"Poliziek mutil marokoar bat ikusten dutenean lehertzear dagoen bonba bat ikusten dutela ematen du"

  • Patera batean Iberiar penintsulara iritsi ondoren, Iruñera etorri zen duela urte eta erdi. Iturgintza ikasten ari da eta Paris 365 jantoki sozialak abian jarritako futbol taldeko kidea da. Zenbait erabiltzailek osatutako talde honetan harreman eta adiskidantza sareak hedatzea da Johan Björkström eta Mikel Lizaso entrenatzaileen helburua. Elkarrizketa hau Redouanerengana hurbiltzeko aitzakia ederra izan da. Nola ezagutu behar nuen nik gazte marokoar bat, bestela? Marokokoa da, Oujda herrikoa, eta 1997an jaio zen.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Zergatik erabaki zenuen Maroko uztea?
Ikasi, lan egin, nire familiari lagundu eta jendea ezagutu nahi nuelako. Bizimodu hobe baten bila etorri naiz. Maroko oso polita da, baina gobernua oso gaiztoa. Ez dute aukerarik ematen aurrera ateratzeko. Hemen desberdina da. Hemen gazteek aukerak dituzte gauza onak egiteko. Han ez dago ezer.

Norekin bizi zinen han?
Nire familiarekin. Ongi nengoen amarekin, aitarekin eta anaia-arrebekin. Orain anaia zaharrena Belgikan dago, beste bat hemen dago, Iruñean, adingabeentzako pisu batean; eta arreba eta 12 urteko anaia txikiena oraindik daude amarekin. Anaiak ikasi behar du pixka bat eta gero ikusiko dugu nola egin dezakegun hura ere hona ekartzeko.

Iruñean dagoen zure beste anaia zer moduz dago?
Ongi. Pisu batean dago beste bi gazterekin. Aste osorako janaria ematen diete eta zaintzen dituzte. Laster 18 urte beteko ditu eta handik aterako da. Orain mekanika ikastaro bat egiten ari da eta bermatutako errenta kobratzeko paperak prestatzen. Nirekin bizitzera etortzea nahi dut. Hemen beste familiarik ez dudanez, oso garrantzitsua da berarekin egotea. Bakarrik egotea oso zaila da. Amarekin Whatsappeko bideo-dei bidez hitz egiten dut, baina nahiago nuke bere ondoan egon.

Arreba ez da etorriko?
Ez. Gure arrebak 15 urte ditu eta laster ezkonduko da. Marokon neskak oso goiz ezkontzen dira, 18-19 urterekin.

Aita-ama ere ekartzea posible ikusten duzu?
Orain ez. Horretarako lan on bat behar duzu, etxe bat, dirua... Orain ez, baina etorkizunean espero dut baietz.

"Itsaso zabalean, zerbait gaizki joanez gero, egin dezakezun bakarra da itxoitea ea Gurutze Gorria edo norbait zure bila datorren. Zortea baduzu norbait etorriko da, bestela hilko zara"
 

Ikasteko aukerarik izan duzu Marokon?
Bai, Bigarren Hezkuntzara arte ikasi dut. Gero hasi nintzen fruta eta barazki saltzaile lanean. Hiru gurpileko motor txiki bat nuen eta horrekin merkatu handira joaten nintzen fruta eta barazkiak erostera, gero kalean saltzeko, baina ez nintzen ongi sentitzen lan horretan. Nahiago nuen bidaiatu eta zerbait ikasi etorkizunean lanbide hobea izateko. Marokon saltzaileek ez dute etorkizunik eta oso bizimodu gogorra da. Goizeko 9:00etatik gaueko 22:00ak arte aritzen dira lanean.

Zure gurasoek lan egiten dute?
Aita nekazaria da. Aitonak badu lur zati bat eta han egiten du lan. Barazkiak, tipulak, azenarioak, patatak... ereiten ditu, baina soilik etxerako. Ez du saltzeko ematen. Justu-justu familiak jateko adina.

