"Zuzendari berriak orain arte izan ez duen kalitate mailara eramango du 'Berria'"

  • Euskarazko egunkariari loturik eman du bizialdiaren zatirik handiena, horixe du sor-marka eta jatorrizko izendapena. Eguneroko kazetari loturik jardun du beti, eta ekarri dizkio disgustu ez gutxi. Handiena, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera 2003an, eta hainbat lagun orduz lehen galtzea.

Otamendi 'Berria'-ko Andoaingo erredakzioan. (Argazkia: Ibai Arrieta)
Otamendi 'Berria'-ko Andoaingo erredakzioan. (Argazkia: Ibai Arrieta)
Martxelo Otamendi Egiguren. Tolosa, 1957

Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria, Espainiako Gobernuaren aginduz itxi zuten arte, eta Berria-koa izana, oraindik orain erretiroa hartu duen arte. Eta, erdian, eta betiko, torturak. Esana du: euskarazko egunkari hura, 2003an itxita; lehenik, hamar atxilotu, zazpi torturatu, hiruk minbizia garatutakoak. Eta Egunkaria itxi eta biharamunean, Egunero, eta hilabeteetara, Berria. Eta 30 urte eta gero, erreleboa: Amagoia Mujika Tolaretxipi. Eta hemendik atzera, erretiratuaren laneko proiektuak.

1957an Tolosan jaioa.
Hiru mutil eta neska bat, eta mutiletan hirugarrena naiz ni. Tartean, nik ezagutu ez nuen haur bat ere jaio zen, bizirik gutxi iraun zuena. Aita Nafarroako Uztegikoa [Araiz] nuen, ama Tolosakoa, baina aita azpeitiarra zuela –Egiguren, Eperra tabernakoa, Kanpionekoak–, eta, ama, berriz, Alkizakoa. Baina ez umetako kontu askorik galdetu, memoria txarra dut-eta gauza askotan. Ez dakit zer ari nintzen bost urte nituenean, ez dakit bizi nintzen ere. Beste gauza askotan memoria ona dut, baina gauza batzuk, mugarri batzuk, askotan errepikatzen ditudalako. Azkenerako, ez dakit memoria gorabehera den, edo den, beste gabe, gauza batzuk behin eta berriz kontatzearen poderioz errelatoa eraikitzen dugun gure buruan.

1968. “Bentaundi erdian, Xabier [Etxebarrieta] anaia hil zuten”.

Jakin ere ez nik. 11 urte nituen, eta ez dut oroitzapenik batere. Aldiz, gogoan dut Burgosko Prozesua [1970eko abendua], eskolan greba egin zelako, eta Tolosako Triangeluan –hantxe bizi ginen gu–, bildu zelako saltsa guztia, manifestazioak, protestak eta gainerako guztia. Nik etxetik ikusi nuen hura dena, guardia zibilen errepresioa-eta. Gero, gogoratzen naiz Carrero Blanco hil zutenean, [1973], eskolara iritsi, eta fraide bati esan nion: “Gaur goizean hau eta hau gertatu da Madrilen”. Eta ez dakit zer erantzun zidan testualki eskolapio hark, edo: “Bazen garaia!”, edo “Ez zait batere inporta!”… baina badakit Carrero Blancoren heriotzak ez ziola minik egin.

1974-75. Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea amaitu duzu.
Eta berehala nintzen Euskalduntzen 3 ikastaro batean, Antton Izagirre irakasle nuela. Galdutako denbora errekuperatzeko gogo handia nuen, eta, laster, D mailako ikastaroa egiten hasi nintzen, aste barruan Tolosako gau-eskolan, eta larunbatetan Donostiako EUTGn… Gure etxean, aitak anai-arrebok erdaraz hitz egiten harrapatzen bagintuen, ez zigun pagarik ematen, eta orduan amari joaten gintzaizkion. Nafarroako mendialdean urte askoan iraun duen tipologia zen gure etxekoa: “Etxean euskaraz, eta euskaraz bakarrik, gure hizkuntza delako!”. Euskara zen etxerako, eta ez Lizardiren noranahiko. Gure aitaren jarrerak ez zuen oinarri ideologiko edo politikorik, prepolitikoa baizik.

1977. Euskara irakasle.

Esan dut zein zen gure aitaren jarrera, “Etxean, euskaraz!”, eta horixe bakarrik. Eta Zeruko Argia-ren eta Anaitasuna-ren harpidetzak, edo UEUko Iruñeko Larraonako ikastaroaren matrikula, amak ordaindu zizkidan, ze aitaren iritziz horiek guztiak politika ziren. Oso uste zabaldua garai hartan herri askotan: etxean oso sendoak ziren euskarari dagokionean, baina besterik zen etxetik kanpo. Neu izan nintzen etxean aldizkari horiek hartzen lehena: anaia zaharra fraide joana zen oso gazterik, anaia bigarrenak ez zuen nire gogo hori izan, eta nire atzetik etorritako arrebak, berriz, oso gazte atera zuen euskara titulua, 13 urterekin-edo!

Argazkia: Ibai Arrieta

1984. Euskara irakasle Tolosako euskaltegian, eta Egin egunkariaren euskarazko gehigarrian kolaboratzen.
Gehigarriaren arduraduna, Xalbador Garmendia, euskaltegira etorri zitzaigula uste dut, eta Xabier Telleriarekin batera hasi nintzen Egun on gehigarrian idazten, ezizenez. Ordurako, El Diario Vasco-n Tolosako saskibaloi taldearen kronikak ere idazten nituen, taldeko jokalaria nintzela baliatuz. Garai berean, udan Londresera joaten nintzen antzerkia ikustera. Bazen antzezle bat asko estimatzen nuena, Vanessa Redgrave. Eta Jack Lemmon eta Faye Dunaway ere ikusi nituen antzezten. Londresen, antzerki-denboraldia irailean hasten zen, baina abuztuan jendaurreko entseguak egiten zituzten konpainiek, eta sarrera merkeena ordaindu eta sartzen nintzen entseguak ikustera, oilategian, erdia entzuten ez nuela, eta beste erdia ulertzen ez nuela.

“¡A por ellos!” [Eraso!] egiten dute hona datozenean, edo Kataluniara doazenean. Iparraldeko Frontea dute hau, eta badakite nahi dutena egiteko babesa dutela"

1987. ETBn hasi zinen, Txoria dut maite saioa eginez.
Telebistatik deitu zidan Andoni Aranburuk, programa hura zuzentzeko eskainiz. Oker ez banago, niri baino lehen Kike Amonarrizi eskaini zioten, Kikek ezetz esan baina nire izena eman zien. Hortaz, ni gaur Berria-ko zuzendariaren bulegoan nago Kikek ezetz esan zuelako. Bestela, ni oraindik subjuntiboa esplikatzen ibiliko nintzen euskaltegian. Baina adin hartan, banuen gorputzaldia, gauzak diferenteak egiteko gogoa, eta telebista aukera bat zen. Bost urte zeramatzan martxan telebistak, heldutasun puntu bat zuen, baina esperimentatzeko garaia ere bazen, eta hantxe sartu nintzen, Txoria dut maite-n. Bi urte gehiago iraun zuen saio hark, eta, gero, jarraipen-taldean hasi nintzen, arduradun.

1989ko uda. Boise, Idaho, AEBak. PBSen zaitugu, hango telebista publikoan.
ETBren kanpo-erosketa taldeak harremanak zituen PBSrekin, eta taldeko Jesús Igueresi esan, eta joan nintzen. Ez nekien Boise bazela ere! Ezta artzainak ere! Ezta Pete Cenarrusa edo Justo Sarria bazirela ere! Ordu arte, ETBn ibilia nintzen arren, benetan programa bat nola egiten zen ez nekien. Eta Boisen horixe egin nuen, programa bat, Outdoor Idaho, naturan grabatzen genuena, eta ikusi nuen, eta ikasi, zer zen erreportajea egitea, eta elkarrizketak. Boisen ikasi nuen hori! Eta deskubritu nuen diaspora, bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskaldunak, han jaioak baina euskaraz zekitenak eta Euskal Herriarekiko sekulako zaletasuna zutenak, Oinkari dantza taldea, euskal etxea, Bieter familia… Mundu berri bat!

1993. Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria joan zitzaizkizun, Euskaldunon Egunkaria-ren zuzendari izateko eskainiz.
Lagun beltz bat eraman omen nuen bilerara, Lasarteko hipodromo ondoko jatetxe batera. Ez nintzen gogoratzen, eta ez naiz gogoratzen, baina Egunkaria itxi eta atxilotu gintuztenean, horixe galdetzen zidan poliziak, nor zen lagun beltz hori. Baina ni ez nintzen gogoratzen! Eta poliziak, baietz, Torrealdaik esan ziela, eta orduantxe jakin nuen Joan Mari ere atxilotuta zeukatela. Geroztik, Joan Marirekin eta Iñaki Uriarekin hizketan, baietz, esan zidaten lagun beltz bat eraman nuela bazkari hartara. Garai hartako lagun bat, Londresen bizi zena, tarteka hona etortzen zena. Alegia, hortik atera kontuak zer espero nuen nik bilera hartatik.

Polizia zu galdekatzen, Joan Mari Torrealdai atxilotu dutela ohartu zara. Gure elkarrizketara ere sartu zaizkigu guardia zibilak eta poliziak, eta haien tratu txarra.
Horixe da haien rola, errepresoreak dira, “¡A por ellos!” [Eraso!] egiten dute hona datozenean, edo Kataluniara doazenean. Iparraldeko Frontea dute hau, eta badakite nahi dutena egiteko babesa dutela. Galdeketan antzematen da ez daukatela ezer gertatuko zaien kezkarik txikiena ere. Atxilotu nindutenean konturatu nintzen, eta frogatu dut gero ere. Egunkaria itxi eta gero, guardia zibilek ezagutzen ninduten. Hondarribiko aireportura joan, eta guardia zibilak bata besteari ukondoka, “Begira zein datorren hor!”, esanez bezala. Eta Egunkaria-ko langileak ere ez dira haien tratutik libratu.

"Jaurlaritza egunkari proiektu berrian diru asko jartzeko prest zegoen, baldintzekin. Baldintza haien artean zen, adibidez, ni proiektu berriko parte ez izatea, baina gure jendeak ezetz esan zuen"

2003. Ez dakit gerra teknika den Euskaldunon Egunkaria ixtea, ARGIA arpilatzea…
Joan Mari Torrealdaik esaten zuen euskalgintza kriminalizatzeko itxi zutela Egunkaria. Joan Marik esaten zuen Guardia Zibilak tesi bat zuela, zeinaren arabera euskalgintza instituzionalak –Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, diputazioak, udalak… –, euskara laguntzea onartzen den –besteak beste legeriak halaxe jasotzen duelako–; eta euskalgintza zibila, soziala, ETAren ardurapekoa den. Euskalgintza instituzionala, libre; euskalgintza soziala, ETAren menpekoa. Hori baino gehiago ere badagoela uste dut, nahiz Torrealdai ni baino gehiago zen estatuaren estrategia esplikatzeari dagokionean.

 Argazkia: Ibai Arrieta

Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera.
Baina estatuaren logikaren arabera ere, Egunkaria ez zegoen estatuari kontra egin ziezaioketen erakundeen artean lehen lerroan. Beharbada, hogeigarren zegoen zerrendan! Nik uste abisua eman nahi ziotela jendeari: “Kontuz, Ibarretxe Plana! Kontuz, autodeterminazio eskubidea! Kontuz, independentzia!… Ez duzue sinesten?”, eta Egunkaria itxi zuten, euskal kulturaren begi-ninietako bat itxi zuten, Egunkaria-ren arduradun eta Euskal Herriko gizartearen barruan nor diren pertsonak –Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Pello Zubiria… hamar laguneko zerrenda osatu arte–, denak atxilotuta, eta ETAko kide izateaz akusatuta.

"González Txabarrik kontatua du baten batek deitu ziola –baina oraindik ez dakigu nork deitu zion, Txabarrik ez du esan–, Arantzazura zetozen guardia zibilak Mirandan geldiarazi zituztela"

Eta torturatuta.
Torturak hiru funtzio dauzka: informazioa lortzea, mendekua, eta herritarrak beldurtzea. Ni libre utzi ninduten, hitz egin nezan, beldur horren hedatzaile izan nendin. Baliteke mezua haien kontra itzultzea, edo ez. Torrealdai torturatzeak erakusten du Espainiako Estatua edozer egiteko prest zegoela, eta dagoela. Arantzazu hartzeko, adibidez. González Txabarrik kontatua du baten batek deitu ziola –baina oraindik ez dakigu nork deitu zion, Txabarrik ez du esan–, Arantzazura zetozen guardia zibilak Mirandan geldiarazi zituztela. Sinbolo bat, Arantzazu, nahiz eta ez dakidan haiek ba ote zekiten zer esan nahi duen Arantzazuk euskal kulturarentzat.

Estatua beti estatu...

Baina, behintzat, [Espainiako] estatua ez zen ausartu bere zerrenda makabroan agertzen ziren batzuen kontra jotzen, Egunkaria-ren itxierak izan zuen erantzunaren ondoren, batik bat, zeren eta Donostiako manifestazioan eta gainerako mobilizazioetara jendea ez zen joan, bakarrik, adierazpen askatasuna, euskara eta gure eskubideak defenditzera. Joan zen, horrez gainera, norberaren alderdia, norberaren sindikatua, norberaren hezkuntza eredua… defenditzera. “Edo estatuaren estrategia hau gelditzen dugu, edo gure gauza guztien kontra etorriko dira!”. Ordurako, Ertzaintzaren buruzagietan Espainiako buru militarrak jarriko zituztela ere esaten ari ziren, legeak halaxe aurreikusten duenez.

Egunkari berria jaio zen gero, oraingo Berria.
Eta Jaurlaritzak proiektua “berbideratzeko” saioa egin zuen, zenbait elkarrizketa tarteko, eta zenbait baldintza, Egunkaria-ren langileek onartu ez zituztenak, nahiz Jaurlaritza proiektu berrian diru asko jartzeko prest egon. Baldintza haien artean zen, adibidez, ni proiektu berriko parte ez izatea, baina gure jendeak ezetz esan zuen. Iraganaren irakurketaz hainbeste hitz egiten den garaian, irakurketa osoa egin behar da, eta, esaterako, horregatik ez dut nik memoriarik idatzi nahi.

2008. Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zenuten tortura kasuen salaketarekin, eta, 2010ean, berriz, absolbitu egin zintuzteten. “Justizia eta erreparazioa” esaten den honetan, absolbitzea erreparazioa da?
Ez, erreparaziorik ez da izan. Europako [Giza Eskubideen Auzitegiaren] sententzia oso gogorra da, oso gure aldekoa, oso Juan del Olmo epailearen instrukzioaren kontrakoa, eta horixe behar genuen guk: absoluzioa, batetik, eta sententzia oso gogor bat Europaren aldetik. Gure jendeak sinesten zigun, baina jende gehiagok sinestea behar genuen, eta absoluzioak asko lagundu zigun horretan. Horrekin batera, Europak gure tortura salaketak babestea ere behar genuen. Neu izan nintzen bakarra, tortura salaketak Europara eramaten, Iñigo Iruin abokatuaren lan bikaina tarteko. Eta Europak Espainia zigortzea lortu genuen, bataila hori ere irabazi egin genuen. Europak ez zuen esan Martxelo Otamendi torturatu egin zutela, instrukzioa ez zela behar bezala egin besterik.

24.000 euroko isuna jaso zuen Espainiak, “oso merke”, esan zenuenez.
“Ordainduko dugu. Zuek, segi torturatzen!”, esateko moduan. Estatuaren inteligentziak torturatzen jarraitu behar dela erabaki badu, 24.000 euro ez da dirua, limosna hutsa da. Estatuaren arabera, torturaren bidez lortu dezakeen informazioak hori baino askoz gehiago balio du. Estatuaren estrategia da, estatuak babes osoa ematen die torturatzaileei, eta hargatik ezin dugu jakin nor diren torturatzaile horiek… Hala ere, konbentzituta nago torturatzaile bat ezagutu nuela. Haien artean bazen bat oso ahots edo eztarri marrantatua zuena. Uste dut halaxe erabiltzen duela [Bernardo] Atxagak Camilo Lizardi… ipuinean. Halakoxea zuen nire torturatzaile hark ere, Eskoziako whiskia asko edan duenaren ahotsa.

(...)
“Niri Torque deitzen didate!”, esaten zuen torturatzaile hark. “Torque… Torquemada. Ba al dakik zein izan zen Torquemada?”, eta, nik: “Bai, Guardia Zibilaren fundatzailea!”. Jendeak barre egiten dit, zeren eta Torquemada inkisidore izan zen, eta Guardia Zibilaren fundatzailea, berriz, izan zen Ahumadako dukea [Frantzisko Girón Ezpeleta, iruindarra]. Dena dela, ahots marrantatu hura grabatuta gelditu zitzaidan. Hurrena, Portu eta Sarasolaren tortura auzian izan nintzen, Donostiako Probintzia Auzitegian, eta hamar-hamabi guardia zibil eraman zituzten errekonozimendu errondara, nahiz ileorde, betaurreko beltz eta abarrak modu itsusian jantzita. Kasik guri burla egiteko moduan. Deklaratzeko garaian, haietako bat hizketan hasi, eta delako Torquemada haren ahots marrantatua ezagutu nuen. “Hauxe da!”. Beti betiko guardia zibilak dira galdeketak egiten, bizpahiru talde dira, espezializatuak, Euskal Herria-Madril-Madril-Euskal Herria dabiltzanak.

"Euskal Herria saileko kazetariak asko sufritutako jendea dira, gurean eta besteetan, zuzen edo zeharka. Eta gizakia ohituagatik ere, egoera hura karga bat zen: atentatuak, salaketak, protestak, errebindikazioak, agiriak… Oso zaila da"

2011. Albiste handi horixe emateko irrikan izan zinen urte askoan, eta eman ahal izan zenuten: ETAk jarduera armatua bukatzea erabaki zuen. Urte askoan, hala ere, karga pisu horren azpian lan egin behar izan zenuten garaiko hedabide eta kazetariek.
Egoera guztietara “ohitzen” da gizakia, edo egokitzen. Baina egia da gure kazetariek oso gaizki pasatzen zutela atentatua izan zen leku batetik erredakziora etortzean, edo torturak salatzeko prentsaurreko batetik, edo… Euskal Herria saileko kazetariak asko sufritutako jendea dira, gurean eta besteetan, zuzen edo zeharka. Eta gizakia ohituagatik ere, egoera hura karga bat zen: atentatuak, salaketak, protestak, errebindikazioak, agiriak… Oso zaila da. Eta, bestalde, ETAk hildako batzuk pertsonalki ezagutzen nituen: Juan Mari Jauregi, Joxe Mari Korta… eta, berdin, torturatu batzuk. Beraz, hori dena kudeatzea konplikatua da, errespetu handiz jokatu behar da. Eskerrak gure gorputzak bere mekanismo propioak ere aktibatzen dituen bere burua babesteko.

Batzuek beste batzuek baino hobeto asmatzen dute beren burua babesten. Minbizia izan zuen Joan Mari Torrealdaik, eta hil zen. Minbizia Inma Gomilak, eta hil zen. Minbizia izan zenuen zuk.
Eta oraindik orain hil da [Jabier] Salutregi, minbiziak jota, urte askoan kartzelan egonda. Eta Gorka Agirrek ere, EAJko kide historikoak, minbizia; Grande Marlaska instruktore zela, Faisan auzian sartu zuen Agirre, eta, buruzagi jeltzaleei entzunda nago haren minbiziak Faisan auzian zuela jatorria… Egunkaria auziaren lehen kolpean dauzkagu hamar atxilotu, zazpi torturatu, hiruk minbizia garatu genuen, eta bi minbiziak hilda daude. Eta jakina da minbiziaren jatorria, askotan, trauma-ondoko estresak eragina dela. Halaxe adierazi zuen Torrealdaik, [Imanol] Kerejeta psikiatraren lanak oinarritu hartuta –Donostia Ospitaleko Psikiatria Zerbitzu Burua da, edo izan da– eta Kerejetak berak niri esanda dakit badela psikiatria eta onkologia lotzen dituen diziplina berri bat. Probabilitate kontua.

 Argazkia: Ibai Arrieta

2023. Agur, Berria-tik, Martxelo Otamendi.
Banuen alde egiteko garaia, 30 urte euskarazko egunkarian eginda! Beti zigortuta hemen! Kar, kar…
Berria-ren 20. urteurreneko ekitaldia, zuzendari berria aurkeztekoa, mundu osoari eskerrak emateko baliatu zenuen…
Irakurleak ahaztu zitzaizkidan! Eskerrik asko hemendik irakurleei, Berria lagunei, harpidedunei, iragarleei, eta gurekin lan egin duten erakunde, alderdi politiko, sindikatu, kulturgile… Horiei eskerrak ematea ahaztu zitzaidan! Barka biezadate, euskara elegantean esanda!

"Gizonezkoek errazago esaten diete baietz ardura postuak hartzeari, eta, ni, berriz, ez nintzen jabetu martxan jarri behar nuela mekanismoren bat, emakumezkoek ere ardura postuei baietz esateko. Lankide emakumezko batzuek ikusarazi zidaten arte"

Barka biezazute, sailetako arduradun izendatu ez dituzun kazetari emakumeek.
Bai. Beti izan dira emakumeak zuzendaritza taldean, baina behin ere ez modu orekatuan. Banuen joera mutilak arduradun izendatzeko. Bi konstatazio dira hor: batetik, banuen joera hori, eta, bestetik, ez nuen egoera zuzentzeko mugimendurik egin. Gizonezkoek errazago esaten diete baietz ardura postuak hartzeari, eta, ni, berriz, ez nintzen jabetu martxan jarri behar nuela mekanismoren bat, emakumezkoek ere ardura postuei baietz esateko. Lankide emakumezko batzuek ikusarazi zidaten arte. Eta ikasketa-prozesua abiarazi behar izan nuen nik ere. Zorionez, emakume horietako batzuk aitzindari dira gaur egunean hemengo feminismoan.

Amagoia Mujika Tolaretxipi da Berria-ko zuzendari berria. Zein ondare jaso du?
Enpresa sendo bat, egonkorra, gorabehera handirik gabea… gure ligan jokatzeko moduko egunkaria. Badakigu zer egin dezakegun eta zer ez. Amagoia [Mujika Tolaretxipi] izan da, beste askorekin batera, Berria honaino ekarri duenetako bat, kalitatezko produktu bat –nik esatea itsusia bada ere–, inguruko egunkarien artean homologarria, munduan hara eta hona batere konplexurik gabe dabilena, eta Amagoiak are eta egunkari hobea egingo du Berria, dudarik gabe, halakoxe gaitasuna du, eta orain arte izan ez duen kalitate mailara eramango du, seguru.

                                                                                   *          *          *

Homosexualitatea
“Gauza asko toleratzen dira gaur egun, eta, toki askotan, erdeinatzetik normaltasunera egin dugu, baina munduko leku askotan, homosexualitatea semea edo alaba etxetik botatzeko motiboa da oraindik, edo etxetik alde egitekoa. Ezagutzen ditut kasuak. Homofobia latente bat dago oraindik gure artean, eta belaunaldi berriei diren eta ez diren azalpen guztiak emanda ere, kezkatzeko moduko jarrera homofoboak agertzen ari dira haien artean ere".

Garun-ihesa
“Bizi-zikloak dira. [Imanol, Lorea, Juan Luis, Idurre, Amagoia, Alberto, Jose Mari…] Gazterik sartu ziren Egunkaria-n, batzuk ARGIAtik etorri ziren, egunkaria sortu zuten belaunaldikoak izan ziren, eta, gero, ziklo hori bukatuta, beste bide bat hartu zuten. Egunkariko lanak ajeak ditu, ordu asko, soldata alturik ez, larunbateko lana… egunkari askotan gertatzen da, eta zuzendariaren lana da erreleboa prest izatea. Garunak aipatu dituzu zuk, hasierako haiek, eta haien garaian, bekadun zen oraingo zuzendaria. Hortxe erreleboa. Harrobia da gakoa”.


AZKEN HITZA

Presoak eta independentzia
“Politikari katalan batek horixe galdetu zidan, orain zer egin behar dudan, eta ‘Presoak eta Independentzia’, esan nion. ‘Eta euskara’ gaineratu nezakeen. Ez naizela geldirik egongo esateko modua".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude