"Emakumeon zinema txikiagoa eta intimoagoa dela pentsatzeko eta horregatik balioa kentzeko joera dago"

  • Bada Nafarroan emakume zinemagile gazte eta euskaldun talde bizkor bat film dokumental oso berritzaileak egiten ari dena. Horietako bat da Ione Atenea. Bartzelonako etxe batean bizi izan ziren García anaia-arrebek utzitako ikus-entzunezko material eskerga oinarri hartuta, Los caballos mueren al amanecer (Zaldiak egunsentian hiltzen dira) bere bigarren filma egin du. Francoren diktaduraren errealitate grisetik ihes egiteko sorkuntza eta fikzio-gune bihurtu zuten etxe hartan sartzera gonbidatzen gaitu orain.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
Ione Atenea. Iruñea, 1985

EHUn Arte Ederrak ikasi ondoren, Valentzian argazkigintzako master bat eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Sorkuntza Dokumentaleko masterra egin zituen.

Enero (Urtarrila) bere lehen film luzea 2019an estreinatu eta Gijongo Zinemaldiko Opera Prima Onenaren saria jaso zuen. Iaz Ikuspuntu-Punto de Vista jaialdian Los caballos mueren al amanecer (Zaldiak egunsentian hiltzen dira) aurkeztu zuen eta honekin Panorama Saria lortu zuen Kanaria Handiko Las Palmaseko Nazioarteko Zinema Jaialdian.  Hiruki filmak ekoiztetxeko sortzaileetako bat da Marina Lameiro ahizpa eta Garazi Erbururekin batera.

Nola iritsi zara zinemagile izatera?
Beti interesatu zait argazkigintza eta makina txiki bat izan nuen umetatik. Arte Ederrak ikasi nuen, ez dakit oso ongi zergatik. Ondoren zerbaitean sakontzea erabaki nuen eta orduan Valentziara joan nintzen argazkigintza ikastera. Buru-belarri sartu nintzen horretan eta amaitutakoan Nafarroako Gobernuaren beka bat lortu nuen Sorkuntza Dokumentala ikasteko, nire ahizpa Marina Lameirok egina zuen bezala. Bera ni baino gazteagoa da, baina oso garbi izan du betidanik zinema egin nahi zuela.

Zinemagintzatik bizitzea zaila da?
Bai, eta argazkigintzatik ere bai. Nire proiektu artistikoez gain beste lan batzuk egiten ditut bizi ahal izateko, promozio bideoak adibidez. Enkarguak eta proiektu pertsonalak modu paraleloan egiten ditut.

Enero eta Los caballos mueren al amanecer dira zure lehen pelikulak. Zer dute amankomunean?
Nire lan guztiak bizitako esperientzia bat dokumentatzeko desiotik sortzen dira. Gertukoarekin lan egiteak erakartzen nau. Bi lan horietan legatuaren ideia eta heriotzaren presentzia oso nabarmenak dira. Sormen prozesua ikaspen gisa bizi dut eta bukaerako lanak hori guztia biltzen du.

Enero-n zure bi amonekin izandako elkarrizketak biltzen dira. Zer bilatzen zenuen?
Film honekin hasi nintzenean baneraman denbora nire jatorrien inguruan hausnartzen. Kozinatzen genuen bitartean edo paseoan genbiltzanean, haien bizitzari buruz galdetzen nien amonei. Haien istorio pertsonalei esker nolakoak izan ziren nik bizi ez ditudan garai horiek ikasten ari nintzela ohartu nintzen. Jakinduria hori guztia transmititzen ari zitzaizkidala sentitu eta hori kamera batekin biltzea erabaki nuen. Bestalde, interesatzen zitzaidan jakitea nola ari ziren bizitzen haien mundualdiaren azken fase hori. Denboraren joanak beti interesatu eta kezkatu izan nau. Nola egiten diozu aurre etorkizunari zure bizitza ia osoa iragana denean? Hori zen jakin nahi nuena.

Zer ideia gelditu zaizu buruan iltzatuta?
Ideia batekin gelditzekotan aukeratuko nuke amona nafarrak esan zidan bat: norberak bere burua maitatzea dela garrantzitsuena, eta ez duzula inoren beharrik zoriontsua izateko. Nire bi amonek oso bizimodu desberdinak izan zituzten. Galiziako amona hiri batekoa zen, nafarra, aldiz, herri txiki batekoa, biak Francoren garaian haziak. Kontraste asko zuten haien artean, baina nik bilatu nuen batzen zituena.

Zahartzeari beldur diozu?
Boladaka. Lehen lasaiago nengoen, baina orain berriro kezkatuta nabil denborak oso azkar ihes egiten duelako. Hori umetatik gertatzen zait. Uste dut denboraren joanean pentsatzea ez dela oso kontu normala haurrengan, baina nire bizitzan beti egon da presente.

Los caballos mueren al amanecer oso modu berezian sortu zen, ezta?
Bai. Ideia sortu zen Bartzelonako etxe bat okupatzera sartu ginenean eta han zegoen guztia ikusi nuenean. Han hiru anaia-arreba bizi izan ziren eta haien sormen lan eta jokoetan erabilitako argazkiak, diskoak, testuak, marrazkiak eta pelikulak aurkitu genituen. Altxor bat.

Okupa moduan bizi zara aspalditik. Zergatik?
Alde batetik, niretzat bizirik irauteko modu bat da eta, bestetik, borroka eta protesta egiteko bidea. Erabiltzen ez den espazio batera sartzea, behin-behinean eta modu prekarioan bada ere, etxebizitza edukitzeko pertsona guztien eskubidea aldarrikatzeko ekintza bat da.

Etxe horretan sartzea eta abandonatuta zeuden gauza horiek guztiak berreskuratzeak justizia poetikoa dirudi…
Zentzu horretan, okupek hartzen duten guztia suntsitzen dutela dioen topikoa desmuntatzeko balio du film honek.

Etxean sartu ginenean, oraindik norbait bizi zela sentitu genuen. Ematen zuen ogia erostera joanak zirela edo horrelako zerbait, baina baziren hiru urte etxea hutsik zegoela.

Aurkikuntza bat izan zen, sorpresa bat. Zorte antzeko bat sentitu nuen, altxor bat eskuratzeko ilusioarekin nintzen: iraganeko mundu hori eta dagoeneko ez dauden bizitza batzuk.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA
"Etxeak okupatzea, batetik, niretzat bizirik irauteko modu bat da eta, bestetik, borroka eta protesta egiteko bidea”

Nolakoak ziren han bizi ziren pertsonak?
Antonio izan zen profesionalki horretara dedikatzeko aukera izan zuen bakarra. Marrazkilaria izan zen Bruguera argitaletxean. Rosita kantaria zen eta piano klase batzuk eman omen zituen, baina besterik ez. Juanitok ez zuen lanbide artistikorik. Desgaitasun bat zeukan, baina hartu nuen hori ez nabarmentzeko erabakia, desberdin ez egitearren. Ezaugarri hori zeukan, beste edozein bezala, baina pelikulan ez dut hori azpimarratzeko beharrik. Hiruen artean asko jolasten zuten eta agian bera zen jolastiena, besterik ez. Zinema klasikoko izarrak izan ziren, Bigarren Mundu Gerrako soldaduak, gangsterrak, astronautak, zientzia fikziozko heroiak, mendebaldera egindako bidaia betiereko batean cowboy bakartiak…

Bat-batean atera ziren etxe horretatik?
Rosita izan zen azkena, eta imajinatzen dut erietxera eraman behar izan zutela eta horregatik gelditu zela dena zegoen bezala, baita hozkailuan zeuden gauzak ere. Gu sartu izan ez bagina oraindik legoke hutsik eta halako tokietan sagu, uso eta beste animalia batzuk ugaltzea erraza da. Hutsik dauden etxeak azkar doaz gainbehera.

Koloretako irla moduko bat zen gerraondoko Bartzelona hiri gris hartan?
Bai, eta imajinatzen dut halako gauzak egiten zituen jendeak etxean eta ezkutuan eginen zituela. Filmaren beste helburu bat izan da Bartzelona hiriaren kronika bat egitea. 50-60 hamarkadetako Bartzelonan barnako ibilaldia ere bada.

Zu eta zure lagunak ere sartzen zarete kontakizun horretan. Zergatik?
Ez nuelako soilik pertsona batzuen istorioa kontatu nahi. Belaunaldien arteko harremana egin nahi nuen. Orainalditik egindako begirada bat da eta horregatik neure burua sartu nuen, ez protagonista gisa, baina bai gidari moduan. Hainbat garaitako pertsonen arteko lekuko pasatze moduko bat da. Horregatik kamera gorputzaren luzagarri bezala erabiltzen dut eta ikuslea ere filmaren barnean sentitzen da.

Argi utzi nahi nuen, bestalde, zer jartzen nuen nik eta aurkitutako informazioa zer zen; irudipena nuen niretzat oso gertuko pertsonak zirela, ni haien etxean bizi bainintzen, eta horregatik ez nintzela eroso sentituko istorio bat asmatuko banu. Film zoragarriak daude aurkitutako material dokumentalaren bidez istorioak egiten dituztenak, baina aurkitu nuenari ahalik eta leialen izan nahi nuen. Izan ere, artxibo pertsonal batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira: baina zer gertatzen da istorio horiekin inork jasotzen ez dituenean?

Hiruki Filmak, zu partaide zaren ekoiztetxeak ekoitzi du filma. Zein da Hirukiren filosofia?
Marina nire ahizparen lehen pelikulan,Young&beautiful (Gazte eta ederra), parte hartu nuen aktore gisa. Orduan erabaki genuen gure ekoiztetxe propioa egitea gure proiektuak aurrera ateratzeko eta beste emakumeei ere haienak egiten laguntzeko. Arantza Santesteban zinemagile iruindarra berehala jarri zen harremanetan gurekin eta 918 gau bere filma elkarrekin egitea proposatu zigun. Izugarri gustatu zitzaigun eta dena oso ongi joan da. Oso ekoiztetxe txikia da eta horregatik, oso politak diren proiektuak batzuetan bazterrean utzi behar izan ditugu, tamalez.

Halako dokumentaletarako dirua nola lortzen da?
Dirulaguntzetatik bereziki. Komertzialki film horiek ez dute dirurik ematen. Nafarroan zorte handia dugu, Generazinema programatik laguntza ematen digutelako, baina zaila da laguntza asko jasotzea zinema komertzialago baterako diseinatuta dagoelako.

Ikuspuntu-Punto de Vista jaialdiak ere laguntzen du?
Bai, eta laguntzen du, bereziki, jende gazteak ikas dezan. Eskola moduko bat da non hainbat egunetan kalitate handiko lanak erakusten diren. Oso garrantzitsua da Iruñerako, harrobia egiten laguntzen duelako.

Zinemagile emakume, gazte eta euskaldun belaunaldi indartsu bat ari zarete gauza interesgarriak egiten orain Nafarroan…

Ni oso pozik nago denak miresten ditudalako eta oso gustura sentitzen naizelako elkarri lagunduta eratu ahal izan dugun komunitate honetan.

Neurri handi batean, nire erreferenteak haiek dira: Arantza Santestebanen 918 gau filmetzarra, Maddi Barberren GorriaUrpean Lurra, 592 metroz goiti, Paraíso, Marina Lameiroren Young&beautiful, Dardara, Irati Gorostidi eta Mirari Echavarriren San Simon 62…

“Ideia batekin gelditzekotan aukeratuko nuke amona nafarrak esan zidan bat: norberak bere burua maitatzea garrantzitsuena dela eta ez duzula inoren beharrik zoriontsua izateko”
 

Zer duzue amankomunean?
Etika bat zinema pentsatzeko eta egiteko orduan. Eta bat gatoz bizitza ikusteko moduan. Denak abiatzen gara gertatzen zaizkigun gauzetatik, inguruan dugun horretatik.

Genero arrakalaren ondorioa da emakume gehiago aritzea mota honetako zinemagintzan besteetan baino?
Estatistikak begiratuta erraz ikusten da emakumeok orokorrean askoz aurrekontu baxuagoak ditugula filmak egiteko. Guk gertukoa egiten dugu hori delako nahi duguna, baina egia da oztopo gehiago dugula, eta egiten dugun zinema txikiagoa eta intimoa dela pentsatzeko joera dago, horregatik balioa kenduz. Sistema osoa deseraiki behar da maila berean egoteko.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Fikziorik egiteko asmorik baduzu?
Baditut ideia batzuk. Esperimentatzeko gogoa dut, baina denbora, jendea eta diru asko eskatzen dituen proiektu batean sartzeak beldur pixka bat ematen dit. Horregatik nahiago dut modu hibridoan planteatu, aktorerik gabe, adibidez.
Ideia bat da munduan beren tokia posizio antagonikoetatik bilatzen duten bi lagun nerabeen fikziozko istorioa. Beste bat da Komando Autonomo Antikapitalisten inguruko dokumental bat, kide baten istoriotik kontatua. Pertsona hori orain zahar egoitza batean bizi da. Berak zinemagintza ikasi zuen 68ko maiatzean, Parisen unibertsitatean ari zela liberatu zen eta Lloret de Mar herrian egin zuten lapurreta bat iruditan jarri nahi izan du beti. Borrokara emanda bizi izan da eta orain denbora pasa nahi dut berarekin, zerbait dibertigarria eginez. Modu horretara borroka horren memoriaz hitz egin nahi dugu.

Nola ari da aldatzen zinemaren kontsumoa?
Pena handia ematen dit zinera joateko ohitura galtzen ikusteak. Puntu kolektibo hori galtzea oso tristea da.

Eta dokumentalena?
Bada jendea oraindik erreportajean pentsatzen duena dokumentala esaten duzunean.
Batzuei asko kostatzen zaie genero honetara hurbiltzea, baina gero konektatzen dute. Pelikula komertzial askok dituzten egitura finkoak aspergarriak suertatzen dira askotan, horregatik jendea bestelako gauzak ikusten hasten denean, bere gustuak aldatu egiten dira. Begirada hezten hasten dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude