Bertze munduko haize hormatua

  • Beldurra edo zientzia fikzioa ez dira nahitaez zinema serioa maite dutenen genero gogokoenak izaten, baina, George Mélièsengandik hasita, zinema fantastikoaren etiketapean sailkatzekoak diren film zinez ederrak aurkitzen ditugu zinemaren hasmentari lotuak. Segur aski, zinemaren lehen pausoen eta genero fantastikoaren harremana inon ez da 1920ko hamarkadako zinematografia alemanean bezain estua izan. Nosferatu film mutua (1922) dugu uzta oparo horren erakusgarri.


2023ko martxoaren 26an
Hain da sinesgarria Max Schrecken antzeztea, ezen izan baitzen egiazko banpiroa ote zen erran zuena.
Hain da sinesgarria Max Schrecken antzeztea, ezen izan baitzen egiazko banpiroa ote zen erran zuena.

Zinemazale amorratua izan gabe ere, edozein ikuslek aise osatzen ahalko luke Weimarreko errepublika garaiko film zentzu guzietan fantastikoen zerrenda ttiki bat: Robert Wiene-ren Das Cabinet des Dr. Caligari (Caligari doktorearen kabinetea, 1920), Paul Wegener eta Carl Boese-ren Der Golem, wie er in die Welt kam (Golema nola sortu zen, 1920), Paul Leni-ren Das Wachsfigurenkabinett (Argizarizko figuren kabinetea, 1924), Fritz Lang-en Metropolis (1927) edo Frau im Mond (Emaztekia ilargian, 1929)... Eta, jakina, Friedrich Wilhelm Murnau-ren Nosferatu.

Werner Herzogen ustez –zeinak 1979an filmari omenaldia ere baden remakea egin baitzuen–, Nosferatu inoizko film aleman handiena da; Lotte Eisner zinema kritikaria haraxeago joan eta alemanek izan duten film zuzendaririk handiena deitu zion Murnauri. Bigarren horrek, Eisnerrek alegia, Die dämonische Leinwand (Deabruzko pantaila) liburuan gogorarazten digu Nosferaturen azpititulua Eine Symphonie des Grauens dela, izuaren sinfonia bat alegia: “Eta gaur ere oraindik benetan sentitzen dugu, filma ikusten dugularik, bertze munduko haize hormatua dabilela irudi errealistetan”. Berlindarrek 1922ko martxoaren 4an izan zuten oraindik ere hotzikarak sortzen dituen haize hormatu hura lehendabiziko aldiz sentitzeko aukera.

Maitasunaren inguruko dramak

1888an sortua, Friedrich Wilhelm Plumpe zuen egiazko izena; deitura Murnau-ra aldatu zuen Bavarian ezagutu zuen eta artisten kolonia gisa funtzionatzen zuen herriaren omenez –eta, agian, izena aitarenetik bereizteko asmoz, antza hark ez baitzuen gustuko semeak harturiko bide artistikoa–. Murnauk 21 film egin zituen, hamazazpi Alemanian, 1919tik 1926ra bitarte, eta lau Ameriketako Estatu Batuetan, Hollywoodera joan zenetik auto istripu batean hil zen artio, 1931n. Film horietarik guzietarik hamabi ailegatu dira gureganaino; etapa alemaneko zortzi eta AEBetako bat galdu dira.

