“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

  • Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren pasarteekin.

 June Fernandez eta Irantzu Varela La Sinsorga kulturgune feministan, Bilbon. Argazkia: Esel Fotograafía. June Fernandez eta Irantzu Varela La Sinsorga kulturgune feministan, Bilbon. Argazkia: Esel Fotografía.
June Fernandez eta Irantzu Varela La Sinsorga kulturgune feministan, Bilbon. Argazkia: Esel Fotograafía. June Fernandez eta Irantzu Varela La Sinsorga kulturgune feministan, Bilbon. Argazkia: Esel Fotografía.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Irantzu Varelak (Portugalete, 1974) indarkeria matxisten eta autodefentsarako eskubidearen inguruan sentsibilizatu du hamaika formatutan: Faktoria Lila bloga (Ya no soy esa fanzinean bildu zuena), Él nunca me pegó dokumentala, El Tornillo-ko bideoak, Pikara Magazine-ko artikuluak, Villana eta Señoricidio umorezko bakarrizketak... Orain, eleberri autobiografikoa baliatu du, "asmo pedagogikorik gabe sortu duen lehen gauza" dela azpimarratu badu ere.

“Autopornografia” deitu diozu zure eleberriari. Zerk ematen dizu lotsa gehien?
Soilik amodioa adierazteko orduan naiz lotsatia. Nire kezka nagusia da maite nauen jendeak sufritzea gauza jakin batzuk irakurtzean. Baina liburuaren asmoa da erakustea, hau guztia gertatu bazitzaidan ere zoriontsu, pozik eta lasai nagoela. Oinazeak ondare bihurtzen saiatu naiz, jendearengana iritsiko den zerbait sortuta. Pasarte batzuk minduta nengoenean idatzi nituen, baina ezin izan dut liburua argitaratu zauriak itxi arte.

Nola lortu duzu zauriak ixtea?
Zauriak eta orbainak bereizten ditut. Denborak berak ez du ezer sendatzen; feminismo asko, solasaldiak, lagunak eta terapia behar izan dut. Gakoak dira errua kentzea eta zergatik geratu nintzen azaltzen duen testuingurua ulertzea. Berriro gertatuko ez zitzaidala bermatu dudanean idatzi dut liburua.

"Urrunegi joan garela diote. Non daude feminista erasotzaileak? Non daude gizon izutuak? Erreakzio matxista dago, bai"

Sylvia Plath eta Virginia Woolfen suizidioak ekarri zizkidan gogora nire amak behin, argudiatzeko feminismoak zoritxarrekoak egiten gaituela. Zer erantzungo zenioke?
Zuzu Angel diseinatzailea Brasilgo diktadura militarraren aurka nabarmendu zen semea bortxaz desagertu ondoren, eta zera esan zuen: “Zein ondo bizi garen ezer gertatzen ez den itxurak eginez”. Emakume askorentzat biziraupen estrategia indibiduala da gertatzen ari zaiena ikusten ez duten itxurak egitea. Esan ohi dut emakume batek gizon bati obeditzen ez dionean, beste emakumeei gogorarazten diela haien obedientzia. Feminismoak argitasuna ematen dizu, eta zure bizitza berrikustea da mingarriena: harreman sentimentalak, familiarrak, sexualak... Horrek haserre handia sortzen du, baina amorrua ondo kudeatzen ikasten ari garela uste dut.

Nola desaktibatzen da biktimaren estigma?
Zorionez, gure indarkeria-esperientziei buruz hitz egiteko moduak bira izugarria eman du azken zortzi urteotan. Lehen lotsaz egiten genuen, intimitate guneetan; orain gai gara barre artean konpartitzeko. Neronek, arestian, horri buruz idazten nuen mozkortuta edo bereziki asaldatuta nengoenean. Lotsa ematen zidan onartzeak helduaroan gertatu zitzaidala, prestakuntza feminista banuen ere. Gaur egun modu gogoetatsuan partekatzen ikasi dut, oka egin beharrean, eta “niri ere gertatu zait” erantzuten didazue askok. Zuri gertatu ez bazaizu, aparteko zortea izan duzu, edo akaso ez duzu zure bizitzaren irakurketa kritikoa egin. Bi psikologok esan zidaten nire dokumentaleko protagonistok torturaren biktimak bezala hitz egiten genuela. Bi gaien kasuan, indarkeria horiek deslegitimatu dituen gizartea eraiki dugu, eta ondorioz biktimoi lotsa gutxiago ematen digu testigantza emateak. Lan pertsonala izan da, baita kolektiboa ere.

Argazkia: Esel Fotografía.

Ana Requenak Intensas liburuan azaltzen du emakumeok erru sentsazioan sozializatzen gaituztela, eta gizonak, berriz, amorruan. Amorrua aldarrikatzen duzu zuk.
Emoziorik iraultzaileena da, erreakzionatzera behartzen zaituelako. Tristurak eta erruak, aldiz, hondoratu egiten zaituzte. Liburua erreparazio ariketa bat da, baita mendekua ere.

Liburuan kontatzen duzu bi senar izan zenituela: bata ona eta bestea txarra. Zergatik ez duzu senar onari buruz hitz egiten?
Benetan uste al duzu munduak tipo jatorren kontakizun gehiago behar dituela? Imajinatzen duzu ijito feminista bat ijito ez diren jatorrei buruzko liburu bat idazten? Esplotatzaile ez izaten saiatzeak ez zaitu on egiten, gizatiar eta duin baizik.

Aldiz, zure familiako gizonak onik ateratzen dira.
Gizon bikainak ditut inguruan, esker onetan aipatu ditut. Nire aitak lan handia egin du bere alaba, emaztea eta koinatak esaten duguna ulertzeko. Izugarri aldatu da berrogei urtetan, lagunen beste aita batzuk bezala. Badira aldatu ez direnak ere, edo okerrera doazenak.

"1990eko hamarkadan ipurdia ukitzen ziguten eta kikildu egiten ginen, baina orain errieta egiten dugu, ukabilkadaka ez bada"

Señoro ezagunak agertzen dira liburuan. Bereziki, erraz identifikatu ditzakegun tertulianoak. Zalantzarik edo beldurrik izan duzu haiek seinalatzeko orduan?
Haien izen-abizenak orri-oinean zehazteko gogoa nuen baina, zorionez, nire abokatuak ez dit utzi. Edonoren aurrean sostengatu ditzakedan kontakizunak dira. Bere garaian zerbait puntuala egin zuen batek deitu zidan bere ardura onartzeko, eta poztu egin nintzen. Norbaitek liburua irakurri, interpelatua sentitu eta “nola izan nintzen hain kirtena!” pentsatzen badu, primeran. Baina agertzen diren matxiruloak bost axola zaizkit. Salatu nazatela!

Polizia batek esan zizun bere lankideen erdiak gorroto zintuela eta beste erdiak zurekin larrua joko lukeela. Erakargarritasun-gorroto dinamika ikusi dut feminista askorekiko.
Une hartan gazteagoa eta argalagoa nintzen. Seguruenik villana erakargarria nintzen haientzat, bai. Orain dezente atera naiz gizon hetero batentzat desiragarria den moldetik, eta gorrotatzen jarraitzen naute. Emakumeok hipersexualizatzea gu politikoki desaktibatzeko modu bat da. Ez bagaituzte follable gisa sailkatzen emakume kategoriatik kenduko gaituzte. Esan didate ez naizela bortxagarria! Baina gezurra da: bortxaketaren ardatza ez da desira sexuala, boterea baizik. Egon badaude umeak eta animaliak bortxatzen dituzten matxiruloak.

Uste duzu Me too-tik tentu handiagoz ibiltzen direla plazandreak jazartzeko orduan?
Bai, baina ez dut uste inflexio-puntua Me too-a izan denik, kontzientzia feministako testuinguru politiko askoz zabalagoa baizik. Emakume askok gaitasuna garatu dugu jarrera horiek seinalatzeko, eta gizon askok hausnartu dute. Beste batzuk txundituta daude, nahi zutena inpunitatez egitera ohitu zirelako: gure gorputzei buruzko iruzkin sexistetatik, baimenik gabe ukitzera eta bortxatzera.

“Nire birramonak bere senarra etxetik bota zuen 1923an. 25 urte zituen, eta bi seme eta alaba bat. Senarra josteko makina kartetan jokatzen ari zen, eta nire birramonaren diru-iturria horixe zen. Hortik nator ni”. Argazkia: Esel Fotografía.

Justizia patriarkalaz haratago, zein beste bide ikusten dituzu indarkeria matxistak salatzeko?
Iruditzen zait autodefentsa kolektiboa antolatu behar dugula, ez-punitibista eta bidezkoa dena. Zaila da, baina guztion artean ikasten ari gara. Erreakzioa antolatzeaz gain, espazio seguruak zer diren pentsatu behar dugu. Gustuko dut Rote Zoraren kontzeptu bat: kontrabiolentzia. Haiek ez zuten inor hil, baina sabotajeak egin zituzten. Emakume-taldeak osatzeko ideia gustatzen zait, baina saiatu behar gara molde patriarkalak ez errepikatzen, salaketa jartzen duten pertsonak zaintzen, lintxamenduak saihesten...

Baina posible ote da bidezkoa eta ez-punitibista den kontrabiolentzia gauzatzea?
Ez dakit, erretorika aldatu dezakegu behintzat, gaueko manifestazioetan zuziekin ateratzen garenean bezala. Hasteko, uste dut emakume guztiek, pertsona ez-binarioek eta LGTBIek autodefentsa feminista ikasi beharko luketela, beldurra alde batera utzita erasoei erantzuten hasteko. Erasotzaileek, aurre egiten dietela ikusita, elkarri jakinaraziko diote. Esango nuke neurri batean gau giroko dinamika aldatu dela: 1990eko hamarkadan ipurdia ukitzen ziguten eta kikildu egiten ginen, baina orain errieta egiten dugu, ukabilkadaka ez bada. Hala ere, gauero geure burua defendatu behar dugu, eta gogaikarria da feministok eta bollerok parrandan liantak garela sentitzea. Helduko da taberna hetero batean gure artean perreatzeko aukera izango dugun eguna?

Batzuen ustez, kontrabiolentziazko erretorika arriskutsua da, gizon gazteak gotortzen eta harrotzen dituelako.
Assata Shakurrek ezin hobeto azaldu zuen: “Historian ez dago bere zapaltzailearen moraltasuna galdatuz askatasuna lortu duenik”. Urrunegi joan garela diote. Non daude feminista erasotzaileak? Non daude gizon izutuak? Erreakzio matxista dago, bai, gure eskubideen gainetik bizi nahi dutenen aldetik. Haien aiten eta aititen bidea jarraitu nahi zuten, baina egungo neskek planto egin dute. Esklabotza abolitu zenean sortu zen Ku Klux Klan.

"Gustuko dut Rote Zoraren kontzeptu bat: kontrabiolentzia. Haiek ez zuten inor hil, baina sabotajeak egin zituzten"

Emakume indartsu eta errebeldeen leinu baten parte gisa aurkezten zara liburuan.
Bai. Nire birramonak bere senarra etxetik bota zuen 1923an. 25 urte zituen, eta bi seme eta alaba bat. Senarra, apustuan, josteko makina kartetan jokatzen ari zen, eta nire birramonaren diru-iturria horixe zen. Hortik nator ni: tratu txarren bizirauleak, ikasketarik gabeko etxekoandreak (jakin-min amaigabea zutenak), Zierbenatik Santurtzira edo Bilbora oinez joaten ziren sardina-saltzaileak… Emakume saltseraz inguratuta hazi naiz, zeinak patriarkatuaren aurrean plazererako eta gozamenerako gaitasunari eutsi dioten.

Oso presente dago klase kontzientzia.
Halabeharrez. Aita fabrika bateko langilea zen eta ama etxekoandrea. Ulertu dut bizitzako aukera guztiak aprobetxatu behar nituela, nire klasekook ez baititugu barra-barra jasotzen. Orain uste dut zilegi dela bizimodua hobetzeko irrika izatea, baina inor esplotatu gabe. Unibertsitatean konturatu nintzen mundu guztia ez zela gu bezala bizi; badagoela bi bainugela eta udako etxea dituen jendea. Jende horren ardura da ulertzea izan dituzten baldintzak pribilegioak direla, eta horiek guztion onerako erabiltzea.

Argazkia: Esel Fotografía.


Lesbianismoa aldarrikatzen duzu aukera politiko gisa. Benetako irtenbidea iruditzen zaizu emakume gehienentzat?
Nire bizi-esperientzia subjektiboaz ari naiz, heterosexuala izaten gogor saiatu zen emakume batena, bi senar izateraino. Emakumeek erakarri ninduten txikitatik, eta harreman lesbiko bat izateko aukera izan nuenean, egundoko lasaitasuna eta askapena eman zidan. Desio maskulino heterosexualaren orbitatik irtetea da bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena. Publikoki lesbiana naizela esatea ardura kontua iruditzen zait, nire ikusgarritasuna kontuan hartuta. Nire ustez, desio lesbikoa gauzatu nahiko luketen emakumeak gehiago dira lesbiana gisa aurkezten garenak baino. Guztiaren konponbidea dela? Ez, noski. Gainera, lesbianismo politikoa belaunaldi jakin bati dagokiola esango nuke. Gazte bisexual asko ikusten ditut, monosexualitatea horterada iruditzen zaienak.

Sare sozialetatik jaso dituzun gorroto-mezuen salaketak artxibatu dira. Etsigarria da.
Beno, nik uste dut kontzientzia handiagoa dagoela eta ‘Soilik baietz da baietz’ legea badela aurrerapausoa. Edonola ere, ikusi dut erantzunak aktibatzen direla feministak ez diren ageriko emakumeei gertatzen zaienean. Facebookeko erabiltzaile batek Ines Arrimadasi bortxaketa anizkoitza desiratu zionean, hurrengo egunean lanetik kaleratu zuten. Aldiz, ni izanda ez dute tramiterako onartu, ezta felazioak egiten dituzten neskato adingabeen bideoak bidali dizkidatenean ere, eta hori [haurren pornografia] delitua da. Esperimentua egin beharko litzateke ikusteko zer gertatzen den nik jasotzen ditudan mezuak EAJko politikari batek jasoko balitu, adibidez.

Lodifobia nabarmentzen da jasotzen dituzun gorroto-mezuetan. Liburuaren kontrazalean aktibista lodi gisa izendatu duzu zure burua.
(H)amor gordo liburuan parte hartu ondoren jabetu nintzen zapalkuntza horri ematen diogun espazio politiko urriaz. Ni neu “gizentzeko beldur naiz”-tik “gizentzat hartzen naute”-ra pasatu naiz berriki. Orain lodi gisa izendatzen dut nire burua, eta jendea deseroso sentitzen da.

Roxanne Gayren Hambre liburua gomendatzen dut, beltza, bollera eta oso lodia da bera. Nire loditasuna eramangarria da; aulkietan sartzen naiz, ez dut mugitzeko arazorik, erakargarria naiz askorentzat… Baina politizatuta egonda ere, nire gorputza aldatuko nuke.

Kapitulu batean Madonna omentzen duzu. Zahartzea askatzailea da?
65 urterekin eman berri du gizateriaren historiako kontzerturik handiena: bi milioi pertsona Copacabanako hondartzan. Zera diosku: “Hor konpon, atso libre bat naiz ni”. Tira, zahartzea ez zait berez askatzailea iruditzen, ez bada ikasteko aukerak pilatzen zaizkizulako. Patriarkatuari men eginez hazi zara, gero desobeditu duzu, eta zahartzea desobedientzia handiena da. Gorputzeko aldaketek aztoratzen naute, baina badakit ezin dudala denboraren kontra borroka egin. Espero dut bizitza osoa ez ematea ideal baten atzetik sufritzen.

Argi uzten duzu liburuaren hasieratik amaierara lagunak direla salbatzen gaituztenak.
Zorionez, feminismoari, LGTBI eta queer borrokari esker, balioan jarri dugu aukeratutako familia edo, Violeta Assiegok dioen bezala, familia logikoa (biologikoa ez dena). Nire lagun mariokerrak omentzen ditut, baina baita queer burbuila feministatik kanpoko nire betiko lagunak ere. Lurreratzen naute, Irantzu Varela baino gehiago Irantzu axola zaielako. Haiei esker ez naiz esnob huts bihurtu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-07-24 | Leire Artola Arin
Haurtzaroko sexu erasoek gizarte osoa seinalatzen dute

Komunikabideek hainbatetan kontatzen dute halako herritan haur bati sexu abusuak egin dizkiola entrenatzaileak. Beste zenbaitetan entzuten dugu haur baten aitona atxilotu dutela bilobari sexu abusuak egiten zizkiola egotzita. Gutxiagotan argitaratzen da umeari erasoa egin diona... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


