Egunero etxetik ikusten dudan Olarizu eta aspaldi etxe bihurtutako Salburua gorriz markatzen dizkit zuzentzaileak. Izen horiek arrotzak balira bezala euskal kulturarentzat. Bi hitzak akatsak balira bezala euskararentzat. Aitzitik, proba azkar bat eginda, Gros eta Sagues onartzen dituela ohartu naiz.
Oso bestelako proba bat izan zen lehengo urtean Gasteizen ikusitako antzezlan komikoaren estreinarena: Patata minak, Ane Gebararen eta Aitor Vinagreten eskutik. Besteak beste, babazorro eta euskaldun izateagatik oraindik ikusi eta entzun behar direnek barre andana eragin zuten bertaratutakoen artean. Gustatu zitzaidan Arabatik egindako umore freskoa, oraindik indarrean diren zenbait euskal klixe agerian utziz.
Egunero etxetik ikusten dudan Olarizu eta aspaldi etxe bihurtutako Salburua gorriz markatzen dizkit zuzentzaileak. Eta esango nuke horietan ere ageri direla euskal klixeen ajeak. Ikasturte berria abian den honetan, Arabaren gaineko ezagutza falta nabaria da oraindik euskaldun ez gutxiren artean. Eta gauza jakina da, ezagutza falta delarik, zerekin betetzen ditugun hutsuneak.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.