan enbarazurik egin gizon ezkondu batekin bizitzeak. Bai bere emazteak eta bai nik elkarri ez ikusiarena egiten genion”.
1967an filmatu zuten soinez soin filmatu zuten azken obra, arrazarteko harremanen inguruan ardazten den Guess Who's Coming to Dinner (Stanley Kramer-ena) ospetsua. Hepburnek bere bizitzako emaitza komertzial onenak lortu ez ezik, Oscar berri bat ere eskuratu zuen. “Spencer ez zegoen ondo. Stanley Kramer zuzendariak konbentzitu zuen etxetik atera zedin eta bere arazoak ahaztu zitzan. Ez dut inoiz film hori ikusi, ezin dut. Filma bukatu, eta hamazazpi egunera zendu zen Spencer”.
Harrezkeroztik, antzezlan sakonagoak antzeztu zituen Hepburn-ek, eta zahartzaroarekin batera, beste bi Oscar sari jaso zituen: Anthony Harveyk 1968an zuzendutako The Lion in Winter filmean egindako lanagatik, eta Mark Rydellek 1981ean filmatutako On Golden Pond pelikulan burututako antzezpenagatik. Ez zen inoiz Oscarren ekitaldietara agertu, beti bidali zuen norbait sariak jasotzera. Eta bere ohiko ironia erakutsiz, hauxe esan zuen Hollywoodeko estudio handien ordezkari den sarien harira: “Oscarrak oso politak dira, baina ez dira oso lagungarriak arropak garbitzeko, zineko erreginak ere, arropak garbitu eta lehortu behar baititu”.
Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.
Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.
2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]