Argazkia: Dani Blanco

Nola erabaki zenuen hona etortzea?
Marokoko lagun asko ezagutzen ditut Espainiara etorri direnak eta haiek esaten zidaten etortzeko. Amarekin hitz egin nuen eta kezkatu zen. Badakizu, amen bihotzek asko sufritzen dute, baina nik esaten nion nire bizimodua bilatu behar nuela. Asko hitz egin ondoren, azkenean onartu zuen.

Zenbat diru kosta zitzaizun bidaia?
5.000 euro ordaindu nituen hona etortzeko. Diru pixka bat nirea zen, bestea familiarena.

Erraza da patera bat aurkitzea halako bidaia bat egiteko?
Bai, baina kontuz ibili behar duzu dirua lapur ez diezazuten. Orain bidaiatzea lehen baino zailagoa da. Asko igo dira prezioak. Orain 8.000 euro balio du.

Nolakoa izan zen bidaia?
Lehenbizi Aljeriara joan nintzen. Han hilabete bat eman nuen itsaso egokiaren zain. Bost aldiz saiatu ondoren, azkenean iritsi zen eguna. Niri soilik bost ordu kosta zitzaidan iristea, baina nire lagun asko itsasoan lauzpabost egun egitera iritsi dira, batere janaririk gabe. Oso arriskutsua da. Oran hiritik atera eta San Jose izeneko turisten hiri batera iritsi ginen, Andaluziara. Hamabost pertsona ginen, denak gizon gazteak, eta onik iritsi ginen.

Jende asko gelditzen da itsasoan, tamalez...
Asko. Beste batzuk Turkiatik etortzen dira oinez, zazpi edo zortzi hilabeteko bidaian. Askotan elur gainean ibiltzen dira hilabeteetan eta haietako asko bidean hiltzen dira. Nire lagun bat, orain Iruñean dagoena, zortzi hilabetez ibili zen eta ikusi zuen jende asko hiltzen hotzarengatik, baina ezin zien lagundu bera ere oso gaizki zegoelako.

Beldur handia pasa zenuen pateran?
Bai, pixka bat. Zorionez nirea zeharkaldi laburra izan zen. Lehenago ere beldur nintzen, inoiz ez dakizulako zer gertatuko den itsasoan. Gainera, Aljeriako Gobernuak ez du jendeak itsasoa zeharkatzerik nahi eta marokoarrak itsasoan aurkituz gero, harrapatu eta kartzelara bidaltzen ditu. Kontu handiz ibili behar da. Ni kasik harrapatu ninduten hainbat aldiz.
Marokoarra bazara Aljeriako kartzelak oso gogorrak dira. Zain egon behar duzu Marokotik paperak bidali arte, gero zu bueltan hara bidaltzeko eta bitartean oso latza da, baina halakoa da bizitza...

Igerian badakizu?
Bai, baina itsaso zabalean zaudenean igeri egiteak ez dizu ezertarako balio. Nora zoaz? Espainiara? Aljeriara itzuli? Zerbait gaizki joanez gero, egin dezakezun bakarra da itxoitea ea Gurutze Gorria edo norbait zure bila datorren. Zortea baduzu norbait etorriko da, bestela hilko zara.

Penintsulara iritsitakoan zer egin zenuen?
Ezer gabe iritsi nintzen. Almeriara joan nintzen eta ondoren Madrilen dagoen Marokoko lagun batek Madrilerako autobus txartela ordaindu zidan. Han gelditu nintzen bost egun, eta gero Iruñera etorri nintzen.

Zergatik Iruñera?
Madrilen esan zidatelako hemen laguntza eta aukera asko zeudela. Espainiako beste toki gehienetan baino gehiago.

Eta zer aurkitu zenuen hemen?
Bi hilabete eta hamar egun egon nintzen kalean eta etxabe batzuetan lo egiten. Irailaren 9an iritsi nintzen hona eta hotz handia zegoen. Egunez janari bila ibiltzen ginen eta ezagun batzuek esan zidaten Paris 365eko jantoki sozialera joateko, han doan jaten ematen zutela. Han janaria ez ezik bestelako laguntza ere eman zidaten. Bada neska bat Marta izena duena eta beste bat Jone deitzen dena. Gizarte laguntzaileak dira eta oso-oso atseginak. Haiek Gurutze Gorriarekin hitz egin zuten ni programa batean sartzeko eta poliki-poliki dena iristen joan da: bizitoki bat, ikasketak egiteko aukera, gaztelaniazko klaseak eta, sei hilabete beranduago, errenta bermatua kobratzeko aukera. Pazientzia handia izan behar da, baina iristen da. Paris 365ean laguntza izugarria eman zidaten eta horregatik nik ez dut inoiz ahaztuko zer egiten duten ni bezalako etorkinekin.