2024-07-16 | ARGIA
12 urteko mutikoa bortxatzea leporatzen diote Betharramgo ikastetxe katolikoan lanean ari den begirale bati

Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]


Asiron: “Sanferminak parte hartzaileak, herrikoiak eta jendetsuak izan dira”

Iruñeko alkateak balorazio positiboa egin badu ere, nabarmendu du 24 eraso erregistratu eta 23 pertsona atxilotu dituztela. Baionan ere, bestetan hamaika eraso salatu dituzte.


2024-07-11 | Euskal Irratiak
Eneka Barnetx Borda
“Erasoei begira, lanketa aski apala da oraindik Baionako besteetan”

Asteazkenan ireki dira Baionako bestak usaian baino goizago, bai egutegian bai tenorean. Gisa berean, Patxa plazako besta alternatiboak arratseko 6etan abiatuko dira. Eneka Barnetx Borda, Zizpa gaztetxeko kidea da.


Sanferminetako bederatzi sexu eraso ikertzen ari da Foruzaingoa, horietako hiru “intentsitate altukoak”

Sanferminetako lehen bi egunetan gutxienez bederatzi eraso sexista salatu dituzte, horietako hiru intentsitate handiko sexu erasoak, Mugimendu Feministak gaitzetsi duenez. Foruzaingoak erasoei lotutako gizonak atxilotu ditu, eta gertakariak ikertzen ari da. Erasoei erantzuteko... [+]


Emakume bati sexu erasoa egiteagatik, gizon bat atxilotu dute larunbatean Tuteran

Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du larunbat honetan Tuteran, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Emakumeak Poliziari deitu zion laguntza eske gizona jarraika zuelako.


Milaka lagunek salatu dituzte Sanferminen lehen egunean izandako eraso matxistak

Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, bezperan izandako lau eraso salatzeko. Berriozarren eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte sexu abusuengatik.


2024-07-05 | Ahotsa.info
Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa Sanferminetan

Iruñean, Sanferminetarako, udal estrategia bat sortu da eraso sexisten aurkako protokolo saretua aurrera eramateko. Protokoloak, sentsibilizazio eta prebentzio neurrietan, eta ekintza plan batean oinarrituta dago, zeina, interbentzioa, laguntza eta erantzun protokoloa... [+]


Irunberriko Udalak ez du eraso sexisten aurkako kartela jarriko herrian, “ez delako beharrezkoa”

Irunberriko Talde Feministaren eskaerari uko egin eta eraso sexisten aurkako kartela ez dutela herri sarreran jarriko erabaki du Rocío Monclús buru duen udal gobernuak, ez dela beharrezkoa argudiatuta, "beste eraso batzuk ere gertatzen direlako". Udalaren... [+]


Nagore Laffage oroitu dute Iruñean, hilketaren 16. urteurrenean

Nagore Laffage Casasolaren heriotza salatu dute Iruñean astelehenean. 2008ko Sanferminetan Jose Diego Yllanesek hil zuen, Laffagek 20 urte besterik ez zituela.


Sexu abusuak egiteagatik zigortu dute epaileek Baionako apaiz bat, baina ez du kartzelara joan beharko

70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.


Urruñan desagertutako emakumeak otsailean Poliziari jakinarazi zion senarrak “jazartzen” zuela

Ostegunean emandako prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradoreak bikotea “dibortzio-prozesuan” zegoela adierazi du, eta senarrak ez zuela onartzen. Senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean zituen gerra armak ez dituzte aurkitu. Laure Zacchello... [+]


Emakume bat desagerturik da Urruñan eta hilketa matxistagatik ikerketa ireki dute

Laure Zacchello azken aldiz ikusi zuten ekainaren 21 goizean. Fiskaltzak astelehenean senarrari behin-behineko espetxealdia ezarri zion eta haren parte-hartzea froga dezaketen “zantzu serio eta sendoak” daudela informatu du Sud Ouest egunkariak. Jendarmeriak laguntza... [+]


La Salle jakitun zen Patxi Ezkiagak adin txikikoei egindako sexu abusuez, eta ez zuten neurririk hartu

El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]


Eguneraketa berriak daude