Gaur egun, segur aski Nosferatu da Murnauren filmetan ezagunena. Ez da beti horrela izan. Denbora luzean, zinemazaleendako bertze batzuk ziren haren film erakargarrienak, hala nola Der letzte Mann (Azken gizona, 1924), kamera mugikorraren erabilera dela-eta, edo Amerikan egin zituen Sunrise (Egunsentia, 1927) edo Tabu (1931). Gaur, berriz, Nosferatu da naski gure zuzendariaren film ezagunena. Hala ere, hemen mintzagai dugunaz gainera beldurrezko bertze bi film egin zituen arren –biak 1920koak eta biak galduak: Satanas eta Der Janus-Kopf (Janoren burua)–, izua ez zen Murnauk landu zuen genero nagusia. Bere filmetan maitasunaren inguruko dramak ikusten ditugu maiz, eta Nosferatun ere erran liteke amodiozko hiruki bat dugula Orlok kondearen eta Hutter eta Ellen senar-emazteen artean.
Filmak ez dira inoiz lagun bakar baten lana izaten, eta Nosferatuz ari garelarik, Murnaurekin batera, gutienez bertze izen bat aipatzea ezinbertzekoa da: Albin Grau. Okultismo kontuetan aditua, Enrico Dieckmannekin batera Prana Film ekoiztetxea sortu zuen Nosferatu egiteko. 1921eko artikulu batean kontatu zuen Grauk nola bururatu zitzaion filmerako ideia: 1916ko neguan, Serbian zebilerarik, Errumanian bizi izandako nekazari batek kontatu zion bere aitaren istorioa, zeina, hil ondotik, gauez hilobitik ateratzen baitzen herriko jendearen odolaren bila. “‘Ez-hildako bat ikusi nuen’. ‘Ez-hildako bat?’, galdegin zuen gutariko batek. ‘Bai, ez-hildako bat edo Nosferatu bat, banpiroei hala deitzen baitiete han’”.
Istorio segur aski apokrifo hori azaldutakoan, artikulu berean Grauk kontatzen du geroago, Pragan, lagun bati gaztigatu ziola gaiaz film bat egitekotan zeudela, eta Murnau hartua zutela hura zuzentzeko. “Nosferatu esku onetan dago, beraz”, erantzun omen zion lagunak. Ekoizle lanak egin ez ezik, Albin Grauk zuzendari artistikoaren funtzioa ere bete zuen, eta filmaren propagandarako erabili zituzten –eta hain ezagunak diren– marrazkiak berari zor dizkiogu.

Eztabaidatua izan da Nosferatu espresionismoaren barnean sailkatzekoa ote den, batez ere Murnauk pasarte frankotan toki errealetan filmatu zuelako, orduan ohikoa zen bezala estudioetan eraikitako dekoratuetan filmatu beharrean –adibidez, Orlok kondearen gaztelukoak Eslovakian filmatu zituzten, Tatra mendietan–. Baina bistan da argiaren eta itzalen erabilera, filmaren une gogoangarrienetarik eman diguna, aski espresionista dela. Eta, bertze filmetan bezala, honetan ere hainbat iruditan nabaria da Murnauk pintura erromantiko alemanari zion atxikimendua.

Orlok vs Drakula, Florence Balcombe vs Nosferatu

Murnauren filma Bram Stokerren Dracula nobelan dago oinarritua, baina konde misteriotsu bati etxe bat saltzeko asmoz Transilvania aldera abiatzen denak ez du Jonathan Harker izena, Hutter baizik; eta haren emaztea ez da Mina Harker, Ellen du izena; azkenik, gaztelu inguruko nekazarien izu irrazionala pizten duen kondea ez da Drakula kondea, Orlok kondea da. Galdutako Der Janus-Kopf filmean, Robert Louis Stevensonen Dr. Jekyll and Mr Hyde nobela egokitu zuen Murnauk, orduan ere egile-eskubiderik ordaindu gabe. Nosferaturi dagokionez, irakurleak hartzen duen liburuaren arabera, bada erraten duena izenak aldatzea dirurik ez ordaintzeko estrategia bat izan zela, baina bada defendatzen duena eskarmentu falta izan zela Albin Grau eta Enrico Dieckmann ekoizleen bekatu nagusia.

Universalek 1930eko hamarkadan egin zituen beldurrezko filmak ederrak dira, baina, bistan dena, gaur ez dute beldurrik ematen. ‘Nosferatu’, berriz, zenbait unetan asaldagarria da oraindik.

Eskubideak ordaindu, nori baina? Bram Stoker 1912an hila zen, eta beharbada Internet aitzineko garai hartan ez zen hain erraza bilatzea nor zen egile-eskubideen jabe. Internet izan ala ez, Stokerren alargunak, Florence Balcombek bai izan zuen 1922ko estreinaldiaren berri, eta prozesu judizial luzea martxan paratu zuen, senarra zenaren obra egokitzeagatik zor zioten dirua ordaindu ziezaioten. Hiru urteren buruan, sosik ez zuen ekoiztetxe hartatik deus eskuratuko ez zuela etsita, filmaren ale eta negatibo guziak suntsitzeko agindua lortu zuen Balcombek. Batzuk salbatu ziren, zorionez. Eta filmaren fotograma batek apaintzen du Oxford World’s Classics bildumako nobelaren edizioaren azala. Hemendik aditzen dugu Florence bueltaka bere hilobian.