Orain nola bizi zara?
Orain ongi nago. Pisu batean bizi naiz nirekin pateran etorri zen lagun batekin, beste gazte bat eta Espainiako gizon batekin. Errenta bermatuaren erdia behar dut pisua pagatzeko eta beste erdiarekin beste guztia ordaintzen dut. Dena oso garesti dago.
Iturgintza ikasten ari naiz. Bost hilabete izan naiz Bideko Ama Birjinaren ikastetxean eta orain praktikak eginen ditut enpresa batean. Gero, hurrengo ikasturtean, irailean, jarraituko dut Lanbide Heziketa ikasten hozkailuetan, hotz-instalazioetan eta halako gauzetan espezializatzeko. Ikasten ari naizena asko gustatzen zait.

Zuk aukeratu zenuen?
Bai, nik aukeratu nuen zer ikasi.

"Paris 365ean laguntza izugarria eman zidaten eta horregatik nik ez dut inoiz ahaztuko zer egiten duten ni bezalako etorkinekin"
 

Erresidentzia-baimenik baduzu?
Oraindik ez. Etorri nintzenetik hiru urte pasa arte itxoin behar dut erresidentzia baimena lortu ahal izateko. Horretaz gain, lan kontratu bat behar da, baina oso zaila da. Bada jendea lan kontratuak merkatu beltzean saltzen dituena. 5, 6 edo 7 mila euro eskatzen dizute. Nik jende asko ezagutzen dut kontratua erosi duena. Orain dela gutxi hemen Nafarroan aldatu dena da formakuntza jasotzen ahal duzula paperik ez izan arren eta hori oso ona da.

Eta paperik gabe nola bizi zara?
Hori da falta zaidan bakarra. Pasaportea daukat, medikua, garraio txartela… Horrekin aski da bizitzeko erresidentzia lortu arte, arazotan sartzen ez bazara. Bizimodu normala egiten baduzu inork ez du zurekin hitz eginen, baina badira mutil batzuk gauza txarrak egiten dituztenak eta horiek bai dituztela arazo asko.

Duela gutxi mutil marokoar bat atxilotu zuten Gazteluko Plazan neska bat bortxatzeagatik. Holako berriek kalte handia egiten diote etorkinen irudiari?
Jakina. Espainiako Gobernuak gauza bat egin behar du argi eta garbi: norbaitek zerbait txarra egiten duenean bere jaioterrira bidali behar du bueltan, gehiago hitz egin gabe. Gaur atxilotu eta berehala daude berriro kalean, horregatik mutil batzuek gauza txarrak egiten dituzte. Gobernuak zorrotz jokatu behar du jende gaiztoaren aurka.

Oso ongi moldatzen zara gaztelaniaz.
Ari naiz. Urte bat eta hiru hilabete daramat Jose Maria Iribarren ikastetxean ikasten.

Eta euskara?
Gustatuko litzaidake ikastea. Hitz batzuk jada ezagutzen ditut: andrea, neska polita, eskerrik asko... [irriz]

Argazkia: Dani Blanco

Zer moduz zaude Paris 365 futbol taldean?
Oso gustura. Hasieran, ezer ez genuenean, Gaztelu Gibelean, autobus geltokiaren ondoan, entrenatzen genuen Johan eta Mikelekin. Poliki-poliki hobetuz joan gara eta orain Larrabide estadioan entrenatzeko aukera eman digute. Astean bi aldiz etortzen gara eta zelaiaz gain, hemengo aldagelak eta dutxak erabili ditzakegu. Larunbat eta igandetan partiduak izaten ditugu. Orain hobeki sailkatuak gaude.

Zer eman dizu talde honetan aritzeak?
Txikitatik asko gustatu izan zait futbola. Talde honetan, gainera, nire herrialdeko mutilekin nagoenez, familian bezala sentitzen naiz. Hizkuntza bera hitz egiten dugu eta haiek, ni bezala, oraindik paperik gabe daude ahal bezala bizitzen. Elkarri laguntzen diogu. Talde batean gaudela sentitzen dugu eta ez lehen bezala, bakoitza bere kabuz. Mikelek eta Johanek, futbolaz asko jakiteaz gain, gure artean ongi moldatzen laguntzen digute.

"Hasieran, ezer ez genuenean, Gaztelu Gibelean, autobus geltokiaren ondoan, entrenatzen genuen Johan eta Mikelekin. Poliki-poliki hobetuz joan gara eta orain Larrabide estadioan entrenatzeko aukera eman digute"

Arrazakeria asko dago hemen?
Mundu osoan dago arrazakeria, Marokon ere bada. Jende on eta gaiztoa toki guztietan dago. Polizian ere izaten dira jokabide arrazistak. Gauean mutilen bandak elkartzen direnean Polizia beti guregana etortzen da paperak eskatzera, marokoarrengana, ezer ez egin arren. Mutil marokoar bat ikusten dutenean ematen du lehertzear dagoen bonba bat ikusten dutela. Baina ulertu behar dugu haiek haien lana egiten dutela eta argi dagoela badirela Marokoko mutil batzuk gauza txarrak egiten dituztenak. Nik ez dut inoiz arazorik izan. Ez naiz arazotan sartu eta ez naute komisariara eraman. Hemen, oro har, arrazakeria asko ez dagoela iruditzen zait. Jendeak ez nau gaizki begiratzen.

Musulmana zara?
Bai. Egiazko erlijioa da. Hala ere oso zaila da: ezin duzu alkoholik hartu ez erre, ezin zara diskoteketara joan, ezin duzu sexu harremanik izan ezkondu baino lehen… baina hori dena betetzen ez baduzu gaizki moldatzen zara Jainkoarekin eta hori oso txarra da.

Otoitz egiten duzu egunean bost aldiz?
Bai, Mekara begira. Koraneko esaldi batzuk irakurtzen ditugu. Badira 114 esaldi errezatzeko. Horiek buruz dakizkigu eta errepikatzen ditugu. Ramadana ere zorrozki jarraitzen dut, oso garrantzitsua delako.
Alde handia dago hemengo egoerarekin. Emakume musulmanek, adibidez, ez dute alkoholik edaten, ez dute erretzen, estalita joaten dira, ez dira festaz ateratzen... eta hemengo emakumeek edaten eta erratzen dute, ateratzen dira...

Eta hori gaizki iruditzen zaizu?
Nik errespetatzen dut dena. Ez dut ezer esaten, baina ongi iruditzen zait emakumeak etxean egotea.

Baina agian haiek ere atera nahi dute…
Bai, eta ateratzen dira, baina ez diskoteketara alkohola edateko. Ateratzen dira ama, ahizpa edo lagunekin kafea hartzera. Ezkontzara ere joaten dira oso dotore jantzita.

Baina mutilak bai ateratzen zaretela.
Bai, baina erre edo edan gabe. Nire erlijioa oso-oso zaila da. Hala ere, kontent nago.

Sakrifizio horrek merezi du?
Nire erlijioan ezin dira gauza batzuk egin Jaungoikoarekin harreman ona izan nahi baduzu. Bestela gero, hil ondoren, zer esan behar diozu Jaungoikoari? “Ni han nengoela festaz festa, edaten, eta orain eman behar didazu paradisuan sartzeko aukera?”. Horrek ez du balio.

OF THE RECORD

Iruñean, XXI. mendean

“Paris 365eko taldekide bat jolastu ezinean izan da denbora luzean, kalean lotan zegoenean arratoi batek oin batean eman zion hozkada infektatu egin zitzaiolako. Oraindik gaizki dago”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Lotsaren ituna

Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza... [+]


Materialismo histerikoa
Atzerritar

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Eguneraketa berriak daude