Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten ahultasuna ere: higiezinen espekulazioan eta lan-esklabotzan oinarrituta, kapitalaren zerbitzura dagoen hirigintza merkearena.
Turkiako TRT irrati telebista publikoak, otsailaren 6an lurrikara hilgarria gertatu eta astebetera zabaldu zuen berria: poliziak Nazmi Tosun eraikuntza inspektorea atxilotu zuen, aldi berean Emre Apartament-eko ordezkaria bazena, lurra pitzatzerakoan behera amildutako milaka urbanizazioetako bat. Ordurako beste hainbat kontratista atxilotuak zituen Recep Tayyip Erdoganen gobernuak eta, kate publikoak zioenez, eraikuntza arloko 33 lagunen atzetik zebilen. Gerora jakin zen eraikuntza arloko 113 pertsona baino gehiagoren zerrenda zuela prestatuta poliziak.
Kurdistanen, Turkia eta Siria arteko mugan, Dîlok hiritik gertu –turkieraz mendebaldarrok Giziantep bezala ezagutzen duguna– izandako Richter eskalako 7,5 magnitudeko lurrikarak milaka pertsona lurperatu ditu adreilu eta hormigoi artean. Turkiako iturri ofizialak kontuan edukiz gero, lerrook idazten ari garen unean gutxienez 41.000 dira hildakoak, baina irakurleak astekari hau jasotzen duenerako seguruenik zifra hori handiagoa izango da. Sirian, aldiz, sekula ez dugu jakingo hondamendia norainokoa izan den.
Eraikuntza politiketan dituen erantzukizun larriak ezkutatu nahi ditu Turkiako presidenteak; hor kokatu behar dira herritarren kontrako mehatxuak eta kontratisten atxilotzeak
Hondakinak kentzeko lanek aurrera egin eta egunak igaro ahala, herritarren haserrea eta kexak handitu dira, Turkiako Gobernuak laguntza bidaltzeko izandako moteltasunagatik –lurrikarak kaltetutako eremu handi bat Kurdistanen kokatzeak ere zerikusi zuzena izan du zenbait tokitan erreskateak eragozteko jarrera horrekin, hainbat hedabide kurduk salatu dutenez–. Baina haserrea handitu baizik ez da egin ikusirik eroritako eraikin ugari noiz izan ziren eraikiak, zein egoeratan zeuden, eta turkiar gobernuak nola kudeatu duen orokorrean hirigintzaren gaia eremu sismiko hain bortitzean. Ondorioa gero eta garbiagoa da: ez da istripua izan, milaka heriotza saihestu zitezkeen.
BBC britainiar telebista kateko Tom Bateman eta Laura Gozi korrespontsalak izan dira lehenengotakoak kudeaketaren inguruko zalantza hori zabaltzen. “Urte luzez, adituek ohartarazi dute Turkian eraikin berri ugari ez direla seguruak, ustelkeria endemikoaren eta gobernuaren politiken ondorioz”, diote kazetariek. Azaldu dutenez, politika horiek ekarri dute Turkiako Gobernuak ez ikusia egin eta kontratistek lurrikaren kontrako arauak urratzea: “Milaka eraikin hondoratu dira lurrikararekin, eta zalantza sortu da, natur hondamendiaren kalteak handitu ote dituen gizakiaren eskuak”.
BBCk froga grafikoak ere eskaintzen ditu bere webgunean, Turkey earthquake: Why did so many buildings collapse? (“Turkiako lurrikara: Zergatik ondoratu dira hainbeste eraikin?") goiburupean. Ikus daitezke, esaterako, Iskenderun hiriko dorre handi baten bi argazki, eskuinekoa erabat birrindua, ezkerrekoa berri-berri, 2019an inauguratu zen moduan. BBCk egiaztatu du biak eraikin bera direla eta ezkerrekoa eraikuntza-enpresaren publizitate kanpaina batena zela, araudia zorrotz betetzen zuela ziurtatzeko egina.
Izmit 1999: arauak eta amnistiak
Lurrikaren kontrako hirigintza araudia asko zorroztu zen 1999an Istanbuletik gertu dagoen Izmit hirian izandako seismoaren ondoren. Ordukoan 17.000 lagun hil ziren eta Süleyman Demirel presidenteak hauteskundeak galdu zituen ondoren. Zerga berezi bat ere sortu zuten eraikuntza seguruagoak egiteko. Baina burbuila urbanistikoaren aparretan –eta geologo nahiz arkitektoen gomendioei muzin eginda–, Turkian geroztik eraikitako etxebizitza askok ez dituzte arau horiek bete, beste asko “amnistiatuak” izan dira, eta zerga horren diruarekin zer gertatu den inork ez daki.
Erdogan orain aurkitzen den ataka ulertu nahi duenak irakur dezake Ekialde Hurbilean aditua den Manuel Martorell historialari nafarrak Diario de Navarra egunkarian idatzitako Turquia: lo que esconde el terremoto (“Turkia: lurrikarak ezkutatzen duena”) artikulua. Martorellek gogorarazi du duela hiru urte bi milioi etxebizitzari onartu zitzaiola amnistia delako hori: “Zigorra saihesteko, jabeek diru kopuru bat eman behar zuten eta eraikina bere horretan geratzen zen”. Turkiako eraikinen erdiak ez du araudia betetzen, Erdogan boterean izan den hogei urteotan eraikitakoen herena barne. Ingeniarien Kolegioko presidente Cemal Gokce-ren arabera, soilik Istanbulen milioika dira egoera horretan dauden etxebizitzak.
“Orain, ezkutatu nahi ditu eraikuntzako bere politikekin dituen erantzukizun larriak, eta ohikoa den moduan, tragedia honetatik errentagarritasun politiko handiena ateratzeko neurriak hartzen ari da”, dio historialariak. Hor kokatu behar dira sare sozialen kontrola, kexa azaldu duten herritarren kontrako mehatxuak, eta kontratisten atxilotzeak: “Erdoganek badaki krisi honen kudeaketak bi hamarkadaz eraikitzen joan den bere proiektu politikoa hondoratu dezakeela, 1999ko seismoan gertatu bezala. Ez da beraz zentzugabea hauteskundeak atzeratzea, hondamendi politikoa saihesteko”.
Hirigintza merkearen esportazioa
Erregimen presidentzialista gogorrarekin agintzeaz gain, hirigintza merkearen hedapenean oinarritu du Erdoganek Turkiako garapena, eta bide batez, eraikuntzako eliteen leialtasuna eskuratu du. Elite horiek, hain zuzen, atzerrira begira jarrita daude aspaldi: munduko 250 enpresa kontratista handienen artetik 40 turkiarrak dira, The Economist astekari ospetsuak emandako datuen arabera.
Hirigintza merkearen hedapenean oinarritu du Turkiak bere barne garapena; eta orain, eraikuntzako eliteak atzerrira begira jarrita daude, batez ere Afrikara
Batez ere Afrikan sartu du eskua Turkiak, bere kokapen geoestrategikoaz baliatuta. Astekariak Turkish builders are thriving in Africa (“Turkiar eraikitzaileak egarri dira Afrikan”) artikuluan dioenez, Afrikan txinatar inbertsiogileekin lehiatzea zaila duenez, low cost eraikuntza eredua esportatu du, azkartasunean eta tokian tokiko lan-esku merkean oinarriturik. Erakustazokak Ekuatore Ginean eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, aireportuak Ginea Bissaun, Nigerren eta Sierra Leonan… kontaezinak dira eskuratu dituzten lanak. Baina seguruenik Senegalen dauka proiektu anbiziotsuena Turkiak.
Zer darama Turkiak Dakarrera?
Qatarren 2022ko Munduko Futbol Koparen harira eraikuntzako langileen artean izandako desmasiak ezagunak zaizkigu. Ez hainbeste Dakarren gertatzen ari direnak. Senegalgo hiriburutik 30 kilometro eskasera ezerezetik sortzen ari dira Diamniadio izeneko hiria, antzeko moduak erabiliz. Dakarrek duen “pilaketa” arintzeko omen: Lake City ere deitua –laku handi baten inguruan dagoelako–, etxe-orratz askoko finantza gunea, unibertsitate campusak eta industria parkea izango ditu, baita 350.000 lagunentzako etxebizitzak ere. Denera 2.000 milioi dolar kostako du hiri futurista egiteak eta 2035erako amaitua egotea espero da.
Iaz estreinatu zuten Abdoulaye Wade estadio olinpikoa, puntako teknologiak erabiltzen dituen kirol instalakuntza, 50.000 lagunentzako gaitasunarekin. Inaugurazio ekitaldian izan zen gonbidatu berezi Tayyip Erdogan bera; ez alferrik, eraikina oso osorik egin baitu Summa turkiar multinazional boteretsuak. Nazioarteko aireportua eta beste makina bat azpiegitura ere Turkiako enpresak ari dira eraikitzen. Macky Sall presidente senegaldarrak nabarmendu du Turkiarekin duten harremana “zintzoa bezain aberatsa” dela. Baina Joseba Tapiak kantatuko lukeen bezala, zer darama Turkiak Dakarrera?
Tayyip Erdogan Dakarreko estadio olinpiko berriaren inaugurazioan izan zen;
ez alferrik, eraikina oso osorik egin baitu Summa turkiar multinazionalak
La Vanguardia egunkarian Marie Flamand kazetariak erakutsi digu nolako baldintzatan ari diren Sierra Leona, Nigeria nahiz Gineako migratzaileak Diamniadio eraikitzen: poliziak birrindutako etxola kaskarretan ostatu harturik, lanera joateko hiru orduko ibilaldiak eginez, zazpi eguneko lan-asteak, eta egunean dolar apur batzuk besterik ez kobratzen. AFP frantziar agentziak hamar langileri egindako elkarrizketak eta argazkiak izan ditu iturri Flamandek Diamniadio, la nueva ciudad de Senegal que se alza en condiciones de “esclavitud” (“Diamniadio, ‘esklabotza’ baldintzetan eraikitzen ari den Senegalgo hiri berria") erreportajerako. “Egunero garrasi egin eta jotzen gaituzte”, dio 26 urteko Ibrahimek –pseudonimoak erabili ditu AFP-ko fotokazetariak–. Eta langileak gogaituta kolpea itzultzen badu… “Despeditua. Beraz, jotzen zaituztenean ezin duzu ezer egin, isildu eta lanean jarraitu baizik”.
Ekonomia kapitalistak bere burua elikatzen du eraikuntzarekin, eta merke bada hobe. Berdin dio herritarrak adreilu artean lurperatu edo langileak xukatzen baditu ere. Turkia dizipulu abila bilakatu da zeregin horretan eta Afrikan nahiz Asian luzatu ditu besoak, baita gertuago ere… Oraintsu jakin dugu Limak turkiar multinazionalak birmoldatuko duela hainbeste jendek miresten duen Europako katedral bat: Bartzelonako Camp Nou estadioa.
Palestinan gertatzen ari dena ikaragarria dela erraten du jende orok karrikan barna, “Onartezina da! Genozidioa da!” bilakatu dira azken aldiko entzunenak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egin, ordea, eta bidegabekeria dela pentsatzen duten hamar horietatik lau... [+]
Asteazken gauean Global Sumud Flotilla atzeman ostean, hurrengo flotilla jada Gazara bidean da. Mila Madleen izena du, Frantziako Estatuko ekintzaileek antolatu dute batez ere, Siziliatik atera zen eta jada Kreta pasa du. Mapa interaktibo honetan jarrai daiteke bere... [+]
Milaka herritar atera dira kalera Euskal Herriko herri askotan Global Sumud Flotillako partaideen bahiketa salatzeko eta agintariei eta gobernuei Israelekin harreman guztiak apur ditzaten eskatzeko. Munduan barrena ere ehunka mila pertsona atera dira protestetara.
Droneak bistaratu dituzte Municheko aireportu inguruan bart. Hamazazpi hegaldi bertan behera utzi eta 3.000 lagun inguruk gaua aireportuan pasa behar izan dute.
Amedspor futbol taldea Turkiaren menpeko Kurdistango Amed hirikoa da. Elastikoan publizitatea kurdueraz idatzita eramateagatik jarri diote isuna.
400 lagun baino gehiago atxilotu dituzte zerbitzu publikoen hobetzea eta krisi ekonomikoa gainditzea eskatzeko mobilizazioetan. Astebete daramate protestetan, batez ere Rabat hiriburuan.
"Ikasleok ez dugu genozidioa onartzen; ikasleok Flotilla babesten dugu; ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten, eta Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu", azaldu du IAk.
Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak.
Flotilla gelditu du Israelgo armadak, Gazara iritsi aurretik. Ontziak Israelek "arrisku eremu" gisa izendatu duen lekuan dira asteazken goizetik. Iluntzean, 20:30ak pasatxoan heldu dira ontzi militar israeldarrak lehen abordaiak egitera. Flotillako ontzietan zihoazen lau... [+]
Abuztua da. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute. Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, horren kontaketa ere isilarazi nahi du: ia 300 kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas... [+]
Flotillako euskal ordezkaritzaren prentsa lantaldeko Ana Casconek ARGIAri baieztatu dio informazioa. Lau euskal herritar abiatu ziren Bartzelonatik Gazara bidean Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimenean: Itziar, Jotas, Karim eta Mikelon (euren abizenak ez ematea erabaki dute).
Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.
Hemeretzi herritan izango dira IAk antolatutako mobilizazioak, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko".
2025eko uztailaren 12an izenpetu zuten hiru aldeen arteko Bougivaleko Akordioa, irlaren etorkizun instituzionala adosteko asmoz. Frantziako Estatuaren "instrumentalizazioa" salatzean gain, FLNKS alderdi independentistak argitu nahi izan du beraiek izenpeturiko dokumentua... [+]
Arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dute, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte. EHUn ere antolatu dituzte mobilizazioak.