Nosferatu hitza Bram Stokerren eleberrian agertzen zaigu, XVI. kapituluan hain zuzen ere (eta, arestian aipatu edizioan, 200. orrialdean): “hil zenuelarik, nosferatu bihurtu zinen, Ekialdeko Europan erraten duten bezala”. Bram Stokerrek Emily Gerard idazlearen 1885eko Transylvanian Superstitions (Transilvaniako sineskeriak) lanean aurkitu zuen naski. Gerarden arabera, nosferatu banpiro solasaren ordaina da errumanieraz, baina, antza, ez da horrela. Errumanieran ez omen da nosferatu hitzik existitzen, ezta bertze edozein hizkuntzatan ere. David J. Skal ikertzaileak proposatzen du Gerardek gaizki interpretatu zuela errumanierazko bertze hitzen bat, hala nola nesuferit –jasanezina–, baina bada nosferaturen jatorri gisa grezierazko nosophoros –izurritea daramana– edo errumanierazko necuratul –deabrua, edo izaki nazkagarria– proposatzen duena. Hori nolanahi den ere, film baten izenburu bihurtua, Murnauri esker hitz berri bat irabazi dugu.

Nosferaturen itzal luzea

Nik ere maite ditut Universalek 30eko hamarkadan egin zituen beldurrezko filmak. Film ederrak dira, xarmagarriak, baina, bistan dena, gaur ez dute beldurrik ematen. Nosferatu, berriz, zenbait unetan asaldagarria da oraindik, estreinatu zenetik ehun urte baino gehixeago pasatu diren arren. Max Schreck aktoreak gorpuztu zuen banpiroa berezia da arrunt, eta haren mugimenduek, makillajeak eta Fritz Arno Wagnerren argazkiak lagunduta, hasmentan aipaturiko haize hormatua sentiarazten digute gaur egun ere. Izan ere, hain da sinesgarria Max Schrecken antzeztea, ezen izan baitzen egiazko banpiroa ote zen erran zuena. Kondaira horretarik abiatuta, Shadow of the Vampire (Banpiroaren itzala) filmatu zuen E. Elias Merhigek 2000. urtean. Izarrez beteriko pelikula horretan –John Malkovich da F. W. Murnau; Udo Kier, Albin Grau; eta Willem Dafoe, Max Schreck– zinemaren izaera banpirikoaz egin zuen gogoeta egileak.

Nosferatukoa banpiro berezia da bere izugarrikerian eta itsuskerian, Tom Cruise, Brad Pitt eta abarren elkarrizketatik pasatuz The Twilight (Ilunabar) sagaraino daraman bidetik aski urrun. Haren irudia Tob Hooperren Salem’s Lot mini telesailean aurkitzen dugu –eta handik, Guillermo del Tororen The Strain (Anduia) telesaileraino ailegatzen da ez-hildakoaren eragina–, eta argi dago Taika Waititik zuzendutako What We Do in the Shadows (Itzaletan egiten duguna, 2014) filmeko Petyr banpiro zaharra Orlok kondeari egindako omenaldia dela.  

Hasmentan erran dugu: Nosferatu Alemaniako filmik handiena da Werner Herzogen iritziz. Zuzendari alemanak bere remakea edo bertsioa egin zuen 1979an, Bruno Ganz, Isabelle Adjani eta Klaus Kinskirekin. Geroago, Kinski bertze behin animatu zen gure banpiroa gorpuztera, 1988an hain zuzen ere, Augusto Caminitok zuzenduriko Nosferatu a Venezia pelikulan. Baten batek erranen lukeen bezala, ze nezesidade?

Jean-Luc Godardek errana da film bat egiteko behar dituzun gauza bakarrak neska bat eta pistola bat direla. Nosferatu ikusita, argia eta itzalak dira naski behar diren gauza bakarrak.


ASTEKARIA
2023ko martxoaren 26a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude