Albina Stardust (Burlata, 1997) drag-a eta trabestia da jaiotzez: “Trabesti betidanik izan naizela uste dut. Fantasiaren mundua asko gustatu izan zait. Nire kasuan drag-a oso pertsonala da; Albina Stardust ez da pertsonaia, baizik eta nire adierazpen artistikoa”. Unibertsitate garaian eman zuen jauzia munduari nor den erakusteko. “Drag-ak nahi nuena izaten uzten zidan, gizarteak ez zuelako Eneko epaitzen, Albina baizik. Albinak Enekori asko irakatsi dio, baita alderantziz ere”.
“Drag artista ez bitarra” zarela diozu Instagram-eko deskribapenean. Lau hitzetan zenbat adierazpide, ezta?
Ez pentsa, batzuetan konfliktoa dut horrekin. Logikoa da gatozen background edo historiatik drag queer eta queen maskulino eta femenino bitarrean erortzea, baina ez genuke jarraitu behar horrela ezberdintzen. Drag queer mugimendua sortu zen duela urte batzuk, baina gaur egun drag arteaz hitz egiten dugu, ulertzeko errazagoa baita. Bestalde, drag queen-en ikusgarritasuna aldarrikatu behar ditugu, maskulinitatea antzezteak baduelako bere aldarrikapena, eta zoragarria da.
Noiz eta nolatan erabaki zenuen zure proiektu propioa garatzea?
Nerabezaroan super-normatiboa eta heteroa nintzen. Ikastera Gasteizera joan nintzenean hasi nintzen esperimentatzen. Ileordea eta takoiak erosi nituen, eta hor hasi nintzen nire buruari galderak egiten: nola izan ninteke horren lotsatia egunerokoan eta ileordea jantzita hain ahaldunduta sentitu? Emakume transa naiz agian?
Garai hartan ez zen trans identitateez hitz egiten, institutuan ez ziguten ezer azaldu. Ni gustura nengoen nire gorputzarekin, eta queer teoriaren barruan ezagutu nituen pertsona ez-bitarrak eta abarrak. Unibertsitatean erabaki nuen draga zela nire modua munduari nor nintzen erakusteko. Draga-k nahi nuena izaten uzten zidan, gizarteak ez zuelako Eneko epaitzen, Albina baizik. Albinak Enekori asko irakatsi dio, baita alderantziz ere.
Euskal Herrian eta euskaraz, badago drag-en sarerik?
Yogurinha Borovak, Divina Komediak eta nik euskaraz egiten dugu. Bilbon ere jaiotzen ari dira, eta gero eta gehiago gara. Beharra badago: euskarak hurbiltasuna eta bertakotzea eragiten ditu.
Belaunaldi berriei begira, drag erreferenteak zarete.
Ezagunagoak izateagatik ez gara erreferenteagoak, guztiak gara erreferenteak.
Euskal kultur eszenarentzat hautu iraultzailea kontsidera daiteke zurea. Helburu hori ere badu?
Jakina. Lentejuelaz egindako ikurriña body batekin atera naiz nire azken show-ean, esaterako. Edota jada ikoniko bihurtu diren alpargata trabestiak sortu ditut, takoidunak. Euskal kultura berritu dezakegu.
Txosna askotatik deitzen gaituzte zerbait berria nahi dutela esanda, baina txosnetan edo ohiko jaietan ez dut nire tokia aurkitu. Rock taldeekin afaltzea eta jotzea ere behar dugu, eta haiekin bat egin. Drag artistak, emakumeak zein pertsona ez bitarrak gauza asko sortzen ari dira: Kai Nakai, Merina Gris edota J Martina, kasurako.
Kulturaren plaza aldatu da?
Aberatsagoak izan gaitezke, askotarikoagoak. Dena den, zorionez, geroz eta ahots eta estilo ugariagoak entzuten ari gara, eta zoragarria da.
Kulturak zer falta du askatzailea izateko?
