Michel Kokoreff: “Polizia-sindikatuekilako kogestio batean dabil botere politikoa”

  • Historia errepikatu zaigu 2023ko [Frantziako auzo popularretako] matxinadekin. 2005ean bezala, Poliziarekin izandako topaketa hilgarri bat izan dute txinparta. Bi haserre erakustaldi horien arteko antzekotasunak begi-bistakoak izan arren, osagai berriak ere agertu dira. COVID-19 biharamuneko lehenak izan dira, eta osasun krisiak ahulduriko auzoetan iragan dira. Aurrekaririk gabeko arpilaketak ere eragin dituzte. Deigarriena, ordea, gobernuaren erantzunaren ahultasuna izan da, segurtasunari mugaturikoa, keinu sendorik gabekoa. Michel Kokoreff soziologoak ondorio argia marraztu dio QG komunikabideari: Frantziako botere politikoak Poliziarekiko duen mendekotasun gero eta handiagoak agindutako ukatze kolektibo baten aitzinean gaude. Bessma Sikouk kazetariak egin dio elkarrizketa.

Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko irailaren 27an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nola esplikatu ditzakegu ekaineko matxinadak?

Kontingentzia eta arrazoi estrukturalak ditugu matxinaden oinarrian. Bistan da, bideo hori daukagu, milioika gara ikusi izan dugunok. Argi gelditu da [Nahelen atxiloketan] ez zegoela obeditzeko errefusarik, ezta zilegizko defentsarik ere. Poliziaren hilketaren bideoa oso laster zabaldu zen sare sozialei esker, eta baliteke hori izatea 2023ko jazarraldien berezitasuna, 1976-1977 urteez geroztik izandako matxinadekin alderatuta. Aldi honetan ezin izan dute Estatu-gezur batean oinarritu botere publikoen eta jendartearen erreakzioa, 2005ean Zyed Benna eta Bouna Traoreren hilketekin erran izan zuten bezala.
Harridura eragin du, bideoak, gainera, areagotu duena. George Floyden kasuarekin konparatzekoa da, zeinetan ageri den hilzorian, zortzi minutu luzez. Nahiz eta nazioartean dimentsio handiagoa eduki Floyden kasuak, kausa berek efektu berak ondorioztatu dituzte. Gazteria/Polizia harremana okertuz doa auzo popularretan. Kontrol diskriminatzaileak eguneroko ogi dituzten testuinguruan, eta Poliziaren hilketa eta gehiegikeria andana bizitu ondoren, Nahelen heriotza izan da sua piztuarazi duen txinparta. Mezua argia dute: nahikoa da!

Badakigu zailtasun sozialak metatzen zaizkiela auzo horietakoei. Arazo horien dimentsio etno-arraziala ere hor da. Ghettizazioa, arrazakeria sistemikoa eta instituzionala, Poliziak bideratzen ditu, baina bestelako instituzioek ere, eskolak batik bat. Goitik bideraturiko arrazializazio gisa bizi dute beraien esperientzia soziala bertako anitzek: ez dira gainerateko herritarrak bezalakoak eta instituzioek –hau da, Estatuak, Errepublikak– eta komunikabideek eraikitako identitate etno-arrazialari (edota erlijioso) mugatuak dira etengabean. Azken 40 urteetan identifikaturiko eta azterturiko osagai horiek guztiak elkarturik, lehergarri bihurtu zaigu egoera. Ez da batere harrigarria.

Pankarta batek hunki ninduen, arras ongi laburbiltzen digulako egoera: “Zenbat Nahel ez dira filmatuak izan?”. Kontua ez da bideoaren papera goraipatzea, baizik eta ohartaraztea adin txikiko anitz identifikatu direla Nahelen hilketan; haiek ere kontrolatuak direlako noiznahi, nahiz eta droga-ekonomiaren parte ez izan eta eskolan ibili. Errealitatea biziki konplikatua dute, eta horrelako hilketa bat gertatzen denean, bat-batean eguneroko hori jasanezina bihurtzen zaie.

Konfinamenduaren ondorioa ere kausitu dezakegu azken matxinadetan. COVID 19-aren biharamuneko lehenak izan dira. Biziki gogorki bizitu zuten pandemia garaia, zigor hirukoitza pairatu zutelako: lanerako lehen lerroan ziren, arrisku gehien hartzen zutenak ziren, eta aldi berean, horiek ziren kontrolatuak, atxilotuak eta zigortuak.

