Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

  • Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala. Hizkuntza politikak mugatzearen ondorioz, izango ditugu orain arte baino udaltzain, ertzain, erizain, administrari euskaldun gutxiago. Euskalgintzaren Kontseiluak manifestaziora deitu du azaroaren 4rako epai bidez zanpatu nahi dituzten hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko.

Uztailean, Usurbilen, UEMAk egindako agerraldia Udal Legearen aurka emandako epaia salatzeko. Argazkia: Andoni Canellada / Foku.
Uztailean, Usurbilen, UEMAk egindako agerraldia Udal Legearen aurka emandako epaia salatzeko. Argazkia: Andoni Canellada / Foku.
Azaroaren 4an, manifestazioa

Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4ko manifestaziora deitu ditu herritarrak Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskarak bat lelopean. 17:00etan abiatuko da Euskaldunatik (Bilbo). Kontseiluak oldarralditzat jo du azkenaldian auzitegietatik heldu den euskararen aurkako sententzia andana. Ez ditu sententzia isolatutzat, eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra salatu du.

Oldarraldi judizial eta politikoak, besteak beste, Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzi du. Epai horrek UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalei eragiten die, euskara hutsean aritzen diren udalei. Mutriku, Getaria eta Aulestiko alkateekin hitz egin dugu. Lasai sumatu ditugu, atzera egiteko asmorik gabe.

[Erreportaje hau egindakoan azken epaiaren berririk ez genuen. Udal Legea euskararen alorrean garatzeko dekretuaren zenbait artikulu bertan behera utzi ditu EAEko Justizia Auzitegi Gorenak. Lotura honetan informazio gehiago].

Aulesti Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean dago. 650 biztanle inguru ditu. Irati Urberuaga bertako alkate (EH Bildu) eta UEMAko zuzendaritzako kidea da. Iraileko jaietan herritarrek egindako elkarretaratzea aipatu digu, pozik. Argazkiak bidaliko dizkigula esan digu, eta azaroaren 4ko manifestaziora deitzeko erabilitako leloa esan digu: Erantzunik gogorrena, euskaraz egitea. 1989an ordenantza bat onartu zuten udalean euskara hutsean aritu ahal izateko, UEMA sortu baino lehen. Aurreko urteetan ere idazkariak aktak euskaraz hartzen zituen. Alegia, euskaraz besterik aritzea naturala zaie. Udal hautetsiak beti izan dira euskaldunak, baita langileak ere. Noiz edo noiz, herritarren batek paperen bat gaztelaniaz emateko eskatu du, ez dakitelako euskaraz edo euskaraz alfabetatuta ez daudelako. Eskatu duenari gaztelaniaz eman zaio. Erakunde publikoekin lan gehiago izan dute: "Garai batean Eusko Jaurlaritzatik gutunak jasotzen genituen gaztelaniaz eta euskaraz bidaltzeko esanez itzultzen genituen. Gaur egun, bi hizkuntzetan jasotzen ditugu". Fiskaltzarekin ere izan zuten afera. Gaztelania hutsez bidali eta euskaraz jaso nahi zuela erantzun zion udalak: "Erantzun ziguten guk euskaraz funtzionatzeko eskubidea geneukan moduan, haiek gaztelaniaz funtzionatzeko eskubidea zutela. Nolabait, gure eskubidea onartu ziguten".

Aitor du Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetuta kezka izan zutela: "Udalean entzun genuen galdera hau: 'Orain zer hasi behar dugu, euskaraz eta gaztelaniaz funtzionatzen herri euskaldun batean?'". Ez, orain arte bezala jarraitzea erabaki dute, euskara hutsean, beti ere eskatzen duenari gaztelaniaz eskainita.

Aulestiarrek herriko jaiak baliatu zituzten manifestaziorako deialdia egiteko. Argazkia: Aulestiko Udalak utzia.



Eskubideen mikroklimak
Haritz Alberdi Getariako (Gipuzkoa) alkatea da, EH Bildukoa. 2.800 biztanle inguru ditu herriak. Aulestiren aldean handia. Dena den, han ere udal hautetsiak eta langileak euskaldunak dira eta euskara hutsean jarduten dute. Alkateak ez daki zein adjektibo erabili haien jarduna definitzeko: "Ez dakit nola esan, euskaraz aritzea arrunta dela, jarduera normalizatua, modu naturalean aritzen garela... Urteak daramatzagu horrela". Udalerri euskaldunak mikroklima interesgarritzat ditu Alberdik. Pertsona guztien eskubideak errespetatzen diren udalerriak dira, bi hizkuntzetan aritzeko gaitasuna dutenez, edozein herritarren hizkuntza eskaerei erantzuteko gai dira: "Beste erakunde batzuek ezin dute. Guk momentuan eta momentu oro errespetatzen ditugu herritarren eskubideak". Oldarraldiaren aurrean kezkatuta dauden galdetu diogu. Ezinegona baino gehiago tristura sortu dio egoerak. Adostasun zabala zegoen tokian, epaileak erabaki politikoetan eragiten ari direla dio. Oztopoak oztopo, udalerri euskaldunek aurrera egingo dutela uste du. Getarian behintzat, orain arte bezala jarraitzeko asmoa dute: "Gure ustez, guk egiten duguna normala da! Hori dena aldatzen hastea litzateke guztiz ezohikoa".

Mutrikun, 2012ko kolpea eta gero berdin segitzen dute
Mutrikun (Gipuzkoa, 5.300 biztanle), 2012an, Madrilgo Gobernuak bi fronte ireki zizkion udalari, hizkuntza kontuengatik eta banderagatik. Udal aktak euskara hutsean bidali zituzten gobernuaren ordezkaritzaordetzara. Erreklamazioa jaso zuten eta eskatu zieten gaztelaniaz ere bidaltzeko. 1982ko legeari helduta, haien argudioak eman zituzten, eta epaia aldekoa izatea lortu zuten. Joseba Palenzuela Mutrikuko oraingo alkatea da eta orduan ere hala zen. Gogoan du nola sentitu ziren: "Erasotuak sentitu ginen, txarrik egin gabe gure burua defendatu behar genuen, diru- eta giza-baliabideak erabili behar izan genituen". 2012ko gertaera hark eragin onik izan du, ordea, herrian. Herritarrek ulertu zuten udalaren aurkako erasoa, herriko komunitatearen kontrakoa ere bazela. Palenzuelak dioenez, orduko hartan herritarren babes zabala jaso zuten eta gaur egun ere giro bera sumatzen du alkateak. Halako sentimendua izatea logikoa iruditzen zaio Palenzuelari, herri euskalduna delako Mutriku. Orain arte bezala funtzionatzen jarraitzea espero du, "euskara gurea delako eta hamarkadetan udalean egin den ahalegin guztiari eustea dagokigulako".

Hizkuntza eskakizunak jomuga
Hizkuntza eskakizunetan murrizketak eskatzen ari dira euskararen aurkako oldarraldi honetan eta langileen eskubideak hitzetik hortzera darabiltzate. Pello Igeregi ELAko euskara arduradunarekin eta Urko Aierbe LABeko euskara idazkariarekin egon gara. Argi dute biek: euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu dira sententzia olde honetan.

Pello Igeregik abiapuntuaz hitz egin nahi du lehenik. Gaur egun, administrazioan, euskaldunen hizkuntza eskubideak dira bermatuta ez daudenak, ez herritarrenak, ezta zerbitzu publikoetako langileenak ere. Sektore publikoan aritzeko nahi eta nahi ez gaztelania jakin behar da, "inposaketa hori naturaltzat dute, baina inposaketatzat dute euskararen aldeko edozein neurri. Espainiak argi dauka gaztelania inposatu nahi duela. Horregatik, edozein normalizazio-pauso geldiarazteko neurriak eta epaiak jasaten ari gara". Oldarraldi politiko-judiziala antolatua dela uste du Igeregik. Urko Aierberen ustez, epaitegiak aparatu judiziala baliatuz hizkuntza politiketan inboluzio bat ari dira eragiten, dagozkien eskumenetatik harago euskararen aldeko neurriei mugak jartzen ari dira. Oldarraldia elikatzen ari dira sindikatu batzuk, norbanakoak eta alderdi politiko batzuk. Oldarraldiari marko bat ari dira eskaintzen. Gertakarien aurrean kezka agertu du Aierbek: "Ez da epe motzeko kontua edo lan deialdi batean gertatutako zerbait, datozen urte luzeetarako hizkuntza politika jakin bat finkatzen ari dira. Euskalduntzea une kritikoan dago eta euskaltzaleon erantzuna ezinbestekoa da horri aurre egiteko".

Bi sindikatuk, CCOO eta UGTk, hizkuntza eskakizunen bidez langileen eskubideak urratzen direla diote. Eskubideen alorrean diskurtsoa irauli dutela uste du Aierbek: "Langile zehatz batzuen ustezko eskubideak lankideen hizkuntza eskubideen gainetik ari dira jartzen, baita euskaraz artatua izateko eskubidea duen herritar ororen eskubidearen gainetik ere". Beste modu batez esanda, euskara jakin nahi ez duten langileek eskubide gehiago dituztela onartzen ari dira epaitegiak. Igeregik gehitu du ez dagoela eskubide unibertsal bat, zeinak administrazioan lan egiteko aukera ematen duen.

Kontseiluak, Bilbon, uztailean egin zuen agerraldia, manifestaziora deitzeko. Argazkia. Aritz Loiola /Foku.



Langile diskriminatuak?
Administrazioaren euskalduntzea urrunegi joan dela iritzi diotenentzat hizkuntza eskakizunak mugatu behar dira, orain baino gehiago. Euskararen aurkako erasoak mozorrotzeko diskriminazioaz hitz egiten dute. Langile nagusiak, behin behineko behargin urte luzez izan diren eta orain egoera egonkortzeko aukera duten langileak, etorkinak, eta sektore prekarioak dituzte hizpide. Euskararen aurkako eragileon ustez, herritar asko sektore publikoan lan egin ezinda gelditzen da euskara ez dakielako, diskriminatuta. Aierbek diskurtso maltzurra deitu dio horri: "Gizarte sektore ahulenak erabili nahi dituzte euskararen aurka egiteko, bere horretan euskararen aurkakoak balira bezala! Sektore zaurgarri horietako langileek ere, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dute". Diskriminazioaren diskurtsoa eraisteko, Igeregik unibertsitate-ikasketen adibidea jarri du, alegia, medikuak Medikuntza ikasketak eduki behar ditu eta ikasketa horiek ez dauzkan herritarra ez da kontsideratzen sektore publikoan lana egiteko diskriminatu dela. Eta horrela jarraitu du Igeregik: "Euskara ezagutu behar izatea, berriz, beste ezagutza batzuen aldean diskriminazioa da. Harrigarria da adminsitrazioan lan egiteko zenbat ezagutza bermatu behar diren. Espainiako konstituzioaren eta estatuaren inguruko galderak erantzun behar dira oposizioetan. Espainiartasuna inposatzea naturala da, euskara eskatzea ez da naturala". Igeregiren ustez, administrazioan lan egiteko zailtasunak dituzten asko maila sozioekonomiko baxuko herritarrak dira eta ez dira zerbitzu publikoetatik at gelditzen euskaragatik, batik bat goi-mailako ikasketak ez dituztelako baizik.

Euskara ikasteko aukera denen eskura
Ados dira Aierbe eta Igeregi, herritar askorentzat euskara ikastea oztopoz betetako bidea izan ohi da. Bai sektore publikoan lanean ari diren enplegatuei, bai etorkizunean hala izango diren langileei, euskara ikasteko aukera bermatu behar zaiela uste dute, baldintzak egokituz eta baliabideak eskura jarriz. Hari horri tiraka, Aierbek euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatu du.

Zer egin atzerapausoak ez emateko
Zein dira hurrengo pausoak? Nola egin aurre oldarraldi politiko eta judizialari? Aierbek eta Igeregik gogorarazi digute, Kontseiluak, LABek eta ELAk 2022ko irailean EAEko sektore publikoa euskalduntzeko proposamena adostu eta aurkeztu zutela. EAEko administrazio publikoa euskalduntzea arautuko duen dekretuaren inguruko eztabaida giroan ondu zuten hiru eragileek proposamena. Hiru eragileen ustez, oinarrizko proposamen horrek sektore publikoa euskalduntzeko nahikoa oinarri eta neurri sendoak jasotzen ditu. Proposamenak administrazioa euskalduntzeko epe zehatz bat jartzen du, hau da, hamabost urteko epea. Kontuan hartu dute hurrengo urteetan sektore publikoko langileen erdiek erretiroa hartuko dutela eta belaunaldi aldaketa aproposa iruditu zaie trantsizio prozesua egiteko. Hamabost urteko epean, langile guztiek gutxieneko euskara-ezagutzak bermatu beharko dituzte. Horrela, euskaldunek zerbitzuak euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatuta izango lukete, eta era berean, langileek euskaraz lan egin ahal izango lukete. Hiru eragileen artean adostutako agiriak dio ez dela inoren kontra eraikitako proposamena, hau da,  dagoeneko administrazioan lanean ari den inor ez da kanpoan utziko. Euskara ezagutzen ez duten langileei eskura jarriko litzaizkieke hizkuntza ikasteko baliabideak eta baldintzak. Are, adinagatik edo bestelako arrazoiengatik ikastea ezinezkoa zaienentzat salbuespenak egongo lirateke.

Proposamena ekarpen gisa sartu zuten Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan eta alderdi politikoei ere bidali zieten.

Dozenaka alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkari batu ziren Bilbon, uztailean. Argazkia: Kontseilua.



Dekretuaz espero dutena
Ez dira oso baikor Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaz. Aierberen aburuz, ausart jokatu eta jauzia emateko garaia da, baina: "Administrazioa euskalduna izateko eta herritarrak euskaraz artatuak izan daitezen neurriak finkatzeko baino, ez dakit ez ote den ari epaitegiek onartuko luketen dekretua prestatzen". Alegia, epaitegiek esango dutenaren beldur ez ote diren ari lanean. Neurri berrien artean asimetria da eztabaida handiak sortu dituen gaietako bat. Neurri horren arabera, lanpostu bakoitzean bi eskakizun finkatuko dira, bata idatzizkoa eta bestea ahozkoa. Orain ez bezala, batean eta bestean maila desberdina eskatu ahal izango da. Adibidez, lanpostu batean idatzizkoan B2 eskatu ahal izango da eta ahozkoan C1. Aierbek arriskua susmatzen du baloratzeko modu horretan: "Asimetria justifikatuta egon daiteke batzuetan, baina salbuespenezkoa izan beharko luke. Gure kezka da ez ote den zirrikitu bat irekiko hizkuntza eskakizunetan beherapen orokor bat gertatzeko. Urrats berriak eman beharrean, atzerakada bat gertatzeko atea zabaldu daiteke. Euskalduntzean malgutasuna eskaintzen denean, zoritxarrez, beherapenak egiteko izaten da".  Arriskua areagotzen da administrazioan nabari den lasaitzea kontuan hartuta: "Ordezkari sindikalek esaten digute hizkuntza eskakizunetan lasaitze bat nabari dela, eta tentsioa galduta, momentu honetan, asimetria moduko zirrikituek edo epeak luzatzeko aukerek areagotzeko aukerak dituzte".

Igeregik ez du espero aurrerapauso handirik dekretuaren eskutik, elebitasunari uko egingo dion dekretua espero du: "Konplexuz beterik ari da Jaurlaritza, sektore euskarafoboek eragiten dioten presioagatik. Horren atzean, erabaki politiko bat dago: Hego Euskal Herriko alderdi gehienek ez dute nahi euskara eztabaidagai izatea, iruditzen zaielako hauteskundeei begira hobeto kokatzen direla euskarari eta nortasunari lotutako edozein gai ez bada eztabaidagai". Igeregik aldarrikatu du azaroaren 4a baliatu behar dela euskaldunek erakusteko badela garaia administrazioan euskaraz egiteko gure burua nabarmendu beharrik ez izatea: "Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak oso egoera zaurgarrietan eskatu behar ditugu: larrialdietara goazenean, poliziak isuna jarri behar digunean, epaitegietara goazenean, hau da, langile publikoekin gatazkarik sortu nahi ez dugun egoeratan".

 

Miren Segurola, UEMAko koordinatzailea

"Beldur dira noraino iritsiko garen"

 

Zein da zure balorazioa sententzia kateari buruz?
Hizkuntza politika epaitegietatik egin nahian dabiltza eta gurea bezalako herri batean, hizkuntzaren normalizazioan pila bat eragiten du. Bata bestearen atzetik etorri dira sententziak, ez da kasualitatea. Hizkuntza eskakizunetan, kontratazioetako klausulak... aurrera goazela ikusten ari dira alderdi espainolistak eta horren aurka ari dira hartzen neurriak. Beldur dira noraino iritsiko garen.

Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak . Nola eragingo die UEMAko udalerriei?
UEMAk, bere sorreratik, garbi dauka euskaraz funtzionatuko duela gure udaletan. Euskaraz funtzionatu dugu Udal Legea baino lehen eta hala segitzeko asmoa daukagu hemendik aurrera ere. Euskaraz funtzionatzeagatik, beti, ezpata bat eduki dugu gainean, eta orain, ezpata hori pixka bat gertuago dago. Edozein herritarrek edo zinegotzik alegazioren bat jarriz gero, berriz ere epaitegien aurrean izango gara eta gure kontrako epaiaren zain egon beharko dugu.

Egunerokoan zer egingo dute udaletan?
Gure asmoa orain arte bezala segitzea da, baina egia da errealitatean eragiten duela. Udalean, egunerokoan nolabaiteko irizpideak epaitzen dituena udal idazkaria izaten da. Idazkariarentzat ez da berdin lege babesa izatea ala interpretaziorako aukera ematen duen beste lege bat edukitzea. Edozein alkateren edo zinegotziren erabakian idazkariaren iritziak garrantzi handia dauka. Idazkari dezentek deitu digu galdetuz, "orain zer gertatuko da?". Udaletara joaten gara onartu beharko lituzketen irizpideak adosteko. Guretzat bidea askoz errazagoa da idazkariak garbi ikusten badu juridikoki horrekin aurrera egin daitekeela. Udal Legearen 6.2 artikuluak esaten badizu udalak euskara hutsean egin dezakeela, idazkariak aurrera egiteko bidea emango du, baina legeak ez badio hori, eta zurrunbiloan, legez kontrakoa dela esaten badute, idazkariaren interpretazioak pisu handia du udalean nola funtzionatu erabakitzerakoan.

“Beti ezpata bat eduki dugu gainean, eta orain, ezpata
hori pixka bat gertuago dago”



Legeak interpretatzen, beraz.
Udaletan surfeatzen ibiltzen dira. Zirkua da. Lehen zaila bada bi hizkuntza hegemonikoren aurrean normalizazio prozesu bat aurrera eramatea, ezpataz beteta eta momentu oro epaileek zer esango duten beldurrez ibiltzea zirkua da.

Giroa aldeko izanda, alegazio gehiago espero daitezke?
Zalantzarik gabe. Herri txikietatik banakako kexak jasotzen ditugu. Kontua da asko ez direla ailegatzen epaitegiraino. Hala ere, euskaraz dakien zinegotzi sozialistak zirikatu nahi badu, hasiko da eskatzen hau gaztelaniaz ekartzeko, beste hori ere bai, eta gure udal txikiek ez daukate baliabiderik itzulpenak egiteko, udalaren funtzionamendu osoa bi hizkuntzetan egiteko. Eskatzen badute, egin behar dugu, eta ez badugu egiten epaitegietara jotzen dute. Orain horrelako egoeren aurrean zaurgarriago gaude.

Zer behar dute udalek euskara hutsean bermez jarduteko?
Bere garaian adostasun politiko handiz lortu zen Udal Legea. Beste saiakera bat egin beharko da eta negoziatu negoziatu behar denarekin. Zeren egia da, nahiz eta beti Espainiakoaren menpe egon, hemen badaudela aukerak aurrerabide batzuen bidez babesa gehiago artikulatzeko. Adibidez, Euskal Funtzio Publikoari Buruzko Legean hainbat aldaketa eginda, hizkuntza eskakizunekin dauden arazo batzuk konpontzea egongo litzateke.

 


ASTEKARIA
2023ko urriaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2024-02-15 | ARGIA
Helegitea jarri diote 119 administrari-plaza egonkortzeari, hizkuntza eskakizuna dutelako

LABek ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko 119 langileak egonkortzeko egin den bidea bertan behera gelditu daitekeela, hizkuntza eskakizuna ezarri izanagatik helegitea aurkeztu dutelako. LABek eta ELAk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 16rako, Donostian.


Errenteriako tabernari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Errenteria-Oreretako Aurrera tabernako zerbitzariak euskararekiko "mespretxuz" eta oldarkor erantzun zion euskaraz eskatu zuen bezero bati euskalgintzako hainbat kidek salatu dutenez.


Agurne Gaubeka
"Euskararen aurkako estrategia judizial eta politikoari erantzun behar diogu"

Zizurko Udalaren obretako langile lanpostu baten euskarazko profila atzera bota du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Erabaki horren aurka elkarretaratzera deitu dute hainbat eragilek. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren aburuz,... [+]


2024-02-09 | ARGIA
Epaileen euskarafobia salatu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Zizur Nagusiko Udalaren aurka eman den azken epaia salatzeko. Udalak langile lanpostu batean ezarritako hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaitegiak.


Eguneraketa berriak daude