Artistak ez dira falta; asko gara, eta gehiago bagara, hobeto. Falta dena espazioa da, benetako gogoeta eginda duten espazioak. Antolatzaileek ez dituzte LGTBI+ artistak deitze hutsagatik deitu behar, baizik eta hala nahi dutelako egin. Zer da espazio horrek antolatzen duena eta antolatu nahi duena? Hausnarketa hori beharrezkoa da. Ekainean lanez gainezka aritu gara, eta emanaldi gehien-gehienak, hausnarketa handirik egin ez duten lekuetan izan dira.
Bazen garaia euskaraz trabestiek ere plazak zein erdiguneak hartzeko. Babesa ala oztopoa, zer sentitu duzu gehiago bide horretan?
Oro har, babesa. Kezkagarria dena da terf-ak geroz eta indar gehiago ari direla hartzen (“Trans-Exclusionary Radical Feminist” edo “Transak baztertzen dituzten feminista erradikalak” mugimenduak). Hala ere, babesa eta interes handia jasotzen dugu oro har, batez ere Mugimendu Feministaren eskutik.
Telebistan ere ibilia zara. Pantailek askotariko identitateak plazaratzen laguntzen dute?
Zein helbururekin ematen dizkigute espazioak? Positibismoaren betaurrekoak jarrita, geroz eta identitate disidente gehiago ikusten dira telebistan eta medio guztietan.
Kontzertu edo egun berezi bat aukeratzekotan, zein?
Luma Trabesti Fest, dudarik gabe. Iaz egin genuen Euskal Herriko lehen trabesti jaialdia eta izugarria izan zen. Niretzat egun historikoa da.
Zerekin amesten du Albinak?
Nire artea baloratzearekin, beste artistenaren maila berean jarrita. Zergatik ez gaude, esaterako, Gaztea sarietara edo jaialdi erraldoi batera izendatuta? Denak ez gara musikariak, baina musika egiten dugu, eta abestu ere bai. Hortik kanpo uzten gaituzte.
“Noiz plazaratu nintzen lehenbizikoz? Jaio nintzenean. Oso argi gogoratzen dut sei urterekin ahizparen gona eta amaren takoiak hartzen nituela, eta sofa atzetik show-ak egiten nizkiola familiari. Munduak ez ninduela ulertzen pentsatzen nuen, horregatik hartu nuen Stardust ezizena –estralurtar bat da–".
"Drag-a esperimentazioa da azkenean, eta hori zerbait naturala da. Denok jolastu izan gara makillajearekin, edo show-ak egiten, marrazten, futbolari izaten... Dena da genero performance-a: ilea luze uztea, moztea, begiak margotzea... Horregatik, dena da drag-a, moduren batean".
Musika jarraitzailea bazara, Rodrigo Cuevas ezaguna izango zaizu. Gure lurretan gonbidatua izan da, Bilboko Aste Nagusian, Iruñeko Enmusikadas eta Oreretan bukatu berri den Atlantikaldian, eta Erromeriak bira kantatu eta dantzatu dio bere fan talde zabalari. Rodrigo... [+]
Shakirak Gerard Piquéri aurpegira botatako abestiaren bertsioa egin zuen Silvia Guillének H&Mko emakume langile prekarizatuen egoera salatzeko eta bideoklipak ehunka milaka ikustaldi izan zituen munduko bazter guztietan. Ileorde ilehoriaren azpian zegoena... [+]
Ekainaren 28ko Harrotasunaren egunaren karietara E28 Plataformak Idazketa Erotiko tailer bat antolatu zuen Iruñean, Ana Jaka idazle eta disidente sexualak eman behar zuena. Udalari erotiko hitza ez omen zitzaion gustatu eta dirulaguntza kendu zioten. Tailerra eman zuten,... [+]
Ekainaren 28an, Harrotasunaren nazioarteko egunean, Euskal Herriko herri eta hiri askotan egin dituzte manifestazioak. LGBTI+ kolektiboak berdintasunaren alde lortutakoa arriskuan ikusten ditu.
LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baliatu dugu talde sortu berri bat elkarrizketatzeko: Irungo Harrotasun Kritikoa taldea. Generoaz, eskuin muturraz, ekainaren 28az eta instituzioen jarreraz galdetu diegu: “Udalaren apaingarri garela sentitzen dugu eta... [+]