Zein da matxinada horien zentzua?

Matxinada bat herri altxamendu espontaneoa da, antolatu gabekoa, Robert hiztegiaren arabera. Hor ditugu, Antzinako Erregimeneko emozio handiak edo gosearen matxinadak adibidez. Testuingurua ezberdina izanik ere, logika berak funtzionatzen du heriotzaren matxinada horietan, hau da, Poliziaren homizidioek eragindakoetan. Istiluak beti dira haserrearen, amorruaren, ezintasunaren, injustizia sentimenduaren adierazpena. Apurketak badira, sua pizten da... eta Poliziari jaurtikitzen zaizkio harriak, hain zuzen, haserrearen kausa izateaz gain, Estatuaren beso armatua delako. Baita ez-entzunarena egiten duen hipokrisia sozialarengatik ere. Martin Luther Kingek zioen 1967ko diskurtsoan “jendartean entzuten ez direnen hizkuntza da matxinada”.

Sekuentziak badaude matxinadetan: lehenik, emozioarena, herrarena, ulertu ezinarena, injustiziagatik. Beste mugimendu sozialei alderatuta, haserre hori pelikula-mutua da, deszifratu beharrekoa. Alabaina, sinplea da: ez obeditzeagatik poliziak tiroz hiltzeak erran nahi du Nahelen biziak ez duela beste 17 urtekoena bezain bat balio. Beste horiek hobe sortu ziren, bizi maila ertain edo altuko auzoetan dira eta ez dira migratzaileen ondorengoak. Erraz eskuragarri dituzten eraikin publikoen hondaketa dugu ondotik. Matxinada tokian-tokikoa da. Ezohikoa da metropolien zentrora joatea suntsitzeko. Eskuragarri den horrek erranahi sinbolikoa du, botere publikoa errepresentatzen duelako, beren aurkakotzat, arrazistatzat, xenofobotzat, baita islamofobotzat ere daukatena. Adierazgarria da andeaturiko edota lapurturiko komertzioen eta instituzioen mapa: ez dute lekuko komertzio ttipia lapurtzen.

Argazkia: E. Broncard / Hans Lucas

Nola esplikatu lapurketak, aitzinekoekin alderatuta berritasun izan direnak?

Bai horrela da, beste fase batean sartu gara, lapurketena. Oroitarazi dezagun Ingalaterran (2011) edo AEBetan (Los Angeles 1992) ez bezala, arras bakanak direla Frantzian. Ezagutzen dudan salbuespen bakarra Vaulx-en-Velin-ekoa da, 1990ean, lapurturiko eta erretako zentro komertzialarekin. 2023an lapurketak egon dira, auzoetan eta auzoetatik kanpo ere. Herritarrak harriturik gelditu dira, Pariseko ala Marseillako denda handien lapurretekin. Hipotesia bikoitza dut fenomeno atipiko hori azaltzeko. Batetik, gazte matxinatu batzuen profesionalizazioa dugu –auzokoen artean txikiak izendaturikoak–, bereziki motibatuak eta antolatuak azaldu zaizkigunak. Baina bestetik, une batean eragileak aldatzen dira, eta bando edo talde batzuentzat ustegabeko aukerak dira matxinadak eta uneaz baliatzen dira dendak lapurtzeko. Baina, horri dagokionez ere, harrigarria al da? Mutil eta neska gazte horiek ere kontsumo-jendartearen parte dira. Etengabean goraipatzen dizkiegu alde onak, baina ondasun horiek eskuratzeko bidean hamaika traba dituzte normalean. Denboran lotuak dira matxinadak eta lapurretak, baina egileen, egin moldeen eta antolaketa moduen artean haustura handiak ere badaude. Matxinadaren sekuentziazioa egin beharra dago, guztia zaku berean ez sartzeko eta arretaren norabidea modu hipokritan ez aldatzeko. Lehen egunean, enpatia zen nagusi; bigarrean, “hara kale borroka berriz dator”; hirugarrean, lapurretak; eta laugarrenean, gurasoei zuzentzea, Dupond-Morettiren abisuari segi, beren haurrak zaintzen ez dituzten gurasoei 30.000 euroko isuna bideratuz. Soaren lekualdatze horren petzero izan behar ote gara? Ez dut uste.

Zer diozu komunikabideek egindako jarraipenaz?

Amnesia kolektiboak nau harritzen. Oso laster ahazten da dena. Irudiak, komentarioak, analisiak, inkestak, kridaren oihartzunak… guztia bada, eta hortik gutxira dena doa ahanzturara. Ondoko jazarraldira arte. Atentatu terroristei ala COVID 19-ari dagokienez, berdina gertatu da. Matxinaden historia? Ez da existitzen. Soziologo eta ikerlariek ondorio, arazo, aterabide berak errepikatu behar dituzte aldi oro. Goizegi hil zitzaigun lankide eta adiskide Didier Lapeyronniek zioen: “Sei urtero elkarrizketa berdina egiten dut”. Hala ere, “bortizkeria handia” salatzen duten komunikabide handien homogenizazioaren ondoan, Mediapart bezalako komunikabideak ere baditugu. Terrenotik egindako kazetaritzari esker lortu daiteke irakurketa polizialean oinarrituriko eskuin-muturraren eta muturreko eskuinaren diskurtso eroa gezurtatzea. Orohar, auzo popular horietako eragileak, eta batez ere militanteak ikusezin bihurtzen dituzte. Lehen lerroan direnei ez zaie mikrofonoa luzatzen. Alta, badituzte gauzak errateko. Baina ez dira entzuten, ez zaie hitza ematen, ahotsik gabekoak bihurtzen dituzte.

Goitik bideraturiko arrazializazio gisa bizi dute beren esperientzia soziala auzo popularretako anitzek

Zer parekatu daiteke 2005eko matxinadekin?

Lehenik eta behin, immigrazio post-kolonialaren ondoko pertsona baten heriotza dugu bietan, Poliziarekilako interakzio batean eta baldintza arraroetan gertaturikoa. Testuingurua ere bai. Bietan dugu Poliziaren tentsioz, kontrolez, interbentzio bortitzez eta presioz beterikoa testuingurua. Ongi ulertu behar da fama txarreko auzo horietan Polizia dela Estatuaren azken ordezkaria, baita bakarra ere, zerbitzu publikoak desagertuz joan zirelako poliki-poliki. Doi bat estrapolatuz, erran nezake jomuga sinboliko bihurtu dela Polizia, gazteen artean zentzua galdu duten bestelako jomugak ordezkatuz –klasearen etsaia, burgesia, patronala–. Arrazoiak dituzte: ez dute lan esperientziarik edota kontratu txikiak dauzkate. Auzo popularretan etsaia Polizia da, Estatuaren ordezkaria dena, eta Poliziarentzat gazte horiek jendailak dira, kaltegarriak. Bien artean ez dago mediaziorik, gerran daude. Zabalpena da hirugarren antzekotasuna. Motelagoa lehenean, biziki zalua bigarrenean, baina tokian-tokitik maila nazionalera pasa dira biak.

Zein bilakaera espero dezakegu?

Hainbat eragile politikok, sindikalistak eta ikerlarik Polizia erreformatzeko proposamenak landurik dituzte, azkenean, hori delako gaia. Baina, errealitatetik arras urrun dago Gobernua, ez du egoera lasaitzeko urrats bakar bat ere bideratu, ez bada gehiengoan diren Polizia-sindikatuei loreak banatzea. Horregatik, nire beldurra da ondoko hilketan berriz ere piztea sua. Nagusiki arrazoi politikoengatik, badirudi ezinezkoa Polizia erreformatzea. Inguruko herriekin alderatuta begibistakoa da aldea. Obeditzea errefusatzeagatik 20 hildako izan ditugu 2020az geroztik; Alemanian hamar urtez bakarra dute. Gurean statu quo-a da garaile, edo hobeki erran arazoari ez begiratzeko jarrera: arma hilgarrien edo LBD gisako hilgarritasun ahuleko armen erabilpenaren zabalkundea, kolpatuak, inpunitatearen kultura, arduren ez hartzea –eta hori sistemaren goi mailatik hasita–. Hori horrela ondoko drama arte. Ikusirik Poliziaren eta Frantziako jendartearen zati bat lepenizatzen ari dela [Le Penen aldeko bihurtzen], kontrolatu gabea dirudi egoerak. Ezkorra naiz geroari begira.

