Literatura: bakardadearen ispilu eta bakardaderako sostengu

  • "Gurpilik erabili ez duten zibilizazio garrantzitsuak existitu dira, baina ez dago istoriorik kontatu ez duen zibilizaziorik", hala dio Ursula K. Leguin autoreak. Literatura, gizakiak gizakiari gizakia izatea zer den kontatzeko tresna dela entzun diot sarri Josune Muñozi. Lerrootan bakardadea autore desberdinek nola kontatu duten aztertuko dugu batetik; eta bestetik, hutsuneak eta isiltasunak literaturarekin nola bete, esan eta akonpainatzen diren ikusiko dugu.

(Argazkia: Daniel Nebreda / Pixabay)
(Argazkia: Daniel Nebreda / Pixabay)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bakardadea jendarte modernoetako gaitz geroz eta ohikoagoa da, eta indibidualizazioa sistema kapitalista eta patriarkalaren ondorio logikoa besterik ez da. Erresuma Batuak 2018an sortu zuen Bakardadearen ministerioa, eta Japoniak 2021ean. Bakarrik sentitzen den jende kopurua kezkagarria delako hartu dute erabaki hori, desiratu gabeko bakardadeak ondorio fisiko, emozional eta psikologikoak dituela frogatzen duten ikerketek alerta piztu baitute. COVID-19aren pandemiaren itxialdian isolamendu egoerak goia jo zuen: bakarrik bizi zen jendeak ezin izan zuen bi hilabetez inor ukitu; zahar etxeetan zeuden adinekoek ezin izan zuten jaso senideen bisitarik eta maitasunik; haurdunek ezin izan zuten inoren hatsa gertu eduki erditu bitartean; eta ezin izan genituen hildakoak agurtu. Adibide batzuk jartzearren.

Bestalde, bizi dugun garaia teknologiak eta digitalizazioak baldintzatzen duenez, gure arteko harremanak sare sozialek baldintzatutakoak dira. Hiperkonektatuta gaude, baina bakarrik sentitzen gara. Egun bakarrean 30 pertsonarekin egin dezakegu berba Whatsapp-ez; eta Instagram bidez jakin dezakegu gure lagun minak zer gosaldu duen edo kasik agurtzen ez dugun bizilagunak crossfit klasea izan duela. Baina lotara sartu aurretik ez dugu ia ezer oroituko eta sarri hutsune sentsazio handi batek harrapatuko gaitu. Eta Youtube-ko bideoak ikusten hartuko gaitu loak.

Hainbat diziplinatako autoreak hasiak dira planteamenduak argitaratzen: Invulnerables e invertebrados (Zauriezinak eta ornogabeak; Anagrama, 2022) argitaratu du Lola Lopez Mondejarrek eta La corriente de la historia (Historiaren korrontea; Traficantes de sueños, 2022) Almudena Hernandok. Horien arabera, kapitalismo neoliberalaren, patriarkatuaren eta digitalizazioaren koktelak indibidualizazioa areagotzen du, hau eraginda: identitate erlazionalak baztertzea, eta beraz, komunitatearen, taldearen zein kolektibotasunaren balioak gutxiestea. Zaintzarena, esaterako.

Arrazoi askorengatik senti gaitezke bakarrik: maite genuen norbait galdu dugulako, gure bizi proiektua eta inguruan ditugun lagunena desberdina delako, bizitzari zentzua aurkitzen ez diogulako… Bakardadearen konplexutasunak barruraino hartu nauenetan hiru estrategia erabili izan ditut nik, oso oinarrizkoak izateagatik tuntunak eman dezaketenak, baina zentzudunak ere badirenak. Lehenengoa: pertsonekin fisikoki elkartzea da –lagunekin, senideekin, gimnasioko ezagunekin edo lankideekin–. Bigarrena: literatura irakurtzea, liburuek konpainia egiten baitigute eta gure barne mundua aberastu. Eta hirugarrena sormena da: idaztea, marraztea, eskuekin lan egitea. Finean, edertasuna kontenplatzea eta mina artean transformatzea.

Estrategia horiek jasoak daude literaturan, eta bakoitzaren zenbait adibide ekarriko ditut. Lehenengo estrategiaren adibidea jasotzen du Las dos ancianas (Adineko bi emakumeak; B de bolsillo, 2009) lanak. Vela Wallisek Amerikako jatorrizko biztanleen ahozko literaturatik jasotako liburua da. Komunitate nomada batek denboraldi luzea darama gosea pasatzen, eta liderrak erabakitzen du bi andre zaharrenak taldetik botatzea, egiten duten ekarpena txikia dela iritzita. Elikatu beharreko bi aho gutxiago izango dira horrela, eta gainera, seguru dago lehenago ala beranduago hil egingo direla. Istorioan zehar komunitaterik gabe geratzen diren bi andre zaharren mina eta amorrua ikusten baditugu ere, biziraupenerako egin behar dituzten lan guztiek hartzen dute kontakizunaren zati handiena. Salbazioak ezinezkoa dirudien arren, bi kontuk ahalbidetzen die bizirautea: zaharrak izanik pilatutako esperientzia eta jakinduriak; eta batak besteari egiten dion konpainiak.

Senarrak abandonatu ostean dolu prozesu bete-betean dagoen emakume baten egun bat kontatzen du Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (Erein, 1997) liburuak. Ama da protagonista, eta bere barne bakarrizketaren testigu gara irakurleak, hori izanik beregandik kanpo gertatzen dena baino pisu gehiago daukan aspektua. Bakarrik dago, bakarrik sentitzen da, eta tonu goibela erabiltzen du. Mariama Ba senegaldarraren Une si longue lettre (Hain gutun luzea; Le serpent a plumes, 2015) liburua oso desberdina izanagatik ere premisa berarekin hasten da: bere senarrak, bera baino gazteagoa den neska batengatik abandonatu du Ramatoulay, eta honek bere lagun minari idazten dion eskutitz luzeak osatzen du liburua. Mina eta tristura present daude hemen ere, eta amorrua ere bai.

Baina Urretabizkaiaren liburuan dagoen bakardade sentsazioa leunagoa da askoz. Zergatik? Behinik behin, egoera antzekoa bizi izan zuen lagunaren sostengua duelako. Eta irakurri, erantzun eta ulertuko duen laguna existitzen dela jakite hutsak egoeraren pertzepzio osoa aldatzen duelako.

Bakardade sentipenari aurre egiteko aipatu dudan bigarren estrategia irakurtzea da. Batzuetan gizakiarenganako konfiantza galtzen dugu, eta fikzioa da ontasuna eta goxotasuna bilatzeko modu bakarra. Jeanette Winterson-en liburu autobiografikoa da adibide garbia: Why Be Happy When You Could Be Normal? (Zergatik izan zoriontsua normala izan zaitezkeenean?; Hardcover, 2011). Adopzioan hartu duen familia ultrakatolikoa eta zorrotza da, amak ez du plazerarekin zerikusia duen ezer onartzen (sexua, adiskidetasuna, liburuak), ez dute maitasun keinurik berarentzat eta, beraz, bakarrik sentitzen den nerabea da Winterson. Auzoko liburutegia, liburuzaina eta liburuak dira bizitza salbatuko dioten elementuak. “Liburuek ez dute etxea egiten, etxea dira bere horretan; ate batekin bezala egiten dugu: liburu bat irekitzen dugu eta sartu egiten gara. Barnean espazio eta denbora ezberdin bat dago”, irakur diezaiokegu autoreari.

Hirugarren estrategia gisa aipatu dugu bakardade sentimendu hura sortu duten gertakariez idaztea. Gertakariak obra artistiko batean transformatzea, alegia. Izugarri luza ninteke hemen, baina adibide bi ekarriko ditut. Alba de Cespedesen Quaderno Proibito (Debekatutako koadernoa; Mondadori, 2022) eleberriak 1950eko hamarkadako Italian kokatutako istorioa jasotzen du. Etxeko lau pareten artean emazte eta ama roletan itota sentitzen den emakumeak idatzitako egunerokoa da: nondik datorkion ez dakien bulkada bati kasu eginez erosten du koadernoa, eta bertan idazten ditu bere frustrazio eta ametsak. Horrela baretuko du bizitza horretan itxita egoteak eragiten dion estutasuna.

Catherine Meurisseren La Lègéretè (Arintasuna; Hardcover, 2016) komikiak autoreak berak bizi izan zuen egoera kontatzen du. Bikotekideak utzi ostean, gaua negarrez pasa zuen eta goizean lokartu egin zen: ordubete berandu iritsi zen bere lantokia zen Charlie Hebdoko egoitzara. Iritsi zenerako atentatuak eginak zituzten, eta bere lankide guztiak hilda zeuden. Komiki honetan bizirik gelditzen denaren hasierako kulpa eta galderak aurkituko ditugu. Inork ulertu ezin duenaren bakardadea eta barne-hutsa. Bizitzara berriz konektatzeko asmoz Erromara egiten duen bidaia edertasunaren bilaketa da: arkitekturak, pinturak, eskulturak eta berdeguneek ordena emozionala berrezartzen laguntzen diote. Artea kontenplatzeak bere sormena estimulatzen du, eta terapeutaren gomendioz bizi izandakoaren istorioa kontatzen du hainbat teknika erabiltzen dituen komiki zoragarrian.

Bakardadea emozio konplexua da, bereziki hautatua ez denean. Gehienetan beste sentimendu batzuk lagunduta etortzen baita: lotsa, kulpa, tristura, amorrua edo nahasmena, besteak beste. Liburu batean pertsonaia gogoangarri asko egon daiteke, bakarrik gaudenean konpainia egiteko prest.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


2025-08-01 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Gu, jende berria, jende zaharra

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022

-----------------------------------------------------

Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Kontalaritza eskola
Ofizio bat, transmititu eta eraberritzeko

2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]


Negu gorrirako ipuina

Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025

------------------------------------------------------------------------

Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]


2025-07-21 | Behe Banda
barra warroak
Berritu ala hil

Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.

Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]


Bizitzaz eta beste

Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------
 
Zaila da nobela hau definitzea, abenturazkoa da, iniziatikoa, filosofikoa, ekologista; baina horiek baino gehiago, edo horien guztien ondorioz, nobela... [+]

Agustin Kardaberaz
‘Euskararen berri onak’: dagoenean dale, ez dagoenean bale

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Atera daitezela herriko plazara

Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]


Eguneraketa berriak daude