Alta, Poliziari buruzko eta bere arrazakeria sistemikoari buruzko txostenak publikatu ditu Eskubideen Babesleak. Lan bikaina egina izan da, aterabideak atzeman nahian, berez ez litzatekelako fatalitatea izan beharko. Poliziaren erreformatzeaz ezin da mintzatu eta horrek berak boterearen hauskortasuna islatzen digu. Botereak bere Poliziari esker zutik jarraitzen duela erratea ez da erabat absurdoa, nahiz eta, paradoxikoki, azken hori ez duen gehiago meneko. Eztabaida publikoa oso polarizatuta dago Frantzian: polizien alde direnak, diotena immigrazioa dela matxinaden benetako kausa; eta berez aurka direnak, laxoak, aukera errepublikarretik arras baztertuak direnak, nahiz eta proposamen interesgarriak ukan. Biziki zaila da polarizazio horretan kokatzea, diskurtso kritiko orok duelako diskurtso erreakzionarioa elikatzen, eta alderantziz, komunikabideetako etengabeko desinformazioak erradikaltasuna elikatzen duelako. Anitz ikasi dezakegu Frantziatik haratago jarriz soa. AEBetan egon da eztabaida: Polizia armagabetu behar ote da? Diru gutiago bideratu behar ote zaio? Gehiago kontrolatu behar dea? Armamenduaz ere gogoetatu dezakegu. Guztiek berdin armatua izan behar dute ala gazteenek, guti edo gaizki formaturikoek –eta eremu gogorrenetara bideraturikoek– gutiago? Inpedendentea den egitura bat jarriko al dugu segipena egiteko? Hiltzeko baimena ematen dien 2017ko legeaz hitz eginen dugu? Arazoa da Poliziaren instituzioak ez dituela erreforma horiek nahi, daukanari lotzen zaiola fermuki, dauzkan sostengua ala etsaigoa maneiatuz.

Gainera, exekutiboak geroz eta neurri liberal gehiago hartzen ditu. Argi geratzen ari zaigu 2016az geroztik. Botere politikoak polizien beharra du, eta Alliance bezalako sindikatuekin kogestioan ari da, herritarren haserre legitimoaren eta demokratikoaren gainetik pasaz aitzina egiteko. Azken matxinadetan polizientzako estatutu berezia galdetu zioten sindikatuek, auzibideetarik dispentsatuak izateko gisan. Ikertzaile, biktima, lekuko eta orain epaile? Demokrazian gaude ala erregimen autoritario batean? Maiz entzuten dugu Le pen helduko zaigula ondoko presidentzialetan. Baina, jakin Polizia-sindikatuen eta Barne ministerioaren arteko kogestioarekin aro aurre-faxista batean garela, nahiz eta horrelakorik ez duten aitortu nahi. Ukapenean izan ordez, ondoko herriei begiratzen ahalko genieke. Alemanian, adibidez, giroa baretzeko estrategian daude. Hainbat pista daude, baina Frantziako polarizazioak ez digu ahalbidetzen.

Elkarrizketari osagarri, "Arrazakeria Frantziako Polizian: izaera sistemikoa aitortu ezinean" erreportajea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
Irun ez da Iran

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]


Arrazakeria, eskuin muturrerantz arrastatzen gaituen korronte zabala

Europan eta munduan arrazakeria gora doa, eta Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu. Egun, herritarrak eta jendarteak eskuin muturraren baloreak bere egiteko bide nagusietakoa da arrazakeria. Arazoaren larritasunari tamaina hartzen saiatu gara, eta aztertu ditugu zenbait... [+]


'Txoloak, sudakak, moroak, payoponiak'

Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek... [+]


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Manteroen kanpalekua desegin du Poliziak Bilbon, eta konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute

Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Boubacar Diouf: "'Manteroa' izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe"

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Irunen eskuin muturreko "auzo patruilak" sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Iruñeko polizia-etxean hil zen Ndiayeren omenezko plaka kendu dutela salatu dute

“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Agharas elkarteak jasandako eraso arrazistak salatu dituzte Barakaldoko txosnek

Agharas migratzaile imazighen elkartearen txosnan pertsona batek hainbat irain arrazista egin zituen. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean Barakaldon. 


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak "irain arrazistak" gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-17 | Gedar
Faxisten protestak porrot egin du Torre Pachecon: Polizia eta prentsa gehiago, manifestariak baino

Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.